Gaztelaniera euskal txanponetan agertu zenetakoa

Aurreko sarreran ikusi dugun moduan (link), Frantziar iraultzak erabateko aldaketa ekarri zuen iparraldeko txanponen ereduetan.

Baina hegoaldean, zer gertatzen zen aldi edo garai berdinetan? Ba ezer gutxi, Frantzian iraultza indarrean zebilen garaian, Espainietako erresumak erregimen zaharrean sustraituta jarraitzen zuen. Latinaren erabileran bidez, erregearen botereak jatorri jainkotiarra zuela adierazten zuen txanpongintzak. Pasa ziren zenbait errege, baina tenore berdinean jarraitu zuten denek. Egin dezagun errepasu bat:

  • Karlos IV, Espainietako errege (eta indietakoa ere bai)1808. urtean Napoleonek erregetza kendu eta Jose Bonaparte bere anaiari eman zion arte. Euskalherrian txanpon bakar bat sortu zuen, Nafarroako erregetzaren marabedi bateko kobrezko txanpona. Txanpon hauek kalitate eskasekoak zirenez eta aldi berean erabilera luzea izan zutenez, ez dute iruditextu garbirik erakusten baina hona emen ale bat:

Nafarroako Karlos VII.aren (Espainietako Karlos IV) Marabedi bateko kobrezko txanpona – 3,03 gr –1789 – Iruñako txanponetxea

CAROLUS VII D G – NAVARRE REX 1789 PA

Errege berberak bere erresumako beste txanponetxetan landutako beste txanponei begiratu ezkero argi ikusiko dugu ez zuela berrikuntza handiren gogorik.

Espainietako Karlos IV.aren zilarrezko zortzi erreal – 27,15 gr – 1803 – Madrileko txanponetxea

CAROLUS IIII DEI G 1803 – HISPANIARUM REX 8R M FA

  • Jose Bonaparte I, Espainietako eta indietako errege 1808 eta 1813 urteen artean. Napoleonen anaiak ez zuen inongo txanponik landu Euskal Herrian. Nafarroako armarriari buruz egingo dugun atalean ikusiko dugunez berrikuntza batzuk ekarri zituen, baina funtsezko ideiei dagokionez… berrikuntza handirik ez. Latina erabili zuen bere txanpon gehienetan eta aginte edo tronuarentzako bidezkotasun haundia ez zuenez, jatorri jaunkotiarraren ideiarekin errotu zen. Paradoxa ederra… iraultza errepublikar batek erregetxe berri bat zabaldu bait zuen Europa guztian zehar.

Jose Napoleonen zilarrezko 4 biloi erreal – 5,93gr – Madrileko txanponetxea 1810

JOSEPH NAP DEI GRATIA 1810 – HISPANIARUM ET IND REX 4R M AI

Bada ala ere, latineraren erabileraren arau orokorrari kontra egiten dion adibide bat ere bere erregealdian zehar. Eta adibide honek gainera, pezetaren lehen erabilera historikoa erakutsiko digu. Pezetaren izena, katalaniarretik bait dator, pieza (katalanieraz peÇa) hitzaren txikigarritik. Ala ere, pezetaren lehen erabilera hau, gertaera isolatu batzuren ondorioa baino ez zen izan eta 1868. urteraino itxaron beharko zen, pezetaren benetako jaiotza eta hedapena ikusi ahal izateko. Baina gaztelaniarrari dagokionez, Bartzelonako txanpon hauek, gaztelanieraz egindako zilarrezko eta urrezko lehen aleak dira.

Jose Bonaparteren garaiko zilarrezko txanpona – Bartzelonan sortutako gaztelaniazko lehen txanpon aleak– 1813

EN BARCELONA 5 PESETAS 1813

  • Fernando VII, Espainietako errege eta urte batzuz Indietako errege. Desiratua deitua, Oskar Wild-ek zihoen bezala, “Kontuz ibili desi duzunarekin, egia bihur bait daiteke.” Espainietako errege egun gutxi batzuz 1808. urtean eta Napoleonen aurkako gerrateen ondoren, 1814 eta 1833 urteen artean. Jose Bonaparte eta Frantziarren aurka zutik mantentzen zirenen artean, bidezko erregea zen eta ondorioz 1808 eta 1814 urteen artean bere izenean landutako txanpongintza aurki dezakegu Ameriketako txanponetxe eta penintsulako hiri eskax batzuetan.

Honako txanpon hau kasuko, Cadiz-eko txanponetxean landu zen, hiri berdinaren izena daraman konstituzioa adostu zen urte berdinean. Konstituzio liberal berria bai, baina txanpon eredu zaharrak…

Cadiz-eko konstituzio liberala onartutako 1812 urteko Zilarrezko 8 erreal – 26,89 gr – Cadiz-eko txanponetxea

FERDIN VII DEI GRATIA 1812 – HISPANIARUM REX 8R CJ C

Frantziako urrezko gatibutza bukatu eta Espainietara 1814. urtean itzuli zenean, Pernando VII-ak berehala indargabetu zuen Kadiz-ko konstituzio liberala. Erregimen zaharra zen Pernandoren buruan posible zen egitura bakarra eta ondorioz, Nafarroako erresumaren azken txanponaldiari hasiera eman zitzaion 1818. urtean, 1833. urteraino luzatuko zena. Txanpon hauetan Pernando, III. zenbakiarekin azalduko da, Nafarroako errege bezala tokatzen zitzaionarekin alegia. Textuak latinez agiri dira eta boterearen jatorria jainkotiarra da soil soilik.

Nafarroako Pernando III.aren (Espainietako Fernando VII.) kobrezko 3 Marabedi – 6,25gr – Iruñako txanponetxea

FERDINANDUS III D G NAVARRAE REX 3M – 1818 – CHRISTIANA RELIGIO P.P.

Baina Pernandoren agintealdi absolutistak bapateko etena izan zuen, Riego generalaren 1820. urteko urtarrilaren lehenengoko altxamendu liberalaren ondoren. Martxoaren 10.ean, bere borondatearen aurka, Cadiz-eko konstituzioa berriro ere indarrean jartzera behartu zuten Pernando eta hiru urte eskaxetan, gobernu liberal batek hartu zuen agintaritza.

Hirurteko honetan, eta lehenengo aldiz, aldaketa ugari ikus ditzazkegu txanpon ereduetan. Eta aldaketa guzti horien ispilu, Bilboko behinbehineko txanponetxean landutako eta aurreko atalean ikusitako 10 erreal birzigilatuak izango dira (link).

Lehenengo aldiz, eta erresuma guztian zehar, hirurteko honetan landutako txanponetan gaztelaniera erabiliko da iriditextuetan. Frantziako iraultzaren garaian ikusitako ereduak jarraituz, estatu nazio liberalaren jaiotzaren aurrean gaude. Liberaleen ideien arabera, estatu nazio bateratua, herriaren eta konstituzioaren menpean zen erregearen agintaritzapean barneratu beharko litzateke etorkizunean. Baina Espainietako erresuma ez zen Frantziako errepublika eta baieztapen hau xehetasun pare baten bidez egiaztatuko dugu.

Lehenik eta behin, Pernando-ren agintea ez da konstituzioan soilik oinarritzen, agintaritzaren jatorri jainkotiarra oraindik ere oso aipagarria da txanponen iruditextuetan. Jainkoaren eta estatuaren arteko bereizketa oraindik gaur egunean landu beharreko atala da gure artean.

Bigarrengoz, Frantziako nagusitasun jakobinoaren aurrean, Pernando Espainietako errege bezala aurkezten da eta ez “Espainiarren edo Espainiako errege” bezala. Espainia hitza, singularrean, txanpon batean ikusi ahal izateko 1868. urteraino itxaron beharko dugu. Aniztasunaren ideia ez da ondorioz berria, uniformetasunarena azkoz berriagoa da.

Espainietako Pernando VII.aren zilarrezko 10 biloi erreal –13,10 gr – Bilboko txanponetxea – Hirurteko liberala 1821 (egiazki 1822. Urtean txanpondua) – Monakotik bilduma

FERN 7° POR LA G. DE DIOS Y LA CONST. 1821 – REY DE LAS ESPAÑAS U. Bo. G. RESELLADO 10 Rs

Hala ere, hirurteko liberalak, ustekabe pare bat sorturaziko dizkigu Euskal Herrian landutako beste txanponean. Aipatutako beste txanpon hau Iruñean landu zen 1823. urtean eta historio nabarmena du bere sorrera eta langintzaren inguruan.

Hirurteko liberalaren bukaera aldean, 1822. urtearen amaierako Veronako Kongresuan, Aliantza santuak Espainietako lurraldeetara gudaroste bat bidali eta Pernando VII.aren botere absolutista berrezartzea erabiki zuen. Ondorioz, Frantziak bidalitako „Luis Deunaren 100.000 semeak“ izendatutako gudarosteak apiril inguruan zeharkatu zituen Pirineoak eta lehen erresistentzia uneak Donostia eta Iruñean aurkitu zituen. Sei hilabetetan zehar, bi euskal hiriguneak setiatu zituzten frantses soldadu eta bere laguntzaile errealistek. Donostiako defentsak ez ziren egoera onean, 1813. urtean hiriak izandako sute eta arpilaketaren ondoren, baina Iruñeako gotorlekuak sendo eta mardulak ziren oraindik.

Gotorleku hauetan babesturik, hiriburuko guarnizioak eta han zen batailoi liberal batek sendo eutsi zioten, Frantziar gudarosteek eta absolutista espainiarrek penintsula gehiengoaren gain bere nagusitasuna lortzen zuten bitartean. Setioan ondo barneratuta, 1823. urteko uda garaian dagoeneko, matxuratutako eta erabilera gutxiko kanoi batzuen brontzea hartu, galdatu eta soldaduen ordainsari izango ziren txanponen lanketan jardun ziren Iruiñako gotorlekuan.

Nafarroako erresumaren foruak hautsiz, Pernandok zazpigarren zenbakia jaso zuen, Nafarroan zegokion hirugarrenaren ordez. Txanponen pisu eta balioak, gaztelarrak ziren (11 gr inguru eta 8 marabedi), Nafarroako 6 Marabedi eta 12 gramo t’erdiko pisuaren ordez.

Baina kasu honetan, hirurteko liberalaren oizko gaztelaniazko iruditextuen ordez, latina dugu berriro ere ikusgai, Bilboko txanponean ageri den esanahi berdin berdinarekin… FERDINANDUS VII DEI GRATIA ET CONSTITUTIO HISPANIARUM REX, hau da Pernando zazpigarrena, jainkoaren graziari eta konstituzioari esker Espainietako errege.

Espainietako Pernando VII.aren kobrezko 8 Marabedi –10,83gr – Iruñako txanponetxea – Hirurteko liberala 1823 –

Iruñea, Luis Deunaren 100.000 semeen setiopean

FERDIN. VII . D.G. ET C. HISP REX 1823 P 8

Argi da agintari eta soldadu liberal hauek ez zituztela txanpon makina eta tresna egokienak eskura. Ziur aski, inguruan zituzten patroi eta tresnen bidez egin behar izango zituzten, fundizio bidez egindako txanponen moldeak. Argi da era berean, ez zutela kokatuak ziren lurraldearen nortasun eta autogobernuaren ezaugarriei begiramenik. Txanponen kalitatea makala da, baina beraien esanahia oso esanguratsua…Nafarroako erresumaren identitatea laster deseginduko da Espainiako nazio estatu berrian.

1823. urteko Irailak 16an, Iruñako garnizio liberalak amore eman eta bandera txuria atera zuen. Gertaera honi, beste hamar urtetako garailadi absolutista batek jarraitu zion Pernando VII. 1833 hil zen arte.

Txanponei dagokionez, berriro ere tradizioa nagusitu zen, eta Iruñako txanponetxeak urte oparoak izan zituen Pernando-ren heiotzaren ondoren lehen karlistada jazo zen arte. 1825-1826 eta 1829-1833 urteen artean, Iruñako txanponetxeak marabedi erdi, bateko eta hirutako txanpon kopuru ederra sortu zuen.

Nafarroako Pernando III.aren (Espainietako Fernando VII.aren) kobrezko 3 Marabedi – 5,76gr inguru – Iruñako txanponetxea

FERDINANDUS III D. G. 3 M – NAVARRAE REX 1833

Baina garaiak aldaketa giroan sartuak ziren eta lehen karlistadaren erdian, Iruñako txanponetxeak bere historia luzean zehar landuko zuen azken txanponaren sorrera ikusi zuen. Eta orain bai, eredu liberalak bertan gelditzeko iritsiak ziren.

Espainietako Isabel II.aren kobrezko 8 Marabedi – 11,67 gr inguru – Iruñako txanponetxea

ISABEL 2ª POR LA G. DE DIOS Y LA CONST. 1837 – REYNA DE LAS ESPAÑAS 8M PP

Atzean gelditu dira Nafarroako ikurrak, bertako erregeen zenbaki numeralak eta latinezko iruditextuak. Aurrerantzean, gaztelaniaz izango dira hego Euskal-Herrian landutako txanpon guzti eta eskaxen irudiak. Euskera ez da behin bakar batean ere ageriko agintaritza ofizial batek egindako txanpon batean.

Eusko Jaurlaritza berak bizkarra eman zion euskarari, gerrate zibilean landutako pezeta txanponen iruditextuetan… baina hau beste atal baterako historioa da.

Eusko Jaurlaritzarentzat Bruselako txanponetxean landutako Nikelezko bi pezeta – 8 gr. Ni

GOBIERNO DE EUZKADI – 2 PESETAS 1937 – Armand Bonnetain Grabatzailea

Bibliografia:

El español en monedas y jetones – Miguel Ibañez Artica – link

La reforma monetaria del trienio liberal en España, 1820-1823: modernización y límites – Enrique Prieto TejeiroDionisio de Haro Romero – 2012 – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Gaztelaniera euskal txanponetan agertu zenetakoa”

  1. Pingback: Gure Emakumeen Islada Txanpongintzan | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude