Pirinioetako Bake Hitzarmenaren Txanpona

1659. urteko uztailak 22.an Jules Mazarin kardinala, Frantziar errege Luis XIV., eta ondorioz Nafar errege Luis III. aren lehen ministroa, Bidaxuneko Printzerri sobiranora iritsi zen.

Han, egunaren bukaeran antolatutako afarian, Antoine III. Bidaxuneko Printze subirano, Agaramonteko konte, Frantziako marexal, Biarno eta Nafarroako erregeorde eta Baionako alkateak ohoretu eta lausengatu zuen bere Bidaxuneko gazteluan… Agaramonteko kontea, hona hemen non aurkitzen dugun nafar banderizoen agramontarren adar kimu emankorretako bat. Familia honen gorabeherak, Pernando faltsuak gauzatutako konkistaren ondoren, liburu oso bat idazteko ainakoak dira; eta gorabehera hauen iragatean pilatu zituzten ohoreen artean, Baionako alkate eta buruzagi izatearena izan zen.

Jules Mazarin Kardinala, Frantziako lehen ministroa eta Antoine III. Agaramonteko konte eta Baionako alkatea – Wikipedia Commons

Uztailak 23.ean, Baionako hiriak prestatutako ontziei esker, Mazarin kardinala Baionara iritsi zen Atturri ibaian behera. Gure alkate eta printzea beraren ondoan zen.

Bidaxuneko Printzerri Sobiranoaren buru zen Bidaxuneko Printzearen gaztelua – Wikipedia Commons

Baionako apezpiku etxean egun gutxi batzu pasa ondoren, Jules Mazarin Donibane Lohitzune-ra iritsi zen uztailak 28.an. Ipar Euskal Herriko herri hau izango zuen bizileku hurrengo hilabeteetan zehar.

Historialari askoren iritziz, Mazarinek Daskonagerre etxean hartu zuen ostatu, arik eta azaroa erdialdean herria utzi zuen arte. Bere etorreraren zergatia, Don Luis de Haro Espainietako erresumaren lehen ministroarekin bukatu beharreko negoziaketak ziren, bi erregetxeen arteko bake hitzarmena akordatuko zuten negoziaketak alegia.

Hasieran Mazarin-ek Donibaneko errekoletuen komentua eskeini zien espainiarrei bake negoziazioen egoitzatzat, baina espainiarrek mesfidantza zioten frantziar lurraldean negoziatu beharrari. Ondorioz, mugan bertan, Bidasoa ibaiaren erdi-erdian zen Konpantzia uhartea aukeratu zuten bake elkarrizketa hauetarako. Konpantzia uharteaz gain, uharte honek Faisai uharte edo Ospitalaren uharte izena jaso izan du.

Abuztuaren 5.ean berrogei zurgin eta bospasei arkitekto abiatu ziren Donibane Lohitzunetik Konpantzia uhartera, bake elkarrizketetan erabili beharreko pabiloia eraikitzeko xedearekin. Bi egun beranduago, uharteko langileen kopurua berrehunera iritsi zen. Bitan banatu zuten, frantsesak eta espainiarrak bereizten zituen marra eta eraikinen arteko hesi eta guzti. Pabiloiaren barnean, elkarrizketa gela bi erditan banatzen zuen marrak, ordezkaritza bakoitzaren aldea mugatzen zuen. Bilera saloiaren ondoan, gela pribatuak prestatu ziren, Luis de Haro, Mazarin eta haien laguntzaileentzat; gela oro, partaide bakoitzaren bere muga alderdian noski.

Baionako Udal artxibo eta librurutegiak gordetzen duen Konpantzia uharteko antolaketa

Bake konferentziak abuztuak 13.an hasi ziren eta orokorrean 25 konferentzia saio eman ziren, bakoitza gutxienez bost ordutakoa. Seigarren konferentzian zehar, Agaramont-eko duke, Frantziako marexal eta Baionako alkatea zen Antoine III.a Luis XIV.aren enbaxadore gisa Madrilera bidaltzea akordatu zen, Felipe IV. erregearen alaba zen Maria Teresa infantaren ezkontz eskaera helarazteko zereginarekin.

