Baionako Txanponetxeari begirada – 2. atala, Prentsak lanean

1640. urte hamarkadan txanpon erreforma berri bat eman zen Frantziako erresuman. Erreforma honen barne, txanpon mota berriak sortu ziren, pisu eta balio berriekin. Baina horrez gain, mailu bidezko txanpon langintza debekatu eta Jean Varin-ek (edo Warin-ek) bultzatutako bolantezko prentsa bidezko txanpongintza derrigortu zen erresuma guztian. Helburua, honako honetan ere, txanpon aleen kalitatea hobetzea eta ondorioz faltsutze eta muxarraketa eragiketak eragoztea zen.

Frantziako erresuma guztiko txanponetxeetatik, langintza arau berriei egokitzen azkenak Baionako eta Nafarroa-Biarnoko txanponetxeak izan ziren. Baionaren kasuan, Orbe kaleko txanponetxea txikiegia zen beharrezko produkzio gehikuntza eta tresneria berri guztia egokitzeko eta ondorioz, egoitza berri bat bilatu beharrean izan ziren.

Egoitza berri honek, gaur egunean oraindik mantentzen den kalearen izena sortu zuen, „Rue de la Monnaie“ edo Txanponetxe Kalea alegia. Kale hau, Baiona handi auzoan, katedralaren hegal batetik Orbe kalea zeharkatu arte luzatzen da.

Baionako txanponetxearen ondorengotza eta izena mantentzen duen eraikin bakarra – Google Maps Irudia

Gure egunetan, eraikin bakar batek darama Baionako txanponetxearen izena. Eraikin hori, Rue de la Monnaie-ren 5. zenbakian dago kokatuta eta “Hotel de la Monnaie” argi eta garbi irakur daiteke sarrerako atearen gainean. Aintzinako txanpongintza luzaro desagertua da dagoeneko, eta 2008. urtean bukatutako erreformaren ondoren hamabi etxebizitza aurki daitezke gaur egunean eraikin honetan.

Hotel de la Monnaie etxearen sarrera eta barneko patioaren itxura – Joly Architecte Estudioaren argazkia – Isabelle Joly-ren gortesia

Hotel de la Monnaie etxearen barneko patioaren itxura – Joly Architecte Estudioaren argazkia – Isabelle Joly-ren gortesia

Baina orain dela ia lau mendetan sortutako txanponetxe berriak ez zuen gaur egun nabarmendu daitekeen eraikin bakar hau bakarrik bere baitan. Rue de la Monnaie kalearen beste aldeko alderdian, gaur egunean etxe ilada oso batek betetzen duen orubea, txanpon etxearen lantegiez osatuta zegoen. Etxebizitza hilada honek Rue de la Monnaie-ko 6. zenbakian du sarrera eta Baiondarren artean oraindik ere “Ilot de la Monnaie” bezala ezaguna da. Etxe ilada berria 2012 eta 2017 urteen artean eraiki zen, lehenago Caisse d’Epargne aurrezki kutxaren eraikina egondako lurretan.

Adam Yedid Architectes, Isabelle JOLY, Célia Uhalde · Ilot Monnaie Gouverneurs

Hotel de la Monnaie eraikinetik, Ilot de la Monnaie orubean eraikitako etxebizitzak. Atzealdean Baionako Katedrala, azpian Rue de la Monnaie – Celia Uhalde argazkitalariaren gortesia – Adam Yedid eta Isabelle Joly arkitektoak

Eremu guzti hauetan eraiki zen 1640. hamarkadaren bukaeran Baionako txanponetxe berria. Orbe kaleko egoitzan 160 urte ingurutako historia izan ondoren, 1650. urtean hasi ziren Rue de la Monnaie-ko egoitza berrian txanpon ale berriak lantzen. Pau-ko txanponetxeari eskeinitako atalean ikusi genuen bezala, txanponetxeak sail desberdinak zituen: kobre, urre eta zilarraren galdaketa eremuak, laminaketa eta metal lantze-garbiketa eremuak, bolantezko prentsen txanpongintza lantegia, dirutruke bulegoa, ofizialen bizilekuak, txanpon entsegu eta egokitze lantegiak, eta material edo produktu sarrera eta irteera atalak.

Baina Pau-ko txanponetxean laminatzaileek urak indartutako errotaren bidez biratzen zuten bitartean, Baionako eremu hauetan ez da urjauzien edo urbideen arrastorik. Ondorioz, Baionako txanponetxean animalien indarrez mugitutako erroteria mekanismoa erabili beharrean izan ziren. Irudiak agertzen duen moduan, mandoek edo idiek indartutako ardatz birakariek indartzen zituzten kasu honetan laminatzaileak. Baina bestelakoan, txanpongintza prozesuari dagokionez, honako hau Pau-ko errota txanponetxearen atalean deskribatutakoaren parekoa zen.

Mando edo idiek indartutako ardatz bertikalak goiko solairuan egokitutako laminatzaileak biratzen zituzten

Txanponetxe berriak landutako lehen aleak 1650. urtean agertutako zilarrezko ezkutu erdi eta laurdenak izan ziren. Txanpongintzaren kalitateari begiratu ezkero, agerikoa da mailu bidez eta bolantezko prensa bidez egindakoen arteko desberdintasuna. Bestaldetik, bolantezko prensa bidez sortutako txanpon hauek, behin betirako galdu zuten aingura Baionatarraren ezaugarria. Hemendik aurrera, L izkiak soilik berezituko du Baionako txanponetxea.

Txanponek, Baionako txanponetxeburuaren eta grabatzailearen ezaugarriak erakutsi ohi dituzte, denborarekin txanponetxeburua aurrekaldean eta grabatzailea atzealdean.

LVD.XIIII.D.G.FR.ET.NAV.REX. – Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko Ezkutu erdia – 13.54 gr – 32 mm

SIT NOMEN DOMINI (L Izkia) BENEDICTVM (Gurutzea)1650 (B Izkia) – B Izkia, Txanponetxeburu Martin de La Borde (1643-1656) -ren ezaugarria. Gurutzea, Guillaume Fons (1648-1656) grabatzailearen ezaugarria

1650. urtea – Baionako txanponetxean bolantezko prentsaz landutako txanponen lehen agertaldia – Monakotik bilduma. 153747 ezkutu erdi landu ziren lehen urtean.

Baionako txanponetxeari buruz idatzitako bi atal hauetan, ez dut informazio gehiegirik aurkitzeko aukerarik izan interneteko sarean. Badira liburu pare bat, XX. mendearen lehen erdikoak, baina oraingoz ezin izan ditut eskutan hartu, Antoine Foltzer-en eta Paul Burguburu-ren idatziak alegia. Aukera hobeago baten itxaroan naiz, again Euskalherrira egin beharrekotan naizen hurrengo bidaialdian.

Ondorioz ez dut Baionako txanponetxeak izandako laminatzaile edo bolantezko prentsa kopuruen ezagutzarik. Pau-ko txanponetxeak XVI. mendean zehar eta XVII. mendearen hasieran hiru laminatzaile eta hiru bolantezko prentsa zituela kontutan izanda, tajuzkoa izango litzateke Baionako txanponetxeak gutxienez hiru eta ziur aski hauek baino gehiago izan zituela pentsatzea.

Txanponetxearen garrantzia areagotzen joan zen bere kokaera hobeezinari esker, Espainietako erregetzaren metal iturri erraldoietatik gertu. Hasiera batean, XVII. mendearen bigarren erdian, Borboi eta Austria erregetxeen arteko gerrate ugariek kaltetu egin zuten metal bitxien horniketa. Baina XVIII. mendean borboitar familiak Espainietako erresumaren erregetza lortu zuenean, metal hornidura iraunkor eta egonkorrak, Baiona Frantziako txanponetxe garrantzitsuenetarikoa bihurtu zuen. Baionako aleak gainbegiratu ezkero, Frantziako erresumaren txanponketaren ibilbidea arakatu daiteke, bere aberastasun oparoan, bai urretan, zilarretan eta kobrezkoetan.

LVD.XIIII.D.G. (titarea) FR.ET.NAV.REX. – Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutua – 27.13 gr – 38,7 mm – Titarea Leon Boisnet Grabatzailea (1659-1672)-ren ezaugarria

SIT NOMEN DOMINI (L Izkia) BENEDICTVM (Bihotza)1663.– Bihotza, Txanponetxeburu Louis Martin (1662-1666) -ren ezaugarria.

1663. urtea – Luis XIV.-ren gazte irudia, Ecu Blanc edo Ezkutu Zuriak, zilarrezko 27 gramo ingurutako txanpon ederrak. 65194 ezkutu zuri landu ziren urte honetan Baionan.

LVD.XIIII.D.G. (erbi-txakurra) FR.ET.NA.REX. – Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutua – 27.04 gr – 38,5 mm – Erbi-txakurra Joseph Boisnet Grabatzailea (1672-1674)-ren ezaugarria

SIT NOMEN DOMINI (L Izkia) BENEDICTVM 1663 (Lorea).– Lorea, txanponetxeburu Etienne Verdoye (1673-1674) -ren ezaugarria.

1673. urtea – Luis XIV.-ren gorbata ezkutua – Cgb enkantetxea. Urte honetan 539.226 zilarrezko ezkutu ale landu omen ziren Baionako txanponetxean

LVD.XIIII.D.G. (eguzkia) FR.ET.NAV.REX. – Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutua – 27.28 gr – 38,5 mm – Eguzkia-ren ezaugarria ezezaguna (Txanponetxeburua)

SIT NOMEN DOMINI (L Izkia) BENEDICTVM 1688 (Palma adarra).– Palma adarra, 1681-1695 urteen artean izandako grabatzile ezezagunaren ezaugarria.

1688. urtea – Luis XIV.-ren ileorde ezkutua. Ezagutzen den ale bakarra. Ertzen lanketa 1687 urtean hasi zen Baionan, Jean Castaing-en makinaren bidez. Ertzaren textua DOMINE. SALVVM. FAC. REGEM. (Jainkoak gorde dezala erregea)

LVD.XIIII.D.G. (Eguzkia) (Lorea) FR.ET.NAV.REX. – Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutua – 27.22 gr – 40,2 mm – Eguzkia-ren ezaugarria ezezaguna (Txanponetxeburua)

SIT NOMEN DOMINI (L Izkia) BENEDICTVM 1701.– Lorea, 1701-1735 urteen artean izandako Philippe I Ninon grabatzilearen ezaugarria.

1701. urtea – Luis XIV.-ren ikurren ezkutua

Luis XIV.-ren erregealdiaren bukaera ez zen garialdi oparoa izan Baionako txanponetxearentzat. Eguzki erregearen gerrate etengabeek, txanpon erreforma eta balio gutxitze ugari ekarri zituzten XVII. mendearen bukaeran eta XVIII. mendearen hasierako Espainietako ondorengotza gerrateak egoera are eta gehiago zaildu zuen. Ez ziren garai errazak izan ez Baionako txanponetxerantzat ez eta hiri guztiarentzat orokorrean.

Hala ere, ondorengotza gerratearen ondoren Borboitarrek Espainietako koroa lortu ostean, XVII. mendean hegoaldearekin izandako etengabeko gerrateen ordez, ingelesen aurkako senide itun estrategiko bat eratu zen XVIII. mende osoan zehar. Hauek berri ezinobeak ziren Baionarentzat eta batez ere bere txanponetxearentzat, Espainietako erregetzak bait zuen garai hauetan metal iturrien horniketa errez eta merkeena. Txanpongintza produkzioaren kopuruei dagokionez behintzat, Baionako lantegiaren urrezko garaia izango dugu hurrengo mende bateko jardueran zehar.

Baionako merkataritza ganbararen irekieraren omenez sortutako brontzezko medaila – 34 mm – 1726 – Atzealdean Baionako portuaren irudia ikus daiteke, Baiona handia eskuinean, Baiona ttipia erdian eta Santizpirit-eko zubia ezkerraldean. Medaila hau ez zen Baionako txanponetxean landu.

Textuinguru berri honetan merkataritza zuzpertzeko eta garatzeko funtsarekin sortu zen 1726.an Baionako merkataritza ganbara (Frantzian sortutako lehenengoetarikoa). Gogoratu beharrekoa da euskal lurraldeek beti elkarren artean izan dituzten merkataritza erlazio estuak. Lehen hitz egin dugu, txokolategintzak Baionan izan zuen garrantziari buruz. Baionako txokolate artisauak Frantzia osoko merkatuen ornitzaileak ziren XVIII. eta XIX. mendeetan zehar, eta txokolatea sortu ahal izateko kakao aleak ziren beharrezkoak. Eta kakao aleak 1728.an sortu zen Caracas-ko Gipuzkoar Konpainiak ekartzen zituen, gaur egungo Venezuela-rekin zuen merkataritza monopolioari esker.

LUD.XV.D.G.FR.ET.NAV.REX. (Erronboa) – Luis XV Frantziako eta Nafarroako erregearen urrezko Louis-a – 8.12 gr – 24 mm – Erronboa-ren ezaugarria Jean Lacroix Txanponetxeburua (1710-1731)

CHRS.REGN.VINC.IMPER.1727 (Lorea) – Lorea, 1701-1735 urteen artean izandako Philippe I Ninon grabatzilearen ezaugarria.

1727. urtea – Frantziako erregeek, Frantziako eta Nafarroako errege tituloa zuten legez eta argi erakusten zuten bere urrezko txanponetan. 74800 urrezko Louis landu ziren urte honetan Baionan.

LUD.XV.D.G.FR.ET.NAV.REX. (erbi-txakurra) – Luis XV Frantziako eta Nafarroako erregearen urrezko Louis bikoitza – 16.25 gr – 28 mm – Erbi-txakurra -ren ezaugarria Pierre Arnaud Txanponetxeburua (1735-1759)

CHRS.REGN.VINC.IMPE. (Lorea) 1743 – Lorea, 1736-1743 urteen artean izandako Philippe II Ninon grabatzilearen ezaugarria.

1743. urtea – Urrezko Louis bikoitza 16 gramo t’erdiko txanpon bikaina

LUD.XVI.D.G.FR.ET.NAV.REX. (Lore-gurutzatuak) DUVIV. – Luis XVI Frantziako eta Nafarroako erregearen urrezko Louis-a – 8.16 gr – 24 mm – Lore gurutzatu-en ezaugarria Pierre d’Arrupe Txanponetxeburua (1759-1777)

CHRS.REGN.VINC.IMPER. (Lorea) 1777 – Lorea, 1770-1792 urteen artean izandako Jean-Baptiste Rossy grabatzilearen ezaugarria.

1777. urtea – Luis XVI. aren erretratu bikaina

DUVIV – Benjamin Duvuvier 1774-1791 urteen artean Frantziako grabatzaile orokorra

LUD.XVI.D.G.FR.ET.NAV.REX. (Lore-bikoitzak) B. DUVIV. F.– Luis XVI Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutua – 29.34 gr – 41 mm – Lore bikoitza-ren ezaugarria Pierre Romain d’Arrupe Txanponetxeburua (1779-1793)

SIT NOMEN DOMINI (L Izkia) BENEDICTUM. (Lorea) 1790 – Lorea, 1770-1792 urteen artean izandako Jean-Baptiste Rossy grabatzilearen ezaugarria.

1790. urtea – Latinezko iruditextua duten Baionako azken txanponak – Monakotik bilduma. 350000 hauetako ale landu ziren Baionan urte honetan.

B. DUVIV. F – Benjamin Duvuvier 1774-1791 urteen artean Frantziako grabatzaile orokorra

XVIII. mendearen bukaera krisialdi ekonomikoaren garaia izan zen berriz ere. Hiria, Aturri ibaiaren itsaso irteeran sortutako hondar bankuen arazoari aurre egin beharrean izan zen. Merkataritzak beherakada izan zuen berriro ere eta Luis XVI.ak 1784.an igorritako pribilegio berriak, konponbidearen atal bat izan beharrean ziren.

Baina konponbide baino, 1789 urteak pentsaezinezko moduan eraldatu zuen Europako pentsamoldea eta historia. Hogeitabost urteren buruan Europak eta bereziki Frantziak izandako bilakaera, argi nabarmendu daiteke Baionako txanponetxeak sortutako aletean. Eta egia esan, ez ziren garai txarrak izan txanponetxearentzat, jo ta ke ibili zen lanean. Urte gutxi hauen buruan, konstituziopeko erregetza bat, errepublika konstituziogile bat, direktorio bat, kontsulaldia, enperadore bat, berriz ere borboitar errege anaia, berriz ere lehengo enperadorea eta azkenik ere, aurreko borboitar errege berbera pasa ziren historiaren aurrean…ba zen nor txanpondu bai alde batetik eta bai bestetik.

Txanpongintzaren historian ere, denboraldi funtsezkoa da eta dagoeneko hitz egin dugu gainbegirada batean garai hauei buzuz, Bilboko txanponetxeari eta Frantsesaren txanponetako agerraldiari eskeinitako sarreretan. Tokatuko zaigu berriro ere urte hauei buruz idaztea eta ondorioz begirada azkar bat baino ez diogu eskeiniko gaurkoan.

LOUIS XVI ROI DES FRANCOIS. (Lore-bikoitzak) 1793 – Luis XVI Frantziarren erregearen zilarrezko ezkutua – 29.40 gr – 41 mm – Lore bikoitza-ren ezaugarria Pierre Romain d’Arrupe Txanponetxeburua (1779-1793)

(Lorea) REGNE DE LA LOI (L Izkia) (Dupre) L’AN 5 DE LA LIBERTE – Lorea, 1770-1792 urteen artean izandako Jean-Baptiste Rossy grabatzilearen ezaugarria.

1793. urtea – Frantziar hizkuntza txanponetan eta Luis XVI. burua galtzeko zorian

Augustin DUPRE – Frantziako grabatzaile orokorra 1791-1803 (atzealdeko irudian bere sinadura ageri da)

REGNE DE LA LOI 1793 – Luis XVI.-ak dagoeneko galdua zuen burua

(Lorea) REPUBLIQUE FRANCOISE – SIX LIVRES – L – L’AN II (Lore bikoitza) – Errepublika sortua zen eta egutegi berriaren arabera 1793.-a egutegi berriaren bigarren urtea da. Oraindik ere Libera, sueldo eta diruen balio patroia indarrean zen, Frankoa edo euskadunek gaur egunean oraindik deituriko libera berria ageartzear zegoen. 29,15gr – 38,5 mm

Augustin DUPRE – Frantziako grabatzaile orokorra 1791-1803 (aurrealdeko irudian bere sinadura ageri da)

Lore bikoitza, Pierre Romain d’Arrupe Txanponetxeburuaren (1779-1793) ezaugarria

Lorea, 1770-1792 urteen artean izandako Jean-Baptiste Rossy grabatzilearen ezaugarria.

(Artemisa arkularia) UNION ET FORCE (Leoi burua) . DUPRE .

REPUBLIQUE FRANCAISE – 5 FRANCS – L’AN 5 – L (Izarra) – Franko edo libera berria 1797. urte inguruan eta Direktorioaren garaietan gaude. 24,86gr – 36,8 mm

Artemisa arkularia eta zinadura: Augustin DUPRE – Frantziako grabatzaile orokorra 1791-1803

Leoi burua – Ambroise Laa, Baionako txanponetxeburua 1797-1803 urteen artean

Frankoa edo euskadunek oraindik gaur egunean deituriko libera berria dagoeneko 1795.an jaioa zen

BONAPARTE PREMIER CONSUL (Tiolier) – Pierre Joseph Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1803-1816

(Tulipa) REPUBLIQUE FRANCAISE – 5 FRANCS – AN XI – L – 24,90gr – 37 mm

Tulipa – Pierre Romain D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1803-1810 urteen artean.

XI urtean, 1802-1803 urteen artean, horrelako 33402 ale landu ziren. Napoleon, oraindik ere Konsul.

NAPOLEON EMPEREUR (Tiolier Zinadura) – Pierre Joseph Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1803-1816

(Tulipa) REPUBLIQUE FRANCAISE – 5 FRANCS – AN 13 – L – 37mm 24,90gr

Tulipa – Pierre Romain D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1803-1810 urteen artean

1805 urte inguruko txanpon honetan Napoleon Frantziako errepublikaren enperadore bezala azaltzen da. 206698 ale landu ziren

NAPOLEON EMPEREUR (Tiolier Zinadura) – Pierre Joseph Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1803-1816

(Tulipa) REPUBLIQUE FRANCAISE – 5 FRANCS – 1806 – L – 37,58mm 24,71gr

Tulipa – Pierre Romain D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1803-1810 urteen artean

1806. urtean egutegi errepublikarra utzi eta kristau egutegira bueltatu zen Frantzia. Horrelako 550878 ale landu ziren Baionan

NAPOLEON EMPEREUR (DROZ P.) (Tiolier Zinadura) – Pierre Joseph Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1803-1816. Jean Pierre Droz – Napoleonen irudiaren egilea

(Tulipa) EMPIRE FRANCAIS – 20 FRANCS – 1809 – L – 21,0 mm 6,44 gr

Tulipa – Pierre Romain D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1803-1810 urteen artean

1809. urtea: Errepublika bukatu da eta inperioa ageri da dagoeneko. Horrelako 2383 ale landu ziren Baionan

LOUIS XVIII ROI DE FRANCE (Tiolier) – Pierre Joseph Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1803-1816

(Tulipa) PIECE DE 20 FRANCS – 1814 – L – 21,0 mm 6,36 gr – cgb enkantetxea

Tulipa – Pierre Boniface D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1810-1829 urteen artean

1814. urtea: Napoleonek gerratea galdu ondoren Europear potentziek Borboitarrak ezarri zituzten berriro ere tronuan. 44883 ale landu ziren Baionan.

NAPOLEON EMPEREUR (DROZ P.) (Tiolier Zinadura) – Pierre Joseph Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1803-1816. Jean Pierre Droz – Napoleonen irudiaren egilea

(Tulipa) EMPIRE FRANCAIS – 20 FRANCS – 1815 – L – 21,0 mm 6,39 gr

Tulipa – Pierre Boniface D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1810-1829 urteen artean

1815. urtea: Ehun egunetan zehar, Waterloo-ko gudatea galdu arte, Napoleon berriro ere agintera itzuli zen. 18.278 ale landu ziren Baionan

LOUIS XVIII ROI DE FRANCE (Michaut F.) (Zaldia) – Zaldia, Nicolas Pierre Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1816 – 1842. August Francois Michaut Luis XVIII.-ren irudiaren grabatzailea

(Tulipa) 5 FRANCS – 1824 – L – 37,0 mm 24,91 gr

Tulipa – Pierre Boniface D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1810-1829 urteen artean

1824. urtea: Luis XVIII-ren gobernu neurridunak 10 urtetako sosegua ekarri zuen, baina egoera erabat aldatu zen bere anai Karlos X. tronura iristean.

CHARLES X ROI DE FRANCE (Michaut.) (Tiolier Zinadura) – Nicolas Pierre Tiolier, Frantziako grabatzaile orokorra 1816 – 1842. August Francois Michaut Karlos X.-ren irudiaren grabatzailea

(Tulipa) 5 FRANCS – 1825 – L – 37,2 mm 24,87 gr

Tulipa – Pierre Boniface D’Arripe, Baionako txanponetxeburua 1810-1829 urteen artean

1825. urtea: Karlos X. agintealdi absolutistara bueltatzen saiatu zen, baina herriak 1830.an erbesteratu zuen. Frantziako azken errege borboitarra izan zen. Horrelako 226872 ale landu ziren Baionan 1825. urtean.

LOUIS PHILIPPE I ROI DES FRANCAIS (Domard F.) – Joseph Francois Domard Luis Felipe I.-ren irudiaren grabatzailea

(Arrosa) 40 FRANCS – 1834 – L – 26,05 mm 12,87 gr

Arrosa – Pierre Latrilhe, Baionako txanponetxeburua 1829-1835 urteen artean

1834. urtea: Luis Felipe I.ak, borboitarrak erbesteratu eta Orleans-tarren konstiziopeko erregealdi laburra ezarri zuen. 12343 ale landu ziren urte eta mota honetakoak.

XIX. mendearen hasiera korapilatsua izan zen Baionarentzat. Gerrate Napoleondarren ondoren, erabateko gainbera izan zuen Espainietako erresumak, Baionaren merkataritza kide garrantzitsuenak. Esanguratsua da, Napoleonek 1808.an Karlos IV eta Pernando VII. Espainietako erregeak, Baionan kargutik kendu izana. Urte gutxi batzuen buruan, frantziar iraultzaileen 1815.eko porrotaren ondoren, garai zailak hasi ziren Baionako txanponetxearentzat.

Txanponetxearen metal horniketa egonkorra hegoaldetik zetorren eta Indietako lurraldeen burujabetasun mugimenduak horniketa hau betirako eten zuen. Bestaldetik 1830.eko hamarkadan, Frantziako erresuma txanponetxeen murrizketa eta era berean, Thonnelier txanpontze prentsen bidezko eguneraketaren antolamenduan zebilen. Baionako txaponetxearen bolantezko prentsak zaharkituak ziren dagoeneko.

Kontextugune honetan, Baionako txanponetxeak ezin izan zuen bere balorea defendatu eta 1835. urteko abuztuak 3.an behin betirako itxi zuten. Itxiera honek 345 urtetako Baiondar txanpongintzaren historia behin betirako eten zuen.

Bi urteren buruan, 1837.an, Iruñako txanponetxean sortutako azken aleak plazaratu ziren…euskal txanponetxe garrantzitsuenek elkarrekin agur esan nahi izan zioten txanpongintzari, modernitateak irentsirik.

Bibliografia:

LES POIDS MONETAIRES DU MUSEE – Baionako Euskal Museoa – link

ATELIER DE BAYONNE 1490 – Club Numismatique Liegeois – link

L’HISTOIRE DU CHOCOLAT DE BAYONNE – Baionoako Txokolate Akademia – link

HISTOIRE DU PORT DE BAYONNE – Baionoako Txokolate Akademia – „L’Adour et le Port de Bayonne“ Liburuaren laburpena – link

HISTORIQUE PORT DE BAYONNE – Baionako portuaren laburpen historikoa – link

Baionako harresien historia – Olivier Ribeton – Fortius Pamplona Bayonne – link

Baionako EUSKAL MUSEOA – link

HOTEL DE LA MONNAIE- BAYONNE RESTAURATION – Isabelle Joly Architecte – link

ILLOT MONNAIE- BAYONNE CONSTRUCTIONS NEUVES – Isabelle Joly Architecte – link

ADAM YEDID ARCHITECTES, ISABELLE JOLY – ILOT MONNAIE GOUVERNEURS – Divisare Arkitektura Webgunea, 2018 Martxoak 08 – link

Fabrication des monnaies – link

MONEDAS REALES FRANCESAS, MARCAS DIFERENCIADORAS – Julen Numismatika-ren bloga – link

MARCAS DIFERENCIADORAS EN LAS MONEDAS FRANCESAS– Julen Numismatika-ren bloga – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Baionako Txanponetxeari begirada – 2. atala, Prentsak lanean”

  1. Pingback: Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude