1589, Hiru Erregeen Urtea

Henrike III.aren Nafarroako liberei eskeinitako atalean ikusi genuenez, 1584. urtea Nafarroako liberen azken lanketa urtea izan zen. Era berean, urte berbera izan zen Donapaleun landutako ezkutu laurdenen lehen lanketa urtea; libera eta libera erdien lanketa amaitzen zen garaiean, ezkutu laurdenen lanketa hasi zuen Donapaleuko txanponetxeak.

Frantziako Henrike III.a erregearen 1577. urteko azaroak 28-ko aginduaren bidez sortu ziren zilarrezko ezkutu laurdenak. Atal hartan ikusi genuenez, ezkutu laurdenek 15 sueldotako balioa zuten, urrezko ezkutu txanponaren laurdena edo ordurarte erabilitako libera kontu unitatearen ¾ alegia (nahiz eta Frantzian, ezkutuen ordez liberetan kontatzea galerazia egon lehen urte hauetan). Zilarrezko liberekin gonbaratu ezkero, pisu gutxiago izan arren zilar garbitasun handiagoa zuten eta espainiar erresumetatik ekarritako zilarraren lanketa erraza ahalbidetzen zutenez, erabat arrakastatxuak suertatu ziren.

917 milesimetako zilegitasun eta 9,712 gramotako pisu nominala zuten ale hauek mailu bidez landu ziren Donapaleun 1652. urteraino. Ondorioz, 68 urtetan zehar (urte guzti hauetako bakoitzean ezkutu laurdenak landu ez baziren ere), zilarrezko txanpon ale mailukatu eder hauen sortzailea izan zen Donapaleuko txanponetxea, bolantezko prentsari bidea eman zion azkenetarikoa.

Donapaleu-ko txanponetxean 1584. urtean landutako zilarrezko Nafarroako Libera – 13,69gr, 34mm Diametroa – Cgb Enkantetxea – Busto handia

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. (Lau ostotako Lorea) Nafarroako Armarria

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1584Lirioa eta C hizki edo ilargia

Donapaleu-ko txanponetxean 1584. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,31gr, 30mm Diametroa – Beste ale baten bideoa

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE.

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1584 Lirioa eta C hizki edo ilargia

Ezkutu laurden hauek, Frantziako azken Valois-tar errege txanponen iruditegia erabat eraldatu zuten, non lehenagoko aletean, erregearen irudia aurkian erakutsi ohi zen. Ezkutu laurdenek, errege irudi hau lirio loreez inguratutako gurutze batez ordezkatu zuten. Ifrentzuan berriz eta Nafarroko txanponen kasuan behintzat, liberen armarri anitz eta konplexuaren ordez, Nafarroa eta Borboi etxearen armarri erdibanatua erabili zen. Arteak baino, txanpon ekoizpenak zuen orain lehentasuna, Henrike Frantziako gerrate erlijiozkoetan leporaino bait zebilen.

Roger de Vergez dugu txanponetxeburu urte hauetan Donapaleun eta hurrengo bost urteetako ezkutu laurdenetan agertzen den R hizkia, ziurrenik ere Roger txanponetxeburuaren ezaugarri dugu. R hizki honen agerrera 1585. urtean eman zen, non R hizkidun eta hizki gabeko aleak aurki ditzazkegun:

Donapaleu-ko txanponetxean 1585. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,47gr, 27mm Diametroa – R Hizkirik gabeBeste ale baten bideoa

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE.

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1585 Lirioa (again C hizki edo ilargia?)

Donapaleu-ko txanponetxean 1585. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – R Hizkiduna

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE.

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1585 Lirioa (again C hizki edo ilargia?)

Tamalez, ezkutu laurdenen lehenengo bi urteetako lanketa kopuruak baino ez zaizkigu iritsi; Hala ere, erabat ziurtatu dezakegu Henrike III. 1589 urtean Frantziar erresumako Henrike IV. bihurtu zen arte, urtero landu zituela ezkutu laurdenak Donapeleun.

 

Landutako Libera eta libera erdi kopurua

Landutako Ezkutu Laurden Kopurua

1584

45802

48582

1585

81904

1584 eta 1585 urteetan Donapaleuko txanponetxean landutako libera eta ezkutu laurden kopurua

Donapaleu-ko txanponetxean 1586. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,44gr, 29mm Diametroa – Beste ale baten bideoa

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. R Hizkia

Ifrentzua: GRAT(I)A.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1586 Lirioa eta C hizki edo ilargia

Libera eta libera erdiekin ikusitakoaren antzera, ezkutu laurdenekin batera ezkutu zortzirenak ere landu ziren. Ale hauek 4,856 gramotako pisu nominala eta 24-25mm inguruko diametroa zuten, nahiz eta gure egunetaraino iritsitako ale urriak pisu nominal horren azpitik egon. Nik behintzat 1585, 1586 eta 1589. urteetako ezkutu zortzirenak aurkitu ditut, Françoise Dumas ikerleak 1587. urteko aleen ezagutza omen zuen eta ondorioz nahiko litekeena litzateke 1584 eta 1588. urteetan ezkutu zortzirenak ere landu izana. Edonola ere, ezkutu zortziren hauen kopurua oso urria da gaur egun eta hemen ere, urte hauetan landutako zortziren kopurua ezkutu laurdenena baino askoz txikiagoa izan zela esan dezakegu.

Donapaleu-ko txanponetxean 1585. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Zortzirena – 4,38gr

Aurkia: HENRI.II.D.G.REX.NAVARRE. R Hizkia

Ifrentzua: GRATIA.D.SVM.Q.SVM.1585 Lirioa. C hizki edo ilargia

Aureo & Calicó Auction 396, Lot 3411                                          18.10.2022

Donapaleu-ko txanponetxean 1586. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Zortzirena – 4,50gr

Aurkia: HENRI.II.D.G.REX.NAVARRE. R Hizkia

Ifrentzua: GRATIA.D.SVM.Q.SVM.1586 Lirioa. Agian C hizki edo ilargia?

ALDE, PUBLIC AUCTION OCTOBER 2015, LOT 1387                      26.10.2015

Donapaleu-ko txanponetxean 1589. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Zortzirena – 4,49gr

Aurkia: HENRI.II.D.G.REX.NAVARR. R Hizkia

Ifrentzua: GRATIA.D.SVM.Q.SVM.1589 Lirioa.

Editions V. Gadoury, Spring 2022 Auction, Lot 778                                           12.03.2022

Donapaleuko txanponetxean landutako ezkutu laurden eta zortzirenek badute beste bereizgarri bat, urte berdinetako Biarnotar edo Frantziar erresumako aleekin gonbaratu ezkero. Donapaleuko txanponek ez dute balioaren ezaugarri ziren IIII edo VIII erromatar zenbakirik. Ezaugarri hauek Henrike Frantziako errege bihurtzean azalduko dira, textuirudi berrien agerpenarekin bat. Gonbaraketa moduan, ikus dezagun Pau-ko errota txanponetxean 1585. urtean landutako ezkutu laurden bat:

Pau-ko txanponetxean 1585. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,51gr 30mm diametroa – Beste ale baten bideoa

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRAE.DB Monograma (Dominus Bearnie)

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.Q.D.SVM.1585 C hizki edo ilargi erdia

Edo Morlaas-eko txanponetxean 1586. urtean landutako beste ale hau:

Morlaas-ko txanponetxean 1586. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – Beste ale baten bideoa

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRAE.DB (Dominus Bearnie)

Ifrentzua: (Izarra) GRATIA.DEI.SVM.Q.D.SVM.1586

Ikus daitekeenez, Biarnotar txanponetxeek textuirudi bateratuak azaltzen dituzte, aurkian NAVARRAE eta DB, Donapaleuko NAVARRE-ren ordez. Ifrentzuan berriz GRATIA DEI SVM QVOD ID SVM, Donapeleuko GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM-ren ordez (historian zehar, aurreko urteetan, Donapaleuko textuirudia izan zen erabilia txanponetxe orotan).

Nafarroako liberei eskeinitako atalaren ondoren, irakurleren batek galdetu zidan: Henrike III.aren liberei buruz idatzi baduzu nolatan ageri da Henrike II.a libera horietan? Erratu egin al zara?

Orain arte ikusitako ezkutu laurden hauek Henrike II.aren izena daramate berriro ere , erratu egin al nintzen? Ba ez, ez dut hemengoan behintzat hanka sartzerik egin. Henrikeri III. ordinala zegokion Nafarroako errege bezala, Henrike I (1270-1274) eta Henrike II (1517-1555) bere aitonaren ondoren. Nolatan bada azaltzen da II. ordinala orainarteko txanponetan?

Ordinal hori Biarnoko jaun moduan zegokion Henrikeri eta Donapaleun landutako txanpon ereduak Biarnoko txanponetxeetatik zetorztenez (gogoratu, Donapaleuko txanponetxea 1579. urtean baino ez zela birrireki), Nafarroako erresuma zaharraren azken lurralde burujabean txanpon textuirudi biarnotarrak sustraitu ziren.

Egia esan, Nafarroako erregetzaren tituluari erreferentzia egiten zioten einean, Biarnotar txanpon berberei III. ordinala zegokien. Ordinalaren erabilera, Juana erregina zendu ondoren, 1572. urtean, Henrike berberaren lehen txanponetan ezarri zen Biarnon eta ikusi dugunez, hasiera hasieratik Biarnoko ordinala erabili zuten Nafarroako erregetzari erreferentzia egin arren.

Baina azkenik ere nabarmendu zuten akatsa eta zuzendu zuten haien hutsa:

Morlaas-ko txanponetxean 1588. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,56gr

Aurkia: HENRICVS.III.D.G.REX.NAVARRAE.DB (Dominus Bearnie)

Ifrentzua: (Izarra) GRATIA.DEI.SVM.Q.D.SVM.1588 (Izarra)

Pau-ko txanponetxean 1589. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,01gr 29mm diametroa – Beste ale baten bideoa

Aurkia: HENRICVS.III.D.G.REX.NAVARRAE.DB (Dominus Bearnie)

Ifrentzua: (Izarra) GRATA.DEI.SVM.Q.D.SVM.1589 (Izarra)

Zuzenketa hau ez zen ordea Donapaleura iritsi; Nafarroako lurretan landutako txanponetan, non textuirudietan Biarnoko jaureriaren aipamenaren arrastorik ez zen, Henrike II. Biarnoko jaunaren ordinala baino ez zaigu azaltzen 1588 eta 1589 urteetan:

Donapaleu-ko txanponetxean 1589. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,54gr – Beste ale baten bideoa

Aurkia: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE. R Hizkia

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1589 Lirioa eta C hizki edo ilargia

Paradoxa da, Biarnoko txanponetxeetan ordinala zuzendu zen bitartean, Nafarroako erresumako txanponetxe bakarrean II. ordinala bere horretan gelditu izana. Agian okerra zuzentzear zeuden, 1589. urteko abuztuak 1.ean praile domingotar batek Frantziako Henrike erregea erahil eta Henrike III. Nafarroako erregea, Henrike IV. Frantziako errege berria bihurtu zenean.

Henrikek, higamota izanik, bederatzi urtetako gerrate zibila pairatu behar izan zuen Frantziako koroa erabat bermatu aurretik. Baina kontrolpean zituen lurralde eta hiriak berehala hasi ziren txanpon berriak lantzen, Donapaleu hauen artean:

Donapaleu-ko txanponetxean 1589. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 8,88gr 30mm diametroa

Aurkia: HENRICVS.4.D.G.FRAN.E.NAVAR.REX. R Hizkia desagertu da

Ifrentzua: (B Hizkia) GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1589 (C hizki edo ilargia)

Txanpon berri hauen egitura erabat esanguratsua da.

  • Aurki aldean, Frantziako koroari zegokion ordinala erabili zen arren, textuirudiak argi uzten zuen Frantziako eta Nafarroako errege zela Henrike. Hala ere, Nafarroako lurraldeetan bertan txanpondutako aleetan, Frantziako erregetzaren ordinala erabili zen Nafarroakoarenaren ordez.

Espainiar erresumetako txanponketa ohiturekin gonbaratu ezkero, hegoaldeko Nafarroako erresumarekin adibidez, desberdintasunak nabari ditzazkegu. Hegoaldean, Nafarroako errege titulu soilpean lantzen ziren txanponak eta hori aldatzeko sahiakera pare batek gorteen errefus bortitza ekarri zuen.

Iparraldean berriz, 1620. urterarte erresuma bananduak izan arren, bai Frantziako, bai Nafarroako edo Biarnoko txanponek Frantziar erresumaren ordinala jaso zuten. Era berean, onartu beharra dugu, Frantziako lurralde guztietako txanponketetan erregearen titulapen osoa ageri zela. Har dezagun Baionako beste ale hau adibide bezala:

Baiona-ko txanponetxean 1590. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,46gr 30mm diametroa – CGB enkantetxea

Aurkia: HENRICVS.4.D.G.FRAN.ET.NAVA.R. 1590

Ifrentzua: SIT NOMEN DOMINI.BENEDICTVM (Aingura) (Oskol) L Hizkia

Ifrentzu aldeko textuirudi eta armarriak desberdinak izan arren, Baionako ale honek Donapaleuko txanponen textu berdinak agertzen zituen aurkian.

  • Errege ordinal zenbaki berari zegokionez, lehenengo aldiz zenbaki arabiarrez irudikatu zen zenbaki erromatarren ordez. Txanponetxe gehienak 1590-1591 urteen artean berriro ere zenbaki erromatarretara bihurtu ziren arren, Donapaleuko txanponetxeak 4 zenbaki arabiarra erabili zuen Henrikeren erregealdi guztian zehar, harik eta bere seme Luis XIII.aren txanponetan ordinal zenbaki erromatarretara itzuli ziren arte. Gonbara ditzagun Pau-ko eta Henrikeren erragetza bukaerako Donapaleuko ezkutu laurdenak:

Pau-ko txanponetxean 1590. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,60gr 31mm diametroa

Aurkia: HENRICVS.IIII.D.G.FRANC.ET.NAVA.REX.DB (Dominus Bearnie)

Ifrentzua: (Izarra) GRATIA.DEI.SVM.Q.D.SVM.1590 (Izarra)

Donapaleu-ko txanponetxean 1608. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,43gr 29mm diametroa

Aurkia: HENRICVS.4.D.G.FRANC.ET.NAVAR.RX.

Ifrentzua: (F hizkia) GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1608 (C hizkia edo ilargia)

Eta ikus dezagun nola erromatar zenbaki ordinala Henrike zendu bezain laster bueltatu zen:

Donapaleu-ko txanponetxean 1610. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9,49gr 29mm diametroa – CGB txanponetxea

Aurkia: LVDOVICVS.XIII.D.G.FRANC.ET.NAVA.RX.

Ifrentzua: (F Hizkia) GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1610

  • Ifrentzu aldeari zegokionez, ezkutu laurden eta ezkutu zortzirena adierazten zuten erromatar balio zenbakiak agertu ziren lehenengoz:

Donapaleu-ko txanponetxean 1598. urtean landutako zilarrezko Ezkutu Zortzirena – 4,63gr 25mm diametroa

Aurkia: HENRI.4.D.G.FRANC.ET.NAVA.REX.

Ifrentzua: GRATIA.DEI.SVM.Q.SVM.1598 (C hizkia edo ilargia) – V eta III armarriaren ondoan

  • Ifrentzuan azaltzen zen armarriari zegokionez, Nafarroa-Borboi izatetik Frantzia-Nafarroa izatera pasa zen. Borboi etxeak Nafarroako erregetza lortu zuen lehenik, eta handik Frantziako erregetza, geroago Espainietako erregetza lortu aurretik. Baina jatorrizko Nafarroako erresuman bertan, argi utzi zuten Frantzia zetorrela lehenik eta Nafarroa ondoren.

Baina hori ere ez zen beti horrela izan ordea…

Donapaleu-ko txanponetxean 1651. urtean landutako azken zilarrezko Ezkutu laurdenetako bat – 9,62gr 32mm diametroa

Aurkia: LVDOVICVS.XIIII.D.G.FRANC.ET.NAVAR.

Ifrentzua: GRACIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1651 (V hizkia)

Nafarroa-Frantzia armarria Frantzia-Nafarroaren ordez

  • Atal honetan zehar hainbat hizki deskribatu ditugu txanpon aleen textuirudi edo irudien inguruetan. Hizki hauen artean, C hizki edo ilargi erdi bat izan daitekeena agertzen da ugarien. Nafarroako liberen atalean ere ikusi genuen hizki hau, ale hauetako koroaren inguruan. Autore batzuk, grabatzaile ezaugarriaren balioa ematen diote hizki honi. Aldi berean, Jerome Le Normand grabatzailearekin parekatzen dute 1590 eta XVII. mendearen lehen hamarkadaren artean. Nire ustez ordea, Donapaleuko ezkutu laurden eta zortzirenek ez zuten grabatzailearen ezaugarririk (bolantezko prentsa aleak agertu arte behintzat) eta ilargi erdi honen esanahia beste nonbait aztertu beharrean gara.
  • Ikusitako gainontzeko hizkiak txanponetxeburuaren ezaugarri dira ordea. Eta txanponetxeburu izendatzaile hauek, 1589. urtetik aurrera, beste ezaugarri berezi bat eman zioten Donapaleuko txanponetxeari. Biarnoko txanponetxeekin batera, eta Frantziako txanponetxeak ez bezala, txanponetxeburuak hizki bidez izendatu zituzten txanponetxe bakarrak izan ziren. Frantziako erresumako txanponetxeetan debekatua bait zen txanponetxeburuak hizki bidez bereiztea, 1540. urtean txanponetxeak hizki bidez bereiztea erabaki zuen txanpontze legearen ondoren; L hizkia adibidez Bainonari zegokion hizkia zen. Txanponetxeburuek hizki bat erabili ezkero, txanpona landutako txanponetxearen hizki izendapenarekin nahastu zitekeen eta horregatik debekatu zen horrelako jarduera oro.

Egin dezagun atal honetan ikusitako Donapeleuko txanponetxeburu hizkiei errepasua:

    • R Hizkia: Ezkutu laurdenetan 1585. urtetik aurrera: Roger de Vergez (1581-1589)
    • B Hizkia: Bertrand de la Lande (1589-1595)
    • F Hizkia: Jehan du Four (1595 – 1611)
    • V Hizkia: Jean Verdoye (1649 – 1659)

Atal honen ondoren ondorengoa esan dezakegu! Erromatar inperioak lau enperadoreen urtea k.o. 69. urtean izan zuen bezala, Nafarroako erresumak 1589. urtean izan zuen hiru erregeen urtea; Baina ez ziren hiru errege desberdin errege eserlekuan eseri, baizik eta errege berbera, Henrike II, Henrike III eta Henrike 4. bezala azaldu zen erresumaren txanponetan!!

Bibliografia:

MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link

Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010

Les frappes monétaires en Béarn et Basse-Navarre d’après les comptes conservés aux Archives départementales des Basses Pyrénées – Françoise Dumas – 1959 – link

LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 1 et 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)

Le livre des monnaies féodales de Béarn et de Navarre – Henri II (III de Navarre) 1572-1589 – Club Numismatique Palois – Serge Salles – link

COLLECTION DAVID NAVARRE–Youtube Bideoak – link

Les monnaies béarnaises de Louis XIV (I) – CHRISTIAN CHARLET – 2012 –  link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

2 thoughts on “1589, Hiru Erregeen Urtea”

  1. Pingback: Luis II.aren Zilarrezko Ezkutuak | Euskal Txanpongintzaren Historia

  2. Pingback: Bertrand de la Lande, Baionatar Txanponetxeburuaren Nafar Lanketak | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude