Joana Erreginaren Pau-ko Testoiak

Garaialdia: Joana III. Nafarroako erregina, Joana I. Bearneko Anderea

Mota: Testoia

Urtea: 1566

Txanpon-etxea: Pau-ko txanponetxea

Ertza: Irregularra

Ertzaren Grabatua: ————–

Metala: Zilarra (898 milesima inguru,)

Diametroa: 28 mm

Pisua: 9.41 gr

Kopurua: 1564 eta 1566 urteen artean 292.320 testoi eta testoi erdi

Txanpongintza: Bolante prentsa bidez, zilarra errota bidez laminatua

Txanponetxeburua: Étienne Bergeron (Ilargiaren sinboloa)

Grabatzailea: Guillaume Martin (Izarraren sinboloa), Pierre Brucher laguntzaile

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: IOANNA. DEI. G. REG. NAVAR. D. B. P

Aurrealdeko Deskribapena: Eskuin aldera begiratzen duen Juana III.aren bustoa, perlaz apaindutako burokoarekin. Jantziaren lepokoaren xehetasunak nabarmentzekoak dira. P letrak, Pau-ko txanponetxea adierazten du eta behi txikiak Bearneko Jaurerria.

Aurrealdeko Hitzulpena: Joana, jainkoaren graziari esker Nafarroako erregina, Bearneko Anderea (D.B DOMINA BEARNI).

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: GRATIA (lorea) DEI. SVM. ID. QVOD. SVM. 1566 Ilargia izar baten azpian.

Atzealdeko Deskribapena: Bi I letra koroaturen artean familiaren jatorri eta lurralde eremuak azaltzen dituen armarri koroatua. Armarrian, Nafarroa, Borboi, Bearn, Rodez-Armagnac, Albret, Évreux, Bigorre, eta Trastamara familien oinortekotasuna erakusten da. Landutako urtea 1566, Ilargia Étienne Bergeron-en sinboloa eta izarra Guillaume Martin-ena.

Atzealdeko Hitzulpena: Jainkoaren graziari esker, naizena naiz. Henrike II.ak hasitako txanpon nafarren iruditextu ohizkoa, bere ondorengoek 1650. urteraino erabiliko zutena.

Joana III.-ari buruzko atala jarraituko dugu gaurkoan eta Joanari buruz hitzegin ezkero, luzaro ibili gaitezke idazketan, Nafarroaren, euskararen eta iparraldearen historian garrantzi funtsezkoa izan zuen erregina izan bait zen. Kontextugune historiko luze bat eskeini beharko diogu beste atal batean, baina bi hitzetan Juanaren bizitzak niretzat izan duen esanahia laburtu nahi izan ezkero:

Nafarroak izan duen erregin protestante bakarra eta testamentu berria euskerara itzultzea agindu zuen erregina izan zela esango nuke.

Emakume ausart, borrokalari, langile eta bere printzipioei atsekia, tuberkulosiak jota hil zen Parisen 1572. urtean, bere seme Henrike III.a Valois etxeko Margarita Printzesarekin ezkontzeko prestaketetan ari zenean. Bere aita, Henrike II Zangotzarra 1555.an hil zenetik Nafarroako erregin oinordekoa bihurtu zen, bere senar zen Borboiko Antonio 1562.an hil zen arte, haren erregeordepean mantendu behar izan zuen arren.

Nafarroako Juana III. Erreginaren erretratoa – 1560. urtearen inguruan – Francois Clouet-en eskola – Wikipedia

Kontextugune historikoaren atalaren itxaroan, atal honetan Joanaren txanpongintzari buruz, edo hobe esanda, Pau-ko txanponetxean sortu zituen testoiei buruz hitzegingo dugu. Bada hemen ere kontatzeko moduko historiorik.

Testoia, Frantziako Luis XII.ak 1514ko apirilaren 6.eko aginduaren bidez Frantziako lurraldeetara ekarritako txanpona zen. Bere oinorderko Frantzisko I.aren 1540ko agindu batek berretsi egin zuen bere erabilera, eta ondorioz Frantzian zabaldu zen lehen zilarrezko txanpon astuna izan zen.

Esan dugunez, testoia zilarrezko txanpon bat zen, hamar sueldotako balioa zuen sortu zenean, eta haren berezitasuna alde batean erregearen erretratua izatearena zen. Hortik datorkio izena, italierako “testone” hitzak burua esan nahi bait du. Sorreran, bere pisu nominala 9,54 gramo ingurutakoa zen, eta testoi osoekin batera testoi erdiak ere landu ziren, pisu nominal erdiarekin.

Galeazzo Maria Sforza, Milaneko Dukearen Testoia (1466-1476) – 28mm, 9,57 gr

Lehenengo testoiak 1450.ean egin ziren Sforza familiaren agintepean zen Milaneko Dukerrian. Subiranoaren erretratua bere txanponetan irudikatzea erabaki zuten Sforzatarrek, aintzinako erromatarrek izandako usadioa jarraituz. Luis XII.ak, 1504an Milango duke bihurtu ondoren, moneta eredu berria Frantziako moneta sisteman txertatzea erabaki zuen.

Lehen aipatutako frantziako bi erregeez gain, testoiak Henrike II.aren, Frantzisko II.aren, Karlos IX.aren eta Henrike III.aren erregealdietan zehar landu ziren. Azken honek, testoien fabrikazioa bertan behera utzi zuen 1577an eta ezkutu laurden, zortziren eta zilarrezko franko eta franko erdiengatik ordezkatu zituen. Luis XIII.aren garaian, 1641ean testoien erabilera debekatu egin zen eta ondorioz erretiratu egin ziren.

Baionako txanponetxean aurkitu ditudan lehen testoi aleak, 1554 urtekoak izan dira, dagoeneko Henrike II. Frantziako erregearen agintepean (1547-1559). Urte bat lehenago, 1553. urtean, Baionan testoi erdiak lantzen hasi zirela dirudi. Baina Baionan egindako testoiak mailu bidez egin ziren eta ez bolantezko prentsa bidez Pau-ko testoien modura.

Baionako txanponetxeko Henrike II, Frantziako erregearen testoia – 1554 – 29.5 mm, 9.41 gr

Pirineo iparraldeko Nafarroako erresuman landutako lehen testoiak, Pau-ko txanponetxean 1555. urtean landutako entseguak izan ziren. Aurreko atalean ikusi genuen bezala (link), Pau-ko txanponetxean landutako lehen testoi aleak bolantezko prentsa bidez landu ziren Jean Erondelle txanponetxebururaren agintaritzapean. Entsegu ale hauek kopuru murritzean aurki daitezke gaur egunean, 1555. urte data erakusten dute kasu guztietan eta zoritxarrez ez dugu garaiko dokumentuetan, beraiei buruzko xehetasun gehiegi aurkitu ahal izan. David Navarre-ren honako bideo honek bere bildumako 1555. urteko testoiaren eskuko itxura erakusten du (link)

Jean Erondellen agintepean Pau-ko txanponean sortutako 1555.eko testoi entsegua – 27mm, 9.22gr

+ ANT ET IOAN DEI G RR NA D D B – + GRATIA DEI SVMVS Q D SVMVS

Nafarroako erresumako testoiak, Antonio eta Joana errege-erreginen, eta honen seme Henrike III.aren erregealdietan zehar, 1577. urterarte landu ziren, beti ere Pau edo Morlaas-eko txanponentxeetan, Donapaleuko txanponetxe nafarra ez bait zen 1579. urteraino berrireki. Pau-ko txanponetxean bolantezko prentsa bidez landu ziren bitartean, Morlaas-ekoan mailu bidez landu ziren.

Testoien lanketa Baiona eta Biarno-Nafarroako txanponetxeetan horren berandu hasi izanak, garaiko merkataritza eta zilar iturriei buruzko aztarna garbiak ematen dizkigu. XV. mendearen bukaeran eta XVI. mendearen hasieran, Europako Alpe mendilerroetan aurkitutako zilar meategi berriek, testoien moduko zilar txanpon haundien lanketa ahalbidetu zuten. Baina lanketa hau, zilarraren iturria zen lurralde inguruetan hasi zen, Frantziako ekialde, Italiako iparralde eta gaurko Austria-Alemania inguruetan alegia. Esparru hauek gainera, Europako kontinentea iparraldetik hegoaldera zeharkatzen zuen merkataritza ardatzean kokatuak zeuden.

Hala ere, Indietako zilar meategi erraldoien aurkikuntzak, zilar horniketaren kontrola eman zion Gaztelako erresumari. Aberastasun berrietaz baliatuz, Espainietako erresumen produktu eta zerbitzu egarri etengabearen inguruan egituratutako merkataritza ardatz berri eta garrantzitsu bat sortu zuen. Merkataritza ardatz berri honen inguruan, Baiona eta Bearno-Nafarroako txanponetxeak ezin hobeto kokatuak ziren. Eta egia esan, txanponetxe hauek indartsu jarraituko zuten, Espainietako erregetzak Ameriketako lurraldeak galdu zituzten arte.

Mailu bidez txanpondutako testoiak 1562. urtetik aurrera hasi ziren lantzen Morlaas-eko txanponetxean. Morlaas-eko testoiek lehenago erakutsitako Jean Erondellen eredua jarraitu zuten eta hauei buruz Joana III.aren Morlaaseko txanponei buruzko atalean hitzegingo dugu.

Etienne Bergeron, Guillaume Martin eta Pierre Brucher-en zuzendaritzapean landutako Pau-ko lehen ereduaren testoiak, 1564 eta 1570. urteen artean landu ziren. Joanaren heriotzerarte, 1571 eta 1572 urteetan, Etienne Bergeron, Jerome Lenormant eta Pierre Brucher-en zuzendaritzapean beste bigarren eredu bat jarraitzen zuten testoiak landu ziren.

Kasu honetan, eta 1555. urteko testoien alderantzizkoz, Pirineo-Beherea departamentuko artxiboetan gure egunetaraino gordetako dokumentuetan, Bearn eta Nafarroako txanponetxeetan landutako txanponen kopuruak iritsi zaizkigu. Txanponetxe kontu hauek 1562. urtetik aurrera Pau, Morlaas eta Donapaleuko txanponetxeetan landutako txanpon desberdinen kopuruak azaltzen dituzte. Kontu hauei esker badakigu neurri haundi batean zenbat testoi landu ziren Joana III.aren agintepean Pau-ko errotan. Kontu hauek Francois Dumas-ek laburtu zituen 1959. urtean argiratutako lanean (ikusi bibliografia).

Urtea

Txanponen Pisua (Markoak)

Txanpon kopurua

(unitateak, testoi erdiak barne)

Testoi erdiak

Iruzkinak

1564

 

11.600    (1564-1566)

 

292.320      (1564-1566)

Bai

Lehen Eredua

1565

Lehen Eredua

1566

Bai

Lehen Eredua

1567

Daturik Gabe

Daturik gabe baina badira aurkitutako aleak

Lehen Eredua

1568

8.309

211.796

Lehen Eredua

1569

3.426

87.188

Lehen Eredua

1570

2.399

61.174

Lehen Eredua

1571

2.587

65.968

Bigarren Testoi ereduaren agerpena

1572

1.411

35.980

Bigarren Eredua

1564 eta 1572 urteen artean Pau-ko errota txanponetxean landutako Testoi kopuruen laburpena

Txanpon kopuru orokorren pisua aurkezteko garaian, kontuek Pariseko markoa erabiltzen dute pisu unitate bezala. Pariseko libera batek 489.5 gr zituen eta ondorioz Pariseko Marko batek 244.75 gramotako baliokidetasuna zuen. Goiko taulan ikusitako zenbakiak aztertu ezkero, testoiek 9,60 gramotako pisu ertaina zutela ondorioztatu dezakegu. Adrien Blanchet-ek bere “Histoire Monetaire du Bearn” liburuan, testoien taila marko unitateko 25 pieza t’erditakoa zela agertzen du eta ondorioz honek berriro ere 9,60 gramo ingurutako pisu ertaina emango liguke. Era berean, testoi erdiek 4,80 gramotako pisu ertaina eduki beharko lukete.

Etienne Bergeron-en agintepean Pau-ko txanponean sortutako testoi erdia – 25mm, 4.53gr – 1564 – Ertz ildaskatua

+ IOANA. D. G. REG. NAVAR. D. B (Behitxoa) P- + G (Lorea) DEI. SVM. ID. QVOD. SVM. 1564

Zilegitasunari dagokienez, badakigu testoiak 10 diru eta 18 t’3/4 granotako legez hasi zirela txanpontzen, hau da 898 milesimaz, baina 1568 eta 1572 urtean artean dagoeneko 10 diru eta 17 t’1/2 granotako, hau da 894 milesimatako, legera jaitsiak ziren.

1561. urtea iritsi zen arte, 1555. urteko Joana eta Antonioren aurrez-aurreko aurpegi testoiek 11 sueldo eta 6 diru eta 11 sueldo eta 10 diru arteko balioa zuten Frantzian. Urte honetatik aurrera, testioi hauen eta beraien ondorengoen balioa 12 sueldotakoa izan zen Joana III.aren erregealdi guztian zehar.

Lehenago aipatu dugun moduan, bi testoi eredu aurki ditzazkegu Pau-ko txanponetxean Joanaren erregealdian zehar.

Lehen eredua, sarrera honen irekieran agertu dena da eta 1564 eta 1570 urteen artean landu zen Pau-ko txanponetxean. Grabatzailea Guillaume Martin izan zen. Lehenengo testoi ereduaren aleen artean, ertza ildaskatua dutenak ere badira. Bolantezko prentsarekin gertatu zen bezala, ertzen lanketa berrikuntza garrantzitsua zen, garaiko teknologoiak ez bait zuen hauen lanketa errazik ahaltzen. Aubin Olivier-ek Moulin des Etuves-en sortu zuen berrikuntza hau, baina normalean, ospezko edo oparizko medaila eta txanponen lanketarako baino ez zen erabilitzen. Hala ere, Pau-ko errota txanponetxean, txanpon orokorren lanketan aplikatu zen denbora murritz batez. Ertz ildaskatua duten testoiak 1564. eta 1567. urteetan landu zirela dirudi. Alabaina, ez dirudi urte hauetan landutako testoi guztiek era honetako ertzik zutenik. Erreferentzia moduan, 1680. hamarkadan baino ez zen hasi hedatzen ertzen lanketa Frantziako erresuman, Castaing makinaren bidez.

Joana III.-ren Pau-ko errota txanponetxeko lehen testoi ereduaren beste ale bat, 1565 urtea – 9,36 gr

Etienne Bergeron – Txanponetxeburu; Guillaume Martin – grabatzailea; Pierre Brucher- grabatzaile laguntzailea

IOANNA. DEI. G. REG. NAVARE. D.B. (Behitxoa) P – GRTIA (Lorea) DEI. SVM. ID. QVOD. SVM. 1565

Bigarren eredua 1571 eta 1572 urteetan aurki daiteke eta Jerome Lenormant (edo Lenormand) grabatzaileak sortutako Joanaren erretratu berria erakusten du. Aurreko erretratuarekin gonbaratu ezkero, Joanak burukoa du oraindik ere, baina arropa konplexuagoak eta landuagoak aurkezten ditu eta bitxiak jazten ditu soinekoaren gainean, gorteari zegokion irudi baten moduan. Bigarren erretratu honek, berrogei urtetatik gora dituen erregina helduaren begirada irmoa helarazten du.

Bigarren ereduari dagokien testoi hauek, Nafarroako koroaren gainean B izkia edo DB monograma agertzen dute ilargi eta izarraren ordez. Zenbait alek, ezkur bat ere ageri dute aurrealdean, Joanaren izenaren eskuinean. Ziur aski, berriro ere txanponetxeburu eta grabatzaileen ezaugarriak dira (B-Bergeron, D -Lenormand).

Joana III.-ren Pau-ko errota txanponetxeko bigarren testoi ereduaren ale bat, 1571 urtea – 9,60 gr, 27.5 mm – cgb enkatetxea

Etienne Bergeron – Txanponetxeburu; Jerome Lenormant – grabatzailea; Pierre Brucher- grabatzaile laguntzailea

D.B IOANNA. D. G. REG. NAVARRAE. (Behitxoa) – GRATIA. D. SVM. ID. QVOD. SVM. 1571

Dagoeneko agertutako txanponen irudietan ikus dezakegunez, testoi hauen iruditextuek aldaki ugari erakusten dituzte, esaterako IOANA, IOANNA, NAVARE, NAVAR, NAVR, NAVARRE, NAVARRAE, NAVRE, GRATIA + D . SVM etabar. Ziur aski, bolantezko prentsa berriek trokel ugari puskatzen zituzten eta berriak sarri landu behar zirenez, aldaki ugari sortu ziren.

1568. urte erdialdetik aurrera, erlijio istiluak zabaldu ziren Biarno eta Behe Nafarroa-ko lurraldeetan eta Joana, La Rochele-era ihes egin beharrean izan zen. Gerratea nagusitu zen eta Joanak 1571 urterarte ezin izan zuen bere lurraldeetara itzuli. Gaur egunean bildu ditzazkegun txanponetan ere nabari daitezke garai zurrunbilutsu hauek, 1569. eta 1570. urteko txanponak urrienak bait dira 1572.koekin batera.

Eta amaitzeko, hitz pare bat txanponen atzealdean ageri den Nafarroako erreginaren armarriari buruz. Nafar-biarnotar txanpongintzari buruzko zenbait liburutan, bederatzi azpizatikien armarria bezala azaltzen da izendatua. Egia esan, Juanaren testoiek zortzi armarri azpizatikiren bilduma agertzen dute, bere seme Henrike III.a izan bait zen Pau-ko testoietan bederatzi azpi-armarrien bilduma eratu zuena. Joanaren armarrian, Foix-eko konterriaren armarria falta dela dirudi. Ondorioz, Joanaren testoiek, Nafarroa, Borboi, Albret, Biarno, Bigorre, Armagnac-Rodez, Evreux eta Trastamara-tarren armarriak erakusten dituzte. Hala ere, Trastamara-tarren armarriak, lau barra bertikal izan beharko lituzke eta horren ordez, hiru bakarrik ageri ditu, Foix-eko armarriaren antzekotasunez. Gogoratu beharrezkoa da baita ere, erdiaroan armarriek ez dutela lurraldekotasun nazionalaren esangurarik, familiaren jatorri eta arbasoen bereizgarrien ispilua ziren.

Joanaren testoiaren atzealdeko armarri desberdinen azalpena

Nafarroako erregeetxearen lurraldeak – Labrit-Foix-Borboi – Bearne eta BeheNafarroa estatu burujabeak ziren, eta ez ziren Frantziako koroaren lurralde feudalak

Gaztela eta Aragoi-ko erresumetan eduki beharko lituzketen lurraldeak ez dira ageri, Castellbo-ko bizkonterria bakarrik 

BeheNafarroa eta Biarno ez ziren 1607. urtean Frantziako erresuman sartu, 1620. urtean Luis XIII. erregearen agintaldian baizik

Trastamaratarren ezkutua esan dut baina ziur aski, erabat zehatza izan nahi ezkero, Joan Aragoiko infante eta Peñafiel-eko duke izandakoaren armarria esan beharko nuke. Joan Infantea, geroago Aragoiko eta Nafarroako Juan II.a bihurtu zen, Vianako printzearen eta Pernando Katolikoaren aita. 1420. urtean Nafarroako Blanka erreginarekin ezkondu zenean, bere Montblanc eta Peñafiel-eko dukerriak gehitu zituen bikotearen ogasunetara. Hauetaz gain, Aragoiko errege bihurtu ondoren, Gandiako dukerria eman zion bere eta Blankaren seme zen Vianako printzeari.

Bidezkotasunez, hiru dukerri hauek, baita Castellbo-ko bizkonterria eta Balaguer-eko herria Joan eta Blankaren alaba zen Leonor Nafarroako erreginaren eta bere oinordekoen jabetza ziren. Baina Gaztelako erregeek lehenik eta 1479.an Aragoiko errege bihurtu zen Pernando Katolikoak ondoren, Foix eta Labritar errege-erreginek jabetza hauekiko zituzten eskubideak alde batera utzi zituzten. Nolanahi ere, bai Leonor eta bai bere oinordeko guztiak, Gandiako, Montblanc-eko eta Peñafiel-eko dukesa edo duke moduan izendatu ziren. Ondorioz, Joan Trastamararen oinordekotasunaren testigu, bere armarria Nafarroako errege-erreginen txanponetan ageri da.

Armarri hau, ez da beraz Aragoi, Gaztela eta Leongo armarri bateratua bezala hartu behar, Joan II.ak emandako oinordekotzaren aldarrikapena bezala baizik. Honako hau, enkantetxe eta txanpon liburu guztiek errepikatzen duten akatsa da.

Bibliografia:

TESTON MONNAIE – Wikipedia – link

FRAPPE AU BALANCIER – Wikipedia – link

Numismatique, la frappe au balancier– Youtube Video – link

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica link

MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link

Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010

Les frappes monétaires en Béarn et Basse-Navarre d’après les comptes conservés aux Archives départementales des Basses Pyrénées – Françoise Dumas – 1959 – link

LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 1 et 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)

Le livre des monnaies féodales de Béarn et de Navarre – Jeanne d’Albret (seule) 1562-1572 – Club Numismatique Palois – Serge Salles – link

Le livre des monnaies féodales de Béarn et de Navarre – Antoine de Bourbon et Jeanne d’Albret 1555-1562 – Club Numismatique Palois – Serge Salles – link

JUANA III de Albret -34° REINA DE NAVARRA (1555-1572) – Casa Real Navarra – link

JUAN II DE ARAGON – WIKIWAND – link

COLLECTION DAVID NAVARRE– Teston 1555 – Youtube Video – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude