Azken aldian ez dut sarrera berririk argitaratu, alper xamar nabil edo alper baino gehiago arazo eta buruhauste ugariren inguruan, lanpean dudan materia ugaria bideratzea kostatu zait. Egia esan, Viana-ko Printzearen txanponketen inguruan ibili naiz ikerketan, baina hortan nenbilela beste pasadizo batek bideratu du nire lana.
Don Johan por la gra de Dios Rey de Navarra Infant dAragon y de Sicillia Duch de Nemours de Gandia de Montblanc de Peinafiel Comte de Ribagorca y Senyor dla Ciudat de Balaguer. Et Donablanca por la mesma gra Reina de Navarra heredera propiet. del dcho reino duquessa delos dchos ducados comtessa de los dchos comtados y senyora dla dcha ciudat de Balaguer a ntro amado y fiel consellero e oydor de nos comptos Sancho Iturbide.
Horrela hasten da 1432. urtearen urtarrilak 10.an idatzitako txanponketa legea. Vianako Printzearen gros aleek izan zezaketen zilar legeari buruz azterketan ari nintzela, Ibañez Artica maisuaren „Moneda Medieval Navarra“ liburuak, Juan eta Blanka errege-erreginaren azken txanponketa legearen kokapena agertu zidan. Agiria, Nafarroako Artxibo Orokorrean gordetzen da, 132. kaixaren, lehen ataleko, VII. agiria da alegia.
Urrun naiz Iruñatik, oso urrun eta gainera handik aurki pasatzeko itxura handirik gabe. Gaur egunean, posible ahal litzateke ni bezala atzerrian bizi den euskaldun batentzat, Iruñako artxiboan gordetzen den XV mendeko agiri bati so egitea? Artxiboari posta elektroniko bat bidaltzea erabaki nuen, galdetzea ez da ezer kostatzen.
Artxibo-ko langile adei batek berehala erantzun zidan, ez bakarrik posible, erraztasunak ere jarri zizkidan eta gustora egindako ordainketa xume baten ondoren, bereizmen handiko irudi batean jaitsi ahal izan nuen txanponketa agindua, internet medio.
Aginduari begira gelditu nintzen, hasieran ez nuen piperrik ere ulertzen. Behin eta berriro begiratu ondoren hitz solte batzu ulertzen hasi nintzen. Egunetan zehar begiak trebatzen joan zitzaizkidan, gero eta gehiago ulertzen nuen. Nafarroako Artxiboko Miriam-ek laguntza aparta eskaini zidan, niretzak ulergaitzak ziren hitz batzuekin. Hemendik eskerrik beroenak!
Oraindik gaurko egunean ere, ez dut hitz batzuren esanahia zeharo deszifratzen edo ez naiz erabat ziur behintzat. Ondorengoetan, gorriz ageriko dira hitz hauek… argi da ez naizela erdi aroan aditua, baina hala ere nik uste dut ondo ulertuko dugula ondorengo txanponketa legea.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren adeitasuna – AGN, CO DOCS.,Caj. 132, n.1.7
Salut fazemos vos saver que en la casa dla Moneda q nos fazemos bater en ntra ciudat de Pamplona es assaber en la casa nombrada ntra torre en la dcha ciudat noa (hau da, no hay) maestro alguno para bater la dca moneda. Et por tanto cesa la obra dla dca moneda en la dca casa en dtrmto ntro y danyo de nto reino het por quanto somos certificados que vos nos poderes servir en bater moneda. Etvos ayamos rogado y encarguado que vos querades tomar cargua dla dca casa dla moneda, nos avemos ordenado y deliberado con deliberacion delos de ntro conseio de bater moneda de plata q sean nombrados carlines de Navarra y baldra la pieca dos sueldos fuertes.
Sancho Iturbide delakoak, errege-erreginaren kontselari eta kontu ganbararen epaileak, txanponketa lanak hasteko agindua jaso zuen. Iruña hiriko txanpon etxeak, errege dorrea bezala ezaguna zenak behintzat, ez omen zuen 1432. urte hasieran txanponetxebururik.
Xabier-ko Frantzisko deunaren plazan, gaur egunean Frantzisko Deunaren Ikastetxe Publikoa dagoen eraikinaren orubean aurkitzen zen XV. mendeko Errege Dorre txanponetxea – Wikipedia Commons.
Nafarroako Karlos IV.ak 1524.an eraikina bota eta txanponetxe eta kontu ganbara gaurko egoitzara lekualdatu zituen arte, hemen izan ziren landuak XV. mendean zehar Nafarroako txanponak
Ez da erabat harritzekoa egoera hau, 1432. urtearen hasierako txanponketa lege hau, 1428. urtetik aurrera emandako seigarrena bait zen. Blanka eta Juan errege-erreginaren agintealdi hasieran emandako aurreko bost legeek, landutako zilarrezko blanka edo zurikoen zilar legea ondoratzea baino ez zuten lortu.
Lehen eta Bostgarren txanponketa legeen babespean landutako Blanka eta Juan errege-erreginaren blanka edo zurikoa – 2,75gr
AURKIA: I:Z:B:DEI:GRA:REX:Z:RGA:NAVARRE
IFRENTZUA: SIT*NOMEN*DOMINI*BENEDICTVM
1428. urteko maiatzak 10.ean emandako lehen legeak %45,83-ko zilar zilegitasuna ematen zien erresumako blanka edo grosei. Zilegitasun hau % 14,58-ra jaitsia zen dagoeneko, bostgarren legea 1430. urteko irailaren 2.an kaleratu zenean. Bi urte pasatxoren buruan, blanka edo grosek bere baitan zuten zilarraren %70 galdu zuten, merkatuan zuten balioa bi sueldotan mantentzen zen bitartean. Gogoratu, garaiko baliokidetasunen arabera sueldo bakoitzak, hamabi diru karlino edo sei kornadutako balioa zuela.
Erregetxeak egindako iruzur honen atzean, Juan errege atzerritarrak zituen interes gaztelarrak ziren. Juan, printze aragoidarra zen tituluz, baina egiazki Gaztelako Trastamara etxearen adar aldemeneko baten fruitua zen. Adar honek, Juan-en aita zen Antekerako Fernando I.aren buruan, Aragoiko koroa lortu zuen. Juan-en anai zaharrenak, Alfontso V.ak, Aragoiko koroa oinordetu zuen bitartean, Juan-ek familiaren feudo eta interes gaztelar guztien oinordekotza jaso zuen eta ondorioz, Gaztelako Erresuman ematen ari ziren barneko liskar eta borroka guztietan bero-bero sartu zen. Liskar hauen ondorioz, Nafarroako erresuma Gaztelako erresumaren aurkako gerrate batean korapilatu zuen 1429 eta 1430 urteen artean. Gerrak garestiak dira eta erregeek bere mendeko eta hiritarrei sartzen diete eskua poltsikuan hauek finantzatzeko; hemen ere horrenbeste pasa zen.
Blanka hauen merkatu balioa mantentzea ezinezkoa zen, atzerrian inork ez zituen haien balio nominalean onartzen eta azkenik ere, 1431. urtearen abuztuan, txanpon hauen balioa bederatzi diru karlinoetara murrizten zuen agindua kaleratu zen. Hau %62,5-eko balio galtzea zen, eta ondorioz, zilarrezko txanpon sendorik gabe gelditu zen erresuma. Txanpon berriak egin beharrean ziren eta txanpon hauek izena ere, berria behar zuten. Aurreko gros edo blanka izenpean izendatu ordez, ziur aski hauek oso ospe txarra bait zuten dagoeneko, txanpon berriak „Karlin“ izenpean ezagutaraztea erabaki zen.
Seigarren txanponketa legearen babespean landutako Blanka eta Juan errege-erreginaren Karlin-a – 2,61gr – Koroaren oinarri zabala
AURKIA: I:Z:B:DEI:GRA:REX:Z:RGA:NAVARRE
IFRENTZUA: SIT:NOMEN:DOMINI:BENEDICTVM
La qoal dca moneda será de ley de qinquo diners y dizeocho granos argent le Roy y de seis sueldos ocho diners de talla. Et fiado de vtra lealdat y diligencia queramos que los batades ofaguades bat por vtro subarengado en ntra dca casa dela tore la dca moneda la qoal batuedes sin remedio y saldrá de marco de plata de doze diners de ley argent le Roy setze libras treze sueldos diez diners. Delos quoals daréis alos mercaderos ofornydors que traigan plata a ntra casa dla moneda por cadany marco de plata de XII D. de ley argent le Roy que avos seva deliberada quinze libras dla dca moneda comptada la pieca en dos sueldos como dco es. Et respondredes y daredes anos o alagoarda q por nos es en la dca casa dla moneda de toda la plata q obrares dlos dcos mercaderos ofornydors. Es assaber por el senyorage dizeocho sueldos dla dca moneda. Et lo sobreplus que saliera de dco marco de plata o sueldo sea vtro y paravos el dco Sancho, lo quoal abredes por bracaje y todos costages.
Benetan mamitxua da goiko pasartea, garaiko txanponetxe baten funtzionamendua garbi erakusten bait du. Lehenik eta behin, zilarrezko txanpona indarberritu eta prestigiatu beharra zen eta izen berria eman ondoren, lehenengo legeak erabilitako zilegitasun antzekoa berrezarri zen. Egia esan, lehenengo legearen zilegitasuna baino zertxobait haundiagoa berrezarri zen. Lehenengo legeak %45,83-ko zilegitasuna, hau da bost diru eta hamabi granotako zilegitasuna ezartzen bazuen, honako honetan %47,92 edo bost diru eta hemezortzi granotako zilegitasuna ezarri zen. Diru eta granoen zilegitasun baliokidetasunari buruz euskal txanponen pisu eta legea sarreran hitz egin genuen.
Legearen textuak karlinen lanketaren tailla sei sueldo eta zortzi dirutakoa izan behar zela adierazten du ondoren. Kasu honetan, sueldo eta diruen aipamen honek ez du txanponen balioari buruzko esanahirik, baizik eta, kobrearekin nahastu ondoren, lanketarako prest zegoen zilar aleazio marko bakoitzetik irten beharreko txanpon unitateen kopurua adierazten zuen. Sueldo bakoitzak hamabi txanpon kopuruaren baliokidetasuna adierazten digu eta diru bakoitzak txanpon batekoarena. Horrenbestez, lanketa marko bakoitzeko 6×12+8=80 karlin txanpon landu beharrean zirela adierazten da. Datu honek, karlinen pisu nominala jakineraztea ahalbidetzen digu. Nafarroako erresumak txanponketarako erabiltzen zuen marko pisuaren erreferentzia, Troyes-eko markoaren 244,75gr edo Iruñako markoaren 248 gr-takoa izan zitekeen. Lehen kasuan 3,06gr eta bigarren kasuan 3,1gr inguruko pisu nominala zuten karlinak sortuko lirateke. Bi kasuetan nahiko antzeko balioak, gure egunetaraino iritsitako txanponen pisua, balio hauen azpitik izan ohi den arren.
Ondorenean, txanponketa legeak zilar puru marko bakoitzetik irten beharreko diru kopurua adierazten du. Ikus dezagun ea garaiko kalkuloak zehatzak ziren. Zilar puru marko bakoitzak, %47,92-ko zilegitasuna zuten 166,94 karlinen lanketa ahalbidetuko zuen. Karlin bakoitzak bi sueldotako, hau da hogeitalau dirutako balioa zuela kontutan hartuz, zilar puru marko bakoitzak 4006,67 dirutako balioa zuen karlin txanpon masa merkaturatzea ahalbidetuko zuen. 4006,67 diru hauek libra, sueldo eta dirutara pasa ezkero (gogoratu, libera batek hogei sueldo, eta sueldo batek hamabi dirutako baliokidetasuna zuela sistema karolingiarrean), honek 16 libera, 13 sueldo eta 10 diru emango lizkiguke, txanponketa legeak adierazitako kopuru zehatza. Ez zen hemen, tolerantziarik edo erremediorik, hemen edo handik kopuru guzti hauek azaldu beharrean ziren landutako zilar marko garbi bakoitzeko.
Goian aipatutako 16 libera, 13 sueldo eta 10 diru hauetatik, 15 libera zilar merkatarien ordainketan erabili behar ziren. Erregetxeak, txanponketa zerga, edo beste era batean esanda “senyorage” moduan beste 18 sueldo eramaten zituen. Gainontzekoa, hau da 15 sueldo eta 10 diru, Sancho Iturbideren eskutan geratzen zen. Diru sarrera hauen bidez, txanponketarako beharrezkoak ziren lanabes, trokel, pila eta langileak ordaindu behar zituen; irabaziak ere nonbait izan beharrekoak ziren, inork ez bait du debalde traturik egiten.
Seigarren txanponketa legearen babespean landutako Blanka eta Juan errege-erreginaren Karlin-a – 3,06gr – Koroaren oinarri estua
AURKIA: I:Z:B:DEI:GRA:REX:Z:RGA:NAVARRE
IFRENTZUA: IT:NOMEN:DOMINI:BENEDICTVM (Hemen grabatzaileak hasierako S-a ahaztu zuen)
Aipatutako Karlin hauek, aurreko bi irudietan erakutsitako txanpon gogoangarriak izan beharko lirateke. Ifrentzuan, sei lirio lorez eta orla gingilodun bikoitzez inguratutako gurutzea aurkezten dute. Aurkian, erregetza koroaren irudia aurkezten dute. Koroa honen bi aldaki dira ezagunak, bata koroaren oinarri estu edo motza irudikatzen duena eta bestea koroa oinarri zabaldunarena.
Errege dorretxean Sancho Iturbidek landutago seigarren legearen karlin aleez gain, Bernart Lonjuhac txanponetxeburuak ere jaso zuen Karlinak lantzeko erregalia, kasu honetan San Zernin burgoaren karrika Nagusian kokatutako txanponetxe lantegieetan. Bi txanponetxeburu, bi txanponetxe; posible da koroa zabaleraren bi aldaki desberdinek, bi txanponetxeak desberdintzen dituen ezaugarriaren islada izatea.
Ez dakigu koroa bakoitza zein txanponetxeri dagokion eta ez dugu landutako karlinen kopuruaren berririk. Baina badakigu Blanka eta Juan erregina-erregearen agintealdian landutako azken zilarrezko txanpon ereduaren aurrean aurkitzen garela. Gerora Viana-ko printzearen eta Juan, errege bakar usurpatzailearen eredu berriak izango ditugu.
Assi mesmo queremos q. dla mesma ley de qinquo diners deziocho granos batades y fagades bat medios carlines q sean de talla de treze sueldos quoatro diners por los quoales daredes y respondredes anos por el senyorage y alos mercaderos y fornidors al respecto y pornos sobra dchos y valdrá la pieca doce diners.
Karlin erdien zilar legea, karlin osoen lege berbera zen, % 47,92-takoa alegia. Taila hala ere bikoitza zen, eta ondorioz karlin erdien pisua, karlin osoen erdia zen. Lanketa marko bakoitzeko, 160 ale karlin erdi irten beharrean ziren, eta honek, erabilitako markoaren arabera, 1,53gr (Troyes-eko markoa) edo 1,55gr-tako (Iruñako markoa) pisu nominala emango liguke. Karlin erdi hauen balioa sueldo bat edo gauza bera zena, hamabi dirutakoa zen. Merkatariei ordaindu beharreko zilar marko bakoitzaren prezioa 15 libratakoa zen berriro ere, erregearen txanpon zerga edo “senyoragea” 18 sueldo eta ondorioz, 15 sueldo eta 10 dirutako marjina gelditzen zitzaion hemen ere txanponetxeburuari.
Lanketa marko bakoitzeko erregetxeak baimendutako marjina, karlin osoen lanketak ematen zuenaren berbera zen, baina karlin erdien kasuan txanpon kopruru bikoitza landu behar zen etekin hau lortu ahal izateko. Txanpon kopuru bikoitzak, lanketa denbora eta kostu bikoitz edo are eta handiagoak zeudela esan nahi zuen, eta ondorioz irabaziak askoz ere murritzagoak ziren. Txanponetxeak eta hauen txanponetxeburuak irabaziak maximizatzen sahiatzen ziren eta ondorioz, blanka, karlin edo gros erdien landutako kopurua blanka osoena baino askoz ere txikiagoa izan ohi zen. Erreferentzia bezala, lehenengo legearean agindupean, 1428. urteko uztaila eta 1429. urteko azaroa artean, 605.260 blanka oso, baina 39.718 blanka erdi baino ez ziren landu.
Gaur egunetaraino iritsitako blanka edo gros erdien kopurua, anai haundi ale osoena baino askoz ere murritzagoa da. Karlin erdien kasuan, gaur egunean ez dugu inongo ale ezagunik eta ondorioz ez dakigu seigarren lege honetan aipatutako karlin erdien inongo kopururik landu ote zen. Landu izan ezkero, ziur aski karlin erdi hauek, karlin osoen irudi antzekoa jaso izango zuten. Hona hemen gure egunetaraino iritsi diren lehen eta bostgarren txanponketa legediei dagozkien blanka erdi ale murritzetako bat:
Lehen eta Bostgarren txanponketa legeen babespean landutako Blanka eta Juan errege-erreginaren blanka edo zuriko erdia – 1,55gr
AURKIA: IOHANES:Z:B:DEI:GRACIA
IFRENTZUA: REX:Z:RGNA:NAVARRE
Karlinekin bukatu aurretik azken zehaztasun bat. Seigarren txanpongintza lege honetan ale hauek karlin izena jaso bazuten ere, ondorengo dokumentu eta izkribuetan blanka eta grosen aipua baino ez da azaltzen… karlin txanponen izenak ez zuen iraun.
Otrossi queremos q batades y faguades bat cornados q sean a ley de un diner y ocho granos y abeinte sueldos de talla. Et medios cornados que sean a ley de XVIII granos y aXXV sueldos de talla y baldra la pieca dlos dcos cornados dos diners y la pieca delos dcos medios cornados un diner. Et desto daredes alos mercaderos o fornidores dla dca moneda por sueldo deley quince libras y anos por el senyoraje quince sueldos. Et lo sobreplus q quedare del dco sueldo deley sera para vos el dco Sancho por bracajes y todos costag es.
Pasarte honetan kornado eta kornado erdien lanketaren xehetasunak ematen dira. Kornado erdiek, aurreko erregealdirano diru karlinoek izandako papera bereganatu zuten eta horrela azaltzen du txanponketa legeak, hau da kornado erdien balioa diru batekoa zen. Baina kornado osoa izango da erregealdi honetatik aurrera nafar sistema monetarioaren oinarria. Eta zeregin hori, XVII mendearen bigarren erdialdean baino ez du galduko, marabediaren gaineratzearekin bat.
Kornado hauen balioa, bi dirutakoa zen. Bere zilar edukiera diru bat eta zortzi granotan finkatu zen lege honetan, %11,11 edo 111,1 milesimetan alegia. Zilar edukiera hau kornadoa sortu zuen 1428. urteko lehen legeak ezarritakoaren berbera zen, baina lehen legeak 18 sueldotako taila agintzen zuen bitartean lege honek 20 sueldotako taila ezartzen zuen. Taila honen arabera, kobre eta zilar aleazioaz osatutako lanketa marko bakoitzeko 240 kornado atera behar ziren. Honek, lehen ikusi dugunaren arabera, 1,02gr edo 1,03gr inguruko pisu nominala emango lioke kornadori.
Seigarren legearen agindupean landutako kornadoak nahiko argi bereiztu daitezke. Kornado hauen kasuan, ifrentzuak sei orla gingilodun bikoitz aurkezten ditu gurutzearen inguruan. Hona hemen kornado ale hauetako bi:
Seigarren txanponketa legearen babespean landutako Blanka eta Juan errege-erreginaren Kornadoa – 0,78gr
AURKIA: I:Z:B:RE:Z:RGNA
IFRENTZUA: NAVARRE
Seigarren txanponketa legearen babespean landutako Blanka eta Juan errege-erreginaren beste Kornado ale bat – 1,00gr – Andres Onieva-ren adeitasuna
AURKIA: I:Z:B:RE:Z:RGNA
IFRENTZUA: NAVARRE
Aurreko urteetako legepean landutako kornadoek berriz, ez dute orla gingilodunik aurkezten:
Lehenengo eta bostgarren txanponketa legeen arteko babespean landutako Blanka eta Juan errege-erreginaren Kornado ale bat – 0,70gr
AURKIA: I:Z:B:REX:Z:RGNA
IFRENTZUA: NAVARRE
Kornado erdien kasuan, hemezortzi granotako zilar edukiak %6,25 edo 62,5 milesimetako zenbakia emango liguke. Tailari dagokionez, 25 sueldotako tailak lanketa marko bakoitzeko 300 kornado erdi atera behar zirela adierazten digu. Honek, lehen ikusi dugunaren arabera 0,815gr edo 0,826gr inguruko pisu nominala emango lioke kornado erdiari.
Kornado erdien kasuan ez dugu ifrentzuan orla gingilodunik duen aleren ezagutzarik. Horrenbestez ez dugu seigarren txanpongintza legearekin zuzenean parekatu dezakegun kornado erdirik. Kornado erdien sailkapena egiterakoan, aurkian koroa handia eta txikia dutenen artean bereizten da:
Blanka eta Juan errege-erreginaren Kornado erdi ale bat – 0,65gr – Koroa handiaren aldakia
AURKIA: REX:Z:RGNA
IFRENTZUA: NAVARRE
Blanka eta Juan errege-erreginaren Kornado erdi ale bat – 0,54gr – Koroa txikiaren aldakia
AURKIA: REX:Z:RGNA
IFRENTZUA: NAVARRE
Ikusi dugunez, kornado eta kornado erdien lanketaren kasuan, karlin eta karlin erdien lanketan gertatu bezala, zilar marko bakoitzeko 15 libratako ordaina jasotzen zuten zilar ornitzaileek. Baina erregetxearen txaponketa zerga edo “senyoragea” hamabost sueldotara murrizten zen aurreko kasuan ikusitako hamazortzi sueldoen ordez. Zein zen beraz, kornado eta kornado erdien lanketan ateratzen zen marjina?
%11,11-ko zilar edukiera zuten 240 kornado lantzen ziren lanketa marko bakoitzeko. Horrenbestez zilar marko garbi batek, 2160,21 kornadoren lanketa ahalbidetzen zuen, 4320,43 dirutako merkatu balioarekin. Diru hauek libratara pasa ezkero, 18 libra zehatz irtetzen dira. Merkatariei eman beharreko 15 librak eta erregetxeari eman beharreko 15 sueldoak kendu ondoren, 2 libra eta 5 sueldotako marjina ateratzen zen.
Kornado erdien kasuan, %6,25-ko zilar edukiera zuten 300 kornado erdi lantzen ziren lanketa marko bakoitzeko. Horrenbestez zilar marko garbi batek, 4800 kornado erdiren lanketa ahalbidetzen zuen, 4800 dirutako merkatu balioarekin. Diru hauek libratara pasa ezkero, 20 libra zehatz irtetzen dira. Merkatariei eman beharreko 15 librak eta erregetxeari eman beharreko 15 sueldoak kendu ondoren, 4 libra eta 5 sueldotako marjina ateratzen zen.
Ikus daitekeenez, marjinak handitzen doaz (karlin erdinen kasuan izan ezik) txanpon txikiagoetara jotzen dugun einean, baina aipatutako etekinak lortu ahal izateko karlinen kasuan 167 bat karlin landu behar ziren bitartean (karlin erdien kasuan 334), kornadoen kasuan 2160 ale eta kornado erdienean 4800 ale landu behar ziren. Beharrezko lanketa denbora eta honek ondorioztatzen zituen kostu (soldatak) eta lanketa inguruko gastuak (beharrezko pila eta trokelen lanketa, lanabesak, erregaiak, etc ) askoz ere handiagoak ziren ale txikien kasuan, eta horrenbestez, irabaziak ere ziur aski txikiagoak.
A vos mandamos q la dca moneda de plata nobrada carlines y medios carlines y los dcos cornados y medios cornados los batades y faguades bat y monedar ala ley y talla y porla forma desuso dca q an abat la dca moneda grossa y menuda en ntra dca casa dla tore. Et afazer todas las casas sobre dcas nos damos attoridat y poder complido y mandamyto espal (especial?) porlas prntes. Por las quoales mandamos alos sobre dichos goarda y contragoarda por nos puestos en nta dca casa dla moneda a alos obreros monederos y otros officl dla dca casa y aquoalesquiere otros officl y subditos ntros q los permita bat la dca moneda et en facer todas las cosas sobre dchas vos obedezcan y vos den confort facer y ayuda en lo q por vos les fora demandado. Et en testimonio desto abemos madado sellar las prntes de ntro sello dla chancl. Dada en nta villa de Taffalla a X días de mes Jenero lanyo de nascmto de nto sr MCCCCXXXII. El Rey Juhan y Blanqua por el rey et porla Reyna, p.d Ball
Bibliografia:
Catálogo general de la moneda de Navarra – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaretxea
MONEDA MEDIEVAL NAVARRA – Manual de Numismática – Miguel Ibañez Artica – 2021
Moneda de Euskal Herria – Pablo María Beitia Arejolaleiba – 2018
Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.
Pingback: Beguinat-eko Bernart Lonjuhac delakoaren karlin eta kornadoak. Addendum | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Sancho Iturbideren Nafarroako Karlinak • ZUZEU
Pingback: Bertrand de la Lande, Baionatar Txanponetxeburuaren Nafar Lanketak | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Paulo Girardi eta bere Nafar Moneta Txostena | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Frantzisko Febo Erregearen Nafar Txanpon eta Kontuak | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Katalina eta Juan Nafar Erregeen Lehen Txanponketa Garaialdia (1487-1495) | Euskal Txanpongintzaren Historia