Garaialdia: Karlos VII. Nafarroako erregea, Karlos IV. Espainietako erregea
Mota: Marabedia
Urtea: 1789
Txanpon-etxea: Iruñako txanponetxea
Ertza: Irregularra, txanponbudin edo kospel oktogonala
Ertzaren Grabatua: ————–
Metala: kobrea
Diametroa: 19 mm
Pisua: Ale honek 2,71 gr, nominalki 3,04gr inguru
Kopurua: Ezezaguna, 1781. urteko gorteek 12.000 dukat, 4.704.000 ale marabediren lanketa eskatu zuten
Txanpongintza: Mailu bidez
Txanponetxeburua: Esteban de Espinel, txanponetxeburu nagusiaren botere ahalduna
Grabatzailea: Ezezaguna
Aurrealdea:
Aurrealdeko Hitzak: CAROLUS+VII+D+G.
Aurrealdeko Deskribapena: CAR izkiek osatutako monograma koroatua. Monogramaren azpian, zazpigarren zenbakia, zenbaki erromatarretan. Aurrealdeko hitzak bi zirkunferentzia punttudunen artean landuak dira. Hitzen arteko banaketa lau hostozko lorea dela dirudi.
Aurrealdeko Hitzulpena: Karlos VII, jainkoaren graziari esker…
Atzealdea:
Atzealdeko Hitzak: NAVARRE+REX+1789
Atzealdeko Deskribapena: Nafarroako armarri koroatua P eta A izkien artean. Izki hauek Iruñako txanponetxearen ezaugarri dira XVIII mendearen zehar landutako txanponetan. Atzealdeko hitzak bi zirkunferentzia punttudunen artean landuak dira. Hitzen arteko banaketa lau hostozko lorea dela dirudi. Azkenik, txanpon lanketaren urtea, 1789.
Atzealdeko Hitzulpena: Nafarroako errege
Joan den Ekainak 8an, Madrilgo enkantetxe ezagun batean Alvarez de Toledo nafar txanpongintza bilduma bikainaren enkantea jazo zen. Txanpon ale bikainak batzen zituen bilduma honek eta ondorioz, ikusmin eta parteartzaile ugari bildu zituen enkante honek.
Dirua barra barra isuri zen, ale gutxi batzutan erremateek 5000 eurotako muga jo zuten, baina orokorrean aleen erremate prezioak nahiko handiak iruditu zitzaizkidan.
Ni neu ere han bildu nintzen, esandako ordu eta egunean internet bidez. Gogoan edo jomugan nituen aleak oso apalak ziren. Alde batetik Berdabio bertsolariaren sarrera barnean den Pernando II. aren 1748. urteko marabedi bat nuen buruan. Aurrekontu murritza nuen eta prezioa igotzen zihoan einean, berehala konturatu nintzen honako honetan pasa egin beharko nuela.
Bigarren helburua, sarrera honen goiburu eta argazki den Nafarroako Karlos VII-aren marabedia zen. Kasu honetan, nire iritziz alearengatik behar baino gehiago ordaindu nuen arren, aurrekontuaren barnean geratu nintzen. Erabateko poza hartu nuen, ziur aski inbertsio bezala negozio txarra egin nuen arren. Jakina da arlo honetan tratante profesional eta batez ere enkantetxeek egiten dutela negozioa, zaleak zale gara eta gure poz haundi eta txikietan jasotzen dugu plazerra.
Ez da lehenengo aldia, Karlos VII.-aren 1789. urteko marabediaren arrastoan ibili naizela. 2020. urteko uztailean beste ale bat eskuratu nuen Bartzelonako enkantetxe batean. Hala ere, posta igorpenaren garaian, norbaitek enkantetxearen latinezko urre hitzaren izena gutun azalean irakurri, eta sekulako altxorra eskuratzen zuela pentsatuz, azala moztu eta txanpona lapurtu zuen. Auskalo non den orain, hemen azpian erakusten dudan ale hau, Bartzelona eta Alemania arteko posta bidearen bazterren batean!
2020-ko Uztailean lapurtutako Karlos VII.-aren marabediaren irudia – 3,03 gr
Irriki berezia nion horrenbestez ale honi, baina ez orain dela urtebete pasatu zenarengatik bakarrik, ene ustean ale erabat esanguratsua delako euskal txanpongintzaren historian. Hona hemen arrazoi labur batzuk, aurrekoa sostengatu ahal izateko:
Lehenik eta behin, Karlos VII. (1788-ko abendu-1808-ko martxo arteko erregealdia) Nafarroako erregearen izenpean landutako ale bakarra da; 1789. urtea jasotzen duena. Argi bistan da, urte honetan Frantziako Iraultzak abiatutako eraldaketa politiko eta ideologikoa hasi zela, zeinek ondorio sakonak izango zituen Nafarroa eta Euskal Herri osoan.
Frantziako iraultzak sorrerazitako ezegonkortasun eta gerrateek nafar txanponen lanketa gelditu zuten 29 urtez, 1818. urtean Karlos VII-aren seme zen Pernando III-aren erregealdian berriro ere hasi ziren arte. Hala ere, 29 urteren buruan hasitako txanpongintza, erabat aldatutako patroien inguruan funtsatzen zen. Honako hau dugu ondorioz, XVIII. mendean erabili zen Marabedi-Kornadu sistemaren azken lanketa.
Txanpon sorta hau, Nafarroako Kontuen Ganbararen egoitzan txanpondutako azken ale mota izan zen. Nafarroako Kontuen Ganbararen egoitza, gaurko egunetaraino iritsi zaigu eta Iruñako Florencio Ansoleaga kalearen 10. zenbakian ikustatu dezakegu.
Florencio Ansoleaga kalearen 10. zenbakian aurkitzen den aintzinako txanponetxe gotikoaren aurrealdea – Eaeaea – Wikipedia Commons
Nafarroako Karlos IV. (Alemaniako Karlos V.) erregeak eraikuntza erosi eta txanponetxe eta kontu ganbaran eraberritu zuen 1524. urtean eta handik aurrera Nafarroa Garaiko txanpongintza bertan landu zen 1789. urteko azken ale hauek iritsi ziren arte. Kontu Ganbarak oraindik ere 1836. urteraino bizirik iraun zuen egoitza berberean, baina 1818 eta 1837. urtean artean landutako txanpon nafarrak ez ziren dagoeneko eraikin honetan landu.
Aintzinako txanponetxe eta kontu ganbararen barnealdeko lorategia – Josu Goñi Etxabe – Wikipedia Commons
Eta azkenik eta behin, txanpon ale hauek bai Nafarroako erresuman, bai Euskal Herrian, bai iberiar penintsulan eta baita ziur aski Europa mendebalde guztian mailu bidez landutako azken txanponak dira. Badute beraz esanguratasun nahikoa, nahiz eta bai tamainaz, bai pisuz eta bai irudien arabera ere oso ale xumeak izan. Landu ziren txanpon nafar ale gehiago 1818 urtearen ondoren, baina Pernando III.aren erregealdian landutako aleak dagoeneko Nafarroako Museoan erakusten den bolantezko prentsa bidez landu ziren.
XVII. edo XVIII. mendeetan mailu bidez landutako txanpongintza erakusten duen irudia
Mailu bidezko txanpongintzaren teknikaren arabera, aurretik sortutako txanponbudin edo kospela, oinarri finko batean erantsitako trokel mugiezin (Pila deiturikoa) eta txanpongileak bere eskuz edo kurrika bidez eutsitako trokel mugikor baten artean txanpontzen zen, mailu baten bidez emandako zartada indartsu bati esker. Bai pila eta bai trokelean landutako irudiak, txanponaren bi aldetan irudikatzen ziren mailuaren takateko indartsuaren ondorioz.
Aintzinako mailu bidezko txanponetan erabilitako pila eta trokelen adibidezko ale gutxi iritsi dira gure garaietaraino. Baina arlo honetan erabat zorionekoak gara Iruñako txanponetxeari dagokionez, Nafarroako Museoak, Nafarroako hiriburuaren txanponetxean XVI. eta XIX. mendeen artean erabilitako hainbat makineria, tresneria eta pila eta trokel gordetzen bait ditu bere gordailuetan.
Gordailuetan bakarrik ez, Nafarroako Museoak 2021. urteko maiatzetik aurrera Nafarroako txanpongintzari eskainitako areto berri bat zabaldu bait du, altxorretan dituen 200 ale inguruko aukeraketa erakutsiz; hogeitamar urtetako hutsunearen ondoren, bejondeiela azkenean ere.
Pila edo trokel mugiezinen oso ale gutxi iritsi zaizkigu Nafarroako Museoaren bilduman, bost ale soilik ain zuzen ere, eta bost hauetatik ez daukagu gaurko sarreraren txanponari dagokionik. Baina trokel mugikorrenen kasuan, 1789. urteko txanpongintzari dagokion hogei ale pasatxo iritsi zaizkigu. Ale guzti hauek 2003 urtean argitaratu zen “La colección de útiles de acuñación del Museo de Navarra” liburuan aurkitu daitezke. Nire aldetik erabat gomendatzen dut liburu hau, Nafarroako txanpongintzaren azterketarako eguneroko kontsulta tresna erabat baliagarria da.
Liburua erosi gabe ere, CERES plataforma digitalaren bidez, Nafarroako Museoak gordetzen dituen erakuskai gehienen kontsulta egin daiteke. Adibide bezala, hona hemen gaurkoan aztertzen ari garen txanponaren atzealdeko trokel bat:
1789. urteko Karlos VII.aren marabedi txanponaren trokel mugikorraren goialdea – CERES plataformatik ateratako argazkia – 20.301 artikulu zerrenda zenbakia – 301. liburu trokela
1789. urteko Karlos VII.aren marabedi txanponaren trokel mugikorraren aldeko ikuspegia – CERES plataformatik ateratako argazkia – 20.301 artikulu zerrenda zenbakia – 301. liburu trokela
Aurreko bi argazkiek, museoan gordetzen diren 1789. urteko txanponaren trokeletako bat erakusten dute. Bertan garbi ikus daiteke mailu zartadek trokelean eragindako deformazioa. Trokel mugikorraren pisu eta neurriei begiratu ezkero, honako hau ikus dezakegu:
Galdatutako burniz egindako trokela;
Garaiera = 35 mm; Zabalera = 25 mm; Diametroa = 23 mm; Pisua = 148,20 gr
Txanponen batazbesteko diametroa 19 milimetrotakoa dela kontutan hartuz (eta gainera oktogonal formakoak izanik), trokelek 23 milimetrotako diametroa dutela erreparatuko dugu. Ondorioz, erabat ulergarria da marabedi txanpon guzti hauek textuidatzi osatugabez iritsi izana gure egunetaraino. Hala sortu bait ziren txanponketa garaian, eta urte ugariren erabilera luzeek ez zuten lagundu, itxura ederreko eta textuidatzi ahalik eta osatueneko aleak iraunarazten. Txanponen orokorrezko itxuraren irudi bat lortu nahi izan ezkero, gordetako trokelen ikerlanean edo eta ale ugariren azterketan hasi beharko gara.
Orokorrean, txanpon hauen lanketa oso xumea izan zen bere garaian eta urte askotako erabilera luzea izan zuten einean, ale gehienak nahiko mantentze egoera kaxkarrean iritsi zaizkigu gure egunetaraino.
1789. urteko bi marabedi ale bata bestearen ondoan – Textuidatzien ezkerraldea nabari daiteke lehenengoan
Txanponaren aurrealdeko aurpegiaren trokel mugiezin edo pila ikertu ezkero, dagoeneko esan dugu ez zaigula 1789. urteko txanponari dagokion pila alerik iritsi. Hala ere, Karlos VII. aren aita zen Karlos VI. aren (1759-1788) erregealdiako lehen urteetan, trokel mugikorraren bidez inprimatzen zen marabedien aurrealdeko aurpegia deritzoguna eta zorionez, trokel mugikor hauen hainbat ale iritsi zaizkigu.
Karlos VI.aren trokel mugikor hauen bitartez, bere semearen txanponetan agertzen diren irudi eta iruditextuak argi parekatu ditzazkegu. Karlos VII.aren txanponen aurrealdeko diseinuak bere aitarenaren eredua jarraitzen bait du, non VI. zenbaki erromatarra, semeari zegokion VII. zenbaki erromatarrez ordezkatu zen.
Karlos VI.aren marabedi txanponen lehen garaietako trokel mugikorraren goialdea – CERES plataformatik ateratako argazkia – 20.243 artikulu zerrenda zenbakia – 243. liburu trokela
Karlos VI.aren marabedi txanponen lehen garaietako trokel mugikorraren aldeko ikuspegia – CERES plataformatik ateratako argazkia – 20.243 artikulu zerrenda zenbakia – 243. liburu trokela
Galdatutako burniz egindako trokela;
Garaiera = 52 mm; Zabalera = 28 mm; Diametroa = 23 mm; Pisua = 272,30 gr
Eta azkenengoz, zein zen txanpon hauen pisu eta legea? Eta zenbat ale landu ziren? Erantzunik errezena legeari dagokiona da. Nafarroa garaiko biloiezko txanponek bere baitan zuten zilar apurra galdu zuten 1604. urtetik aurrera; ondorioz marabedi hauek kobre hutsezkoak ziren.
Pisu eta kopuruaren datuei dagokienez, badakigu marabedi txanpon hauek, 1780 eta 1781 urteen artean izandako Nafarroako gorteen bileran egindako errege eskaerari erantzunez egin zirela. Erregeak, 1781. urteko Apirilaren 24.an, 12.000 dukat marabedi eta 4.000 dukat kornadu lantzeko baimena eman zuen.
Erregearen baimenak, 122 marabedi txanpon kopuruko lanketa ahalbidetzen zuen nafar libera bakoitzeko. Datu hauekin marabedi txanponen pisu nominala aurki dezakegu, hau da, nafar libera bakoitzak 371 gramotako baliokidetasuna bazuen, honek txanpon bakoitzeko 371 gr / 122 txanpon = 3,04 gramotako balio ertaina emango liguke. Ez dugu baimenak onartzen zuen erremedio edo pisu tolerantziaren daturik, baina ale gehienak 2,65 gramo eta 3,35 gramo artean daude.
Landutako kopuruari dagokionez, 1781. urteko errege baimenak 12.000 dukat marabedi lantzeko baimena eman zuen. XVIII. mendearen bukaeran Nafarroa garaian indarrean zen txanpon baliokedatasunen arabera, dukat bakoitzak 392 marabeditako balioa zuen. Eragiketa erraz batek, 4.704.000 marabedi lantzeko baimena eman zela erakutsiko digu.
Libera |
Erreala |
Tarja |
Grosa |
Marabedia |
Kornadua |
|
Dukat |
6 eta 8/15 |
10 eta 8/9 |
49 |
65 eta 1/3 |
392 |
784 |
Nafar Pesoa |
4 eta 4/5 |
8 |
36 |
48 |
288 |
576 |
Nafar Libera |
1 eta 2/3 |
7 eta 1/2 |
10 |
60 |
120 |
|
Nafar Erreala |
4 eta 1/2 |
6 |
36 |
72 |
||
Tarja |
1 eta 1/3 |
8 |
16 |
|||
Grosa |
6 |
12 |
||||
Nafar Marabedia |
2 |
XVIII. mende bukaeran Nafarroako erresuman erabiltzen ziren txanpon baliokidetasunak
Lau miloi t’erdi pasatxoko ale kopurua haundi xamarra dirudi Iruñako txanponetxearentzat. Kopuru guzti honen lanketa ez zegoen urte bakar bati lotua, urte anitzetan zehar landu beharreko kopurua zen. Baina 1781. urteko baimenaren ostean eta 1789. urteko Karlos VII. aren marabedia agertu zen momenturarte, 1782, 1783 eta 1784. urtetako marabediak baino ez ditugu ezagunak.
Baimenak onartutako lau milloi t’erdi pasatxo marabeditako ale kopurua bere osotasunean landu zela pentsatzea nahiko zaila da. Baina 1795. urteko gorteek, kobrezko txanpon faltaren aurrean, beste 20.000 dukat marabediren lanketa eskatu zuten (baita beste 10.000 dukat kornadutan ere). Frantziar iraultzak ekarritako desegonkortasun eta gerrateek kobrearen prezioa nabarmen igo zuten. Horrenbestez ezinezkoa izan zen beste txanpon lanketarik egitea, batez ere, proposatutako libera bakoitzeko 122 aletako proportzioak ematen zituen errentagarritasun arazoak nabarituz.
Gure egunetaraino iritsi diren hogeitik gorako trokelen kopurua kontutan hartuz, ziur aski 450.000 eta miloi bat artean jarriko nuke 1789. urtean landutako marabedi kopurua. Eragiketa horretarako honako funtsak azaldu ditzazkegu; alde batetik ziurrenik ez zaizkigula txanpongintzan erabilitako trokel guztiak iritsi eta bigarrenik, aleen kalitate xumea ikusirik, trokel bakoitza batazbestez 15.000 aleren lanketan erabilia izan zela estimatuko dugu.
Txanponetxearen arduradunek 1728.urtean idatzitako agiri batek, mailukatzaile langile bakoitzak egunean 16.000 txanpon ale sortzen zituela adierazten du. Era berean, ahitu aurretik, pila bakoitza 40.000 bat txanponen lanketan erabiltzen zela esaten du eta pila bakoitzeko, hiru trokel mugikor erabiltzen ziren. Hau da, trokel mugikor bakoitza, 13.333 txanpon aleen lanketan erabiltzen zen batazbestez.
Felipe VII.aren erregealdian (1700-1746), agiria idatzitako 1728. urtean landutako marabedia – 2,68 gr – 16.000 ale lantzen zituen egunero mailukatzaile ofizial batek eta ordainez 4 errealetako eguneroko soldata jasotzen zuen
Bestaldetik, Iruñako txanponetxeak urte batean miloi bat marabedi aletik gora landu zezakeela pentsatzea nahiko zaila egiten zait, txanponetxe txiki eta zaharkitua bait zen 1789 urteko garai hauetarako.
CATALOGO GENERAL DE LA MONEDA NAVARRA – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaletxea
POLITICA MONETARIA EN EL REINO DE NAVARRA AL FINAL DEL ANTIGUO REGIMEN (1747-1838) – Mikel Sorauren – link
LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica link
LA MONEDA NAVARRA Y SU DOCUMENTACION (1513-1838) – 1975 – Jorge Marín de la Salud
Paridades de la Moneda Navarra, desde finales del Siglo XVIII hasta la creación de la peseta – Jordi Ventura y Subirats 1986 – link
Nafarroako Museoak sala bat inauguratu du munduko numismatika bilduma nagusienetako batekin – Nafarroa.eus 2021- link
La Coleccion de utiles de acuñacion del museo de Navarra – Miguel Ibañez Artica, M. Ines Tabar Sarrias, Alicia Irurzun Santa Quiteria, Ma Dolores Ibañez San Millan, Julio Torres Lazaro 2003
La moneda navarra en el siglo XVIII – Pedro Damian Cano Borrego – Hecate Aldizkaria 2018 – link
Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.
Pingback: Karlos VII-aren marabedi bakarra – Azken Mailu Dantza • ZUZEU
Gran entrada!!!. No la había leído. Me ha gustado mucho. Gran trabajo!!!
Un saludo desde Iruña.