Baionako Euskal Museoak aurkezten dituen objektuen artean hiri honetako bost pisu patroi daude. Pisu horiek, pisu estandar gisa erabiltzeko asmotan udaletxean kokatu ziren 1788. urtean. Forma zilindrikoa dute eta goialdean zulo batek zeharkatzen dituzte, zuloan zehar eraztun mugikor bat kokatu ahal izateko. Zilindroaren aurpegietan Baiona hiriko armarriaren irudia azaltzen dute.
Baionako Euskal Museoan gordetako Pisu Patroiak – Baionako Euskal Museoaren Gortesia
Pisu patroiak Parisen egin zituzten Dominique Dubrocq zinegotziaren mandatuz 1787an, eta handik urtebetera, 1788.an, Baionako Merkataritza Ganbarak hala eskatuta, Michel Sieur Baionako txanponetxeko grabatzaileak pisua aldatu zien. Zergatik pisu aldatze hau?
Gaur egunean, sistema metriko hamartarrera ohituta gara munduaren sail handi batean, baina gramo eta kilogramotan oinarritutako sistema hau 1795.ko Apirilak 7.an onartu zuten lehenengoz frantziar iraultzaileek. Ordurarte, eskualde bakoitzak bere pisu patroi bereziak zituen, denak gutxi gorabehera erromatarren liberaren oinordekoak, baina historian zehar desberdintasun ugariak pilatzen joan zirenak.
Desberdintasun hauen ispilu Euskal lurraldeetan aurki zitezkeen pisu patroi desberdinak ziren. Arabak Gaztelako libera eta bere 460,100 gramotako balioa erabiltzen zuen patroi bezala. Bizkaia eta Gipuzkoa, Gaztelako koroaren barne ziren baita ere, eta ondorioz Gaztelako libera eta bere 460,100 gramotako balioa izan beharko lukete pisu patroi bezala. Baina horren ordez, Bizkaiak 488 eta Gipuzkoak 492 gramotako pisu libera erreferentziak zituzten. Baionako liberak berriz 490,7009 gramo zituen, eta Nafarroakoak 372 gramo. Baina Bizkaia, Gipuzkoa eta Baionako liberak 16 ontzatan azpizatikatzen ziren bitartean, Nafarroako libera 12 ontzatan azpizatikatzen zen. Horrenbestez, euskal lurralde gehienetan ontza batek 30,5 eta 31 gramo arteko balioa zuen, Gaztelako erresuman 28,8 gramotako balioa zuen bitartean. Argi geratzen da euskal eskualdeen artean zeuden merkataritza harremanek pisuen nolabaiteko baterapena ekarri zutela eta baterapen hori Troyes edo Pariseko liberaren 489,5058 gramotako balioaren inguruan gertatu zela (Arabaren kasuan ezik).
Horrenbestez, 1788. urteko Baionako pisu patroien doitze hori, Baionako pisuak Pariseko liberarekin bateratzeko asmoarekin egin ziren, hau da, Euskal museoan gordetzen diren pisuak 490,7009 gr/libera izatetik 489,5058 gr/libera izatera pasa ziren.
1, 2, 3 eta 25 liberatako pisuak 1889ko abenduaren 31ko Baionako udaletxearen sutean galdu ziren; 4, 5, 10, 50 eta 100 liberatako pisuak (10 eta 50 liberatakoak eraztuna galdu zuten arren) ikusgai dira Baionako Euskal Museoan.
Pisu erreferentziei emandako begirada hau, baliagarria izango zaigu diru pisuei buruz hitz egindakoan. Aintzin aintzinetik, agintariek dirua lantzeko eskubidea ematen zieten bere txanponetxeei beti ere erreferentzia estandar zorrotzen arabera. Diru ordenantzen bidez finkatzen zuten metal masa batean ekoiztu beharreko txanpon kopurua, eta metal masa horren neurri-unitatea normalean markoa (markoa, berez libera erdia zen, Nafarroako erresuman izan ezik) izaten zen.
Adibide bezala, Frantzisko Febo Nafarroako erregearen erregealdian, 1481.an egindako lehen txanponketaren ordenantzak honako hau azaltzen du (garaiko erromantze nafarretik euskarara itzulia):
„Martin de Aoiz merkatari ezaguna izan zen txanpon berrien langintzaren arduraduna. Balio handieneko aleak, zilarrezko gros-ak, 4 diru eta 3 granotako zilar legea, hau da % 34,37- ko zilar zilegitasuna izan zuen. Metal aleazio marko bakoitzeko 88 piezatako taila ezarri zen, hau da, 2,78 gramotako pisu ertaina zuen txanpon ale bakoitzak. Baimendutako erremedioa edo errore-marjina 3 granotakoa izan zen zilar legean, eta marko bakoitzeko pieza batekoa txanpon kopuruari zegokionez.“
Nafarroako erresuman erabiltzen zen zilar markoaren balioa, Troyes edo Pariseko 244,75 gramotako markoaren ingurukoa zen; Iruñako markoaren izena ematen zitzaion eta 248 gramo inguru zituen. Pernando erregearen konkistaren ondoren, 1513. urteko txanpon ordenantzetan azaltzen zen markoa, Iruñako markoa zen eta Gaztelako marko batetik 67 ale erreal ateratzen ziren bitartean, Iruñako marko batetik 72 ale ateratzen ziren. Bi kasutan 3,44 gramo inguruko errealak irtetzen ziren eta bi kasutan 11 diru eta 4 granotako zilegitasun edo legea erabiltzen zen.
Iparraldeko txanponketei dagokienez, bai Baiona, bai Donapaleu eta bai Biarnoko txanponketek Troyes edo Paris-eko markoa erabili zuten erreferentzia bezala. Beraz txanpon ordenantzak irakurtzeko orduan, kontu haundiz ibili beharrean gara bertan agertzen diren unitateei dagokionez. Erdiaro hasieran adibidez, nahiko normala zen Europa mendebaldeko txanponketa ordenatza gehienetan, Kolonia Alemaniar hiriko markoaren pisua erabiltzea eta kasu honetan 233,856 gramoren aurrean aurkitzen gara.
Zilarrezko txanponei zegokienez, zilarraren legea diru eta granotan adierazten zen. Zilar hutsak, 12 dirutako legea zuen eta diru bakoitza 24 granotan azpizatikatzen zen, hau da zilar hutsak 288 grano zituen. Urrearen kasuan, urre hutsak 24 kilate eta kilate bakoitzak 4 grano zituen. Lehenago aipatutako 1481. urteko gros txanponek, lau diru eta hiru granotako, hau da (4/12 + 3/288) * 1000 = 343,75 milesimatako zilar lege edo zilegitasuna zuten.
Pisuaren tolerantziari zegokionez, ordenantzak marko pisu bakoitzeko txanpon bateko tolerantzia baimentzen zuen, hau da marko bakoitzeko 87 eta 89 bitarteko ale kopurua txanpontzea baimentzen zuen. Honek, txanponaren 2,78 gramotako pisu nominalaren inguruan, 2,813 eta 2,75 gramo arteko pisu tolerantzia emango liguke. Ez da tolerantzia handia, baina horrek ez du esan nahi txanpon bakoitza pisatzen zenik, batez ere erdiaro garaietan (urrezko txanponen kasuan izan ezik). Orokorrean, garai haietan landutako txanpon guztiak kutxatzar batean sartu eta haietatik aukeratutako txanpon sortekin, orokorrezko pisaketa eta zenbaketa egin ohi zen. Hala ere, erdiaroaren bukaeran, batez ere XV mende bukaera eta XVI. mendearen hasieran zilar txanpon handiagoen lanketa nagusitzen hasi zen eta ondorioz kontrol elementu zorrotzagoak erabiltzen hasi ziren. Momentu honetatik aurrera, txanpon banakakoen inguruko pisu kontrolak ezartzen hasi ziren.
Txanpon baten pisua ez zetorren balio biribil batekin bat eta pisu patroi desberdinen erabilera beharrrezkoa izango zen txanpon bakoitzaren pisua egiaztatzeko. Erabilera korapilatsu hau saihesteko asmotan, txanponketa prosesuan erabilera zuten pisu erreferentziak, deneral edo ponderal deitutakoak sortu ziren. Bakoitzak ondo zehaztutako txanpon baten masa zehatza pisatzen zuen eta elkarren artean marka bereizgarrien bidez desberdintzen ziren.
Deneralen lanketa, diru pisu estandarrak finkatzen zituen einean, oso araututa zegoen, beraien ponderalak zinatzen zituzten zinpeko txanponetxe maisuen eta bere laguntzaileen pribilegioa baina ez zen.
Dirua ekoizten zen lekuen arabera, diru-pisuak, kobrezkoak, brontrezkoak, kristalezkoak edo latoizkoak izan zitezkeen, eta formari dagokionez biribilak, karratuak, angeluzuzendunak, hexagonalak, oktogonalak edo batzuetan trapezoidunak.
Alde batetik, irudikatzen zuten txanponaren diseinua eraman oi zuten, batzuetan izen osoa edo laburdura lagun zutela. Zenbait kasutan, diseinua agintari subiranoaren inizialek ondoratzen zuten.
Beste aldean, grabatzailearen inizialez inguratutako ikurra eta pisua agertzen ziren normalean.
Luis XII.-aren (1498-1515) izenean landutako latoizko Testoi ponderala – 9.45 gr – Atzealdean grabatzailearen sinboloa ageri da, eta deneralaren pisu nominala VII D X G, hau da zazpi diru eta hamar grano – cgb Enkantetxea
Deneral honetan ageri diren diru eta grano erreferentziak ez dira zilar legearen adierazgarri, horren ordez masa unitateak dira. Frantziako erresuman, libera (489,5058gr) bakoitza bi markotan (244,75gr) azpibanatzen zen, marko bakoitza zortzi ontzatan (30,59gr), ontza bakoitza zortzi grosetan (3,82gr), gros bakoitza hiru dirutan (1,27gr) eta diru bakoitza 24 granotan (0,053gr). Erdi aroko txanpon ugariren izenak masa unitate hauen aipamenetan aurki daitezke.
Ondorioz, deneral honen atzealdeak 489,5058gr*(7/384)+ 489,5058gr*(10/9216)=9,45gr, aleak duen pisu berberaren masa balioa erakusten du.
XVIII. mendeko gaztelako erresumako 4 errealen deneala – 13,60gr – X de XVI gr – 4R
Ikusi dugunez desbiderapen txiki bat onartzen zen txanponaren pisu nominalaren eta metalaren legearen inguruan, zeinek, besteak beste, erremedioaren, baimenaren edo tolerantziaren izenak jasotzen zituen.
Pisu tolerantzia hauek forte edo feble izena eramaten zuten, errorea gehiegizkoa edo gutxiezkoa zen kasua bereiztuz. Pisu handiko txanponek (forte) taila murrizten zuten, eta txanpon feblek berriz, tailaren handitzea ekartzen zuten, hau da marko batetik atera zirezkeen ale kopuru gehiengotik gain, ale bat (edo gehiago) soberan gera zitekeen.
Horregatik txanponetxe maisuak deneral edo ponderal deituriko balantza pisu txiki hauek sortzen zituen, entseguetan erabiltzen ziren bezalakoak, zegokion langileak kospel bakoitzaren pisu unitarioa egiazta zezan. Deneralak ere hiru sorta desberdinetakoak zeuden, nominalak, forteak eta febleak, alea baimendutako pisu-mugen barruan egon zedin.
La Moneda en Navarra, 2001. urteko erakusketaren liburuan azaltzen den Ponderalen bilduma
Funtsean txanponaren truke balioa, txanpona sortzen zen erresumatik kanpo, bere masaren eta bere lege edo zilegitasunaren araberakoa zen (azken finean, legeak eta masak txanponak jasotako urre edo zilar kopurua erabakitzen zuten). Masa edo pisua ordea, erraz alda zitekeen urraketa bidez (zirkulazioaren ondorioz sortutako txanponaren higaduraren ondorioa) edo muxarraketa praktikaren bidez (iruzurrezko lana, txanponaren ertzen mozketa, metal pixka bat berreskuratzeko asmoz).
Azken finean, bai agintariek bere zergak biltzean, bai merkatariek beraien salerosgaien ordainketa jasotzean, bai diru-trukatzaileek lurralde eta erresuma desberdinen arteko diru trukaketak egitean, edonorrek behar zituen pisu eta diru erreferentziak, eta baita ahal zen neurrian ere, txanponen legea egiaztatzeko baliabideak.
Txanponen legea aurkitzeko baliabideei buruz beste batean hitz egingo dugu, baina txanponen pisu edo masa ezagutzeko tresna orokorra balantza edo eta prezisiozko balantza izan zen. Diru trukatzaile eta merkatarientzat eguneroko tresna bihurtu zen ertaro eta garai modernoan. Eta balantza hauen kutxek, askotan ere, bertan izaten zituzten diru ponderal edo deneralak.
Erresuma desberdinetako deneralak erakusten dituen XVI. mendeko diru balantza – cgb enkantetxea
Plaka triangeluarreko balantza bidez, urrezko txanponen pisaldia erakusten duen iruditegia 1333- 1348 – Ferrer Bassa Tailerra – Frantziako liburutegi nazionala
XVII. eta XVIII. mendeen iraganean, muxarraketaren iruzurra eragozteko asmoz, txanponek ertz mugarriztatu eta inskribatuak jaso zituzten. Horrela edozeinek berehala nabaritu zezakeen muxarraketa eragiketa, osorik edo hondatuta zegoen txanpon ertza behatuz eta ohartaraziz.
Txanponak fabrikatzeko prozesuan egindako hobekuntza hauek, piskanaka piskanaka, txanponak pisatzeko praktika zaharkituta utzi zuten eta diru balantzen langintza erabat desagertu zen XIX. mendearen erdialdera.
Bibliografia:
LES POIDS MONETAIRES DU MUSEE – Baionako Euskal Museoa – link
Los antiguos pesos y medidas guipuzcoanos – Ignacio Carrión Arregui 1996 – link
LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica link
El pes correcte de les monedes, un assumpte d’ordre públic – Albert Estrada-Rius – link
Les Poids Monetaires Un Peu D’histoire – Les poids Monetaires Blog-a – link
Señoreaje y producción monetaria en el reino de Navarra a fines del siglo XV (1481-1495) – Juan Carrasco – link
LA MONEDA NAVARRA Y SU DOCUMENTACION (1513-1838) – 1975 – Jorge Marín de la Salud
Pesos y leyes en las monedas de la Edad Media y la Edad Moderna – Adolfo Ruiz Calleja-ren blognumismatico.com bloga – link
Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.
Pingback: Sancho Iturbideren Nafarroako Karlinak | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Paulo Girardi eta bere Nafar Moneta Txostena | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Luis II.aren Zilarrezko Ezkutuak | Euskal Txanpongintzaren Historia