Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 2. Atala

Lehen atalean, Pernando Faltsutzailearen eraso eta konkistak sortutako erresumaren zatiketa aztertu genuen eta nola bai Iparraldean, Labrit familiak eta hauen borboi ondorengoek, bai hegoaldean Pernando Trastamaratarrak eta bere austriatar ondorengoek, botere zilegitasun mezuak, landutako txanponen bidez indartzen sahiatu ziren.

Pirineotako bake hitzarmenak (1659) beste ondorio ustekabeko bat izan zuen, Luis XIV.aren eta Felipe IV.aren alaba zen Maria Teresaren artean adostutako ezkontzaren ondorioz. Karlos II.a Espainietako azken errege austriatarra 1700 urtean oinordekorik gabe hil zenean, Luis XIV.aren biloba zen Borboi etxeko Felipe, Anjou-ko dukeak jaso zuen Espainietako koroa. Hau da, Nafarroako Karlos V. (1665-1700) errege austriatarraren ondoren, Felipe VII. errege borboitarra (1700-1746) iritsi zen Nafarroa Garaiko erregetzara.

Honek, diru txikiak baino ez zituen landu Iruñako txanponetxean, baina kasu honetan ere, ez zuen Nafarroako erregetzari buruz inungu erreferentziarik edo aldarrikapenik egin. Ordinal bezala, Gaztelako edo hobe esanda garai hauetarako dagoeneko Espainietako errege bezala zegokion V. zenbakia erabili zuen Nafarroako VII.aren ordez eta titulu bezala HISPANIARVM REX, hau ha Espainietako Errege titulua erabili zuen Nafarroako errege tituluaren ordez.

Noski, Felipek bere aitona Luis XIV. erregeari zor zion Espainietako erregetza eta hark Nafarroako erregearen titulua arro aurkezten zuen einean ez zen komenigarria hura haserreraztea.

Nafarroako Felipe VII (1700-1746), hau da Espainietako Felipe V.ak Iruñako txanponetxean landutako kobrezko marabedia – urtea ez da ageri, again 1728 – 2,17 gr

Aurrealdea: HISPANIARVM.REX FI V PA

Atzealdea: PHILIP.V.D.G. Urtea ez da ageri

Baina badaezpada ere, Luis XIV. hil (1715) eta urte gutxi batzuetara, haren Frantziako eta Nafarroako erregetzaren tituloaren oinordekoak, Frantziako Luis XV eta Nafarroako Luis IV.ak (1715-1774), era berean Espainietako Felipe V.aren ilobak, argi utzi izan nahi zuen bera zela Nafarroako erregetza tituloaren jabea eta honako zilarrezko ezkutuak, „Ecu de Navarre“ deitutakoak landu zituen Frantziar erreinuko txanponetxe guztietan (gogoratu Donapaleuko txanponetxea 1672. urtean itxi zuela Luis XIV.ak, baina Euskalherrian bertan, Baionako txanponetxean balio zatitzaileko ale gutxi batzu landu ziren):

Nafarroako Luis IV (1715-1774) erregeak, Frantziako Luis XV.ak, Frantzia osoko txanponetxeetan landutako Zilarrezko ezkutua (Ecu de Navarre) – 24,32gr

Aurrealdea: LVD.XV.D.G.FR.ET.NAV.REX

Atzealdea: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.1718 A (Paris-eko txanponetxea)

Felipe errege borboitarrak, bere austriatar arbasoen eredua berea egin zuen eta bere txanponetan erregetxearen lurralde eta sustrai desberdinen laburpena eskaintzen jarraitu zuen. Laburpen hau, Felipe II.ak osatutakoaren berbera zen ein handi batean, bi zehaztasunen salbuespenez:

  1. Portugal 1668. urtean Espainietako koroatik banandu ondoren, bere armarria txanponetatik atera zuen.
  2. Armarriari Borboi etxeko hiru lirio loreen ezaugarria erantsi zion.

Espainietako Felipe V. borboitarrak 1727. urtean Segoviako txanponetxean landutako zortzi errealetako zilarrezko txanpona – 27,39gr

Aurrealdea: PHILIPPUS.V.D.G.

Atzealdea: HISPANIARVM.REX. 1727

Nafarroan landutako diru txikietan erabilitako iruditextuek bertako gorteen kexa ugari arrotu zituzten. Gorteek, Nafarroako erregearen titulu eta ordinalen erabilera eskatzen zuten behin eta berriz.

1753. urtean egoera zertxobait aldatzen hasi zen Iruñako txanponetxean landutako aleetan. Urte horretaraino, Felipe erregearen semeak, Espainietako Fernando VI.ak (1746-1759), aitaren iruditextu berberak eta Espainietako VI. ordinala erabili zituen baina urte honetatik aurrera Nafarroako erregetzari zegokion II. ordinala erabiltzen hasi zen. Iruditextuei dagokienez, Fernandok ez zuen inolako aldaketarik egin, baina bere anaierdi Karlos III, Nafarroako Karlos VI.ak (1759-1788), azken pausua eman eta gorteen eskaerak onetsi zituen.

Nafarroako Fernando II (1746-1759), hau da Espainietako Fernando VI.ak Iruñako txanponetxean landutako kobrezko marabedia – 1753 – 3,05 gr – VI. ordinala.

Aurrealdea: HISPANIARVM.REX.1753 FO VI

Atzealdea: FERDINANDVS.VI.D.G. PA

Nafarroako Fernando II (1746-1759), hau da Espainietako Fernando VI.ak Iruñako txanponetxean landutako kobrezko marabedia – 1753 urtetik aurrera – II. ordinala.

Aurrealdea: HISPANIARVM.REX. urtea ez da ageri FO II

Atzealdea: FERDINANDVS.II.D.G. PA

Nafarroako Karlos VI (1759-1788), Espainietako Karlos III.ak Iruñako txanponetxean landutako kobrezko marabedia – 1769 – 2,49 gr – VI. ordinala.

Aurrealdea: CAROLVS.VI.D.G. CAR VI

Atzealdea: NAVARRE.REX.1769 PA

Pirineotatik bestaldeko borboi erregetxeak oso serioski hartzen zuen Nafarroako errege tituluaren jabetza eta bai Luis XV. eta bai Luis XVI.ak (1774-1793) Nafarroako armarria erabili zuten Frantzia osoko txanponetxeetan landutako urrezko txanponetan. Nafarroako Luis V.a burua galtzear zegoenean landutako 1792. urteko urrezko txanponak, Nafarroako armarria erakusten duten azken txanpon frantsesak dira. Urte honetatik aurrera, aintzinako erregimenaren azken aztarnek bidea utzi zioten Frantziako nazio estatuari, eta honen txanponetan ez da inoiz nafar armarririk agertu.

Nafarroako Luis V (1774-1793) erregeak, Frantziako Luis XVI.ak, Frantzia osoko txanponetxeetan landutako urrezko Louis bikoitza – 15,27gr

Aurrealdea: LVD.XVI.D.G.FR.ET.NAV.REX

Atzealdea: CHRS.REGN.VINC.IMPER.1792 A (A izkia = Paris-eko txanponetxea)

Frantziako errege familiak, Nafarroako armarria beti erabili zuen ein berean, Karlos I.aren erregealdiaren salbuespenez, nafar armarria ez zen inoiz Espainietako erregetxearen txanponetan azaldu. Baina aintzinako erregimenaren zerraldoari azken iltzea sartu zion Bonaparte familia berberak, legitimazio oinarri berriak behar zituen Espainietan lortutako koroa berriarentzat eta hona hemen non azaldu zen nafar armarria ere lehenengoz:

Espainietako Jose Bonaparte (1808-1813) erregeak 1809. urtean Madrilgo txanponetxean landutako hogei errealetako zilarrezko txanpona – 27gr inguru

Aurrealdea: JOSEPH.NAP.DEI.GRATIA.1809

Atzealdea: HISPANIARUM.ET.IND.REX.M.A.I 20R

Jose Bonaparteren (1808-1813) erregetzak ez zuen ibilera luzerik izan eta borboitarrak Espainietako erregetzara bueltatu ziren 1813. urtean. Eta borboitarrak bueltatu ziren einean, berriro ere ekin zioten aintzinako ohiturei. Nafarroan, Nafarroako erregetzaren titulu eta ordinalekin, bolantezko prentsa bidez landutako azken kobrezko diru txiki ederrak landu zituzten. Dagoeneko garai hauetan ez zuten Frantziako borboitarren konkurrentziarik, hauek, frankoen eta Nafarroako errege izatetik frantsesen errege izatera paseak bait ziren.

Espainietako erregetzan, liberalek ekarritako estatu nazio berria bultzaka zetorren azkenik, eta ondorengo hau, Iruñako txanponetxean Nafar armarriarekin landutako azken ale eredua da. Ale hauek 1833. urtean landu ziren, Pernando erregea hil eta lehenengo gerrate karlista hasi baino lehen.

Nafarroako Fernando III (1813-1833) erregeak, Espainietako Fernando VII erregeak iruñako txanponetxean landutako kobrezko 3 marabeditako alea – 5,60 gr inguru

Aurrealdea: FERDINANDVS.III.D.G. 3 M

Atzealdea: NAVARRAE.REX.1833 PP

Liberalek gerrate karlista eta boterea irabazi bazuten ere, borboitarren erregetza konstituziopetuak oraindik ere famili armarria erakutsi zuen 1860. hamarkadaraino landutako urrezko txanponetan. Honako hau garbi ikus daiteke honako ale honetan, non ezagunak ditugun armarriez gain, Karlos III. ak gehitutako Parma eta Toskanako Dukerrien armarriak bereizi ditzazkegun.

Espainietako Isabel II (1833-1868) erreginak Sevillako txanponetxean 1862. urtean landutako urrezko 100 errealak – 8,38gr 22mm

Aurrealdea: ISABEL 2° POR LA G. DE DIOS Y LA CONST. 1862

Atzealdea: REINA DE LAS ESPAÑAS 100Rs

Gloriosa deituriko 1868. urteko iraultzaren ondoren agertuko da lehenengoz Nafarroako armarria, gaur egun oraindik ere erabileran dugun Espainiako armarriaren barnean, garai hartatik aurrera Espainia izena erabilitzen bait da txanponetan, pluralezko Espainiak izenaren ordez.

1869. urtean Behin Behineko gobernuaren menpean landutako lehen peseta aleetako bat – Bost Peseta – 24,94gr – Espainiaren armarri berriaren sorrera

Aurrealdea: ESPAÑA. 1869 L.M

Atzealdea: LEY 900 MILESIMAS . 40 PIEZAS EN KILOG. 5 PESETAS S.N.M

Bibliografia:

El último escudo de anverso en una moneda hispánica – Numismatico DIGITAL-Lanzarote-2015 – link

EUSKO IKASKUNTZA – SOLASALDIAK – IÑIGO BOLINAGA – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

3 thoughts on “Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 2. Atala”

  1. Pingback: Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 2. Atala • ZUZEU

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude