Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak

Garaialdia: Luis II. Nafarroako erregea, Luis XIII. Frantziako erregea

Mota: Zilarrezko Ezkutu Laurdena

Urtea: 1620

Txanpon-etxea: Donapaleuko txanponetxea

Ertza: Irregularra

Ertzaren Grabatua: ————–

Metala: Zilarra, 917 milesima edo 11 dirutako zilegitasuna

Diametroa: 29 mm

Pisua: Ale honek 9,43 gr

Kopurua: Ezezaguna 1620 urtean, 1619. urtean 50.707 ale landu ziren

Txanpongintza: Mailu bidez

Txanponetxeburua: Jean Pierre Massalin (1612-1621)

Grabatzailea: Ezezaguna

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: LVDOVICVS.XIII.D.G.FRANC.ET.NAVAR.REX

Aurrealdeko Deskribapena: Lirio loreez bukatutako gurutze grekoa. Gurutzearen erdialdean bost punttuz osatutako irudia. Gurutzearen inguruan textuirudia.

Aurrealdeko Hitzulpena: Luis XIII-garrena, jainkoaren graziari esker Frantziako eta Nafarroako errege

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1620M

Atzealdeko Deskribapena: Frantziako eta Nafarroako armarri erdibitua koroa bakar baten azpian. Koroaren gainean lau punttu ageri dira. Armarriaren bi aldeetan II zenbaki erromatar bana. Honek, txanpona zilarrezko ezkutu laurdena zela adierazten zuen. Txanpon lanketaren urtea 1620. M izkia txanponetxeburuaren, hau da Jean Pierre Massalin-en ezaugarria.

Atzealdeko Hitzulpena: GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM. Jainkoaren graziari esker naizena naiz. Henrike II Labritekoak ezarritako Nafarroako txanpongintzaren iruditextua.

—-

Sarrera honen hasieran aurkezten den txanponak sentimendu gazigozoak ekartzen dizkit. Alde batetik erabat maiteak ditut Donapaleuko txanponak. Donapaleuko herri txikiak, mende eskax baten igaroan (1579-1672) horrenbeste zilarrezko txanpon eder landu izanak erabat gogoangarria iruditzen zait.

Ez da sarrera honetako ezkutu laurdena Donapaleun landu zen ederrena, galantena edo liluragarriena, ziur aski kalitate ertaineko mailan sailkatu beharko genuke. Ez dira hala ere 1620. urteko Donapaleuko ezkutu laurdenak, eskura erortzen diren txanpon errezenak.

Donapaleu herri txikia da gaur egunean, ez da bi mila biztanleetara iristen. Hare txikiagoa zen XVI. eta XVII. mendeetan zehar, ziur aski 500 bat biztanleren inguruan ibiliko zen. Henrike II.ak Donapaleun bildu zituen lehenengoz, 1523.ko abuztuaren 23an, bere menpean gelditzen zitzaizkion Nafarroako erresumaren estatu orokorrak eta bertan izan zuen egoitza 1524. urtetik aurrera Nafarroako Kantzilertzak (epaitegi gorenak). Orrenbestez, Nafarroako erresuma sobiranoaren azken hiriburua izan zela esan dezakegu.

Paulo Donearen aintzinako eliza – Nafarroako erresumaren estatu orokorren eta kantzilertzaren egoitza – Joana III eta Henrike III.aren erregealdietan eliza erreformatua

Henrike II. Zangotzarrak, Donapaleun kokatu zuen Nafarroako erresumaren txanponetxea 1527. urtean, baina bai Henrike berak (1517-1555) edo Joana (1555-1572) bere alabak ez zuten txanponik landu Donapaleun (ez dugu behintzat inongo Donapaleuko txanpongintzaren aztarnarik urte hauetan). Henrike III. (1572-1610), haien oionordekoa izan zen txanponetxea berrireki zuena 1579. urtean. Eta berrireki esan dugu, Donapaleuk dagoeneko txanponetxea izan bait zuen Karlos II (1349-1387) Nafarroako erregearen agintealdian.

Henrike III.ak irekitako txanponetxearen kokalekua ezaguna dugu. Aintzinako txanponetxeak, gaur egunean Epaitegi Jauregi kalearen 14. zenbakipean (Rue du Palais de Justice 14) aurkitzen den orubea betetzen zuen. Baina sarrera nagusia ez zuen kale alde honetan.

Epaitegi Jauregi kalearen 14. zenbakian (Rue du Palais de Justice 14) kokatzen zen Donapaleuko Txanponetxearen gaur eguneko aurrealdea – Iraganean Kale hau errege Kalea zen, Donapaleuko kale nagusia – Google maps argazkia

Epaitegi Jauregi kalearen 14. eta 16. zenbakien artean aurkitzen den Rue de la Monnaie (txanponetxearen kalea) karrika pasalekuan zehar joan ezkero aintzinako txanponetxearen sarrera nagusira iritsiko gara. Gaur egungo Rue de la Monnaie-ko bigarren zenbakian zuen txanponetxeak sarrera nagusia.

Une rue typique

Rue de la Monnaie Karrika aldetik, ezkerraldean nabari daitekeen txanponetxearen sarrera Nagusia – Donapaleuko Komunaren web gunea

Txanponetxearen aurrealdea eta aldeko sarrera nagusia 1995. urtean – Garikoitz Estornes Zubizarreta argazkilaria – Auñamendi Eusko-ikaskuntza

Azken garaialdi honetan, Donapaleuko txanponetxea 93 urteren igaroan ibili zen txanpon lanketan. Behin betirako 1672. urtean itxi zuten, Nafarroako Luis III.aren, edo era berean Frantziako Luis XIV. eguzki erregea zenaren agintealdian. Garaialdi hauetan, ehun pertsona inguru ibiliko ziren lanean txanponetxean, ez da marka makala bost ehun biztanle inguruko herri batentzat.

Mailu bidez landu zituzten txanponak Donapaleun 1652. urterarte, baina urte honetatik aurrera eta hogei urte eskaxen zehar, azken txanpon ederrak, Baionako txanponetxeari eskeinitako atalean ikusi bezala, garaiko azken teknologiaz hornitutako bolantezko prentsa bidez landu zituzten.

Donapaleuk hori bai, mende eskax guzti honetan zehar, Nafarroako erresumari zegokion txanpon diseinu berezko eta bakarra izan zuen, bai biarnoko txanponetxeetatik eta bai beste Frantziako erresumako txanponetxeetatik bereizia (1589. urtetik aurrera azken kasu honetan). Adibidez, garai berdineko Baionako txanponetxeko ezkutu laurden bati begiratu ezkero:

Bainoako txanponetxean 1619. urtean landutako Luis XIII.aren ezkutu laurdena – 29,5 mm, 8,51 gr – LL Jehan de la Lande txanponetxeburua – SIT NOMEN DOMINI BENEDICTVM

Txanpon aurrealdeak oso antzekoak diren arren, Donapaleuko txanponek atzealdean Nafarroako armarria eta Labritarren txanpon leloa ageri dutela ikus dezakegu (GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM).

Pixkanaka, bereizgarritasun hauek ezabatzen joan diren, baina ez ziren erabat desagertu. Adibidez, txanponetxearen azken urtean, dagoeneko prentsa bidez landutako zilarrezko ezkutuetan, SIT NOMEN DOMINI BENEDICTVM agertzen da lelo moduan, baina Nafarroako armarriak tinko iraun zuen txanponetxearen bukaerararte.

Donapaleuko txanponetxean landutako azken ale bikainetako bat –1672 urteko Luis XIV.aren gorbata ezkutua – 27,17gr. 39mm – Francois de Noir txanponetxeburua (Izarra) – Grabatzailea (Eguzkia) ezezaguna, batzuentzat Jean Warin bera

Baionako txanponetxean 1675. urtean landutako Luis XIV.aren gorbata ezkutua – 27,18g. 38,7mm – Michael Porchery txanponetxeburua (hirusta) – Jean Boisnet grabatzailea (Izarra)

Hori bai, Austriatar erregeek Nafarroa garaiko Iruñako txanponetxean landutako txanponetan Nafartar erregetzari zegokien zenbaki ordinala mantentzen zuten bitartean, Pirineotatik iparraldera, Nafarroako erregea Frantziako errege bihurtu zen bezain laster, 1589. urtean, Frantziako erregeen ordinala erabiltzen hasi zen txanpon guztietan, baita Behe Nafarroan lantzen zituenetan ere.

Donapaleuko txanponetxean 1589. urtearen lehen erdialdian landutako zilarrezko ezkutu laurdena – 9,53gr

HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE – R hizkia, Roger de Vergez  edo B hizkia, Bertrand de la Lande txanponetxeburuak

GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM 1589 – C izkia edo ilargia

Nafarroako armarria ezkerraldean eta borboitarren lirio loreak eskuinaldean

Henriken III.ak 1589. urterarte Donapaleun landutako txanpon guztietan Biarnoko jaurerriari zegokion II ordinala erabili zuen. Pau eta Morlaas Biarnoko txanponetxeetan aldiz, 1588 eta 1589 urteetan Nafarroako erregetzari zegokion III ordinala erabili zuen

Donapaleuko txanponetxean 1589. urtearen azken hilabetean landutako zilarrezko ezkutu laurdena – 8,82gr – 30mm

HENRICVS.4.D.G.FRAN.E.NAVAR.REX

GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM 1589 – B izkia, Bertrand de La Lande txanponetxeburua, C izkia edo ilargia

Frantziako erresumaren lirio loreak ezkerraldean eta Nafarroako armarria eskuinaldean

Frantziako erregetzari zegokion 4 ordinala ageri dute dagoeneko 1589. abenduko txanponek. Hala ere GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM leloa  Donapaleu eta Biarnoko txanpon guztietan mantendu zen 1652 urterarte.

Gonbaraketa moduan, Iruñako txanponetxean garaialdi berean lantzen zen txanponetako bat erakutsi dezakegu, fundizio edo galdaketa bidez sortutako 50 errealetako txanpona (entzutezko txanpona, opari gisa erregeak bere nobleen eta laguntzaileen artean banatutakoa):

Nafarroa Garaiko Felipe VI. aren 50 Errealetako txanpon bikain eta erraldoia (Espainietako Felipe IV.) 1652 urtea – 73mm 186,60gr zilar – Nafarroako Museoa

PHILIPPVS+VI+D+GRACIA

NAVARRE+REX+ANO+1652

1620. urteko zilarrezko ezkutu laurdenak sentimendu gazigozoak dakarzkidala aipatu dut dagoeneko, eta gozoak argi dira dagoeneko. Gaziak berriz, ondorengo jetoi honen bidez erakutsiko ditugu. Hau ere 1620. urtean landu zuten, baina ez Donapaleun, Parisen baizik eta Luis erregearen laguntzaile eta zerbitzarien erabilerarako sortutako jetoia da. Jetoiek, txanponen itxura eta forma zuten arren ez zuten diru baliorik, pertsonaia garrantzitsuek bere etxeko laguntzaile, administratzaile eta kideen artean banatutako nolabaiteko zenbakari eta ezagutzaile fitxak ziren.

LVDOVICVS.XIII.FRANCORVM.ET.NAVARAE.REX. – DISCITE.IVSTITIAM.MONITI.1620

27.1mm – 7 gramo inguru – Zilarra

Ikas ezazue Justizia oharpen honetatik eta izan argituak

Zeruko laino artetik irtetzen den eskuak, izar diztiratsua duen suzko ezpata bat heltzen du; eskuinaldean zutik dira hainbat persona ezpataren aurrean. Atzealdean hiri bat eta mendilerro bat.

Jetoi honek, Biarnoren eta azken euskal lurralde sobiranoaren, hau da Behe Nafarroaren erakunde eta burujabetasunaren akabera kontatzen digu. Galera hau, ain zuzen ere, 1620. urtean jazo zen Nafarroako Luis II.aren (Frantziako Luis XIII.) erregealdian eta ez 1607. urtean, Henrike III. (Frantziako Henrike IV.) Luisen aitaren erregealdian. Badira zenbait erraturik… begiratu bestela ondorengo mapa historikoari:

1607. urtean Henrike IV. Frantziako errege eta Henrike III. Nafarroako erregeak bere jabetzapean zeuden frantziar lurralde feudal guztiak (Albret, Foix, Bigorra, Armagnac, Rodez, Perigord, Limoges,Vendome,Alencon, Beaumont etabar) Frantziako koroaren ondasunean bildu zituen. Espreski kanpoan utzi zituen Nafarroako erresuma (Behe Nafarroa) eta Biarnoko Jaurerria

1607. urtearen ondoren, Behe Nafarroak eta Biarnok bere ibilera sobiranoa jarraitu zuten, biek Nafarroako erregetza osatzen zuten, baina bakoitzak bere erakunde propioak zituen, federazio baten moduan (esan beharra da ala ere, hiriburua eta pisu politiko eta ekonomiko gehiena Biarnoko lurraldeetan aurkitzen zela). Lurralde sobiaranoak ziren einean, Frantziako erresuma osoan balioan zen 1598. urteko Nantes-ko ediktuak ez zuen indarrik Nafarroako erregetzako alderdi hauetan. Biarnon batez ere, higanotek erabateko indarra zuten Joana III erreginaren garaietatik, Behe Nafarroan ez horrenbeste ordea.

Henrike errege ireki eta tolerantearen ondoren (Le bon Roi Henri), Luis bere semeak jaso zuen erregetza 1610. urtean Ravaillac-ek Henrike erail ondoren. Luis, jesulagunen kontraerreforma giro artean hazi zuten eta ez zuen bere aitaren izaera berbera garatu. Erlijio Katolikoaren berrindartze politika hasi zuen, eta politika honen barne, Nantes-eko ediktoa Biarno eta Behe Nafarroan indarpean ezartzea erabaki zuen.

Biarnoko higanoteek gogor uko egin zioten Nantesko Ediktuari, bere hartan jarraitu nahi zuten. Ondorioz, 1620an, Luis XIII. errege gazteak, bere Kontseiluaren aholkuaren aurka izan arren, Biarnon ediktua betearazteko pausoak hasi zituen. Irailean Poitiers hiria utzi, eta bere armadaren buru, Biarnoko gotorlekuak setiatzera ekin zion. Urriaren 15ean, erregezaleak Pau-en sartu eta Biarnotarren halabeharrezko leialtasuna jaso zuen. Katolizismoa berrezarri eta higamoteek konfiskatutako eliz jabetzak bere aurreko jabeei itzuli zitzaizkien.

Jetoi honen atzealdeak pasarte honekin du lotura, bertan ageri diren hiri eta mendilerroa Pau eta Pirineoak lirateke, eta Jainkoaren ezpata zuzena Erregearen besoak darama, amore ematen duten biarnotarren aurrean.

Honenbestez, Luis erregeak Behe Nafarroako eta Biarnoko erakundeak ezabatu, eta bi lurraldeak Frantziako erresumari atseki zituen. Donapaleun kokatua zen Nafarroako kantzilertza eta Biarnoko gorteak desagertu ondoren, Nafarroako Parlamentua zeritzon erakunde komun berriari utzi zioten lekua (Parlamentu hau goi epaitegia zen, Pau-en kokatua, Frantses usadioaren arabera eraikia).

DISCITE.IVSTITIAM.MONITI …. Nire adibidearen bidez, ikas ezazu justizia ezagutzen … badauka adarjotze historikoaren itxura..

Eta bukatzeko bitxikeria bat, bai gaztelanieraz edo bai frantsesez, XVI. mendeko mapa historikoei begiratu ezkero, ez dut inongo erreferentziarik aurkitu, mende osoan zehar oraindik ere burujabe izan zen Behe Nafarroak eta Biarnok osatutako Nafarroako erregetzari buruz. Gainera, erresuma higanota izan zen ofizialki mende erdi batez gutxienez, Europako hegoaldean eman zen bakarra.

Felipe II. Espanietako erregearen garaietako bilakaera historikoa agertzen duen mapa

Pirineotatik at bizi direnen ikuspegia begiratu ezkero, kasu honetan ere antzeko paisaia aurkitu dut. Hala ere, zenbaitzuk argi zuten XV. mendearen bukaeran Biarno ez zela Frantziako erresumaren parte. Ondorengo mapa erabat zehatza ez den arren, Nafarroako erresuma eta Biarnoko Jaurerria errege familia desberdinen menpean izan bait ziren 1479. urterarte, azken urte hau eta 1512. urteen arteko egoera isladatzen du.

Carte figurant avec de nombreuses couleurs le découpage politique du royaume

Frantziako erresumaren parte ziren lurraldeen mapa historikoa – 1477 urtea – Wikipedia

Bibliografia:

Les frappes monétaires en Béarn et Basse-Navarre d’après les comptes conservés aux Archives départementales des Basses-Pyrénées – Francoise Dumas 1959 – link

MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link

Histoire monétaire du BéarN – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010

CATALOGO GENERAL DE LA MONEDA NAVARRA – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaletxea

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica link

LA MONEDA NAVARRA EN LA EDAD MODERNA.PROBLEMAS DOCUMENTALES.TIPOS Y LEYENDAS – Jose Maria de Francisco Olmos – 2000 – link

ROYAUME DE FRANCE –Wikipedia – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

2 thoughts on “Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak”

  1. Pingback: Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak • ZUZEU

  2. Pingback: Luis II.aren Zilarrezko Ezkutuak | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude