Duela aste batzu, Munitx-eko Staatliche Münzsammlung txanpon museoaren bisitan begiztatutako nafar txanpon bilduma aurkeztu nuen.
Museoko ale guztien artean bereziena, ziurrenik munduan ezagutzen den ale bakarra, Adrien Blanchet-ek aipatutako Joana III. eta Henrike III.aren medaila bateratua izango litzateke.
Adrien Blanchet-ek bere „Histoire monétaire du Béarn“, 1893. urtean argitaratutako liburuan, honako marrazki hau erabili zuen medaila deskribatzeko. Era berean, 39 milimetrotako diametroa eta 25,05 gramotako pisua zuela adierazi zuen. Ikusitakoaren arabera, eta ateratako argazkiak oinarri bezala hartuz, Adrien Blanchet-ek nahiko lan ona egin zuela esan dezakegu. Gure neurketek 39,3 milimetrotako diametroa eta 25,02 gramotako pisua eman digute eta Blanchet-en marrazkia eta gure argazkiak gonbaratu ezkero, akats bakar bat egotzi diezaiokegu Adrien ikerlari apartari… 1574. urtea ez zuen egokiro irakurtzerik izan ifrentzu aldean.
Adrien Blanchet-ek bere 1893. urteko „Histoire monétaire du Béarn“ liburuan azaldutako Joana III.aren eta bere seme Henrike III.aren medaila
Henrike eta Joana bere amaren izenean landutako zilarrezko medaila 1574 – 25,02gr – 39,3mm – Staatliche Münzsammlung München
AURKIA: HENRICVS*II*D*G*REX*NAVARRE*D (Behia – Biarno) B (Ezkurra) Ezkurra – Jerond Le Normand grabatzailearen ikurra
IFRENTZUA: IOANNA*DEI*GRATIA*REG*NAVARRE*DB (Domina Bearni) 1574
Medaila hau, Pau-ko errota txanponetxean eta Jerond Le Normand grabatzailearen zuzendaritzapean, bolantezko prentsaz landu zela uste dut. Baina zeintzuk dira nire adierazpenaren funtsak? Kontrako susmoak ere garatu bait daitezke; 25 gramotako pisu balioak borobilegia dirudi eta XIX. mendearen bigarren zatian erabilitako latindar moneta batasunaren sistema hamartarrarekin parekatu daiteke. Beraz, medaila XIX. mendearen bigarren erdialdean landutako fantasiazko sorpen bat izan ahal daiteke?
Nik behintzat ez dut horrelakorik uste; egiazki 1574. urte inguruan landutakoa dela uste dut eta datu eta gonbaraketa pare bat erakutsiko ditut adierazpen hori sustatzeko ahaleginetan. Horrez gain, XIX. mendeko sorpena izan ezkero, zergatik dugu ale ezagun bakarra eta zergatik iritsi da horren higatu eta gastatua gure egunetaraino? Ikus ditzagun azterketaren garapen punttu pare bat.
Medaila honetan erabilitzen diren errege-erreginaren bustoak ezagunak ditugu. Alde batetik, Joana erreginaren azken urteetako testoietan ageri den bigarren busto eredua antzeman dezakegu eta Henrike III. erregearen kasuan, bere erregealdiko lehen urteetako testoietan azaltzen den eredu egonkorra.
Henrike III.-ren Pau-ko errota txanponetxeko testoi alea, 1574 urtea – 9.38 gr; 29 mm
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARE. D (Behia) B (Ezkurra) Jerond Le Normand grabatzailea
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.QD.SVM 1574 (N) Pierre Nyert txanponetxeburua
MONNAIES D’ANTAN, AUCTION 27, LOT 753 30.05.2020
Joana III.-ren Pau-ko errota txanponetxeko bigarren testoi ereduaren alea, 1571 urtea – 9,60 gr; 27.5 mm
Aurkia:IOANNA.D.G.REG.NAVARRAE. (Behia)D.B
Ifrentzua: (B) GRATIA*D*SVM*ID*QVOD*SVM 1571 – Etienne Bergeron txanponetxeburuari egotzia
CGB.FR, E-MONNAIES JUIN 2015, LOT 356416 30.06.2015
Baina testoi hauen tamaina 28 edo 29 milimetrotakoa izan ohi da eta pisua ere, medailaren 25 gramoena baino dexente txikiagoa dute (9,60gr inguru). Egin dezagun ondoren, medaila eta testoietan azaltzen diren bustoen arteko gonbaraketa; hasi gaitezen Henrikerenarekin.
Bata bestearen ondoan jarri ezkero, medailaren bustoak inguruan leku huts gehiago duela nabari dezakegu, hau da, iruditextuarenganako tarte askoz handiagoa du. Proportzioen lehen azterketa bat egin ezkero, bai medaila bai testoiaren bustoek proportzio oso antzekoak dituztela ikus dezakegu.
1574. urteko medaila eta testoi baten bustoen arteko proportzio gonbaraketa
Hurrengo urratsean, ordenagailu bidezko neurketak egin nituen argazkien barnean. Medaila eta testoiaren kanpoko zirkunferentziaren neurriak jakin ezkero, barnean agertzen diren bustoen gainean neurketa desberdinak egin ditzazkegu.
Busto bakoitzean hiru neurketa desberdin egin ondoren, bai medailaren barnean, bai testoiaren barnean diren gorputz bustoen tamainak berberak direla ondorioztatu dezakegu.
Bi ale desberdinen barnean diren bustoen gainean egindako neurketak – Balio guztiak milimetrotan
Orainarte aurki aldeko Henrikeren bustoari begiratu diogu, baina zer esan dezakegu Joanaren bustoari begiratu ezkero? Azterketaren emaitzak oso antzekoak dira. Has gaitezen proportzioei begira.
1574. urteko medaila eta 1571. urteko Joanaren testoi baten bustoen arteko proportzio gonbaraketa
Jarrai dezagun ondoren bustoen gainean egindako neurketekin:
Bi ale desberdinen barnean diren bustoen gainean egindako neurketak – Balio guztiak milimetrotan
Azterketa guzti hauen ondoren, medaila eta testoietan erabilitako bustoak tamaina berbera dutela ondorioztatu dezakegu. Itsura eta xehetasunak ere berberak dituztenez, medaila eta testoiak egiteko XVI.mende garaiko busto puntzoi berberak erabili zirela susmatu dezakegu.
Zer esan dezakegu medailaren gainontzeko elementuei begiratu ezkero, hau da iruditextu eta sinboloei begiratu ezkero? Has gaitezen sinboloei begira.
Sinboloei begiratu ezkero, bi sinbolo nagusi nabarmendu ditzazkegu; alde batetik hitzak banantzen dituen izarra eta bestetik Henrikeren aurki aldean agertzen den ezkurra. Jakina da, Biarnoren ezaugarria den behia eta DOMINVS BEARNI edo DOMINA BEARNI-ren laburpena diren DB izkiak ere baditugula, baina hauek ez dute aparteko ondorioztapenik gure azterketan.
Ezkurra (ale batzuetan txurtena gorantz, besteetan beherantz), Jerond le Normand grabatzaileren ezaugarria da, eta garai haietan bai Morlaas-en mailuz edo Pau-ko errota txanponetxean bolantez landutako aletean ageri da. Jerond, 1570 edo 1571. urte inguruan hasi zen lanean grabatzaile moduan eta bere ezkur ezaugarria, 1583. urteraino landutako frankoetan ageri da. Azken urteetan, txanponetxeburu bezala ere ibili zen Pau-ko lantegian eta 1579. urtean, Auger de la Garde Morlaas-eko txanponetxeburuarekin batera, Donapaleuko txanpontxea berrirekitzeko tratua egin zuen Henrike erregearekin.
Henrike III.-ren Pau-ko errota txanponetxeko testoi alea, 1575 urtea – 9.49 gr; 28,5 mm
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARE. D (Behia) B (Ezkurra) Jerond Le Normand grabatzailea
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.QD.SVM 1575 (N) Pierre Nyert txanponetxeburua
CGB.FR, MONNAIES 54, LOS 264 21.06.2012
Izarra berriz, lehen ere aipatu dugun Auger de la Garde txanponetxeburuaren ezaugarria zen. Auger, Morlaas-eko lantegiaren txanponetxeburua zen garai hauetan eta 1577. urtean Pau-ko txanponetxeburu izatera iritsi zen, Pierre Nyert ordezkatuz, harik eta Jerond berberak erreleboa eman zion arte.
Henrike III.-ren Morlaas-ko mailu txanponetxeko testoi alea, 1574 urtea – 9.25 gr; 29 mm
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARE. D (Behia) B (Ezkurra) Jerond Le Normand grabatzailea
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.QD.SVM 1574 (Izarra) Auger de la Garde txanponetxeburua
INUMIS, MAIL BID SALE 20, LOS 872 12.03.2013
Gure medailan ageri diren izar horietako bat Auger de la Garde-ren ezaugarria ote da? Auskalo; argi dena tamaina eta neurri horretako izar puntzoiak eskura bazituztela, Auger-en ezaugarria txanponetan agertzen bait zen. Medaila bati buruz ari garenez, ez zen hau ofizialki kaleratu beharreko txanpon bat, eta ondorioz ez zuen txanponetxebururaren zeinurik derrigorrez behar, ezta haren kalitate bermapenik.
Are gehiago, ondorengo alean ikus dezakegunez, ba zen Pau-n hitzen bereizketa izar bidez egitearen lehenagoko ohitura; adibidezko ale honek Jerond berbera izan zuen grabatzaile lanetan:
Joana III.-ren Pau-ko errota txanponetxeko bigarren testoi ereduaren alea, 1571 urtea – 9,11 gr
Aurkia:IOANNA*DEI*G*REG*NAVARRE* *(Behia)D*B (Ezkurra)* Jerond Le Normand grabatzailea
Ifrentzua: (DB) GRATIA*D*SVM*ID*QVOD*S 1571 (Ezkurra) Jerond Le Normand – Etienne Bergeron txanponetxeburuari egotzia
TAULER & FAU SUBASTAS, AUCTION 49, LOS 2813 14.01.2020
Azken azterketa iruditextua osatzen duten izkien inguruan egingo dugu. Hemen ere, testoiak eta medaila osatzen dituzten izkien tamaina eta itsura gonbaratu ezkero, emaitzak nahiko esanguratsuak dira. Bai tamaina eta bai itsura berberak dira.
1574. urteko medaila eta testoi baten iruditextuen arteko gonbaraketa – Parekotasun nabarmenak
Azterketa guzti hauen ondoren, medaila hau Jerond le Normand grabatzaileak Pau-ko txanponetxearen bolantezko prentsan sortutako benetazko lanaren emaitza dela ondorioztatu dut. Jerond-ek garai berdinean landutako testoi aleen puntzoi elementuak erabili zituen medaila honen trokelak lantzeko garaian.
Ez dakigu zenbat medaila ale landu ziren; hau dirudi gaur egunetaraino iritsi zaigun ale bakarra. Zergatik landu ziren ere ezezaguna zaigu. Adrien Blanchet-ek, geroago landuko ziren zilarrezko franko edo liberen entsegu moduan azaltzen du medaila honen sorrera. Baina frankoen sorrera, 1575.eko maiatzaren 31.an argitartutako ordenantzaren bidez arautu zen, medaila honek dagoeneko landua izan behar zuen garai hartan, eta bestaldetik ez pisu eta ez tamaina ez datoz bat frankoen ezaugarriekin.
Agian, Joana erreginaren heriotzaren ondoren eta Henrike Frantziako gortean gatibu izanik (1576. urtean baino ez zuen lortu ihes egitea), nafar gorte higanota errege etxearen zilegitasuna eta agerikotasuna aldarrikatzen zuen medaila hau prestatzen ibili zen. Henrike bere amaren lana jarraitzeko prest zen eta medaila honek, mezu politiko hori eraman behar zien bere jarraitzaleei.
Baina agian, berriro ere agian esan behar, Pau-ko gazteluko errota txanponetxeko bolantezko prentsak ez ziren egokiak horren ale handi eta pisutsuak lantzeko garaian, ez zuten erdialdeko busto irudiaren lorratz sakonik lortzen.
Irudiek azaltzen dituzten higadura zantzu handi hauek azaldu ditzazketen arrazoietako bat hori izan daiteke, hau da txanpontze lanketan zehar irudiek ez zuten lorratz sakonik lortu. Proba gutxi batzuren ondoren egitasmoa bertan bera gelditu zen eta egitasmo hartatik gelditzen zaigun arrasto bakarrak Munitx-eko txanpon museoan bukatu du. Bejondeiola!
Bibliografia:
CATÁLOGO GENERAL DE LA MONEDA DE NAVARRA – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaretxea
Moneda medieval navarra –Manual de Numismatica – Miguel IbaÑEZ ARTICA – 2021
Moneda de Euskal Herria – Pablo Maria Beitia – 2018
Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link
MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010
MONNAIES FEODALES BEARN ET NAVARRE – Serge Salles – 2022
LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica – link
Staatliche Münzsammlung München – Wikipedia – link
Die deutschen Münzen aus der Sammlung Jacob von Reichel – Kirill Tschernyschow -2011 – link
Traité des monnaies des barons – Pierre DUBY – Paris -1790
Descripción general de las monedas Hispano-cristianas desde la invasión de los arabes – Alois Heiss -1869
Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.