Berdabio, Nafarroako Txanpon Faltsutzaile Bertsolaria

Atsegin dut Podcast-ak entzutea. Normalean historiaren eta historioen ingurukoak entzuten ditut. Euskarazko podcast-en artean, Kirmen Uriberen New Yorkeko Munduak, Paperezko Itsasoa, La Biblioteca Perdida-ren Iraganeko Kronikak eta Zuzeu Podcast-en Euskal Gaizkileak saioak entzuten ditut maiz.

Ain zuzen ere, duela aste batzuk Euskal Gaizkileak saioaren „Berdabioko Atea“ emanaldia entzuten ibili nintzen.

Eta zer arraio, historio honetan 1748. urtean Iruñako gartzelan txanpon faltsuketagatik preso egondako Berdabio izeneko baten eta bere lantaldearen historioa kontatzen dute. Baita ere, nola Berdabio honek Trabuko bere salatzaileari bertsoak atera zizkion.

Zuzeu podcast-eko Euskal Gaizkileak saioaren “Berdabioko Atea” emanaldiaren azal irudia

Bertso hauek, Aita Donostiak Aranazen jaso eta 1929ko bere kantutegian jasotako aldaeraren arauera, honako hau diote.

1. Bardabioko semia naiz ta
Seme fortuna gabia.
Aranaztikan ekarri nuen
Dotiarekin andria.
Hobe zukian ikusi ezpalu
Bardabioko atia.

2. Nere buruaz ez naiz oroitzen,
Zeren ez naizen bakarra.
Azitzekuak or uzten ditut
hiru seme ta bi alaba.
Jaun zerukuak adi dezala
haien amaren negarra.

3. Goizuetan bada gizon bat,
Deitzen diote “Trabuko”.
Hitzak ederrak, bihotza faltso
Behinere etzaio faltako.
Hark egin didan aberiguazioa
Sekulan etzait ahantziko.

4.-Denbora batez oroitzen bayintz
Zer egin yuen Elaman,
Denbora hartan ibiltzen yintzan
Yarraiki nikan Lesakan
Orain bano len egun yakien
Ni orain naguen atakan.

5. Goizuetako eskribu Jaunari:
-Eskarrikasko, barkatu;
Informaziuak onak diguzu
Iruñerako prestatu!
Mundu honetan edo bestian
Biharko dituzu pagatu.

6. Zorriak eta arkukusuak
Arrotontxuak nagusi.
Denbora batez erran bihartzuenak
hau bihar nuela ikusi!
Zeruko Aita, lagun nazazu,
Ezin nengoake igesi.”

   

Berehala etorri zitzaidan ideia burura; historio honen eta bertan agertzen den diru faltsutzearen froga historikorik ba al legoke? Zer nolako diru faltsuketan zeuden korapilatuta Berdabio eta bere kideak?

Ikerketan hasi nintzen eta lehen aztarnak berehala aurkitu nituen, bai Ibañez Artica Nafar txanpongintzaren maixuak eta bai Cano Borrego jaunak egiten bait dute Berdabio-ren aipamena beraien txanpongintza lanetan. Bertsoak gertaera historiko batean errotuta daude.

Beraz, nortzuk ziren Iruñako gartzelan zebiltzan Berdabio eta bere presokideak? Ba Patziku Perurenak bilatu ditu aztarna guztiak „Goizuetan bada gizon bat“ bere liburuan. Hona hemen zerrenda:

  • Joseph de Etchagarai – Berdabio, bizi zen baserriaren izena jasotako Goizuetako nafarra (Lesakan bataioa jasotakoa)
  • Joseph de Quillaberri – Larraine-ekoa eta beraz xuberotarra
  • Gracian de Echeverria – Hazparne-koa eta beraz lapurtarra
  • Juan Antonio Navaz – Zubietarra eta beraz nafarra

Hauez gain, egun batzuk beranduago, Juan Bernardo Amitesarobe Donostiarra ere eraman zuten bere kideen gartzela berdinera. Amitesarobe Elamako burdinolaren administratzailea zen.

Ferrería de Elama

Elamako burdinolak gaur egunean aurkezten duen itxura – Urumea arnastu Webgunea

Eta aurkitu ditu Patzikuk bere pasadizoen aztarnak bai Goizuetako udal artxibotegian eta bai Iruñako Artxibategi Nagusian. Hona hemen Goizuetako Alkateordeak idatzitakoa:

“Goizueta 20 de febrero de 1748: Roble de los gastos originados en la conduccion a las cárceles reales de las personas de Joseph Etchagarai y consortes indiziados de monederos falsos y adberiguacion de su delito.

Cuenta puntual que formo yo Joseph Antonio de Zabaleta, Theniente de Alcalde de esta Villa de Goizueta el presente año de 1747 de el gasto que se ba originando en la adberiguacion de el delito de fabricadores y expendedores de dieciochenos de que son indiziados Joseph de Etchagarai, Joseph de Quillaberri, Gracian de Echeverria y Juan Antonio de Navaz presos, y conduzion de estos desde esta Villa a las cárzeles reales de la ciudad de Pamplona, siendo separada la de el gasto ocasionado en las diligencias practicadas al principio de su prisión, a instancia del alcalde de la Villa de Lesaca a resultas del robo de las lámparas de la Iglesia Parrochial de ella, que aunque suplió esta Villa por aquella se le ha remitido quenta individual pidiéndole su restitición.

Dia 22 de diciembre de 1747 en que fue reconocido el cubierto de el termino llamado Yaicomeaca Jurisdición de esta Villa de Goizueta, razón de las personas que se ocuparon en él, desde las seis de la mañana hasta las tres de la tarde, donde se hallaron los instrumentos de moldes y efectos al parecer de fabricar moneda dieciocheno

Patziku Perurena – Goizuetan bada gizon bat, 2010 urteko liburuaren azala

Berdabio eta bere kideak 1747.-ko abenduak 15 inguruan sartu zituzten preso Goizuetako gartzelan, Lesakako elizan izandako zilar eta kobre lapurretarengatik. Han zirela, norbaitek, dirudienez trabuko izenekoak, diru faltsutzeagatik salatu zituen eta abenduak 25.ean, hau da eguberri egunean, Iruñako kartzelako bidean jarri zituzten. Beraien aurkako kargua, fundizio molde bidez “dieciocheno” txanponen faltsutzea eta hedatzea zen. Baina zein zen “dieciocheno” deitutako txanpon hau eta zer nolako papera zuen Nafarroako txanpongintzan?

Ba egia esan, “diociocheno” edo “dihuite”-a ez zen txanpon nafarra. Berez Balentzia-ko erresuman 1610 (batzuen ustez berez 1592.urtetik) eta 1707. urteen artean landutako zilarrezko txanpon txikia zen. Bere izenak adierazten duen bezala, hemezortzi diru balentziarrretako balioa zuen eta legeari dagokionez, badirudi nominalki 11 dirutako zilegitasunean (917 milesima inguru) mantendu zela bere historia guztian zehar. Pisuari dagokionez, 1592.an 2,50 gramo inguruko pisu balioaz hasi bazen ere, bere ibilaldian zehar pisua galtzen joan zen eta XVIII. mendearen hasieran 2 gr ingurutan zebilen. Baina, zer egiten zuen balentziar txanpon batek Nafarroako erresuman XVIII. mende erdialdean?

Espainietako Karlos II. erregearen agintepean 1687. urtean Balentzian landutako zilarrezko dieciochenoa – 2,01 gr

Hegoaldeko Nafarroako erresumak landutako azken zilarrezko edo urrezko txanponak 1659. urtean eman ziren. Urte honetatik aurrera, erresumak ez zuen balio ertain edo altuko txanpon igorpenik egiteko aukerarik izan. Nafar erakundeek utzitatako hutsune hau, Gaztela, Aragoi edo Frantziatik etorritako zilar txanponek bete zuten hein handi batean, urrezko txanponen erabilera oso murritz eta mugatua bait zen. Atzerriko zilarrezko txanponak, bere balio intrinsekoaren (eta ez nominalaren) arabera onartzen ziren teorian, eta Gaztela eta Iparralderekin zeuden merkataritza erlazio haundien ondorioz, politika oso baliagarri eta zentzukoa zela esan dezakegu. Kobrezko diru txikiei dagokienez, nafar erakundeak zorrotzak izan ziren kanpoko diruen sarrera edo bertako diruen irteera eragozteko garaian. Nafarroak XVIII. mende osoan zehar landu zituen bertan sortutako kobrezko aleak.

Mikel Sorauren arabera, atzerriko zilarrezko eta urrezko txanponenkiko menpekotasun honek, ez zuen arazo gehiegirik ekarri Frantziako iraultza jaso zen arte. Momentu bakar batean sortu zen iskanbila eta ezinegona eta momentu hau 1747. urtea izan omen zen. Urte honetan, Frantziako mugaren inguruan bildutako dieciocheno txanponen sarrera eta pilaketa gertatu zen. Kasu askotan ertzak muxarratuak zituzten txanpon hauek, eta merkatarien eta orokorki jendearen mesfidantzaren ondorioz, eztabaiden eta istiluen sorrera izaten ziren. Eta urte horretan bertan jazo zen gure Berdabioren pasartea.

Espainietako Felipe V, Nafarroako Felipe VII. erregearen agintepean 1745.an landutako Marabedi bateko kobrezko txanpon oktogonala – Iruñako txanponetxea

Baino hori baino lehenago, dagoeneko 1726. urtean emana zen lehen erretiratze agindua zilarrezko erreal txanpon zaharrentzat, Felipe V.aren agindupean.  Agindu honek erreal erdi, bateko eta bitakoak eta Maria deitutako Carlos II. aren erreigealdiko txanponak aipatzen zituen. Txanpon hauek, ertz irregular eta landugabekoa zuten kasu gehienetan. Lehen borboi erregeak, makina berriez sortutako ertz landu eta erregularrak zituzten txanpon berriengatik ordezkatu nahi zituen bere lurralde guztietan, ertzen ebakiera bidezko iruzurra eragozteko asmotan. Baina agindu honek betearazte arazoak izan zituen Nafarroan eta ondorioz txanpon zaharren erabilera luzatu egin zen erresuma gorritxoan. Ondorengoz, eta lehen aldiz, zilarrak Nafarroatik alde egin beharrean, kopuru ederretan iritsi zen, beste lurraldeetan dagoeneko debekatuak ziren txanpon zahar guzti hauen itzalean.

Hurrengo arazoa, 1737. urteko errege pragmatikak ekarri zuen. Agindu honen bidez, zilarrezko txanponen balioa gehitu zen eta ondorioz, Nafarroako konseiluak zilarraren eta bertako kobrezko marabedi txanponen arteko baliokidetasun berria atera behar izan zuen. Kontseiluaren arabera, erreal erdiak 19 Marabedi balio beharko lituzke orain, erreal osoak 38 (lehen 36 ziren) eta dieciocheno bakoitzak 25, baina hirutako taldetan entregatu ezkero orduan 76 marabedi edo bi errealeko balioa izango luke (beraz 25 eta 1/3. ko baliokidetasuna). Era berean zilarrezko lau errealek 153 marabeditako balioa lukete (berezko 152-ren ordez) eta zortzi errealek 306 marabeditakoa.

Espainietako Fernando VI, Nafarroako Pernando II. erregearen agintepean 1748.an landutako Marabedi bateko kobrezko txanpon oktogonala – 2,59 gr – Iruñako txanponetxea

1743 eta 1744. urteetako Tuterako gorteek baliokidetasun hauen aurkako argudioak aurkeztu zituzten. Dieciochenoen kasuan, Balentziako erresumako txanpon honen balioa 24 marabedietakoa baino ez zela zioten. Marabedi eta heren horren diferentziaren ondorioz, dieciochoeno txanpon ugari ari omen zen sartzen Katalunia, Aragoi eta Balentziako erresumetatik, Nafarroan aurkitzen ziren zilarrezko txanpon berrien truke. Argudio hau onartua izan zen 1744.eko Otsailak 2an eta dieciochenoa 24 marabeditako balioa izatera pasa zen.

Mailu bidez egindako txanponak zirenez, eta inguru biribila mugatzen zuten ertzelanik ez zutenez, dieciochoenoak faltsutzaileen eta ertz ebakitzaleen jomuga erraza ziren, errazak bai faltsutzeko edo bai ertzen muxarraketa bidez zilar berria jasotzeko.

Guzti honen ondorioz, 1747.-ko abuztuak 13.an erregeak Nafarroako erresuman deiciochoeneak zirkulaziotik erretiratzeko agindua eman zion Nafarroako konseiluari. Muxarratutako edo faltsututako aleak, zilegizko ale onen balio berdinean trukatuko ziren.

Hurrengo egunetan honako hauek pasa ziren:

  • Abuztuak 23.an errege aginduak Nafarroako kontseiluaren sobrekarta jaso zuen. Era berean, kontseiluak aldundiari idatzi zion, agindua betearazteko prestaera guztiak sekretupean eta ahal zenik azkarren egiteko gomendioarekin. Aukera paregabea zen, egia esan errepikaezina, gaizkitutako eta muxarratutako txanpon zahar edo faltsuak balore osoz trukatzeko. Zurrumurrua hedatu ezkero, han azalduko ziren alde guztietatik, baita Nafarroatik kanpo gelditzen ziren txanpon dieciochoeno zahar guztiak.
  • Abuztuak 24.an aldundiak jakinarazpena eskertu zuen eta abuztuak 28.an ospatuko zen sesio berrirako deialdia egin zuen.
  • Abuztuak 28.an aldundiak adostu zituen neurriei buruz berri eman zion kontseiluari. Bandu bidez agindua argitaratu aurretik, merindadeburu guztiek jasoko zuten, herri guztietan egun eta ordu berean jakinerazi ahal izateko. Trukea, denbora epe ahalik eta laburrenean egin beharko litzateke eta ezkribau batek jasotako eta emandako diruen berri idatziko zuen. Arrisku handiena, Frantziako mugan zehar sartu zitezkeen txanpon kopuruetatik etorri zitekeenez, neurri bereziak eta denbora murritzagoa proposatu zen Baztan-go bailararentzat eta Bera, Lesaka, Igantzi, Aranaz eta Etxalar herrientzat.
  • Iraila hasieran Nafarroako kontseiluak aginduaren kopiak bidali zizkien merindadeburuei, jarraitu beharreko prozedura azalduz. Agindua, erresumako hiri, herri eta auzoetan Irailak 10.ean goizeko 10.tan jakineraziko zen. Tutera, Zangotza eta Aragoiko erresumarekin muga egiten zuten herrietan, edo Bera, Lesaka, Igantzi, Aranaz, Etxalar eta Baztan-go bailararentzat 24 ordutako epea ematen zen dirua trukatu ahal izateko une horretatik aurrera. Gainontzeko herri eta hirietan, epea 48 ordutakoa zen.
  • Urriak 31.an aldundiak erregeari egindako txostenean honako hau ageri zen. Orokorrean 34.802 zilarrezko erreal eta 24 marabeditako balioa zuten dieciochoenoak jaso eta trukatu zirela. Dieciochoeno guzti hauen balio intrinsekoa 16.711 zilar erreal eta 27 marabedietakoa zen. Faltsutze eta muxarraketa itzela zuen beraz garai haietan Nafarroan zebilen dieciochoenoak! Balio honen arabera 57.000 txanpon inguru jaso eta trukatu zirela esan genezake.

Madrilgo gorteak, bildutako txanponak Madrileko txanponetxera bidaltzeko agindua eman zion aldundiari, baina era berean 16.711 zilar erreal eta 27 marabedietako balio intrinsekoa baino ez ziola ordainduko jakinerazi zion. Aldundiak agindutakoa bete zuen, baina era berean erabaki honek bere altxorrari ekartzen zion galera haundiei buruz protesta egin zuen eta gehigarrizko 18.090 zilarrezko erreal eta 33 marabedi-ren ordainketa eskatu zuen. Ez dugu dokumenturik aurkitu eztabaida hau nola bukatu zen esaten duenik. Nolanahi ere, honako hau dugu dieciochoenoaren ibileraren bukaera Nafarroako erresuman.

Baina zein izan zen Iruñako gartzelan utzi dugun kuadrilak pairatu zuen patua? Diru faltsutzailearen salaketa gai larria zen garai hauetan eta bere burua urkamendiaren itzalean izateko arriskuan aurkitzen ziren Berdabio eta bere kideak.

Ahoz-aho belaunaldiz belaunaldi Urumea eta Bidasoaldean igorritako historio eta bertsoek, aldaki ugari aurkezten dituzte Berdabio eta bere kideei buruz. Kasu batzuetan ezkutuko mehatz zuloa zutela, urrea ateratzen zutela urrezko txanponak egiteko, zilarrezko edo kobrezkoak zirela txanpon hauek zioten besteek, urkamendian bukatu zutela batzutan, pobrezian bestetan…

Goizueta eta Lesakako inguruari begiratu ezkero, eskualde mehatzari, ikazkina eta burdinoladuna zen hau. Erromatarrak I. mendean hasi ziren Aiako Harriko mehatzetatik zilarra eta beste zenbait metal ateratzen. Urre ustiapena era izan zuten Lapurdiko Kanbo herri inguruetan. Erdiaroan burdina ateratzen zen Aiako harriko mehatzetatik eta bailaran zehar burdinola ugari sortu ziren, inguruko basoetako egur-ikatzaz baliatuz. Berdabio baserria bera ere, aintzinan burdinola izandakoa omen zen XVII. menderarte, baina XVIII. mendean dagoeneko bai mehatzaritza eta bai burdinolak gainbeheran zeuden.

Ala ere, metal langitza eta galdaketa mende askotako usadioa zen bailaran eta kontextugune honetan aztertu behar ditugu Berdabioren pasadizoak. Mehategi izkuturen bat zutenarena, zihur aski bai, baina ez bertatik zilarrezko edo kobrezko meha atera ahal izateko, baizik eta ziur aski bertan izkutuan eta sekretupean lan egin ahal izateko. Killaberri eta Etxeberria Goizuetara mehatz lanetara etorriak zirela dirudi, baina Lesakako elizako zilar eta kobre lapurretak adierazten du metal sorrerak ez zirela ziur aski inguruko mehategi zaharrak.

Eskax Berdabio

Goizuetako Berdabio Baserriaren gaur eguneko Itxura – Bisirimiriren argazkia – Wikiloc

Goizuetako alkateordeak zinatutako idazkiak esaten duenez, 1747.ko abenduak 22-an dieciochoenoak fundizio bidez egiteko molde eta tresnak aurkitu omen ziren. Hurrengo egunetan egindako ikerketetan tresna eta molde gehiago aurkitu omen zituzten, baina faltsututako txanponen arrastorik ez. Herri kontaketak, Berdabiok bere baserri inguruko intxaur zuhaitz batetan gordetzen zituela tresnak esanarazten du eta hauek ez zirela sekula ere aurkitu. Berdabio baserrian bizi bait ziren urte hartan, bai Berdabio bera maizter bezala, eta bai apopilo moduan beste hirurak, Berdabioren amari zegokion beste etxe erdian. Auskalo zein negoziotan zenbiltzan elkarrekin!

Nolanahi ere, ez zait orren erraza egiten Berdabio eta bere kideak molde bidez egindako dieciocheno berrien lanketan gorapilatuak zeudenarena. Oso litekeena da, dieciocheno txanpon hauen muxarraketa eta ebaketa asuntuetan parte hartu izana eta bildutako zilarra galdatu ondoren, mugaz gain salerosi izana. Dena zela ere, bai diru faltsuketa edo diru muxarraketa kontua izan, ziur aski Berdabio eta bere kideak ez ziren negozio honetan agindupean zebiltzan langile xumeak baino, izan behar zuten goragoko beste pertsonarik, baina nor zen jakin ez. Amitesarobe, Elamako burdinolaren administratzailea preso hartu izana, horren arrastora ekartzen gaituen gertaera da, baina Amitesaroberen inguruan pasatakoaren berririk ere ez dugu.

Izan ere, Iruñako epaitegiak egindako ikerketa guztien ondoren, argi geratu bait zen Berdabio eta bere hiru kideak herritar xume eta baliabide gabekoak zirela. Ez ondasunik, ez jabetzarik eta ez errentarik, pobre eta txiroak, Killaberri-ri kendutako erlauntza gutxi batzuen salbuespenez.

Jose Antonio Huarte, bertsoetan aipatutako Goizuetako eskribau eta alkateak aurkeztutako froga delakoek ez zuten aidanez indar nahikorik izan. Urte bete oso batetan zehar bideratzeak burutu ondoren, 1748.ko abenduak 24.an probrezazko sententzia kaleratu bait zuen Iruñako epaitegiak:

„Se declaran por pobres a Joseph de Quillaberry, Grazian de Echeberria, Juan Antonio Nabaz y Jph de Echagaray, se manda que como a tales se les asista por los curiales de nuestros tribunales reales sin llevarles derechos con que se benda por el Alcalde de la villa de Goizueta la abejera, y su producto se remita al escribano de la causa, y este suministra sus alimentos a Josef de Quillaberri, y así se declara y manda esta, zifrada por los Señores Alcaldes Ezquerra, Leiza y Lanziego.“

Pobrezazko sententzia honen bidez, epaiketaren gastuen ordainketa sahiestu zuten akusatuek, eta erresumaren kontura janaria jaso beharrean izan beharko ziren. Ez zen hala ere hau errugabetza sententzia, baina froga tinkoen faltan, eta inongo diru etorrien itxaropenik gabe, estatuari ez zitzaion komeni lau gajo hauek luzaroz espetxean mantentzea.

Eta horrela izan zen, 1748. ko inuxente egunerako Berdabio kalean zela bait dirudi, bere adiskideekin batera…adiskide denekin? Egia esan ez, Juan Antonio Nabaz Zubietarra-ri gartzelan gelditzea tokatu zitzaion. Beranduxeago, beste urte beteren buruan, Nabaz gaur eguneko Argeliako Oran-eko prisioetara bidali zuten. Zergatik bidali zuten Nabaz Afrikako prisioetara? Ba egia esan ez dakigu, agian ba zituen justiziarekin bestelako zorrak aurretik.

Trabuko ezizenez aipatutako salatariaren izena ere aurkitu du Patziku Perurenak, Juan Fermin Aginaga Goizuetarra alegia, Elama inguruetan mehatz lanetan ibilitakoa. Eta Trabuko-k Elaman hil omen zuen gizonarena ere bai, “tontotxo” izenpean ezaguna, edo agian Patziku-k esaten duen moduan, Francisco Villanueva mehatzaria.

Berdabioren bertso hauek, belaunaldiz belaunaldi ahoz helarazi ziren, XX. mendearen hasieran euskara hizkuntzalariek paperetan idatzi zituzten arte. Hala ere, berriro ere mundu guztian zehar, ahoz aho zabaldu zituena ez da orain dela 270 urtetakoa, orain dela hamabi urte eskax hil zen.

Tribute to Joxean Artze & Mikel Laboa  1

Nexgraff artista grafitilariak sortutako Mikel Laboaren irudia – Pasai San Pedroko frontoi atzean – 2018

Mikel Laboak, Resurrección María de Azkuek 1922. urtean bildutako Berdabioren bertsoen aldakia erabili zuen, 1966. urtean argitaratutako „Goizuetan“ bere abestian.

Goian bego eta bejondeiola Mikel Laboari.

1. Goizuetan bada gizon bat
deritzen zaio “Trabuko”
hitzak ederrak bihotza faltso
sekula etzaio paltako
egin dituen dilijentziak
berari zaizko damuko.

2. Ongi, ongi oroitu hadi
zer egin huen Elaman.
Difuntu horrek izatu balu
jarraikilerik Lesakan
orain baino lehen egongo hintzan
ni orain nagoen atakan.

3. Nere andreak ekarri zuen
Aranaztikan dotea,
hobe zukean ikusi ez balu
Berdabioko atea,
orain etzuen hark idukiko
dadukan pesalonbrea.

4. Nere buruaz ez naiz oroitzen
zeren ez naizen bakarra
hazitzekoak hor uzten ditut
bi seme ta hiru alaba
Jaun zerukoak adi dezala
horien amaren negarra.

Azkenean Berdabio etxera bueltatu zen, baina Josefina edo Serafina Bergara emaztea ez zen dagoeneko izen berdineko baserrian bizi. Hura, Arano bere jaioterri aldera bueltatu zen 1748 urtean, hiru alaba eta bi semeekin. Emazteak ez zuen beraz Trabukorekin ihes egin, Euskal Gaizkileak podcastean agertzen den moduan.

Hori bai, han agertzen den moduan, pobrezia gorrian hil zen Berdabio gajoa 1771. eko azaroak 6.an. Diru faltsutzetik errentarik ez, baina bertsoetatik betirako ospea.

Bibliografia:

PATZIKU PERURENARI ELKARRIZKETA – Sautrela – EITB – link

BERDABIOKO SEMEA – Wikipedia – link

GOiZUETAN BADA GIZON BAT – Patziku Perurena – Alberdania Argitaretxea – 2010

EL DELITO DE LA FALSIFICACION DE MONEDA – Miguel Ibáñez Artica – Blog Numisarchives – link

POLITICA MONETARIA EN EL REINO DE NAVARRA AL FINAL DEL ANTIGUO REGIMEN (1747-1838) – Mikel Sorauren – link

LA MONEDA NAVARRA EN EL SIGLO XVIII – P.D Cano Borrego – 2018 – Revisa Hecate N° 5 – link

LA MONEDA NAVARRA Y SU DOCUMENTACION (1513-1838) – 1975 – Jorge Marín de la Salud

DIECIOCHENOS – FALSIFICACIONES – Blog erabat gomendagarria – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

2 thoughts on “Berdabio, Nafarroako Txanpon Faltsutzaile Bertsolaria”

  1. Pingback: Karlos VII-aren marabedi bakarra – Azken Mailu Dantza | Euskal Txanpongintzaren Historia

  2. Pingback: Karlos VII-aren marabedi bakarra – Azken Mailu Dantza • ZUZEU

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude