Euskal txanpongintzari eskeinitako blog honetan ez dugu oraindik Henrike III.ari buruz hitz egin. Gaurkoan, Henrikeren txapongintzari buruz hitz egingo dugu, edo hobe esanda haren txanpongintzaren garai motz bati buruz.
Bada Henrike-ren bizitzari buruz zer hitz eginik; 1572tik 1589-ra Nafarroako errege izan ondoren, urte honetatik aurrera Frantzia eta Nafarroako errege izatera pasa zen. Baina higanota izanik, gatazkaz gatazka eta hitzarmenez hitzarmen irabazi behar izan zuen Frantziako koroa.
Ez zen errege makala izan, frantsesek oraindik “Le bon roi Henri” deitzen diotela kontutan hartuta. Harek esan omen zuen (hau egiaztatua ez dagoen arren) “Parisek ongi merezi du meza bat” esaldiarengatik pasa da historiara, baina niretzat, ondorengo xede politiko honek erakusten digu Henrikeren arima: “Frantses orok, igandeetan oilasko bat gozatu dezala bere kazolan”. Ez diet errege ugariri horrelakorik entzun.
Gaurkoan, Henrike III.aren Nafarroako liberei buruz hitz egingo dugu. Bibliografia eta aurkibide guztietan franko izena jasotzen dute txanpon hauek, hau bait zen Frantziako erresuman jasotzen zuten izendapena. Baina Nafarroako erresuma ttipian, txanpon hauek Nafarroako liberaren izena zuten.
Frantziako Henrike III. erregeak (1574-1589), 1575eko maiatzaren 31ko ordenantzaren bidez, zilarrezko franko deritzogun txanpon berri bat sortu zuen. Txanpon honek hogei sueldotako balioa zuen, eta hogei sueldok libera bat osatzen zutenez, hortik zetorkion Nafarroako libera izena. Agindu berberean, urrezko ezkutuaren balioa hirurogei sueldotan ezarri zuen (hiru libera).
Frantziako hogei sueldotako txanpon berriak, oraindik ere jendeak gogoan zuen erdi aroko urrezko frankoaren balio berbera zuen, eta horregatik FRANC d’ARGENT (zilarrezko franko) izena eman zitzaion.
Baiona-ko txanponetxean 1578. urtean landutako zilarrezko Frankoa – 14,05gr – 34mm diametroa
Aurkia: HENRICVS.III.D.G.FRAN.ET.POL.REX.L. 1578 (O Izkia C Izkiaren Barnean)
Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.(Arrosa)(Aingura)
Arrosa – Bertrand de la Lande Txanponetxeburua (1573-1582)
O Izkia C Izkiaren Barnean – Arnault de Carriere, grabatzaile eta entsegatzailea (1568-1590)
INUMIS, MAIL BID SALE 14, LOT 646 25.03.2011
Zilarrezko frankoak 833 milesimatako zilar edukia zuen, eta 14,188 gramotako pisu nominala. Hasiera batean, hamarkada ugaritan zehar Frantziako erresuman landutako frantziar testoiak ordezkatu zituen. Espainiar Herbereetatik etorritako taler erdi txanponen birlangintza erraza ahalbidetzen zuen, zilar zilegitasunean parekatuak bait ziren (pisuan berriz hiru bat gramo gutxiago zituen).
Anberes-ko txanponetxean 1563. urtean landutako zilarrezko talero erdia – 16,68gr inguru – 833 milesima zilar
Aurkia: PHS.D.G.HISP Z REX.DVX.BRAB. 15(Eskua)63
Ifrentzua: DOMINVS.MIHI.ADIVTOR.
Zilarrezko frankoak urrezko ezkutuaren herenaren balioa zuen, franko erdiak seirenarena, eta franko laurdenak hamabirenarena.
Geroxeago, 1578. urtetik aurrera onartu ziren zilarrezko ezkutu laurdenek, 917 milesimetako zilegitasuna eta 9,712 gramotako pisu nominala zuten. Hauek hegoaldeko Espainietako erresumetatik sartutako zilar txanponen lanketa errazten zuten eta era berean, aurreko testoien pisu eta zilegitasun antzekoak zituzten.
Ondorioz, zilarrezko ezkutu laurdenek askoz ere arrakasta handiagoa izan zuten. Jendea ez zen zilarrezko frankoetara ohitu, txanponen muxarraketa etengabeko arazoa suertatu zen eta 1586.ko urriak 13aren agindu batek frankoen lanketa debekatu zuen. Franko erdien eta laurdenen lanketa alabaina, 1642. urteraino luzatu zen (baina ez Behe-Nafarroa edo Biarnon).
Aitonaren garaietatik, Henrike-ren nafar eta biarnotar erresumaren zilar eta urrezko txanpongintza Frantziar erresumaren aleekin parekatua zegoen. Horrenbestez, Henrike bera zilarrezko frankoak edo hobe esanda, Biarnoko liberak lantzen hasi zen 1578. urtean, Morlaas eta Pau-ko txanponetxeetan. Donapaleuko txanponetxea berriz 1579. urtean berrireki zen eta lehenengo langintza moduan, Nafarroako liberak lantzeari ekin zion.
Libera ale hauek erabat maite ditut, biziki eder eta liluragarriak dira; 34 eta 37mm arteko diametroa izan ohi dute, eta pisuari dagokionez, hamalau gramoren azpitik izan ohi dira; kasu batzuetan, ikusiko dugunez, muxarraketa nabaria agertzen dute eta hamabi gramotik beherako aleak aurki daitezke.
Libera erdiko aleak ere landu ziren, kasu honetan zazpi gramoren azpitik izan ohi dira eta 27 eta 31 mm arteko diametroa izan ohi dute. Landutako libera erdien kopurua, libera osoena baina askoz ere txikiagoa izan zela uste da. Tamalez, iritsi zaizkigun txanpongintza kontuek urtero landutako libera eta libera erdi kopuru bateratua baino ez digute azaltzen, mota bakoitzari dagokion kopuru banandua adierazi gabe.
Donapaleuko txanponetxean landutako libera eta libera erdi kopuru baternatuak honako hauek izan ziren:
Landutako libera eta libera erdi kopurua – Donapaleu | |
1578 | – |
1579 | 3.139 |
1580 | 32.017 |
1581 | 45.980 |
1582 | 128.510 |
1583 | 94.875 |
1584 | 45.802 |
1585 | – |
1579 eta 1584 urteen artean Donapaleuko txanponetxean landutako libera eta libera erdi kopurua
Pau eta Morlaaseko txanponetxeetan Biarnoko liberen lanketa 1578. urtean hasi zen arren, Donapeleuko txanponetxea itxirik zen Karlos II. erregearen azken aginte urteetatik (XIV. mende bukaera). Pau eta Morlaasen buru ziren Jerond Le Normand eta Auger de la Garde txanponetxeburuek, beste sei urtetako kontratua lortu zuten 1579. urtearen irailak 1.ean. Kontratuaren baldintzen artean, ordaindu beharreko diru sariaren ondorean, Donapaleuko txanponetxea berreraikitzeko eta berriztatzeko konpromezua hartu zuten.
Konpromezua laster bete zuten, 1579. urtea bukatu zenerako 3.139 Nafarroako libera landu bait zituzten Donapaleun. Horrenbestez, eta berrehun bat urtetako etenaren ondoren, Donapaleuko txanponetxearen garairik emankorrenari hasiera eman zioten. Hurrengo 93 urteren epean, 1672. urtean itxi zuten arte, milloika txanpon irten ziren Donapaleutik, mailuz landuak lehenbizik, arik eta 1652. urtean bolantezko prentsa eraiki zen arte. Donapaleuko txanponetxeari buruz gehiago jakin nahi izan ezkero link.
Baina Jerond eta Auger laster zendu ziren eta 1580. urte amaierarako, Roger de Vergez txanponetxeburua dugu buru Donapaleun. Bera izango da gaur ikusiko ditugun gainontzeko libera aleen langintzaren burua. Tamalez, grabatzaileari dagokionez, ez dugu urte hauetan Donapaleuko txanponetxean lanean ibili zen grabatzile artisuaren izenik.
Jerond Le Normand-ek ezkurraren ezaugarria erabiltzen zuen. Berez grabatzailea zen, Pierre Nyert eta Auger de la Garde txanponetxeburuekin lan egin zuen testoien lanketan, baina Nyert-en heriotzaren ondoren eta liberen lanketaren hasierarekin bat, Pau-ko txanponetxearen zuzendaritza hartu zuela esango nuke.
Ezkurraren ezaugarria azaltzen du ondorengo ale zoragarri honek, Pariseko medaila kabinetean gordetzen den ale bakar honek. Ziur aski, Donapaleuko txanpondegi berrian, Jerond-en zuzendaritzapean egindako lehen entsegu murritzetako bat izan zen:
Pariseko Medaila Kabinetean – Frantziako Biblioteka Nazionalean gordetako Nafarroako libera entsegua – Ale bakar bat da ezaguna – 14.12gr 35gr – Ezkurra Jerond Le Normand-en ezaugarria da, eta txanponaren itxura irregularrak Donapaleun mailuz landutako lehen aleetako bat adierazi lezake
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. 1579 (Ezkurra 9 Izkiaren azpian)
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.QVD.SVM.
Ondorengo beste entsegu honen ale ezagun bakarrak, Donapaleun geroxeago erabiliko den diseinu berbera ageri du, baina kasu honetan Pau-ko errota lantegian egina dirudi, DB ezaugarriak (Dominus Bearni) eta Biarnoko behiak argi erakusten dutenez. Diseinu hau ez zen Biarnoko lantegietan ezarri, aitzitik, Donapaleun landutako txanponetan aurkitu zuen lekua.
1579. urtean Pau-ko errota txanponetxean landutako libera entsegua – Entsegu honen diseinua Nafarroako libera eta libera erdietan aurkitzen denaren oinarria da
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE.D.B (Biarnoko Behia Bustoaren azpian)
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.QVD.SVM.1579
Diseinu honen ifrentzuan ageri den armarriaren osagarri guztiak honako 1582. urteko libera batean antzeman ditzazkegu:
Nafarroako libera eta libera erdietan azaltzen den armarriaren osagaiak
Nafarroako liberen azterketa egin ondoren, lehenik eta behin esan beharra dut, Morlaas edo Pau-ko txanponetxeetan egindako Biarnoko liberekin gonbaratu ezkero, Donapaleuko txanponetxeak ardatz estilistiko sendoagoak aurkezten dituela. Honako hau nabarmendu dezakegu:
- Hitzak banantzeko orduan, punttuak erabili ziren beti Donapaleun. Biarnon, bai punttuak, bai hirustak, bai lau ostotako loreak edo hauen nahasketa nahasia eman ohi zen.
- Aurki aldeko hitzak “HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE” izan ziren beti, aldakiren batean NAVARR (libera erdietan, kasuren batean NAVARE). Hitzen ondoren, lau ostotako lorea bukaeran eta Nafarroako armarria busto azpian. Libera erdien kasuan, hitzen ondoren Nafarroako armarria ageri da soilik.
- Ifrentzu aldeko hitzak “GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM (urtea)” izan ziren (1579. urteko ale ezagun bakarrak QD aurkezten badu ere). Koroaren gainean ilargia eta lirioa ageri dira (lirioa koroaren alde batean batzuetan), alde horretako osotasuna erakusten duten aleetan behintzat. 1583 urteko libera osoren batean GRATA azaltzen da GRATIA-ren ordez.
- Lanketa urte bakoitzean, 1580 eta 1584 urteen artean, bai libera osoak eta bai libera erdiak landu ziren. 1579. urtearen kasuan ale bakar bat da ezaguna eta ale hau libera osoa da.
- Gordetako kontueek 1579. urtean 3.139 libera eta libera erdi landu zirela badiote ere, ikerketa ugariren ondoren, gaurko egunetan libera bakar bat aurkitu ahal izan dut. Urte honetako libera erdiren arrastorik ez dut aurkitu.
- Libera osoak, busto luzea izatetik busto handia izatera pasa ziren 1583. urtean. Busto handi hau Morlaas eta Pau-ko txanponetxeetan erabilitakoaren zeharo desberdina zen.
- 1583 eta 1584. urteetako libera erdiek busto luzea izaten jarraitu zuten.
- Adituren batzuk, 1584 eta 1585 urteko busto luzedun libera osoak badaudela defendatzen badute ere, nik ez dut honelako alerik edo arrastorik aurkitu.
- 1585. urteko kontuek argi uzten dute urte horretan ez zela libera txanponik landu, ezkutu laurdenak baizik. Orainarte, enkantetxe artxiboetan 1585. urtepean deskribatuak agertzen diren aleak, egiazki, urtea gaizki interpretatua duten 1583. urteko aleak dira.
Honako hauek dira nik aurkitu ditudan Nafarroako liberen mota eta aldaki desberdinak. Bai txanpon aldaki desberdinen ezaugarriak, edo beste atal batean ikusiko ditugun Morlaas eta Pau-ko aleetatik desberdintzen dituzten bereizkarriak koloreetan marraztu ditut.
Has gaintezen 1579. urteko ale bakarretik:
1579:
Donapaleu-ko txanponetxean 1579. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan
Aurkia: HE(I?)NRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE(A?). (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.QD.SVM.1579
1580:
Donapaleu-ko txanponetxean 1580. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,59gr 35,0mm Diametroa – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Beste Ale baten Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1580
Donapaleu-ko txanponetxean 1580. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera erdia – 6,39gr 31,0mm Diametroa – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – David Navarre Bilduma – Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. Nafarroako Armarria (Lau ostotako lorerik gabe)
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1580
1581:
Donapaleu-ko txanponetxean 1581. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,84gr 34,0mm Diametroa – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Beste ale baten Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1581
Donapaleu-ko txanponetxean 1581. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera erdia – 6,72gr 30,0mm Diametroa – David Navarre Bilduma – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Busto luzea – Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARE. Nafarroako Armarria (Lau ostotako lorerik gabe)
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1581
1582:
Donapaleu-ko txanponetxean 1582. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,69gr 34,0mm Diametroa – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Beste ale baten Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.158Z
Donapaleu-ko txanponetxean 1582. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera erdia – 6,77gr – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARE. Nafarroako Armarria (Lau ostotako lorerik gabe)
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.158Z
1583:
Donapaleu-ko txanponetxean 1583. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,82gr 36,0mm Diametroa – Punttuz egindako hitz barnealdeko orla – Busto Luzea – Beste ale Baten Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1583
1583. urteko busto luzearen libera txanponaren aldaki bat ezagutzen da, non aurkiko hitzen barneko inguruneak ez du puntutxoz egindarko orlarik erakusten. Egia esan, punttuz eginiko barnealdeko orla hau 1583. urtetik aurrera nagusitzen da, baina aurreko urteetako aleren batean ere ikusi dut.
Donapaleu-ko txanponetxean 1583. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,72gr 35,0mm Diametroa – Puntutxoz egindako barneko orlarik ez aurkian– Busto Luzea
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1583
Donapaleu-ko txanponetxean 1583. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera erdia – 6,99gr 28mm Diametroa- David Navarre Bilduma – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Busto Luzea – Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. Nafarroako Armarria (Lau ostotako lorerik gabe)
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1583
Donapaleu-ko txanponetxean 1583. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,59gr – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Busto handia – Beste Ale baten Bideoa
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1583
1584:
Donapaleu-ko txanponetxean 1584. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,69gr, 34mm Diametroa – Cgb Enkantetxea – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Busto handia
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1584
Donapaleu-ko txanponetxean 1584. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera erdia – Punttuak bai aurkian bai ifrentzuan – Busto luzea
Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. Nafarroako Armarria (Lau ostotako lorerik gabe)
Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1584
Bibliografia:
MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link
Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link
MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010
Les frappes monétaires en Béarn et Basse-Navarre d’après les comptes conservés aux Archives départementales des Basses Pyrénées – Françoise Dumas – 1959 – link
LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 1 et 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)
Le livre des monnaies féodales de Béarn et de Navarre – Henri II (III de Navarre) 1572-1589 – Club Numismatique Palois – Serge Salles – link
COLLECTION DAVID NAVARRE–Youtube Bideoak – link
Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.
Pingback: Luis II.aren Zilarrezko Ezkutuak | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: 1589, Hiru Erregeen Urtea | Euskal Txanpongintzaren Historia
Pingback: Bertrand de la Lande, Baionatar Txanponetxeburuaren Nafar Lanketak | Euskal Txanpongintzaren Historia