1659. urteko azaroaren 7.an, 24. Konferentzian zehar, Luis de Haro eta Jules Mazarin-ek „Pirinioetako hitzarmena“ bezala ezagutzen den 124 artikulotako bake hitzarmena zinatu zuten.

Hitzarmen honi buruz milaka textu eta iritzi idatzi dira dagoeneko eta ez gara hemen luzatuko. Euskaldunoi dagokigunez, ezer berririk ez zeru sapaiaren azpipean; Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoak „Le roy chez chrestien de France et de Navarre“, Luis XIV.aren menpean jarraituko zuten eta Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Nafarroa garaiak „Rey Catholico de las Españas“ Felipe IV.aren menpean. Hala ere, hitzarmenaren 90. artikuloan aipatzen den 1598. urteko Vervins-eko bake hitzarmenaren 22. artikuloa aintzakotzat hartuz, Luis XIV.ak, Nafarroa Garaiaren gain zituen eskubideei ez ziola uko egiten argi utzi zuen. Felipe IV.ak berdina egin zuen 21. artikuloan, Borgoinako Dukerriari zegozkion eskubideak bermatuz.

Azaroak 12.an, 25.garren eta azken konferentzian zehar, bi ordezkaritzak elkarri agur egiten zioten bitartean, Agaramonteko Duke eta alkate baiondarra iritsi zen Madriletik. Jasotako mandatuaren inguruan berri pozgarriak zekartzan. Luis XIV.ak azaroak 24.an bermatu zuen Toulousen ezkontza kontratu eta bake hitzarmena, Felipe IV. ak berriz abenduak 1.ean Madrilen.

Jules Mazarin bere erregearengana abiatu zitekeen. Ez zuen Mazarin-ek Donibane faltan botako, herria aspergarria eta klima gaixobera iruditzen zitzaion. Irailean bidalitako gutun batetan idazten zuenez, „Horren ondotik jakin ezazu ez naizela herri honetan luzaz egonen, ez bada euskara ikasteko denbora pixka bat hemen pasa nahi dudalako eta haiek egiten duten bezala saltatzen ikasi nahi dudalako, edo buruan sartu zaidalako ez dudala hemendik joan nahi, edo bale bat harrapatu nahi dudalako“. Donibanera itzuli beharrean izan zen hala ere hurrengo urtean, laster ikusiko dugunez.

Lehen ministro honen eta inguruan zituen noble, laguntzaile eta atzerriko herrialde odezkarien bilera eta joanetorriek, izugarrizko salerospen lorapena ekarri zuten Ipar Euskal Herrira. Ostatua, janari-edariak, arropak, garraioa eta zerbitzuak behar ziren eta hauek ordaindu egin behar ziren, zilarrezko txanpon pisutxu eta mardulez ordaindu alegia.

Baina Frantziako erresumak, Espainiaren kontrako gerratean golkoraino sartua, zilarrezko ezkutu haundien lanketa debekatu zuen 1653. urteko Irailaren 5an. Zilarrezko ezkutu hauek, ezkutu zuri edo zilarrezko Luis izena zeramatenak, 1641. urteko Irailean sortu ziren, eta 917 milesimatako zilegitasunaz, espainiar zortzi errealen 931 milesimen azpitik ziren. Pisuari zegokienez, ezkutuen 27,450 gramotako pisu nominala, Espainietako 8 errealetako txanponen pisuaren parean zen. Bi txanpon hauek, gaur egunarekin konparatu ezkero, gure egunetako 50 eurotako diru-paperak izango lirateke.

Baionako txanponetxearen kasuan, ezagunak dira 1654. urteko zilarrezko ezkutuak; baina 1655. urtetik aurrera, ezkutu erdiak (edo hauek baino balio txikiagokoak) baino ez ziren landu. Gogoratu beharrekoa da, Baionako txanponetxeari dagokionez, bolantezko prentsaz landutako txanpongintza, lehenengoz 1650. urtetik aurrera hasi zela, gaurko egunetaraino iritsi zaigun txanponetxe kalearen orubean. Frantziako beste txanponetxe guztien modura, zilarrezko ezkutu ale handien lanketa hasi eta berehala (ezkutu osoak Baionan zertxobait beranduxeago, 1652.an hasi bait ziren), hauen langintza eten behar izan zuen Baionak.

Hobe esanda, hiru salbuespen eman ziren Frantziako txanponetxeen artean, Morlaas, Pau eta Donapaleuko txanponetxeek zilarrezko ezkutu ale mardulak lantzen jarraitu bait zuten. Izan ere, hiru txanponetxe hauek, erresumako beste txanponetxeak ez bezala, Nafarroako kontu ganbararen (Chambre des Comptes de Navarre) menpe ziren eta ez Pariseko Moneta gortearen menpe (Cour de la Monnaie). Burujabetasun honek eta aginduari entzungor egin izanak, ondorio larriak ekarriko zizkien hiru txanponetxe hauei hurrengo urteetan.

Donapaleuko txanponetxean 1659. urtean landutako zilarrezko ezkutua – 27,06gr inguru – 39mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (Hirusta) FR.ET.NA.REX – Hirusta: Pierre d’Armagnac grabatzailea

Ifrentzua: (Hirusta) SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.1659 – Hirusta: Jean de Forcade txanponetxeburua

Baina itzul gaitezen Baionako txanponetxera. Jules Mazarin eta gainontzeko ordezkari guztien etorrerarekin, eta ordainketa esanguratsuak egiteko garain, argi zegoen zilar ale handien beharra zegoela Ipar Euskal Herrian. Ondorioz agindu berezi bat kaleratu zen. Baionako txanponetxeak zilarrezko ezkutu ale mardulak lantzeko aukera izango zuen berriro ere; Nafarroako Kontu Ganbararen hiru txanponetxeetatik kanpo, urte horretan ale eder hauek landu zituen Frantziako txanponetxe bakarra izan zen. Halaber, frantses erregetxearen eredua zeramaten aleen txanponleku bakarra (beste hirurak Nafarroako eta Biarnoko ereduak bait zituzten).

1659. urteko irailak 10 eta urte bereko abenduak 5.aren artean, bake konferentzia burutu zen garai berberean alegia, hurrengo hau bezalako 50.839 ale landu ziren Baionako txanponetxean. Lanketa hau ez zen 1660. urtean luzatu, nahiz data horretan errege familia eta haren gorte osoaren bisita eman zen arren Ipar Euskal Herrian.

Baionako txanponetxean 1659. urtean landutako zilarrezko ezkutua – 27,19 gr inguru – 38,8mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (Titarea) FR.ET.NAV.REX

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Ilargia) 1659 – L izkiak Baionako txanponetxea izendatzen du

1889. urteko abenduaren 31.an Baionako udaletxeko udal artxibategian izandako sutearen ondorioz, XVIII. mendea baino zaharragoak ziren txanponetxe erregistroak galdu ziren. Ondorioz, XVII. mendeko Baionako txanponetxeari buruzko datu asko falta zaizkigu gaur egunean.

Zorionez, erregistro zahar hauek begiztatu zituzten XIX.eta XX mendeen arteko Adrian Blanchet Pariseko ikerlariak eta Baiona bertako Eduard Ducere, Antoine Foltzer eta Paul Burguburu-k haien ikerketak idatzi eta gure egunetaraino helaraztea lortu zuten. Era berean, Pariseko “Cour de la Monnaie”-ra bidalitako txanponketa kontuek, txanpondutako kopuru, txanponetxeburu eta grabatzaileen aztarnak ematen dizkigute, baina tamalez, ez oso osorik.

Esan bezala, garai honetako frantziar txanponak bolantezko prentsaz lantzen ziren erresumako txanponetxe guztietan. Txanponetxearen izena ifrentzu aldearen azpialdian ezarritako izki baten bidez antzeman zitekeen eta kasu honetan, Baionari L izkia zegokion. Aintzinan, 1649. urteraino Orbe kaleko txanponetxe zaharrean mailu bidez landutako txanponetan, ainguraren ikurra agertzen zen oraindik, Baionako txanponetxearen ezaugarri zaharra, baina prentsa bidez landutako txanponen agerrerarekin batera ainguraren ikurra txanponetatik desagertu zen.

Era berean, txanponen ifrentzu aldeko dataren ondoan txanponetxeburuaren bereizgarria azaltzen zen eta aurki aldearen goikaldean grabatzailearen bereizgarria. Frantses txanponek ez zuten Espainietako erresuman ohikoa zen entsegalariaren bereizgarririk.

1659. urteko txanponaren kasuan eta bibliografiari begiratu ezkero, nahiko argi dugu grabatzailearen izena, titare bidez ezagutarazten den Leon Boisnet dela. Leon Boisnet 1659 eta 1672 artean ibili zen Baionako txanponetxean lanean. Baina txanponetxeburuaren kasuan ez gara horren ziur.

Victor Gadoury-ren “Monnaies Royales Françaises 1610-1792” lanak, Frantziako txanponetxeen txanponetxeburu eta grabatzaileen zerrenda ematen du. Baina lan horretan, ez da txanpon honetan agertzen den ilargi bereizgarriaren esanahirik ageri. Arazoa zertxobait korapilatzen da, 1659 urte berbera daramaten zilarrezko ezkutu erdi aleei begiratzen badiegu. Kasu honetan, ilargiaren ordez, izarra agertzen da txanponetxeburuaren bereizgarri bezala. Grabatzailearen lekuan berriz, kasu honetan aurkiaren azpialdean, arrosa lorea azaltzen da.

Baionako txanponetxean 1659. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,50 gr inguru – 33mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. FR.ET.NAV.REX (arrosa)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Izarra) 1659

Kasu honetan, aurreko urteetan landutako beste ezkutu erdiei begiratu behar diegu; ondorioz, 1658. urtean txanponetxeburu aldaketa eman zela ikus dezakegu:

Baionako txanponetxean 1658. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,50 gr – 32mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. FR.ET.NAV.REX (arrosa)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Izarra) 1658

Baionako txanponetxean 1658. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. FR.ET.NAV.REX (arrosa)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Lirioa) 1658

Eta oraindik ere denboran atzerago egin ezkero:

Baionako txanponetxean 1657. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,57 gr – 32mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. FR.ET.NAV.REX (arrosa)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Lirioa) 1657

Baionako txanponetxean 1656. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,54 gr – 32,7mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. FR.ET.NAV.REX (arrosa)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Lirioa) 1656

Urte honetan hau bezalako 66.400 ale landu ziren

Denboran atzeraka egindako jauzi honek, argibide pare bat eman dizkigu. Victor Gadoury-ren liburuak, arrosaren ezaugarria Abraham Bureau grabatzaileri dagokiola argitzen digu. Grabatzaile honek 1656 eta 1659 urteen artean lan egin zuen Baionako txanponetxean. Eta lehen azaldutako txanponek hau berbera baieztatu digute.

Liburu berdinaren arabera, lirioaren ezaugarria Pierre Dutost txanponetxeburuari dagokio. Txanponetxeburu hau 1656. urtean hasi zen Baionan lan egiten, eta liburuak horrelakorik azaltzen ez duen arren, txanponetan ikusi dugunez, 1658.rarte ibili zen lanpostu honetan.

Baina orduan, zein txanponetxebururi dagokie 1658 eta 1659. urteetako ezkutu erdietan ageri den izar ikurra eta 1659. urteko ezkutu osoetan ageri den ilargia? Gadoury-ren liburuak ez du hauen berririk ematen. Kasu honetan Adrian Blanchet-en lanetara jo behar dugu.

Blanchet-en arabera Martin d’Anretche zen txanponetxeburu Baionan 1659. urtean. Bai izarra edo bai ilargia, Martin-en ezaugarri lirateke. Baina zoritxarrez ez dakigu bietatik zein ezaugarri dagokion.

Ilargiaren ezaugarria 1659. urteko hiru hilabeteetan landutako ezkutu aletean agertzen da soilik, eta ez du jarraipenik 1660. urteko aleetan. Txanpongintza berezi honen aurreko eta ondorengo aleek bertako txanponetxeburu baionarra izan zuten eta bertako hau Martin d’Anretche izan beharko luke. Honi legokioke izarraren ezaugarria. Ilargiarena berriz, Paris-tik etorritakoren batena izan beharko luke, hiru hilabete motz hauetan txanponetxearen ardura hartu eta konferentziaren ondoren berriro ere hiriburura itzuli zena. Haren izena, niri behintzat ezezaguna zait.

1660. urtean, berriro ere ezkutu erdiak baino ez ziren landu Baionan, baina hauei begiratu ezkero, hemen ere ba dugu zer esaterik.

Baionako txanponetxean 1660. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,56 gr – 32mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (titarea) FR.ET.NAV.REX

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Hirusta) 1660

Baionako txanponetxean 1660. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,58 gr – 31,8 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (titarea) FR.ET.NAV.REX

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Hirusta) 1660

Urte honetan 113.946  ale landu ziren. Hauetatik gehienak gazte irudiarekin 

1660. urtean txanponetxeburu berri baten ezaugarria azaltzen zaigu. Ezaugarri hau hirusta bat da. Era berean, Luis XIV-aren gazte irudiaren erabilera hasi zen txanponetan urte honetan, baina oraindik ere, aurreko haur kizkur luzearen irudia aurkezten duten ale gutxi eta zail batzuk aurkitu daitezke. Erregea hemeretzi eta hogei urteren artean zebilen dagoeneko, ekainean ezkondu zen; ba zen beraz haren txanpon irudia eguneratzeko garaia.

Hirustari dagokion txanponetxeburua jakin ahal izateko, denboran aurrerantz egin behar dugu, Gadoury-ren liburuak ez bait du hirustarik erakusten. Grabatzailearen izena dagoeneko ezaguna da eta lehen ere aipatu dugu; 1659. urteko ezkutu ale marduletan ageri den Leon Boisnet titaredun berbera.

Hirusta, bi urte gehiagoren buruan mantendu zen:

Baionako txanponetxean 1661. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,49 gr – 32,5 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (titarea) FR.ET.NAV.REX

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Hirusta) 1661

Urte honetan hau bezalako 113.305 ale landu ziren – CGB enkantetxea

Baionako txanponetxean 1662. urtean landutako zilarrezko ezkutu erdia – 13,58 gr – 32,8 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (titarea) FR.ET.NAV.REX

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Hirusta) 1662

Urte honetan hau bezalako 64.540 ale landu ziren

1662. urtean, berriro ere txanponetxeburu aldaketa eman zen Baionan. Hori ezin dut ezkutu erdi aleetan somatu ahal izan, baina bai honako ezkutu hamabiren (1/12) ale bakar honetan:

Baionako txanponetxean 1662. urtean landutako zilarrezko 1/12 ezkutua – 2,18 gr – 20,0 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (titarea) FR.ET.NAV.REX

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Bihotza) 1662

Kasu honetan, badakigu bihotzaren txanponetxeburu ezaugarria Louis Martin txanponetxeburuari dagokiola eta hau, 1662 eta 1666 urteen artean izan zela txanponetxeburu.

1662. urtearen udaberrian, Frantziako txanpon gorteak (Cour de la Monnaie) zilarrezko ezkutu osoen lanketa berrezarri zuen. Baionaren kasuan, 1663. urteraino ez dut zilar ale mardul hauen lanketarik aurkitu, eta hauek Louis Martin txanponetxeburuak eta Leon Boisnet grabatzaileak landu zituzten. Azkenik ere, Espainietako erresumetako zilar iturria erabiltzen zuten Baionar ale ikusgarrien lanketa puskaterako berrezari zen.

Baionako txanponetxean 1663. urtean landutako zilarrezko ezkutua – 27,13 gr – 38,7 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G. (titarea) FR.ET.NAV.REX

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.L.BENEDICTVM. (Bihotza) 1663

Urte honetan hau bezalako 65.194 ale landu ziren

Baina oraindik ere ez dakigu hirustaren ezaugarria zein txanponetxebururi dagokion!! Hemen ere, Adrian Blanchet-en lanei begiratu behar diegu eta honek, 1661. urtean Baionako txanponetxeburu Francois Savin delakoa zela argitzen digu. Beraz, garai honetan ikusitako txanponetxeburuen eta grabatzaileen laburpena egin ezkero honako hau genuke:

Baionako txanponetxearen txanponetxeburu eta grabatzaileen laburpena (1656-1666)

Gure gaurko historiaren hari dugun Jules Mazarin kardinala Konpantzia uhartera eta Donibane Lohitzunera itzuli beharrean izan zen 1660. urtean. Izan ere, Maria Teresa infantaren eta Luis XIV.aren arteko ezkontza adostua ospatzear zegoen!

Frantziar kortea 1660. urteko maiatza hasieran iritsi zen Baionara eta han zortzi egun igaro ondoren Donibane Lohitzunera lekualdatu zen. Luis erregea bere emaztea ezagutzeko irrikitan zen.

Hamabi bat mila biztanletako herria, Donibane herri aberatsa zen garai haietan bere itsas baliabideei esker, baina ez zuen korte oso bat jasotzeko tamainarik. Izan ere, Frantziako gorteak hilabete bat inguru pasa zuen Donibanen eta garai haietakoa da esaera zaharra: “Donibane Lohitzune, Paris ttipia, Baiona bere zalditegia eta Ziburu bere arraindegia”. Zerbitzari eta langileek inguruko herrialdean hartu behar izan zuten ostatu. Mazarin berak, honako honetan Ziburun hartu zuen ostatu.

Azkenik ere azaldu zen Espainietako kortea mugaren beste aldean. Haien artean Velazquez margolaria ere ba zen eta harek hartu zuen Espainiarrei zegokien Konpantzia uhartearen pabiloi erdia apaintzeko zeregina.

Errege bikote berriaren arteko lehen ezkontza, Hondarribiko elizan jazo zen ekainaren 3.an, eta honako honetan, Luis erregea botere bidez ordezkatu zuen Luis de Haro espainiar lehen ministroak. Ekainaren 4.an, elkarren anai-arrebak ziren Felipe IV. errege eta Ana erregina amaren arteko ikustaldia izan zen Konpantzia uhartean. Ekainak 6.an Felipe IV. eta Luis XIV. erregeen arteko lehen elkarriketa eman zen leku berean.

Konpantzia uhartearen inguruak erakusten dituen brontzezko medaila – Aureo&Calico enkantetxea

Luis XIV. erregearen bizitza atalak isladatzen dituen 1663 eta 1691 urteen artean landutako medaila segida, 107,95 g. Ø62 mm

Aurkia: LVDOVICVS. XIV. REX. CHRISTIANISSIMVS. (J. Mauger Grabatzailea)

Ifrentzua: REGVM COLLOQVIVM AD PIRENAEOS MDCLX  MOLART.F (M. Molart Grabatzailea)

Hurrengo egunean, ekainak 7.ko bigarren eta azken konferentzia bukatu ondoren, Maria Teresa infantak Frantziako bere lurralde berrietara zeharkatu zuen. Ekainak 9.an, errege bikotea  bigarrengoz ezkondu zuen Baionako apezpikuak, Donibane Lohitzuneko elizan.

Gertaera hauek, Charles le Brun margolariaren zuzendaritzapean irudikatu ziren Gobelins-eko tapizeetan. Eta tapize hauek oinarri moduan hartuta, Jacques Laumosnier margolariak, bi oleo desberdin margotu zituen XVII. mendearen bukaeran. Oleo hauek, Le Mans hiriko „Musée de Tessé“museoan ikusgarri dira:

Jacques Laumosnier – XVII mende bukaera – Konpantzia uharteko Felipe IV. eta Luis XIV. erregeen arteko elkarrizketa – Jules Mazarin Luis XIV.aren atzean – Wikipedia Commons

Jacques Laumosnier – XVII mende bukaera –Luis XIV. errege eta Maria Teresa erreginaren arteko ezkontza Donibane Lohitzunen – Jules Mazarin berriro ere Luis XIV.aren atzean – Wikipedia Commons

Frantziako administraritzak landutako jetoietan era ba dugu Konpantzia uhartean izandakoaren isladarik. Honako honek ezkongaiak erakusten ditu aurki aldean eta Konpantzia uhartea eta bere bake pabiloia ifrentzuan. Uhartera, hiru batelek sostengatutako bi pasabideren bidez zeharkatu zitekeen, Bidasoa ibaiaren alde bietatik alegia.

Konpantzia Uhartea erakusten duen Frantziako administraritzak landutako jetoia – CGB enkantetxea

Aurkia: LVD. XIIII. ET. MARIA. THER. D. G. FRA. ET. NAV. REX. ET. REG.

Ifrentzua: AETERNO. FOEDERE. IVNGAM. – Betiko Itun batean bateratuko ditut

Ifrentzu aldeko textuak barre keinu bat ekarriko digu ezpainetara, “betiko itun batean bateratuko ditut”, Luis eta Maria Teresaren arteko ezkontzari legokioke eta ez bake akordioari, zapi urteren buruan, berriro ere gerratean bait ziren Frantzia eta Espainietako erresumak.

Lanak eta nekeak bere ordainak eskatu zituzten Konpantzia uharteko konferentzien ondoren. Diego Velazquez margolaria nafarreriak jota hil zen abuztuak 6.an, Madrilen. Jules Mazarin kardinala berriz, 1661. urteko martxoak 9.an hil zen Vincennes-eko gazteluan, Paris-eko inguruetan.

Bibliografia:

Monnaies Royales Françaises 1610-1792– Victor Gadoury – 2018 -5° Edition

FRANTZIAKO GORTEAREN ETORRALDIAK EUSKAL HERRIRA – Baiona Hiriaren Mediateka – link

Recherches sur l’atelier monétaire de Bayonne (1488-1837) – Adrien Blanchet – Revue Numismatique 1913 – link

El jetón de la Isla de los Faisanes – Miguel Ibáñez Artica – 2016 – link

PIRINIOETAKO HITZARMENA – link

VERVINS-EKO BAKE AKORDIOA – link

Les Hôtels des Monnaies de Bayonne, dans le Bulletin de la Société des Sciences Lettres et Arts de Bayonne, 1930-31, p 288-316 et p.157-190 – Antoine Foltzer

Dictionnaire historique de Bayonne – 1915- Édouard Ducéré

Histoire topographique et anecdotique des rues de Bayonne – 1893 – Édouard Ducéré

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude