Munitxeko Txanpon Museoaren Nafar Bilduma

Aspaldidanik, duela zortzi urte pasatxo dira dagoeneko, Munitx inguruetan bizi den euskalduna naiz. Orain dela urtebeterarte hiriburu bavariarretik urrutixeago bizi nintzen, baina orain Munitx kanpokaldera aldatu naiz eta pandemia ere bukatu dela profitatuz, hiri erdialdera bueltatxoak ematera adoretzen gara.

2022. urteko azaroaren hirugarren igandean, Marienplatz-eko geltokian trena utzi eta Odeonplatz inguruetara abiatu ginen oinez familia guztia. Bavariako Operaren aurreko plazatxoan zehar, Residenz jauregiko lehenengo patioetako batean sartu ginen. Gure eskuinera, Altxor Ganbarako sarreraren aurrean aurkitu ginen. Bapatean etorri zitzaidan burura; Adrian Blanchet-ek bere “Histoire Monétaire du Béarn” liburuan, Munitx-eko Medaila Kabineteak nafar ale bakarrak zituela idazten zuen 1893. urtean. Hura al zen medaila kabinete horren sarrera atea?

Ateko begiraleari galdetu nion, hura al zen txanpon eta medaila museoaren egoitza? Begiraleak ezetz, txanponek bere egoitza berezkoa omen dute eta egoitza hori Residenz jauregi berberean, hurrengo patioetako baten kalerako pasadizoan omen da, handik metro gutxitara.

Begiraleak erakutsitako bidea hartu eta berehala aurkitu genuen, STAATLICHE MÜNZSAMMLUNG MÜNCHEN erakundearen sarrera ataria.

Munitx-eko STAATLICHE MÜNZSAMMLUNG txanpon, medaila, jetoi eta diru-paper museoaren sarrera – Maximilian Dörrbecke (WIKIPEDIA)

Atarian zehar sartu eta eskailera batzuk igo ondoren, erakusketa iraunkorraren txarteldegira iritsi ginen. Erakusketa berezi bat antolatua zen erakusketa iraunkorraren ondoko aretoan, “Mythos München ’72. Die XX. Olympischen Sommerspiele”, Munitx-eko olinpiada eta orokorrean olinpiada historikoen inguruan.

Igandea; sarrera normalean hiru eurotakoa bada ere, igandeetan euro bakan bat da eta gainera aurrentzat, erronka numismatiko antzeko bat zuten (txanpon ale sorta batzuen artean, irudi jakin batzuk aurkitu behar zituzten). Familia guztia sartu ginen.

2022. urteko azaroak 20.aren sarrera txartela

Munitx-eko txanpon museoak bilduma benetan itzela du. Albrecht V. Bavariako dukeak jarri zituen txanpon bildumaren oinarriak XVI. mendearen erdialdean, eta historian zehar pasadizo ugari pairatu ondoren, altxortegiak 300.000 ale inguru ditu gaur egunean. Jakina denez, ale guzti hauen artean kopuru txiki bat baino ez zen erakusgai igande hartan, erakusketa iraunkor eta olinpiaden inguruko erakusketari zegozkienak. Hala ere, edozein txanponzale ahozabal utziko lukeen ale sorta ikusi nuen igande hartan; gure mendebaldeko txanponketari errepaso paregabea emanez, orri hauetan erakutsitako zenbait txanpon motaren jatorrizko aleak ikusteko aukera izan nuen.

Ni geldo nindoan eta umeek bukatua zuten dagoeneko bere erronka numismatikoa, aspertzen hasiak ziren; beste egunen batean bakarrik itzultzeko ideia garatzen nindoan. Bapatean, ale nafar bakar bat antzeman nuen. Karlos III. aren grosaren aurkia zen!!

Munitx-eko txanpon museoaren bilduma iraunkorrari dagokion Karlos III. noblearen (1387-1425) zilarrezko grosaren aurkia

AURKIA: K:DEI:GRA:NAVARRE:REX

Museoaren Deskribapena: Karlos II.-ari (1349-1387) dagokion grosa

Ez zen besterako denborarik, han ez zen Adrian Blanchet-ek aipatutako beste ale nafarren arrastorik, eta aurkitutako grosak ez zuen deskribapen zuzenik. Txarteldegian galdetu nien, ea altxortegian gordetako bilduma aleen artean beste txanpon nafarrik ba zuten. Han ez omen zekiten, baina galderentzat egokitutako posta elektroniko helbide bat eman zidaten.

Hurrengo astean idatzi nien, dagoeneko ikasia dut horrelakoetan ez dela ezer galtzen sahiatzearekin. Nire mezuan zera argitzen nien; erakusketa iraunkurreko grosa Karlos II.-rena zenarenaren ustea zutela XIX. mendean zehar argitaratutako lanetan, baina dagoeneko XX. mendearen azkenalditik argi genuela bere seme Karlos III.arena zela. Era berean, Adrian Blanchet-en liburuan agertzen zen medaila honi buruz galdetzen nien. Ba al zuten oraindik ere medaila hori eta posible al zen begiztatzea?

Adrian Blanchet-ek bere 1893. urteko „Histoire monétaire du Béarn“ liburuan azaldutako Joana III.aren eta bere seme Henrike III.aren medaila

Egun batzuren buruan, bilduma kontserbatzaile eta erakusketa koordinatzaileak idatzi zidan! Medaila hau bilduma gordailuetan zuten, posible zen topaketa bat antolatzea eta hura begiztazea. Abenduaren 22.an goizeko 9.etan antolatu genuen topaketa, museoan bertan.

Punttu-punttuan iritsi nintzen eta galdeketa batzuen ondoren nire solaskideari abisu eman zioten; bitartean, adeiki, liburutegian itxaroteko eskeintza zabaldu zidaten. Bai noski; liburutegira sartu eta ahozabalik gelditu nintzen beste behingoz. Jakin nuenez, Alemanian bisitari ororentzat eskura dagoen txanpon liburutegirik handiena da eta aretoak berberak badu ere bere xarma zirraragarria!

Munitx-eko STAATLICHE MÜNZSAMMLUNG txanpon, medaila, jetoi eta diru-paper museoaren liburutegia

Minutu gutxi batzuren ondoren nire solaskideak lagunkiro agurtu ninduen, ongietorria STAATLICHE MÜNZSAMMLUNG-era. Eskuetan erretilu bat zekarren. Aurkezpen eta adeitasun batzuen ondoren, Nafarroako erresumaren historiari buruz hitz egiten hasi ginen laburki eta Karlos III. aren grosari buruz idatzitakoa azaldu nion. Txanpon hau, Alois Heiss-ek 1869. urtean Karlos II.ari egotzi zionetik, XIX. eta XX. mendeko bibliografia gehienak jabetza berbera onartu zuen, arik eta XX. mendearen azken laurdeneko azterketek Karlos III.ari zegokiola zuzendu zuten arte. Nirekin eraman nuen etxean dudan bibliografia eta bertan erakutsi nion. Hark, liburuak hartu eta liburuzainari eraman zizkion erreferentziak hartu zitzan eta liburuok erosi zitzan.

Aitortu zidanez, bazkide eta langileen artean ez dute Nafarroako txanponketaren aditurik eta pozik zen horrelako solasaldia egiteko parada izatearekin. Ni berriz, lurreko paradisuan nintzen.

Nafarroari dagokion erretila ez da izugarri oparoa, hogeitasei ale zenbatu ditut guztira bertan eta XVI. mendeko Behe Nafarroaren eta Biarnoren inguruko aleak dira nagusi. Hala ere, ba da gutxienez mundu guztian bakarra dirudien medaila bat eta baita zenbait ale oso nabarmen ere.

Munitx-eko STAATLICHE MÜNZSAMMLUNG museoko nafar bilduma gordetzen duen erretilua

Ez nuen erretilua patxadaz eta arduraz aztertzeko aukerarik izan eta ondorioz ondorengoa gainaldeko laburpen bat baino ez da, baina nik ikusitakoaren arabera honakoa izango litzateke hogeitasei ale hauen deskribapena:

  • Karlos III (1387-1425):
    • Gros bat – Erakusketa iraunkorrean agertutako alea
  • Karlos IV (1516-1556):
    • Erreal bat
  • Henrike II Zangotzarra (1517-1555):
    • Gurutze motzaren douzain bat
  • Borboiko Antonio (1555-1562) et Joana III (1555-1572)
    • Borboiko Antonioren bost medaila, batzuek behintzat XIX. mendeko birlanketak
    • Joanari egotzitako beste medaila bat
    • Joana erreginaren urrezko ezkutua 1564
    • Joana erreginaren Pau-ko testoi hildaskatua 1565
    • Antonio eta Joanaren izenean landutako biloizko liard-a
  • Henrike III (1572-1610)
    • Joana III. amaren eta Hernike berberaren izenean landutako medaila 1574 (Adrien Blanchet-ek 1893. urtean aipatutakoa)
    • Henrike eta bere emazte Margaritaren izenean landutako urrezko dukat bikoitza 1577
    • Pau-ko txanponetxean landutako zilarrezko testoia, Henrike-ren irudiarekin 1574
    • Pau-ko txanponetxean eta errege bikotearen irudia azaltzen duen zilarreko testoia 1577
    • Pau-ko txanponetxean landutako frankoa
    • Donapaleuko txanponetxean landutako bi franko, bata busto luzeduna bestea busto handiduna.
    • Nire ustez, Nafarroako Henrike III.narena ez, baina Frantziako Henrike III.ari dagokion franko bat.
    • Pau-ko txanponetxean landutako ezkutu laurdena 1588
    • Donapaleuko txanponetxean landutako bi ezkutu laurden, bata 1591. eta bestea 1604. urteetakoak
    • Henrikeren izenean landutako Morlaas-ko bi baketa.
  • Karlos VI (1759-1788)
    • Karlos VI. aren izenean landutako bi marabedi

Zein da Munitx-eko txanpon museoaren Nafar txanpon bilduma honen jatorria eta noiztik dira hemen? Bilduma kontserbatzaileak esan zidanez, ez dute datu argirik. Museoaren txanpon erregistroak txanpon hauei buruz biltzen duen deskribapena, XIX. mende inguruko idazkeraz egina dagoela esan zidan. Hona hemen adibidez erregistroaren orrialde bat, Joana III.aren txanponei dagokiona.

Joana III.aren txanponen deskribapena gordetzen duen erregistroaren orrialdea

Txanpon batzuk katalogo erreferentzia bat dutela dirudi erretiluaren karratu zenbaitzuetan. Erreferentzia gehienetan “Reichel VIII” eta zenbaki bat ageri da. Beste batzuetan, “Duby“ izena ere ageri da eta Karlos III.aren grosaren kasuan Alois Heiss-en liburuaren erreferentzia ere ageri da.

Reichel-en kasuan, Jakob Von Reichel (1780-1856) grabatzaile, numismata eta txanponzale poloniarraren bilduma deskribatzen zuten bederatzi liburukitako zortzigarren alean deskribatutako txanponen erreferentzia izan daiteke. Lan hau, 1850. urte inguruan argitaratu omen zen lehen aldiz.

Duby-ren kasuan, Pierre-Ancher TOBIÉSEN-DUBY idazleak 1790. urtean Paris-en argitaratutako “Traité des monnaies des barons” liburuaren erreferentzia izan daiteke. Alois Heiss-en Kasuan, 1869. urtean argitaratutako „Descripción general de las monedas Hispano-cristianas desde la invasión de los arabes“ lanaren hirugarren liburukia hartzen da erreferentzia bezala.

Ondorioz, eta datu guzti hauek oinarri bezala hartuta, nafar txanpon bilduma, XIX. mendearen bigarren erdialdean Munitx-eko museoaren jabetzara pasa zela susmatu dezakegu, baina momentuz behintzat ez dakigu, ez nork eta ez nori erositako aleak diren.

Gure elkarrizketaren amaieran, liburutegia utzi eta txanponak gordetzen diren altxortegia ikustatzeko parada eskeini zidan solaskideak. Bertan, nafar erretiluak txanpon altxortegian duen kokapena ikusteko aukera izan nuen. Txanpon erretilu guztiak, altxortegi ganberaren hormak betetzen dituzten horma-armairuetan sailkatzen dira. Erretilu bakoitzak bi zenbaki agertzen ditu ezkerraldean; lehen zenbakiak, erretilua gordetzen duen armairuaren zenbakia adierazten du; bigarrenak berriz, armairu horren barnean goitik hasita beherantz erretiluak duen segida.

Gure nafar erretilua bostarren armairuaren hamazortzigarren erretilua da.

Munitx-eko STAATLICHE MÜNZSAMMLUNG museoko Nafar bilduma gordetzen duen erretiluaren aurrealdea – NAVARRA, bostgarren armairua, hamazortzigarren erretilua

Eta honako hauek dira nafar bildumaren armairu lagunak; ez dira Espanietako Aragoi, Gaztela edo Leoiko gainontzeko erresumetako txanponak, edota bestelako Frantziako txanponketa feudal bezala izendatutakoak. Nafarroako txanponek bere izaera berezkoa dute eta alfabeto hizkiaren sailkapenaren arabera, Italiako eta Herbeheretako-ko erretiluen artean aurkitzen dira.

Munitx-eko STAATLICHE MÜNZSAMMLUNG museoko Nafar bilduma gordetzen duen erretilua bostgarren armairuaren barnean

Munitx-eko museoaren bildumak baditu nafar ale bikain batzuk, ohikoak ez direnak, hurrengo urrrezko bi ale hauek adibidez. Lehena, Joana III. aren urrezko ezkutua da, mailuz landua dirudien alea, non beste ale ezagunak Pau-ko bolantezko prentsaz landuak diruditen.

Joana III.aren izenean landutako urrezko ezkutua – Staatliche Münzsammlung München

AURKIA: IOANA.DEI.G.REG.NAVAR.D.B

IFRENTZUA: G*DEI.SVM.ID.QVOD.SVM. 1564

Etienne Bergeron txanponetxeburua (ilargia) – Guillaume Martin grabatzailea (Izarra)

Bigarrena, Henrike III. aren eta Margarita bere emaztearen urrezko dukat bikoitza, hau ere mailuz landua.

Henrike III.aren eta Valois-ko Margarita bere emaztearen izenean landutako urrezko dukat bikoitza – Staatliche Münzsammlung München

Aurkia: HENRICVS.II.MARGA.REX.REG.NAVARRE. D.B. Sinboloa

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.QD.SVM. 1577 – (Ezkurra) Jerome Le Normand, grabatzailea (N) – Pierre Nyert, txanponetxeburua – H Koroaduna M Koroaduna

Joana III.-aren senar Antonioren medaila bilduma zabala ere ba da. Hauetako batzuk XIX. mendeko birtxanponketak izan daitezkeenez, azterketa sakonagoa beharko dute hurrengo bixitaren batean. Kasu batzuetan, azkar hartutako nire argazkiek ez dute kalitaterik oberena eta ondorioz, ale parekoen argazkiak erabiliko ditut:

Aurkia: ANTONIVS.DEI.G.REX.REG.NAVARRAE.

Ifrentzua: AVXIL.MEVM.A DOMINO. IN FIL HOM NON EST SALVS 1562

BALDWIN’S AUCTIONS LTD, AUCTION 64, LOT 405 04.05.210

Staatliche Münzsammlung München

Aurkia: ANTONIVS.DEI.G.REX.REG.NAVARRAE.

Ifrentzua: REX CONSERVATOR PROVIDENTIA 1559

Staatliche Münzsammlung München

Aurkia: ANTONIVS.DEI.G.REX.REG.NAVARRAE.

Ifrentzua: FOVET ET DIXCVTIT

Staatliche Münzsammlung München

Aurkia: ANTONIVS.DEI.G.REX.NAVARRAE.

Ifrentzua: FELICITAS

Baina ale guztien artean alerik bereziena, ziurrenik munduan ezagutzen den ale bakarra, Adrian Blanchet-ek 1893. urteko liburuan aipatutako Joana III. eta Henrike III.aren elkarrekiko medaila bateratua izango litzateke. Medaila hau, Pau-ko txanponetxean eta Jerome Le Normand grabatzailearen zuzendaritzapean, bolantezko prentsaz egin zela uste dut. Medaila honen lanketa xehetasunei atal oso bat eskeiniko diot ondorengo batean, baina goza dezagun orain 1574. urtean landutako ale bakar ezagun honetaz:

Henrike eta Joana bere amaren izenean landutako zilarrezko medaila 1574 – 25,02gr – 39,3mm – Staatliche Münzsammlung München

AURKIA: HENRICVS*II*D*G*REX*NAVARRE*D (Behia – Biarno) B (Ezkurra) Ezkurra – Jerome Le Normand Grabatzailea

IFRENTZUA: IOANNA*DEI*GRATIA*REG*NAVARRE*DB (Domina Bearni) 1574

Orainartekoak al dira Munitx-eko museoak dituen nafar ale guztiak? Egia esan ez, bada gutxienez beste ale bat; Frantziako Luis XIV.-aren errege bildumaren erretiluei begira ginela, han azaldu zen Donapaleuko txanponetxean 1670. urtean landutako eta gaztetako errege irudia duen zilarrezko ezkutua. Oraindik ere ba da museo honetan zer aztertu eta dokumentatu. Ea bueltatzeko parada dudan!!

Bibliografia:

CATÁLOGO GENERAL DE LA MONEDA DE NAVARRA – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaretxea

Moneda medieval navarra –Manual de Numismatica – Miguel IBAÑEZ ARTICA – 2021

Moneda de Euskal Herria – Pablo Maria Beitia – 2018

Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010

MONNAIES FEODALES BEARN ET NAVARRE – Serge Salles – 2022

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica – link

Staatliche Münzsammlung München – Wikipedia – link

Die deutschen Münzen aus der Sammlung Jacob von Reichel – Kirill Tschernyschow -2011 – link

Traité des monnaies des barons – Pierre DUBY – Paris -1790

Descripción general de las monedas Hispano-cristianas desde la invasión de los arabes – Alois Heiss -1869

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude