2022. urteko azaroak 14.a egun historikoa suertatu zen euskaldunontzat, baita euskara maitatzen duen ororentzat ere. Egun hartan, Aranzadi Zientzia Taldeak, Arangurengo Udalak, Nafarroako Gobernuak eta hizkuntzalaritza arloko adituek, Irulegiko aztarnategian (Nafarroako Arangurengo udalerrian kokatutako aztarnategia) aurkitutako brontzezko esku baten eta esku horretan aurkitutako idatziaren berri eman zuten.
K.a. I. mendean, Sertorioren gerrateen (k.a.82-k.a.72) garaian datakotzat jotako esku honetan, euskara aintzindarian, edo adituek erabilitako izenaren arabera, baskonikoan izkribatutako aztarnarik zaharrena aurkitu omen zen.
Euskaldun moduan, berria irakurri nuenean bihotza indarrez hasi zitzaidan taupadaka. Xehetasun gehiago jakin nahi nituen eta sorioneku hitz hori borbor zebilen nire buruan. Lanean nenbilen eta bezero batekin deialdia astear nintzen, baina gogoa beste nonbait nuen.
Irulegiko indusketaren (Arangurengo Udalerria) aire argazkia – Hiribildu Baskoia urrunean ageria da – Aranzadi Zientzia Taldearen Argazkia
Esan bezala, aurkeztutako idatziak 2.100 bat urte ditu eta garai haietan erromatarrak dagoeneko gaur egungo Nafarroan muturra sartzen bazebiltzan ere, ez da alfabeto latinoan idatzia. Idatzia, lehen begiratuan, ipar-ekialdeko iberiar signarioan legoke idatzia. Baina Javiez Velaza adituak berehala adierazi zuen idazki honen berezitasun bat. Baskoien artean, iberiar signarioa, iberiarra ez zen hizkuntza baten desberdintasun fonetikoak irudikatzeko egokitu omen zen. Moldaera hauen artean, ikur berri ezezagun gutxi batzuen sorrera eta beste ikur iberiar zahar gutxi batzuren eraldaketa fonetikoa barneratu omen zituen. Horrenbestez, signario baskoniko delakoaz hitz egin beharrean omen gara eta baskoiak letragabekoak zirenaren ideia baztertu beharrezkoa da.
Iberiar grafiaren sinboloen laburpena, denarios.org orrialdearen lana – Laburpen honek iberiar penintsulan agertutako sinbolo gehiengoen sailkapen eta esanahi ustezkoa edo laburtua agertzen du.
Ondorioztapen guzti hauek irakurri ondoren harrituta gelditu nintzen; nik, parada bakar batean, horrelakoak lehen ere entzuak nituen, Irulegiko eskuaren arrastorik ez zenean. Eta parada hori, 2021. urteko museoen egunaren omenez, Nafarroako Museoan Francisco Beltrán Lloris adituak emandako hitzaldia izan zen. Hitzaldi hartan, Beltrán Lloris jauna aintzinaroko Nafarroako txanponketei buruz ibili zen jardunaldian.
Irelegiko brontzezko eskuaren irudia – Aranzadi Zientzia Taldearen argazkia
Urte askotako azterketa, indusketa eta jende askoren lanaren ondoren, Irulegiko esku hau omen da, signario baskonikoaren eta euskara aintzindari baten islada zaharren eta ukaezinena. Esker onekoa da hemen ere, beste behingoz, Irulegiko idatziak aurkezten duen textuirudia erakustea.
Irelegiko brontzezko eskuaren irudiak erakusten duen textua – Aranzadi Zientzia Taldearen argazkia
Egun hartan zehar, han eta hemen, zertxobait gehiago irakurtzen joan nintzen, eta signario baskoniko horren ezaugarri bereizgarri haundienetako bat, beste inongo idazkietan ageri ez den izki bat omen zen, gaur egungo alfabeto latinoan T letra larriaz hartuko genukeen izkia alegia.
Txanpongintzaren inguruan gabiltzanak, badugu T izki horren berririk aintzinaroko txanponetan. Eta izki hori, kokapen geografiko zehatzik ez duten bi txanponetxeetan aurki daiteke hain zuzen ere. Bi txanponetxe horiek, baskoi txanponetxeen artean sailkatu ohi dira, baina esan bezala, baskoiak zirenaren ustea dugun arren, ez dugu baskoien lurraldetan zuten kokapen zehatzik.
Bi txanponetxe horien ustezko izenak, T izki horrek ordezkatzen zuen fonemaren ziurtasunik ez bait dugu, ONTiKeS, OMTiKeS, ORTiKeS eta UNANBaATe, UMANBaATe edo URANBaATe izango lirateke.
Eta bi txanponetxe hauetako ale bana ondorengo bi hauek izango lirateke, non signario baskonikoaren ezaugarri omen den T izki hau biribil gorri batean nabarmendu dudan.
ONTiKeS txanponetxearen izena daraman brontzezko unitatea – 11,31 g. 23,5 mm – JESÚS VICO, S.A., SUBASTA 158, LOT 365
Aurkia: Buru izarduna lepokoarekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean goldea, atzealdean izurdea
Ifrentzua: Zaldun lantzaduna, triskela gainaldean eta ONTiKeS idazkia zaldi azpialdean
UNANBaATe txanponetxearen izena daraman brontzezko unitatea – 12,80 g. 25,6 mm – JESÚS VICO, S.A., SUBASTA 160, LOT 186
Aurkia: Buru izarduna lepokoarekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean ETaON iberiar grafiaz
Ifrentzua: Zaldun Ihitaiduna eta UNANBaATe idazkia – Te azken fonema ere berezia da
Orain dela zenbait hilabete, Irulegiko eskuaren aurkikuntzaren aurretik, euskararen aztarnen bila ibili nintzen txanpon paleohispaniarretan. Sarrera hartan, iberiarren lurraldetako txanponetan aurkitutako textuirudi batzuen azterketa egin ondoren, Ebro bailara erdi eta garaian aurkitzen ziren txanponetxeen txanponetan agertzen diren textu lagungarrien azterketa egin nuen. Gaurko honako honen aurretik, blog idazki hura berrikurtzea gomendatuko nuke, lehenengo laburpen orokor ona eskaintzen bait du.
Gehiagorako denborarik ez nuen izan sarrera hartan, nahiz eta signarioaren eta beste askoren inguruan ba zen oraindik zer esanik. Zentzu honetan, Francisco Beltrán Llopis adituaren hitzaldia erabat gomendatzen dut (hitzaldi honen bideoaren lotura Bibliografia sailean aurkitu daiteke); ondorengoan aditu honek hitzaldi hartan esandakoen inguruan ibiliko naiz ein handi batean.
Beltrán Llopis jaunak, Ebro bailara erdi eta garaia idazki paleohispanikoen hedapen muga izan zela adierazi zuen. Baskoien lurraldeetatik mendebaldera (gaur eguneko Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan) ez dugu idazki paleohispanikoen aurkiketarik.
Baskoien lurraldeetan bertan, idazki paelohispaniko oso gutxi aurkitu dira gaur egunerarte. Andelos-eko mosaikoa, Arangurengo brontzea, Oliteko Harria…hauetaz gain idazki kopuru handiena txanponetan bertan aurki daiteke. Eta txanpon hauek garai hartako jendearen idazkerari buruz esaten digutena erabat interesgarria da. Signario baskonikoaz hasi gara hitz egiten Irulegiko aurkikuntzaren ondoren, baina signario honetan, eta txanponek erakusten digutenez, erabateko anitztasuna aurki dezakegu. Honek, idazkeraren finkapenaren lehen eta ondorengo pausoen aurrean egotearen ideia ekar diezakiguke gogora.
Har dezagun Arsaos-eko txanponetxea adibidez, eta ikus dezagun zenbat aldaki ematen diren txanponetxearen idazkeran. Arsaos txanponetxearen kokapena ezezaguna da, baina txanpon aurkikuntzek eta erromatar idazki batek, gaur egungo Zangotza eta Zaragozako Sofuentes herriaren artean kokatuko lukete.
Arsaos txanponetxearen idazkera “estandarra” edo ohizkoa honako “denario” honetan aurki dezakegu. Lehen begirada batek, R alderantzizko hori signario iberikoan ez zela arrunta esango digu. Egia esan, R alderantzizko horrek R fonema irudikatzen zuen ere ez dakigu, baina nahiko litekeena litzateke, “ARS” segidakoa Barskunes, Sesars edo Arsakos-en ere errepikatzen bait da. Gogoan izan, edonorrek gonbaratu dezake R alderantzizko hau, Irulegiko eskuan R fonemaren bi aldaera besberdinak irudikatzeko erabiltzen ziren zeinuekin.
ARSAOS txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denarioa – 3,51 gr. – TAULER & FAU SUBASTAS, AUCTION 44, LOT 6019
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean izurdea, atzealdean golda
Ifrentzua: Zaldun geziduna eta ARSAOS idazkia
Baina azter dezagun zenbat aldaki ditugun Arsaos-eko txanponetxeko aleen idazkeran. Lehenik eta behin azter dezagun ondorengo ale hau, non R alderantzizko hori gure latindar alfabetoko R arrunt moduan ageri den:
ARSAOS txanponetxearen izena daraman brontzezko unitate edo as alea – 7,47 gr TAULER & FAU SUBASTAS, AUCTION 109, LOT 4114
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean izurdea, atzealdean golda
Ifrentzua: Zaldun geziduna eta ARSAOS idazkia
S izkien grafiari begiratzen badiogu berriz eta grafia „estandarrarekin“ gonbaratuz, denetarik aurki dezakegu, izki luzatuak, alderantzizkoak eta nahastuak (bata era batean bestea beste kontrakoan):
ARSAOS txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denarioa – 3,79 gr. – TAULER & FAU SUBASTAS, AUCTION 44, LOT 6017
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean izurdea, atzealdean golda
Ifrentzua: Zaldun geziduna eta ARSAOS idazkia
ARSAOS txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denarioa – 4,23 gr. – Tauler y Fau Auction 118 Lot 36
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean izurdea, atzealdean golda
Ifrentzua: Zaldun geziduna eta ARSAOS idazkia
ARSAOS txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denarioa – 3,96 gr. – AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 345, LOT 100
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean izurdea, atzealdean golda
Ifrentzua: Zaldun geziduna eta ARSAOS idazkia
ARSAOS txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denarioa – 4,00 gr. JESÚS VICO, S.A., SUBASTA 143, LOT 41
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean izurdea, atzealdean golda
Ifrentzua: Zaldun geziduna eta ARSAOS idazkia
Eta A izkiaren grafiari begiratu ezkero, bada izki honen grafiaren garapenaren azterketa posiblerik. Arsaos-eko txanponketak k.a. 150. eta k.a. 72 urteen artean eman zirela ontzat hartzen badugu, lehenengo urteetako txanponketek ondorengo grafia erakusten dute A izkiarentzat:
ARSAOS txanponetxearen izena daraman brontzezko unitate edo as alea – 12,32 gr TAULER & FAU SUBASTAS, AUCTION 44, LOT 6028
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi aurrealdean izurdea, atzealdean golda
Ifrentzua: Zaldun geziduna eta ARSAOS idazkia
Lehen esan dugunez, ARSAOS eta SESARS-eko txanponetxeek “ars” segidako hori partekatzen zuten bere izenetan. Baina horretaz gain, Arsaos-en kasuan ez-oizko R alderantzizko izki hori nabarmandu badugu, SESARS-en kasuan, gariburuaren antzekoa den beste izki aparteko bat nabarmendu behar dugu. Bi izki hauek, bai R alderantzizkoa eta bai gariburua, iberiarren k.a. III. mendeko izkribuetan ageri ohi ziren, baina Ebro bailarako txanponetan ematen zaien balio fonetiko erabat desberdinekin.
SESARS ez zen txanponetxe baskoia; adituen ustez txanponetxe suesetaniarra zen eta gaur egungo Huesca, Bolskan txanponetxe hiriaren inguruetan kokatzen dute. Arsaos-en kasuan bezala, gariburu izki aparteko honen itzulpen fonetiko zehatza ezin dugu ziurtatu, baina adituek SESARS, SUESARS edo SUISARS bezalako irakurketak ematen dituzte. S izki bereziak ere agertzen dituzte SESARS-ko txanponek. Aurki aldean textu laguntzaileak dituzte, non BON idazkia ageri ohi den, Arsaos-en kasuan ON idazkia duten txanpon urri batzu azaldu diren bitartean.
SESARS-eko txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denarioa – 4,05 gr AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 269, LOT 52
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegi atzealdean BON idazkia
Ifrentzua: Zaldun Lantzaduna eta SESARS idazkia
S izki berezien arrastoari tiraka egin ezkero, TiRSOS-eko txanponetxera iritsi gaitezke. Honako ale honetan ageri den S izkia Sesars-eko txanponetxean ageri den berbera da. Baina begira diezaiogun txanpon berberean ageri den R izkiari. Ez da irulegiko eskuan ageri den berbera, erronbo barnerantz doan punttu bat ageri bait du.
TiRSOS txanponetxearen izena daraman brontzezko unitate edo as alea – 10,17 gr 23,2mm JESÚS VICO, S.A., SUBASTA 160, LOT 179
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira
Ifrentzua: Zaldun ihitaiduna eta TiRSOS idazkia
Eta R fonemari dagokion izki punttudun antzekoa ageri da BARSKUNES-eko txanponetxearen ale zaharrenen artean, kasu batzuetan R izki borobildua erronboaren ordez, besteetan behe aldeko marra gabe. Egin berriro ere gonbaraketak Irulegiko eskuarekin eta berriro ere izki apartekoen ereduak aurkituko dituzue honako ale honetan, bai E izkiari, baita KU fonemari dagokionez ere.
BaRSKuNES txanponetxearen izena daraman brontzezko unitate edo as alea – 8,31 gr – TAULER & FAU SUBASTAS, AUCTION 55, LOT 5046
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Izurdea aurpegiaren aurrean
Ifrentzua: Zaldun ezpataduna eta BaRSKuNES idazkia
BaRSKuNES txanponetxearen izena daraman brontzezko unitate edo as alea – 7,83 gr 24mm – IBERCOIN, ONLINE AUCTION 43, LOT 1067
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Izurdea aurpegiaren aurrean
Ifrentzua: Zaldun ezpataduna eta BaRSKuNES idazkia
BaRSKuNES txanponetxearen izena daraman brontzezko unitate edo as alea – 10,29 gr – AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 273, LOT 1092
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Izurdea aurpegiaren aurrean. Aurpegiaren atzean BeNKoTa
Ifrentzua: Zaldun ezpataduna eta BaRSKuNES idazkia
Eta BaRSkuNES edo hobe esanda BaSKuNES izendapena daramaten txanponekin jarraitu ezkero, Be fonema isladatzeko beste izki aldaki interesgarri bat aurki dezakegu. Aldaki hau, txanponetxe honetako textu lagungarrietan ageri den BeNKoTa hitz hasieran aurki daiteke, baita BeNTiAN txanponetxearen izenean edo txanponetxe honen txanponek azaltzen duten BeNKoTa textu lagungarrian ere. Berriro ere, gonbara ezazue txanponetako izki hau Irulegiko eskuan azaltzen denarekin.
BaSKuNES txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denario alea – 3,50 gr – HEIDELBERGER MÜNZHANDLUNG HERBERT GRÜN E.K., AUCTION 64, LOS 2330
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegiaren atzean BeNKoTa
Ifrentzua: Zaldun ezpataduna eta BaSKuNES idazkia
BeNTiAN txanponetxearen izena daraman zilarrezko unitate edo denario alea – 3,59 gr – AUREO & CALICÓ S.L., SUBASTA 353, LOT 292
Aurkia: Buru bizarduna ile kizkurrekin, eskuinaldera begira. Aurpegiaren atzean BeNKoTa
Ifrentzua: Zaldun ezpataduna eta BeNTiAN idazkia
Adibideak bata bestearen ondoan jarri ditzazkegu, baina sarrera hau luzatzen hasi zaigu dagoeneko eta ez dugu azala besterik ukitu. Baskoien txanponetan ere bada grafiaren garapen estilistikoa eta garapen hau (Barskunes-eko txanponetxe garrantzitxuenaren grafiaren kasuan behintzat) Irulegiko eskuan agertzen den grafiarekin gonbaratu ezkero, elkarren arteko gerturaketa bat nabari dezakegu.
Hala ere, ba da hemen beste ideia orokor bat; sarrera honetan zehar, Ebro bailara erdialde eta garaiko zenbait txanponetxeetako aleetan aurkitu daitezkeen izki apartekoak eta aldaki interesgarriak ikusi ditugu. Iberiar penintsulako txanponetan ageri diren izki apartekoen kopuruari begiratu ezkero, izki aparteko hauen gehiengoa, Ebro bailara erdialde eta garaiko lurralde honetan aurkitu dela ondorioztatzen da. Eta hau, aditu zenbaitzuren ustez, iberiar signarioa, ezaugarri propioak dituen bertako hizkuntza desberdin batetara moldatzeko ahaleginaren ondorioa izan liteke; Irulegiko eskuak bermatutako signario baskonikoaren beste islada bat izango litzateke.
Bibliografia:
Las cecas paleohispánicas del Noreste del Valle medio del Ebro – Dia Internacional de Los MUSEOS 2021, Museo de Navarra, CONFERENCIA – Francisco Beltrán Lloris – link
Sorioneku, el análisis lingüistico de la Mano de Irulegi – Javier Velaza eta Joaquín Gorrochategui-ri elkarrizketa – La Mecánica del Caracol, Radio Euskadi – link
De etnias y monedas: las “cecas vasconas”, una revisión crítica – Francisco Beltrán Lloris, Javier Velaza Frías – 2009 – link
VASCÓNICO-AQUITANO – Lengua, Escritura, Epigrafia – Joaquín Gorrochategui – 2020 – Prensas de la Universidad de Zaragoza
Aquitano y Vascónico – Joaquín Gorrochategui – 2020 – link
CATÁLOGO GENERAL DE LA MONEDA DE NAVARRA – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaretxea
Les Monedes de l’Edat Antiga a la Península Ibèrica – ANCIENT COINAGE OF THE IBERIAN PENINSULA – Leandre Villaronga, Jaume Venagues – SOCIETAT CATALANA D’ESTUDIS NUMISMÀTICS – INSTITUT D’ESTUDIS CATALANS – BARCELONA 2011 -– link
Los vascones de las fuentes antiguas: en torno a una etnia de la antigüedad peninsular – Javier Andreu Pintado – 2009 – Universitat de Barcelona