Frantsesa euskal txanponetan agertu zenetakoa

Aurreko sarreran ikusi dugun moduan (link), Frantziako iraultzak erabateko aldakuntza ekarri zuen Europako pentsamolde politikoan. Aldakuntza hori, XIX. mendean zehar gauzatu zen Europako lurralde desberdinetan, non nazio-estatuaren sorrera eta zabalkuntza gertatu bait zen mendea igarotzen zihoan moduan.

Erregimen zaharra itzaltzen zihoan era berean, nazio estatu berriak, beraien ikur, mito eta egituren oinarriak eraikitzen joan ziren. Nazio estatuak, nazio bakarra, nortasun bakar eta bateratua eta noski, hizkuntza ofizial bakar eta bateratzailea behar zuen.

Frantziar iraultzaileak izan ziren prozesu honetan aintzindariak. Adibidez, Nafarroa Behearen ordezkariek ordenamendu berriaren aurka azaldu baziren ere, erreinu zaharra Basses Pyrénées (Pirinio Behereak) izeneko departamenduaren barnean geratu zen 1790.eko abenduan, Lapurdi eta Zuberoako euskal herrialdeekin eta Bearnorekin batera. Foruak galdu, erresumaren maila galdu eta gaur arte, Behenafarroa Frantziako departamentu baten osagai xume bat bilakatu zen.

Errege bera ere, ez zen gehiago Frantziako eta Nafarroako errege izango, hemendik aurrera “Frantziarren errege” izatearen papera tokatuko zitzaion (1789ko urriaren 12tik aurrera). Erregearen botereak ez zuen jadanik jatorri jaunkotiarrik, herriak, legeak eta konstituzioak ezarritakoa bakarrik.

Pentsamolde hau XVIII. mendean zehar, ilustrazio mugimenduari eta Estatu Batuetako independentzia gerrari esker garatu zen… baina momentu batez pentsatu ezkero, Luis XIV. eguzki erregea hil zenetik, 75 urte baino ez ziren igaroak. Erabatezko pentsamendu aldakuntza “estatua ni neu naiz” bezalako perlak esaten zituenarekin gonbaratu ezkero.

Herria, edo hobe esanda nazioa da gizartearen ardatz berria eta nazioaren hizkuntzak, letradun eta pribilegiatuen tresna zen latin hizkuntza baztertu zuen bizitzako alor ugaritan. Txanpongintza izan zen alor hauetako bat, orain estatuak herritarrei beraien hizkuntzan hitzegiten zien, herritar hoien gehiengoaren hizkuntza zen frantsesean. Frantzian ba ziren (eta badira orain ere), beste gutxiengo batzuen hizkuntza gehiego ere, baina hauek, latina bezala, nazioaren hizkuntza ofizialaren aintzaren aurrean baztertuak izan ziren (eta Frantzian baztertuak jarraitzen dute).

Frantziako iraultzaren garaian hasitako pentsamoldearen garapen hori, garai honetan Baionako txanponetxean landutako txanponen bidez erakutsi dezakegu. 1790. Urtean oraindik, erregimen zaharraren patroi eta ereduak ikusi daitezke indarrean.

Latin hizkuntzan landutako Baionako txanponetxeko azken sorkuntzetako bat – 29,33 gr – 41,0 mm – Sei Liberatako Zilar Ezkutua – 1790, (iraultzaren bigarren urtea) – Urte honetan hau bezalako 350.000 txanpon egin ziren

LUD. XVI. D. G. FR. ET NAV. REX. – SIT NOMEN DOMINI L BENEDICTUM 1790 – cgb enkante etxearen artxiboa

(Luis XVI. Jainkoaren Graziari esker Frantziako eta Nafarroako Errege – Izan bedi Jainkoaren Izena bedeinkatua)

Baina 1791. urtean, patroi eta eredu berriak ikusiko ditugu. Dagoeneko, Luis XVI.a Frantziarren errege bezala ageri da, eta argi da bere aginteak ez duela inongo jatorri jainkotiarrik. Lehenengo aldiz bere boterea, nazioak eta honek emandako legeek sortutako bidezkotasunean funtsatuta dago.

 

Frantses hizkuntzan landutako Baionako txanponetxeko lehen sorkuntzetako bat – 24,02 gr – 33,0 mm – Kobrezko 24 Diru edo bi sueldo – 1791, iraultzaren hirugarren urtea

LOUIS XVI ROI DES FRANÇOIS L 1791 – LA NATION LA LOI LE ROI// L’AN 3 DE LA LIBERTÉ

Frantses hizkuntzan landutako Baionako txanponetxeko lehen sorkuntzetako bat – 12,12 gr – 30 mm – Kobrezko 12 Diru edo sueldo bat – 1792, iraultzaren laugarren urtea

LOUIS XVI ROI DES FRANÇOIS L – LA NATION LA LOI LE ROI// 1792 4 DE LA LIB.

Frantses hizkuntzan landutako Baionako txanponetxeko lehen sorkuntzetako bat – 29,40 gr – 41,0 mm – Sei Liberatako Zilar Ezkutua – 1792, (iraultzaren laugarren urtea)

LOUIS XVI ROI DES FRANÇOIS L 1792 – REGNE DE LA LOI L // L’AN 4 DE LA LIBERTÉ

Orainarte erakutsitako lau txanpon hauek, txanponetxeburu arduradun berdinek landu zituzten, beraien zigilu ezaugarriek txanpon orotan azaltzen duten moduan:

  • Baionako txanponetxeburua 1779 eta 1793 urteen artean: Pierre Romain d’Arripe – Bi burutatako lorea
  • Baionako txanponetxeko grabatzailea 1770 eta 1792 urteen artean: Jean Baptiste Rossy – Bost lore-hostotako arrosa

Baina egia esan, euskal txanponetan aurkitu daitekeen hizkuntz frantsesaren erabileraren lehen arrastoak, zenbait mende aurreragokoak dira. Frantziako Henrike III.aren agintaldian zehar (1574-1589), zilar faltan ziren krisi ekonomiko, gerrate erlijioso eta istilu ugariengatik. Zilar faltan, diru txikiak, diru eta bikoitz tournaitarrak, biloiaren ordez kobre soilez egitea erabaki zuten. Eta jende xumearen artean, txanpon berrien onarpena bultzateko asmoz edo, latinaren ordez herriaren frantses hizkuntza erabiltzea erabaki zuten (beti ere ideia xelebreak dituzte gure agintariek, jende xumea letragabekoa bait zen orokorki).

Berrikuntza honek, joera berri bat ezarri zuen eta hemendik aurrera, jende xumearen erabilerarako egindakoak ziren kobrezko txanponetan, frantsesaren erabilira sendotzen joan zen (salbuespen batzuk ere aurkitu daitezkeen arren). Zilarrezko eta urrezko txanponentzat berriz, ohorezko eta ospezko txanponentzat alegia, latina erabiltzen jarraitu zuten, iraultzaren garaiak iritsi ziren arte.

Frantziako Henrike III.aren kobrezko bikoitz tournaitarra – 3,37gr-20 mm – 1590 – Baionako Txanponetxea

HENRI III R DE FRAN ET POL L – DOVBLE TOURNOIS 1590 – Aingura (Baiona)

Frantziako Luis XIII.aren kobrezko bikoitz tournaitarra – 3,07gr-20 mm – 1635 – Donapaleuko Txanponetxea

LOVIS XIII D G R FRAN E NA Nafarroako armarria – DOVBLE TOURNOIS 1635

Frantziako Luis XIV.aren kobrezko Liard-a – 3,34gr-23 mm – 1693 – Baionako txanponetxea

L XIIII ROY DE FR ET DE NAV 1693 – LIARD DE FRANCE L

Frantziako Luis XVI.aren Kobrezko Liard-a – 2,87gr-21 mm – 1784 – Baionako txanponetxea – LATINEZKO iruditextuak

LUDOV XVI D GRATIA – FRANC ET (L) NAVARR REX 1784

Iraultza eta honen semea zen Napoleonen inperioa bukatu eta borboien erregetxea 1814. urtean berrezarri zenean, lehengo itxurara itzuli ahal ziren Baionako Frantziar txanponak?

Frantziako Luis XVIII.aren zilarrezko 5 franko edo libera – 24,78 gr- 37 mm – 1814 – Baionako Txanponetxea

LOUIS XVIII ROI DE FRANCE – PIECE DE 5 FRANCS 1814 L

Ba egia esan ez, Frantziar iraultzak aztarna indartsua utzia zuen eta errege berrezarria garai berrietara amoldatu zen, zentzu politiko eta praktiko ukaezinez. Beti ere, txanponek hizkuntza frantsesa erabiltzen jarraitu zuten gaurko egunetaraino eta Nafarroako erregetzaren erreferentzia behin betirako desagertu zen, baita boterearen jatorri jaunkotiarra ere. Estatuaren eta erlijioaren arteko banaketari dagokionez Frantziar estatuak, aurrerapauso argia eman zuen, hegoaldean XIX. eta XX. mendeen zehar istilu eta gatazka iturri izango zen gai korapilatsuan.

Bestaldetik argi da, Pirineo iparraldeko lurraldeetan ez dela inoiz euskarazko iruditextua agertzen duen txanpon ofizialik landu… gaur egun oraindik, euskarak ofizialtasunik ez duen era berdin berdinean.

Txanponik ez da inoiz landu, baina badira 2013. urtetik aurrera Eusko moneta erakundearen billete koloretsuak eskuragai iparraldean!

Eusko&PME

Eusko Moneta Erakundeak sortutako Eusko monetaren 1,2,5,10 eta 20 Euskotako bileteak

Bibliografia:

LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)

De la livre au franc – Guillaume Nicoulaud – 2015 – link

Création du franc Germinal – Évelyne Cohen – 2003 – link

LE PASSAGE DE LA LIVRE TOURNOIS AU FRANC – Société Numismatique Héraldique et Sigillographique du Nord de La France – link

EUSKO MONETA ERAKUNDEA – link

MONEDAS REALES FRANCESAS, MARCAS DIFERENCIADORAS – Julen Numismatika-ren Bloga – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Frantsesa euskal txanponetan agertu zenetakoa”

  1. Pingback: Gaztelaniera euskal txanponetan agertu zenetakoa | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude