Gure Emakumeen Islada Txanpongintzan

Emakumeek erabateko garrantzia dute gure bizitzetan, gure amek, maiteek, familiarteko eta lagunek, euskaraz mundua erakutsi ziguten ikastolako andereñoek…hauek denek eta besteek garrantzi berbera izan dute euskal historian, baina edonon gertatutako moduan garrantzi horrek ez du islada egokia izan ez gordetako dokumentuetan, ez egiten dugun historiaren kontakizunean.

Txanpon zaharrak, gure egunetaraino iritsitako dokumentu ofizialak dira. Metalaren iraunkortasunak eta bere baitan eman diegun balioak, txanpon hauen luze iraupena ahalbidetu dute. Txanpon hauei begiratu ezkero zein da emakumeek izan duten islada euskal txanpongintzan? Ikus dezagun!

Emakume irudiaren lehen agerpena akitaniarrek landutako drakma anepigrafoetan aurki dezakegu. Gutako askorentzat zaila izanen da emakume irudia txanpon hauen aurkian bereiztea. Hala ere, txanpon hauen patroi metrologiko eta estiliskoak ziren Emporioi eta Massalia-ko drakmei begiratu ezkero, hara non zen Aretusako ninfaren edo Persefoneren irudia.

Sotiate populu akitaniarraren zilarrezko drakma alea, 2,85gr 16,5mm – k.a. II mendea

INUMIS, MAIL BID SALE 26, LOT 72 14.10.2014

Txanpon sotiatetarren kasuan, emakume iruditegiak ez zuen ohiturazko edo imitaziozko irudiketa bat baino azaltzen, ez zuen sotitate populuko emakumeren baten irudikapen asmorik, baizik eta atzerritik jasotako patroi estilistikoaren eraldaketa baino ez.

Emporiton kolonia grekoaren zilarrezko drakma alea – 4,06 gr – Persefone edo Aretusa Ninfaren irudia aurkian. Pegaso zaldia ifrentzuan.

AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 268, LOT 1084 03.06.2015

Gaur eguneko euskal lurraldeetan edo hauen inguruetako lurraldeetan landutako txanponketa baskoi, keltiberiar, iberiar, beroi edo hauen ondorengo erromatarrek ez zuten ez emakumezkoen iruditegirik ez hauei buruzko inolako aipamenik. Goi erdi aroan, bisigodo eta frankoen aurkago gatazken garaietan ez dago bertako txanpongintzaren zantzurik eta Tuterako islamiarrek landutako ale bakanek ere, ez dute emakumezkoen arrastorik.

Nafarroako erresumaren historian zehar sakon barrendu beharrean gara, emakume baten izena lehenbiziz euskal txanpon batean agertu dadin. Lehen emakume hau, Juana I. erregina izan zen (1274-1305); bi urte baino gutxiago zituen koroa jaso zuenean eta hamaika baino ez, Frantziako errege izatera iritsiko zen Felipe IV. Kapetoarekin ezkondu zutenean. Garai honetakoak dira, Joanaren izenpean Nafarroan landu ziren zilarrezko diru txikiak (diru erdi edo obolo delakoen ale gutxi batzu ere ezagunak dira):

Joana I. (1274-1305) erreginaren izenean landutako zilarrezko dirua – 1,06gr

Aurkia: IOHANA REGINA (Kristau gurutzea)

Ifrentzua: DE NAVARRA (Txanpaina etxearen gaztelu ezaugarria)

CAYÓN SUBASTAS, SUBASTA RÁPIDA 18, LOT 13 24.09.2014

Joanaren ezkontzaren ondoren ez zen txanponik gehiago landu Nafarroan; mende erdi batetan zehar Kapetotarren Frantziar erresumako txanponak erabili ziren, arik eta Juana II.aren (1328-1349) seme zen Karlos II.ak (1349-1387) txanponketa oparoak berrezarri zituen arte.

Frantzian ez bezala, Nafarroako erresumak ez zuen lege salikorik, hau da, errege bat gizonezko oinordekorik gabe hil ezkero, errege horren alabek jaso zezaketen koroa. Hori bai, semeren bat izan ezkero, hauek beti zuten lehentasuna emakumezko oinordekoen aurretik.

Erregina baten koroaketak, errege etxearen aldaketa ekarri ohi zuen; erregina erresumaren jabea zen arren, ezkontzen zen momentu berean, ezkontza honetatik sortutako ondorengoek senarraren abizena hartzen bait zuten. Era berean, lurraldearen eguneroko kudeaketa, batez ere guda edo liskar garaietan, senarraren menpean erortzeko arriskua ere ba zen. Horrenbestez, erresuma jabedun erregina hauen senargai aukeraketak, Europako erregetxeen arteko diplomazia, presio eta azpijoko askoren sortzaile izaten ziren.

Emakumeen bidez bideratutako oinordekotza horiek erresuma ahuldu ohi zuten batzuetan, baina besteetan, bere sobironatasuma berreskuratu eta iraunaraztea ahalbidetu zioten Nafarroari.

Esate baterako, Juana I. txanpainatarraren ezkontzaren ondoren, hau da, Frantziako erresumarekin bat egin ondoren, Juana II.aren (1328-1349) koroaketak Frantziako erresumako erregetxe berri Valois-tarrari muzin egitea ahalbidetu zuen.

Ondorioz, Juana II.aren senar Evreux-ko Felipek, nafar erresumaren hurrengo errege etxea abiatu zuen. Zerbitzu ederra egin zion Juanak Nafarroari, baina ez dugu bere izena daraman inongo txanponketa arrastorik (ezta haren senar Feliperen txanponketa argirik ere).

Juana II.-aren (1328-1349) biloba zen Karlos III. (1387-1425) nobleak, ez zuen gizonezko oinordeko bizirik utzi eta Blanka (1425-1441) bere alabak jaso zuen koroa. Blankak koroa jaso zuenean, Juan printze Trastamaratarrarekin zegoen ezkondua dagoeneko eta ondorioz, hurrengo erregetxe aldaketaren atarian aurkitu zen Nafarroa. Kasu honetan, Blanka eta bere senarraren izenpean landutako bi txanpon eredu landu ziren, garai honetako txanpongintzari eskeinitako atalean ikusi genuen bezala.

Blanka I. erregina eta Juan II. senarraren izenean landutako zilarrezko blanka edo grosa – 2,75gr

Aurkia: I:Z:B:DEI:GRA:REX:Z:RGA:NAVARRE (I eta B izki koroadunak)

Ifrentzua: SIT*NOMEN*DOMINI*BENEDICTVM

AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 313, LOT 179 05.07.2018

Lehen txanpon ereduaren kasuan, errege erreginen inizialak nabaritu daitezke aurki aldean azaltzen den koroaren azpian, Iohanes erregearen I izkia eta Blanca erreginaren B izkia. Bigarren ereduaren kasuan, koroak bete zuen aurkia eta ondorioz errege erreginaren izkiak desagertu ziren; hauek, oraindik ere, aurkiaren kanpo aldean izkribatutako textuirudian irakurri daitezke.

Blanka I. erregina eta Juan II. senarraren izenean landutako zilarrezko karlina– 2,61gr – Koroaren oinarri zabala

Aurkia: I:Z:B:DEI:GRA:REX:Z:RGA:NAVARRE

Ifrentzua: SIT:NOMEN:DOMINI:BENEDICTVM

AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 264, LOT 279 11.12.2014

Trastamaratarren erregealdia korapilatsua suertatu zen; Blanka-ren heriotza goiztarrak bere seme Karlos Viana-ko printzearen oinordekotza eragin behar zuen, baina Juan-ek ez zuen koroa uzteko asmorik. Ondorioz, aita-semearen eta Beaumontarren (Vianako Printzearen eskubideen alde) eta Agramontarren (Juan errege usurpatzailearen alde) arteko gerrate zibila piztu zen.

Gerrate horretan zehar, erresumaren ongizatearen beherakadaz gain, Blanka-ren lehen oinordeko biren heriotza eman zen, Karlos Viana-ko Printzea alde batetik eta bere arreba Blanka printzesa bestaldetik. Horrenbestez, 1479. urtean Juan aita maltzurra zaindu zenean, Blankaren azken alaba Eleonorrek jaso zuen Nafarroako koroa.

Emakumeak koroa eskuratu ezkero, erregetxe berria, eta honako honetan Foix-eko etxeari eman zion txanda Eleonorrek. Alarguna zen dagoeneko Eleonor koroa jaso zuenean eta Biarnoko Jaunterrian bere biloba Foix-eko Frantzisko Feborekin batera bizi zen.

Garai hauetan, arrisku handiko ogibidea zen Nafarroako errege-erreginarena, eta Pernando katolikoaren itzalpean, hambost egunetan baino ez zuen koroa jazterik izan Eleonorrek. Bapatean hil zen, kasualitatea.

Ez zuen zorte hoberik izan Eleonorren bilobak, lehen aipatutako Frantzisko Febo erregeak (1479-1483). Honek, lau urte iraun zituen bizirik, hamabost urte eskax zituenean eta hil ohean, bere arreba Katalinari (1483-1517) koroa luzatu beharrean izan zenean.

Foix-eko Katalina I. erregina eta Labrit-eko Juan III. senarraren izenean landutako urrezko dukata– 3,38gr

Aurkia: IOHANES.KATHERINA.R.NAVARRE

Ifrentzua: SIT:NOMEN:DOMINI:BENEM

AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 337, LOT 505 16.10.2019

Katalina I. erreginak eta Juan III. erregeak Pernandoren azpijokoak jasan behar izan zituzten haien erregetza guztian zehar, arik eta azkenean, 1512. urtean erresuma inbaditu eta indarrez kendu zioten arte. Juan III. erregea 1516. urteko berreskuraketa sahiakeraren ondoren hil zen, ahitua.

Katalina eta Juan erregeen azken urrezko txanponetan, Isabel eta Pernando errege katolikoek ezarritako itxura eredu berbera jarraitu zuten; hau da, errege bikotearen irudi aldamenekoa aurkian eta erregetxearen armarria ifrentzuan. Baina Isabel eta Pernando, errege erregin ziren biak, bata Gaztela-Leoikoa eta Aragoikoa bestea. Nafarroako erresuman berriz, nahiz eta erregetasuna emakumearena izan, errege bikote osoaren islada azaltzen zuten txanponetan. Patroi berbera errepikatuko da etorkizunean; Habsburgotar eta Valois-tar erregeetxeen txanponetan, parekoen aurrean baino ez dira ageriko emakumeak (edo Juana Gaztelakoaren kasuan agertu ere ez). Nafarroako erregetxeak berriz, eredu malguagoa erabili zuen. Ikus ditzagun ondorengo adibideak.

Isabel eta Fernando errege eta erreginaren izenean landutako urrezko exzelente bikoitza – 7,02gr 27mm (1497-1516)

Aurkia: FERNANDVS:7:ELIXABET:DEI:G:

Ifrentzua: SVB:VMBRA:ALARVM:TVA S

ROMA NUMISMATICS LIMITED, AUCTION 24, LOT 1367 28.03.2022

Katalina erreginak beste urte bat iraun zuen senarraren heriotzaren ondoren, bere Biarnoko lurraldeetan errefuxiatua. Hura ere ahitua hil zen; bere erresuma hiriburuko Iruñako katedralean hobiratzea eskatu zuen, koroa bere semeari, Nafarroan jaiotako azken erregeari, Labrit-eko Henrike Zangotzarrari (1517-1555) helarazi baino lehen.

Katalinaren oinordekotzak Labrit etxearen erregealdia ekarri zuen; Henrike Zangotzarrak (1517-1555) hasi zuen erregealdi hura; dagoeneko luzaro hitz egin dugu Henrikez, Nafarroan jaiotako azken erregeaz eta nola bere agintepean Nafar txanpongintzaren garairik landuenetarikoa hasi zuen.

Henrike Zangotzarrak ez zuen desiratutako semerik izan eta oinardekotza beste behingoz, bere alaba Joana III. (1555-1572) erreginak eskuratu zuen. Joana erregina, Borboi etxeko Antoine edo Antonio-rekin zen dagoeneko ezkondua eta aitak sortutako Pau-ko txanponetxe zoragarrian garai haietako txanponik ederrenetakoak sortu zituzten.

Joana eta bere senarrak, bikotearen irudi aldamenekoa hartu zuten eredutzat beste behingoz eta ez ziren bakarrak izan, ondoren ikusiko dugunez. Baina Pau-ko gazteluko dorretxekean kokatutako txanponetxean landutako txanponek, garai hartan landutako teknologia aurreratuena zuten:

Labrit-eko Joana III. erregina eta Borboi etxeko Antonio I. senarraren izenean landutako zilarrezko testoia – 9,22gr 27mm

Aurkia: ANT ET IOAN DEI G RR NA DD B

Ifrentzua: GRATIA DEI SVMVS Q D SVMVS 1555

MONNAIES D’ANTAN, AUCTION 15, LOT 911 16.05.2014

Habsburgotar Felipe II. eta Tudor-tar Maria erreginaren izenean landutako zilarrezko txelina – 6,22gr

Aurkia: PHILIP ET MARIA D G R ANG FR NEAP PR HISP 1554

Ifrentzua: POSVIMVS DEVM ADIVTOREM NOSTRVM XII

SPINK, AUCTION 17011, LOT 1736 28.03.2017

Guillaume Martin grabatzaileari egotzitako Valois-tar Frantzisko II. Frantziako delfinaren (geroago errege) eta Maria Estuardo eskoziarren erreginaren arteko ezkontzaren oritzapenezko medaila – 1558.an landua, honako ale hau XIX mendeko erreplika

Aurkia: FRAN.ET.MA.D.G.RR.SCOTOR.DELPHIN.VIEN.

Ifrentzua: FECIT.VTRAQVE.VNVM. 1558

CLASSICAL NUMISMATIC GROUP, INC., AUCTION 99, LOT 1315 13.05.2015

Antonio ez zen luzaroan izan Nafarroako errege (Jure uxoris beti ere). Frantziako erlijio gerrateetan Katolikoen alde Rouen setiatzen zebilela hil zuten (1562). Ezkondu ondoren erlazio zoriontsua izan zuten arren, azken urteetan bere senar aldakorrarengatik aldentzen joan zen Joana higanota eta alargundu ondoren, indar guztiz ekin zion erlijo erreformatua sustatzeari.

Labrit-eko Joana III. erregina alargunaren izenean landutako zilarrezko testoia (lehen eredua)

Aurkia: IOANA.DEI.G.REG.NAVAR.D.B. P

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.QVOD.SVM. 1564

MÜNZEN & MEDAILLEN GMBH (DE), AUCTION 34, LOT 964 26.05.2011

Ahalegin horretan laguntza eta adiskidetasuna eman zion agintari gutxienetakoen artean beste erregina bat izan zuen bidelagun; Ingalaterrako Elisabet I.a (1559-1603), Joana bezain kementxu eta ausart bere kontzientzia eta ikuspen politikoaren alde borrokan ibili zenetakoa.

Tudor-tar Elisabet I. erreginaren izenean landutako zilarrezko txelin erdia

Aurkia: ELIZABETH D G ANG FR ET HIBER RGINA

Ifrentzua: POSVI DEV ADIVTOREM MEV 1568

GORNY & MOSCH GIESSENER MÜNZHANDLUNG, ONLINE AUCTION 267, LOT 4469 17.10.2019

Labrit-eko Joana III. erregina alargunaren izenean landutako zilarrezko testoia (Bigarren eredua)

Aurkia: IOANNA.D.G.REG.NAVARRAE. (Behia) D.B.

Ifrentzua: GRATIA.D.SVM.ID.QVOD.SVM. 1571 B

CGB.FR, E-MONNAIES JUIN 2015, LOT 356416 30.06.2015

Baina Joanak ez zuen osasuna izan bidaide eta 44 urte beterik, 1572. urteko ekainak 9an bere seme Borboitar Henrike III-ren ezkontza Parisen prestatzen ari zelarik hil zuen tuberkulosiak. Henrikek Frantziako erregearen arreba, Valois-tar Margarita zuen emaztegai. Bikotearen ezkontza (abuztuak 18) ostean, abuztuak 24an, Bartolome deunaren eguneko higamot sarraski ankerra jazo ondoren Henrikek higamot izateari uko egin behar izan zion bizitza eustearen truke.

Honelako jazoera bihozgabea ez zen hasierarik onena senar-emazte elkarbizitzarentzat eta izanez ere, ez zen hau ezkontza zoriontsua suertatu. Hamazazpi urteren buruan banandu ziren Henrike eta Margarita, mundura inolako oinordekorik ekarri gabe.

Txanpongintza arloan familia ohitura mantendu zuen Henrikek, errege bikotea irudikatzen zuten azken txanponak landu zituen. Izan ere Henrikek landutako azken dukat eta testoiek, bikotearen irudia betirako helarazi digute.

Henrike III. Borboi-tar errege eta Margarita Valois-tar erreginaren izenean landutako urrezko dukat bikoitza – 6,96gr

Aurkia: HENRICVS.II.MARGA.REX.REG.NAVARRE. D.B. Sinboloa

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.QD.SVM. 1577 – (Ezkurra) Jerome Le Normand, grabatzailea (N) – Pierre Nyert, txanponetxeburua – H Koroaduna M Koroaduna

ALDE, PUBLIC AUCTION OCTOBER 2015, LOT 1358 26.10.2015

Henrike III. Borboi-tar erregearen izenean baina Margarita Valois-tar erreginaren irudiarekin landutako zilarrezko testoia – 9,53gr 28mm

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. D.B. (Ezkurra) Jerome Le Normand, grabatzaile

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.QD.SVM. 1577 – (Izarra) – Auger de La Garde, txanponetxeburua

CGB.FR, E-MONNAIES JUIN 2015, LOT 356447 30.06.2015

Henrikek amaren erlijio higanota betebehar politikoengatik baztertu bazuen, erabat bestelakoa izan zen bere arreba Katalina printzesaren jokaera. Katalina Nafarroa eta Biarnoko erregeorde izan zen zen urte askotan zehar, Henrike Frantziako joko politiko eta gerrate erlijiosoetan katiatua zebilen bitartean. Katalina, anaiaren ispilu kontrakoa, Joana amaren ezpal berberetik sortu zen eta heriotzerarte mantendu zuen fede higanota, anaiaren presio eta bultzada guztien arren. Hain zen amaren ezpal, Katalina ere 45 urterekin hil zela tuberkulosiak jota.

Ez dugu Katalinaren irudirik inongo txanponetan, ez bait zuen txanponik txanpondu, baina medaila eskasen batek emakume apart honi ohore egitea ahalbidetuko digu.

Katalina Borboi-tarraren izenean landutako zilarrezko domina – 45,4mm x 36mm, 11,61gr

Aurkia: CATHERINE.DE.BOVRBON.SOEVR.VNICQVE.DV.ROY

AUKTIONEN MÜNZHANDLUNG SONNTAG, AUCTION 32, LOT 142 06.07.2020

Mendeak pasa beharrean izango ziren emakume baten irudiak Nafarroako txanpon batetan berriro ere zantzua utzi zuen arte. Eta utzitakoa, Nafarroan landutako azken txanponaren zantzua izan zen. Karlistez inguratutako Iruñean, galdatutako brontzeaz landutako liberalen txanponak izan ziren Nafar historiaren azken txanponak. Txanpon haiek liberalen erregina zuten aurkian, Espainietako Borboitar Isabel II.a. Baina haietan ez zen Nafarroako erresuma zaharraren arrastorik ere, erregina konstituzioduna Espainietakoa zen eta latinezko idatzi zaharrak gaztelaniak ordezkatu zituen.

Isabel II.aren izenean landutako 8 marabeditako brontzezko txanpona – Iruñan landutako azkena eta gaztelaniaz landutako nafar txanpon bakarra – 10,57gr

Aurkia: ISABEL.2°.POR.LA.G.DE.DIOS.Y.LA.CONST.1837

Ifrentzua: REYNA.DE.LAS.ESPAÑAS. 8M PP (Pamplona)

TAULER & FAU SUBASTAS, AUCTION 33, LOT 3363 25.06.2019

Lege salikoa medio, Baiona bezalako puntako txanponetxe batek ez du emakume islada bakar bat baino, eta agerpen hau alegorikoa da. Herkules indartsua libertatearen eta berdintasunaren emakumezko alegorien artean, bere ezkerraldean bata eta eskuinaldean bestea.

1798 urtean (7.urtea) Frantziako iraultzaren direktorio garaian landutako zilarrezko bost libera – 24,88gr

Aurkia: UNION ET FORCE Dupres (Grabatzailea)

Ifrentzua: REPUBLIQUE FRANCAISE 5 FRANCS L’AN 7 L

ALDE, PUBLIC AUCTION JUNE 2018, LOT 341 12.06.2018

Eta alegoria berbera erabili zuen Eusko Jaurlaritzak, hau da, askatasunaren frigiar burukoa daraman errepublikar emakumearena, gerrate zibilean zehar landu zituen pezeta aleetan. Hemen itsi dugu gurpila, Euskal azken txanponek, lehenengoen modura, kanpotik etorritako emakumearen alegoria aurkezten bait zuten, Persefone eta bi mila urteren buruan errepublikar berdintasun eta askatasunarena.

Aureo & Calico enkantetxeak 2015. urteko Fermin Deunaren egunean saldutako euskal pezeta sorta – Goikaldean nikelezko pezeta bat eta bi pezeta – Behekaldean kobrezko aleazioz egindako proba urriak

Garaialdia: Gerrate zibila, Euzko Jaurlaritzaren agintealdia

Mota: Pezeta bat, bi pezeta

Metala: Nikela (99/99,5% Ni + Co)

Diametroa: 22 mm (1 Pezeta), 26 mm (2 Pezeta)

Pisua: 4 gr (1 Pezeta), 8 gr (2 Pezeta)

Kopurua: 6.000.1000 (1 Pezeta), 2.000.1000 (2 Pezeta)

Aurkia: GOBIERNO DE EUZKADI AB (Armand Bonnetain grabatzailea)

Ifrentzua: 1 PESETA 1937, 2 PESETAS 1937

Hauek dira gure emakumeen isladak txanpongintzan, ez dira ugariak baina bai nabariak. Bejondeiela.

Bibliografia:

CATÁLOGO GENERAL DE LA MONEDA DE NAVARRA – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaretxea

Moneda medieval navarra –Manual de Numismatica – Miguel IbaÑEZ ARTICA – 2021

Moneda de Euskal Herria – Pablo Maria Beitia – 2018

Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010

LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 1 et 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)

MONNAIES FEODALES BEARN ET NAVARRE – Serge Salles – 2022

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica – link

 

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Gure Emakumeen Islada Txanpongintzan”

  1. Pingback: Bertrand de la Lande, Baionatar Txanponetxeburuaren Nafar Lanketak | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude