Pernando VII-aren 10 erreal birzigilatuak

Garaialdia: Espainietako Pernando VII., Nafarroako Pernando III. Hirurteko liberala

Mota: 10 Erreal Birzigilatuak

Urtea: 1821 urtea azaltzen da txanponean, 1822-ko urtarril eta ekain artean

Txanpon-etxea: Bilboko txanponetxe behin behinekoa

Ertza: Ildaskatua

Ertzaren Grabatua: ————–

Metala: Zilarra (917 milesima inguru, 11 dirutako legea)

Diametroa: 34 mm

Pisua: 13.10 gr

Txanpongintza: Bolante Prentsa bidez

Txanponetxeburua: Manuel Domingo de Urquiza

Grabatzailea: Pedro Sagau eta Antonio Sagau

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: FERN. 7°. POR LA G. DE DIOS Y LA CONST. 1821

Aurrealdeko Deskribapena: Eskuin aldera begiratzen duen Pernando VII.aren bustoa, buruhaundi mota bezala ezagutua. Erretratuaren inguruan perla eta apaingarriez osaturiko zirkuloa.

Aurrealdeko Hitzulpena: Pernando VII.a, jainkoaren graziari eta Konstituzioari esker… (Espainietako errege, atzealdean ikusiko dugun bezala).

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: REY DE LAS ESPAÑAS. U . Bo . G . RESELLADO 10 Rs.

Atzealdeko Deskribapena: Lokarri batekin lotutako erramu koroaren barruan, sei puntatako izarraren azpian, birzigilatu ondorengo 10 biloi errealen balio berriaren idazkia. Erramu koroaren kanpoaldean, Espainietako erregetzararen erreferentzia. Azpialdean, txanponetxea Bo. (Bilbo) entsegatzaileen letren artean U. (Manuel Domingo de Urquiza) eta G. (Pedro Gómez de Velasco)

Atzealdeko Hitzulpena: Espainietako errege… Pernando VII.a, jainkoaren graziari eta Konstituzioari esker.

Erdiaroaren ondorengo euskal txanponetxeak aztertu ezkero, hiru izen nagusi ageriko zaizkigu, Baiona, Iruña eta Donapaleu. Nafarroako erregetxearen txanponei begiratu ezkero, Pau edo Morlaas gehitu ditzakegu zerrenda honetara. Iruñeaz aparte, hego Euskalherriko beste hiriburuetan ez dugu inolako txanpongintzarik aurkituko, Napoleon-en aurkako gerrateak bukatu eta Riego generalaren iraultzak hirurteko liberala (1820-1823) ezarri zuen arte.

Momentu honetan eta urte erdiko denboraldi motz baten zehar, Bilbok behinbeineko txanponetxe bat izan zuen. Txanponetxe honetan, 1822-ko Urtarriletik 1822-ko Ekainerarte txanpon eredu bakar bat landu zen, Pernando VII-aren 10 erreal birzigilatua.

Behinbeineko txanponetxea Bilboko alde zaharrean, Iturribide Kalean aurkitzen zen Miserikordia etxean kokatu zela dirudi, gaur egunean Bilboko Euskal Museoa aurkitzen den gune berean.

Gaur Eguneko Bilboko Euskal Museoaren Sarrera – Zarateman-en Argazkia – Wikipedia

Labeak, makinak eta bulegoak zeuden eraikinak, buztingintza eta inprenta eskola gisa berrerabili ziren, eta 1877an desagertu ziren, garai hartan ireki berria zen Maria Muñoz kalean etxebizitzak eraiki zirenean.

Behinbehineko txanponetxe honen erabilerarako beharrezkoak ziren makinak eta baita hauen langile batzuk, Segoviako txanponetxetik etorri zirela dirudi. Era berean, txanponetxe buruak Madrileko txanponetxetik etorri ziren. Bilbo bertako zilarginak ere, txanponetxean lanean ibili zirela aipatzen da. Txanpon honen lanketan ibili ziren pertsonen honako zerrenda iritsi zaigu:

Manuel Domingo de Urquiza (Madrileko txanponetxea): Entsegatzaile nagusia eta Bilboko txanponentxearen arduradun orokorra
Pedro Gómez de Velasco (Madrileko txanponetxea): Entsegatzaile nagusiaren laguntzailea
Pedro Sagau (Segovia-ko txanponetxeko grabatzaile nagusia): Grabatu eta makineria zuzendaria
Antonio Sagau (Segovia-ko txanponetxea): Pedro bere anaia ordezkatu zuen Martxoan
Francisco Arévalo (Madrileko txanponetxeko atezaina): Pisu epailea eta materialen begiralea
Mr. Durac (Segovia-ko txanponetxea): Makina laguntzailea eta trokelak lantzearen arduraduna
Manuel García (Segovia-ko txanponetxea): Txanpon zizelketa, pisu egokiera eta lan anitz
Isidro Prieto, (Segovia-ko txanponetxeko zigilatzailea): Bolante makinaren erabilera
Pedro Aguirre: Langilea
Ramon Aguirre: Langilea
Antonio Genta: Ertz Zigilatuaren arduraduna
Jose Yera: Zigilatzailearen laguntzailea
Felipe Rivero: Txanpongintza laguntzailea

Baina, zergatik sortu zen behinbehineko txanponetxe hau Bilbon eta zergatik landu zuen txanpon mota bakar bat? Erantzuna, Frantziako iraultzaileen eta Napoleonen aurka izandako gerrateetan eta hauen ondoren Espainietako erregetzak, Pernando VII.aren itzuleraren eta Amerikako lurraldeen erreboltaren ondoren bizi zuen krisi sakonean bilatu beharko dugu.

Espainietako erregetzaren historian zehar, moneta politika erabat kaltegarria gertatu zen erresuma desberdinen ekonomientzat. Ameriketatik ekarritako sekulako metal kopuruak, urrea eta batez ere zilarra, monarkiaren gastu militar, diplomatiko eta luxuzkoen ondorioz, Europa guztira bideratzen eta zabaltzen ziren. Bertako industria eta merkataritza XVI. eta XVII. mendeetan ahuldu ondoren, ordainketa balantza negatibo etengabekoa jasatzen zuen erresumak, eta ameriketako zilarrak, frantziar, flandesdar, alemaniar edo ingeles merkatarien poltsikuetan bukatzen zuen.

Espainiar zortziko errealak, mundu mailako erreferentzia eta txanpon patroia izatea lortu zuen; Ameriketatik ekarritako zilarrak iraultza merkatari eta kapitalista sortu zuen Europan, baina Espainietako erresuman bertan, ez zuen ekonomia produktiboaren edo eta txanpon-kapital hedakorraren ezarpenik ekarri. XVIII. mendeko borboitar erregeen erreformek ez zuten problemen funtsa erasotu. Horrenbestez, mendearen bukaeraren, Frantziako iraultzaren ondoren etorritako gerrateek eta Amerikar lurraldeen independentziak sortutako metal horniduraren etenak, herrialdearen ekonomia eta honen moneta sistema hondamendiaren ertzean utzi zuen.

Frantziako iraultzaileek edo hobe esanda Napoleonek, Espainietako lurraldeak 1808. urtean menperatu ondoren, Frantziako txanponen erabilera eta zabalpena bultzatu eta derrigortu zuten Espainietako lurralde desberdinetan. Ahalegin horretan, kanbio edo truke baliokidetasun onuragarria jarri zuten Frantziako txanponen alde. Onuragarritasun honetaz baliatuz, bertako zilar txanponak (oraindik ere oso preziatuak Europa osoan) desagertzen joan ziren Frantziako bidean, non galdatu ondoren Iraultzaren txanpon berria zen Frankotan eraldatzen bait zen. Pirineotako alde honetan, iraultzaren aurreko errege frantziarren libera txanpon zaharrak gelditzen ziren.

Napoleon enperadore bezala (Errepublika Frantsezaren enperadore!) -1808 – Baionako Txanponetxea – 5 Franko (euskaldunentzat oraindik 5 libera moduan ezagunak) – 37,0 mm, 24,94 gr – 900 milesimako zilar legea

Frantziako iraultzaileek, pentsamolde politikoan gertatu bezala, txanpongintza arloan ere iraultza txiki bat ekarri zuten. Karlomagnoren garaietatik zetorren libera-sueldo-diru sistema alde batera utzi eta iraultzaren moneta berria, Frankoa ezarri zuten. Txanponen balioa, txanponetan bertan ageri zen. Latina alde batera utzi eta textuak frantsezez ageri ziren. Pisu eta legeari dagokionez, sistema metrikoa erabiltzen hasi ziren, bost frankok 25 gramotako pisua zuen eta 900 milesimetako zilar legea.

Iraultzaren aurreko zilarrezko txanponen sistemak zilarrezko ezkutua (Ecu blanc edo Ecu d’argent) zuen uztarri bezala. Zilarrezko ezkutua Luis XIII. Erregeak sortu zuen 1641. urteko moneta erreformaren ondoren. Zilarraren legea, 11 dirutan iraunkor mantendu zuen bere historian zehar, hau da 916,1666 milesimatan (gogoratu, zilarraren legea 12 diruz osatuta zegoen eta aldi berean diru bakoitza 24 granotan azpibanantzen zen). Zilarrezko ezkutuaren lehen pisu nominala 27,450 gramotakoa zen, ezkutu erdiak beraz, 13,725 gramotako pisua zuen.

1641. Urtearen erreformaren eta 1645.ko agindu osagarri baten ondoren, Frantziako erresumako txanponetxe guztietan, mailu bidezko txanpongintza alde batera utzi eta bolante prensa bidezko txanpongintza ezarri zen. Eraldatze hau apurka ezarri zen hurrengo hamarkadaren zehar, Baiona adibidez 1650. urtean hasi zen txanpon mota berriak lantzen eta Donapaleu eta Morlaas 1652.an. Gogoratu, Pau-ko txanponetxeak ia mende bat zeramala bolante bidez sortutako txanponak lantzen, Labriteko Henrike II.ak txanponetxearen berrikuntza bultzatu zuenetik, mota honetako Europako txanponetxe lehenetarikoa izanik.

Baionako txanponetxean sortutako lehen ezkutu erdia, 1650 – 31,5 mm, 13,54 gr – Bolante Prentsaz sortutako lehen txanpon baiondarra

Ezkutuak zilarrezko legea iraunkor mantendu bazuen ere, pisuak gorabehera batzuk izan zituen:

  • 1641 eta 1709 urteen artean, zilarrezko ezkutuaren pisu nominala 27,450 gramotakoa zen eta ezkutu erdiak 13,725 gramotako pisua zuen.
  • 1709 eta 1726 urteen artean, ezegonkortasuna nagusitu zen gerrateen eta zor krisien ondorioz. Ezkutu erdiak honako hiru pisu desberdinak izan zituen: 15,297 gramo Luis XIV. menpean eta 12,237 eta 11,725 gramo Luis XV. menpean. Baina garaialdi honetan landutako txanpon kopuruak txikiak izan ziren, beste bi garaialdiekin parekatu ezkero.
  • 1726 eta 1793 urteen artean egonkortasuna ezarri zen berriro ere, eta ezkutuaren pisu nominala 29,488 gramotan, eta ezkutu erdiarena 14,744 gramotan kokatu zen.

Donapaleuko txanponetxeko Luis XIV.aren ezkutu erdia, lehen denboraldia – 1657 – 31,0mm – 13,45 gr – cgb enkante etxearen artxiboa

Baionako txanponetxeko Luis XVI.aren ezkutu erdia, hirugarren denboraldia – 1788 – 32,5mm – 14,65 gr

Aurreko hiru argazkietan ikusi dugunez, ezkutu erdiek ez zuten balioaren aipamenik txanponaren barnean. Txanponaren izena ezkutua izanik ere, ezkutuaren balioa dekretu bidez ezartzen zuen Frantziako erregetxeak eta horretarako, libra (libera)-sueldo-diru kontaketa sistema erabiltzen zen. Libera bakoitza hogei sueldoz osatuta zegoen, eta sueldo bakoitza hamabi diruz. Luis XIII. ak sortu zuenean esaterako, ezkutuak hiru liberatako balioa jaso zuen, baina Luis XVI. aren erregealdian dagoeneko sei liberatako balioan zen, 1720. Urteko krisian bederatzi liberatako balioa izatera iritsi bazen ere.

Jende arruntak, txanponek zuten pisu eta metal legearen arabera somatzen zuten hauen balioa, edo bestela esanda, hauek zuten zilar edo urre kopuruaren arabera. Azken finean, garai hartan, moneta sistema ez zen fiduziarioa gaur egunean bezala, eta txanponaren balioa txanponak berak gainean zuen metalaren (urrea, zilarra, bilioa edo kobrea) balaioaz bermatuta zegoen.

Lehenago ikusi ditugun lehen eta hirugarren garaialdien arteko pisu desberdintasun hauek, Gresham-en legea deritzon gertakaria erraztu zuten Frantzian XVIII. mendean zehar. Lege honen arabera, txanpon txarragoak txanpon hobeagoa baztertzen du. Hirugarren garaialdiko ezkutu eta ezkutu erdiek lehenengo garaialdikoak baino pisu haundixeagoa (zilar lege berdinaz) izatean, jendeak beraien erreserba altxorretan pilatu zituen, eta eguneroko hartu-emanetan lehenengo garaialdiko txanpon zaharrak erabiltzen jarraitu zuten.

Gainera, Frantziar iraultzak eztanda egin zuenean, noble, elizgizon eta aberats askok atzerriko bidea hartu zuten eta beraiekin urre eta zilarrezko txanpon altxor ugari eraman zituzten. Izu jakobinoaren garaian, metalezko txanponen gabezia izugarria zen frantziar estatu guztian. Gobernuak, paperezko dirua, “assignats”-ak sortzen zituen era berean, era guztietako txanpon zaharkitu eta gaizkitutakoen erabilerari amen egin behar izan zion.

assignat

Frantziar Iraultzan sortutako Assignats edo paperezko dirua – 15 sueldo – 1792

Paperezko diruaren porrotaren ondoren, 1795. an Iraultzak “frankoa” izendatutako txanpon sistema berriaren lehen oinarriak jarri zituen. Geroago Napoleonek, 1803. urtean oinarri hauek finkatu eta Germinal frankoa, XIX mendeko txanpon garrantzitsuenetarikoa izango zena indartu zuen.

Baina garai hauetan, txanpongintza prozesua geldoa zen, eta urte ugari pasar beharko ziren zilarrezko ezkutu zaharrak ordezkatu arte. Ala ere, txanpon zahar guzti hauek ordezkatu beharrean ziren frantziarrak, ondorioz nola bizkortu eta merketu eraldatze hori? Eraldatze edo ordezketa hau, parekotasun ezin hobe batean egiteko aukera bikain bat aurkitu zuten Europan zehar menpean zituzten lurraldeei esker. Eta hauen artean, Espainietako erresumari esker, non 1808. urtean, Napoleonek erresumako agintaritza hartu eta Karlos IV eta Pernando VII. tronogabetu bait zituen.

Jose I. erregeak eta honen menpeko Frantziar agintari desberdinek, 1808. urtearen bigarren erdialdearen ondoren sortutako dekretu desberdinek, hiru liberatako ezkutu erdiaren balikidetasuna 11 erreal (garaiko biloiezko errealak) eta 2 edo 3 marabedietan ezarri zuten.

Bidezkoa al zen baliokidetasun hau? Galdera honi erantzun ahal izateko eragiketa pare bat eta berriro ere, baliokidetasun analisi batzuk egin beharko ditugu.

Biloizko Erreal bat = 34 marabedi

Jose I. eta Pernando VII. aren garaiko zilarrezko errealaren legea = 10 diru eta 10 grano

  • (10 + 20/24) x 1000/12 = 902,777778 milesima

Jose I. eta Pernando VII. aren garaiko zilarrezko errealaren taila = 170 Biloiezko erreal gaztelako Marko pisu bakoitzean.

  • 230,0465 gr / 170 = 1,35321471gr biloizko erreal bakoitzaren pisua

Zenbat zilar aurkitzen zen biloiezko erreal bakoitzean?

  • 1,35321471 x 0,902777778 = 1,22165217 Gramo

Eta zenbat Zilar Frantziako ezkutu erdi bakoitzean?

  • 1641-1709 artean: 13,725 x 0,916666667 = 12,58125 Gramo

12,58125gr / 1,22165217gr = 10,2985534 Biloiezko erreal
Biloiezko errealak = 10
Marabediak = 0,2985534 x 34 = 10,150814 -> 10 Marabedi inguru

  • 1726-1793 artean: 14,744 x 0,916666667 = 13,5153333 Gramo

13,5153333gr / 1,22165217gr = 11,06316 Biloiezko erreal
Biloiezko errealak = 11
Marabediak = 0,06316 x 34 = 2,14744 -> 2 Marabedi inguru

Beraz, hirugarren denboraldiko ezkutu erdi batek, hamaika erreal eta bi marabedi inguruko baliokidetasun bidezkoa izango luke. Ala ere, lehen denboraldiko ezkutu erdi batek, hamar erreal eta hamar marabeditako balikodetasun bidezkoa baino ez zuen. Baina zein izan zen, Bilboko txanponetxean birzigilatutako txanponen pisu ertaina?

Ba dokumentuen arabera, 2.002.462 txanpon jaso ziren birzigilatze lanetarako eta hauetatik 1.970.515 birzigilatu ziren. Hauek 114.641 gaztelar marko eta 3 ontzatako pisu orokorra zuten eta beraz birzigilatutako txanpon bakoitzeko 13,38 gramotako pisu ertaina emango ligukete. Txanpon lanetarako jasotako 2.002.462 txanponen pisuari begira ezkero 13,43 gramotako pisu ertaina aterako genuke. Pisu ertain hauek, ezdira hirugarren denboraldiko ezkutu edo Luis erdiaren pisu nominalaren inguruan; askoz ere gertuago dira lehen denboraldiko txanponen pisu nominaletik.

Baliokidetasuna iraultzaren aurreko hirugarren denboraldiko txanponen pisuaren oinarrian ezarri ondoren, errealitatean lehen denboraldiko edo muxarratutako eta ertzak moztutako beste denboraldietako txanpon kopuru itzela aldatu zirela ondorioztatu dezakegu. Iraultzak negozio ederra egin zuela dirudi; alde batetik beraien txanpon zaharrez libratu ziren, hauek galdatu eta frankotan txanpondu beharrik gabe eta bestetik txanpon bakoitzeko zilar gramu bat inguruko onura izan ondoren, atzerriko zilarra etxeratu zuten, hau bai galdatu eta frankotan bihurtzeko asmoarekin.

Austerlitz-eko gatazkan, errusiarrei kendutako kanoien brontzeaz egindako Franko txanpontze makina – 1807 – Pariseko txanpon museoa – Napoleonek, Franko txanponen langintza azkartzeko, bolante makina gehiago sortzea agindu zuen

Zein izan zen Frantzian bertan, hiru libratako txanpon hauei ezarri zitzaien baliokidetasuna? Ikusi dugunez, bost Frankotako txanponak 900 milesimatako 25 gr zilar zituen. Hau da Franko bakoitzak 4,5 gramo zilar garbiren balioa zuen. Hiru liberatako ezkutu erdiak (Luis erdia bezala ere ezagutua) 13,5153333 gramo zilar garbi zituen, horrenbestez libera bakoitzak 4,5051 gramo zilar garbitako balioa zuen. Ondorioz, liberak frankoak baino %0,11-ko balio handiagoa eduki beharko luke baino horren ordez honakoa gertatu zen:

  • 1796.an bost frankotako txanponak, bost libera, sueldo bat eta hiru dirutako baliokidetasuna zuen. Hau da, frankoak liberak baino %1,25 haundiagoko baliokidetasuna jaso zuen. Arrazoi bezala, txanpon borboitarrek erakusten zuten higadura azaldu zen.
  • 1798.an kontu eta ordainketa publiko guztietan frankoen erabilera beharra ezarri zen. Momentuz, urrezko eta zilarrezko txanpon zaharren erabilera onartzen zen.
  • 1803.an muxarratutako eta ertz ebakitutako txanponen erretreta agindu zen. Irudia erakusten duten 3 liberatako txanponen erabilera baimentzen jarraitzen zen.
  • 1804.an 3 liberatako txanponen erabilera bermatu zen, baina hauek irudia argi erakutsi beharko zuten eta 1726. Urtea baino berriagoak izan beharko ziren.
  • 1810. urtearen Irailean, 3 liberatako txanponen baliokidetasuna 2,75 Frankotan ezarri zen, hau da 12,375 gr zilar garbitan gutxi gora behera; lehen denboraldiko ezkutu erdiek zuten zilar kopuru antzekoaren baliokidetasuna alegia

Beraz, Frantziar txanpon zahar guzti hauek pilakatzea eta Espainietako erresuman bertako errealen ordez ordezkatzea oso onurazkoa zela argi dago. Ziur aski, Frantziako gobernuak berak edo eta gobernuaren inguruko metal tratante handiek, onura ederrak izan zituzten gerratea 1813.an bukatu zen arte. Iraultzaileak erretiratu zirenean, Espainietako erresuma bertako txanponik gabe eta Frantziako txanpon borboi zahar eta muxarratuz betea utzi zuten.

Pernando VII. 1814an agintera itzuli zenean, ez zuen 11 errealetako eta 2 marabedietako baliokidetasuna zuzendu. Horrenbestez, Ameriketako lurraldeen independentzia mugimenduak, penintsulara iristen zen metal iturria agortu zuenean, arazoak okerrera jo zuen. Erresuma Europatik, eta batez ere Frantziatik iristen ziren zilar txanponen mempe jarri zuen.

Pernando VII.aren lehen agintaldi absolutistak, bapateko etena izan zuen 1820. urteko Riego-ren jazarraldiaren ondoren. Jazarraldi honek, Kadiz-eko konstituzioa berriro ere indarrean jarri zuen eta ondorioz hirurteko liberal bat sorrerazi zuen, 1823.an, Frantziako erregeak bidalitako gudaroste batek, “Luis Deunaren 100.000 semeek”, beste hamar urteko garaialdi absolutista bat ezarri zuen arte.

Hirurteko liberal honetako gobernuak, moneta erreforma egiteko asmoari heldu zion. Helburuetako bat moneta frantsesaren mendekotasuna ezabatzea izan zen, eta, beraz, haren zirkulazioa debekatu zen. Zilarrezko ezkutu edo luis erdien bilketa eta birzigilatzea agindu zen, horrela artikulu honen gai den Pernando VII.aren 10 errealetako txanpona sortuz. Salerosketetan, txanpon birzigilatua bakarrik onartuko litzateke, eta birzigilatu gabea galdatze ore gisa erabili beharko litzateke. (1821eko azaroaren 19ko Dekretua).

Dekretu honen ondorioz, lau birzigilatze gune ireki ziren erresuman zehar, Madril, Santander, Bilbo eta Sevillan. Gune hauetako bi iparraldean ziren, Bilbo eta Santanderren, lurralde hauetan oso hedatua bait zen atzerriko txanponen erabilera. Esan dugunez, Bilboko txanponetxera, Segovia-ko txanponetxeko makinak iritsi ziren, eta txanponaren aurrealdean 1821-eko urtea ageri den arren, txanpontze lanak, 1822.-ko Urtarrilla eta Ekainaren artean burutu ziren.

Birzigilatzeak ez zuen aurrez galdatutako kospel edo txanponbudin berrien beharrik, kospel bezala Ezkutu erdiak berak erabili ziren, hauek aurretik galdatu gabe. Kospelak edo txanponbudinak bolante prentsaren azpian jarri eta zigilatu aurretik, pisatu, justifikatu, pisu-faltadunak bereizi, moztu, suberatu, hareaz igurtzi, eta hesitu egin behar ziren. Ala ere, txanpon kopuru txiki batean, iraultzaren aurreko borboitarren irudien eta textuen aztarnak somatu daitezke. 

Ah, eta birzigilatzera bere txanponak ekarri zituzten herritarrek, 10 bilio erreal eta 10 marabedi jaso zituzten txanponetan… eta gainontzeko 26 marabediak, kreditu paperetan. Datu hau ere, oso esanguratsua da…eta gustatako litzaidake jakitea, zenbatek kobratu zituzten kreditu paper hauek!

Bibliografia:

FORO IMPERIO NUMISMATICO – Txibis idazlearen azterketa sakona – link

FORO IMPERIO NUMISMATICO – Marques de la Ensenada Idazlearen Datuak – link

LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)

De la livre au franc – Guillaume Nicoulaud – 2015 – link

Création du franc Germinal – Évelyne Cohen – 2003 – link

LE PASSAGE DE LA LIVRE TOURNOIS AU FRANC – Société Numismatique Héraldique et Sigillographique du Nord de La France – link

La reforma monetaria del trienio liberal en España, 1820-1823: modernización y límites – Enrique Prieto TejeiroDionisio de Haro Romero – 2012 – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Pernando VII-aren 10 erreal birzigilatuak”

  1. Pingback: Frantsesa euskal txanponetan agertu zenetakoa | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude