Henrike II.aren Douzain-ak

Garaialdia: Labriteko Henrike II.a Nafarroako Erregea, Henrike I.a Bearneko Jauna

Mota: Nafarroako Douzain-a (Dozena, Douzain a la Croisette)

Urtea: Urterik gabe, 1541 eta 1555 artean

Txanpon-etxea: Pau edo Morlaaseko txanpon etxea, Kopuru ezezaguna

Ertza: Irregularra

Ertzaren Grabatua: —–

Metala: Biloia (Zillar eta Kobrezko aleazioa)

Diametroa: 25 mm

Pisua: 2.35 g. Inguruan

Txanpongintza: Mailu bidez

Txanponetxeburua: Ezezaguna

Grabatzailea: Ezezaguna

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: :+: HENRICUS.D.G.REX.NAVAR.D.B

Aurrealdeko Deskribapena: Erdibanatutako armarri koroaduna, ezkerreko erdialdian nafarroako eta eskuinaldeko erdialdean Bearneko behien armarriak. HENRI hitzaren R-aren azpian bi eraztun (txanpon honetan ia erabat ezabatuak). 10.(G) eta 11.(R) Letren artean puntu bat ageri da. Hitzak triangelu soilez bananduak.

Aurrealdeko Hitzulpena: Henrike, jainkoaren graziari esker Nafarroako errege, Bearn-eko Jauna (DB – Domine Bearni)

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: :+:GRATIA.DEI.SVM.ID:QVOD.SVM.

Atzealdeko Deskribapena: Gurutze lau eta motza, bi lobulu laukoitzen barnean. Lobuluen elkarguneetan eraztunak ageri dira. R letraren azpian bi eraztun. 11. (V) eta 12. (M) letren artean puntu bat. Hitzak triangelu soilez bananduak.

Atzealdeko Hitzulpena: Jainkoaren graziari esker, naizena naiz. Henrike II.ak hasitako txanpon nafarren iruditextu ohizkoa.

Henrike II.aren douzainei buruz hitzegitean, liard-ei buruz idatzitako sarreran erakutsitako kontzeptu ugari birrerabiliko ditugu (link).

Frantziako Frantzisko I.ak, gurutze motzaren douzainaren eredua ezarri zuen 1541. urtean egindako txanpon errreformaren ondoren. Baionako txanponetxean landutako ondorengo ale hau, sarrera honen hasieran erakutsitako Henrike II.aren douzainaren eredu argia da.

Baionako txanponetxean landutako Frantzisko I.aren gurutze lau eta motzaren douzaina – 1541 eta 1547 Urteen artean – 26mm, 2.49 g

Baina douzainen ibilbidea aztertu ezkero, urte hamarkada dexentetan egin behar dugu atzera. Bere izenak adierazten duen bezala, douzainaren balio nominala hamabi diru tournaitarrena zen. Karlomagnoren garaitik, Europako txanpon sistema gehiengoen oinarria zen libera-sueldo-diru patroiaren arabera, hamabi diruk sueldo bat eta hogei sueldok libera bat osatzen zuten. Ondorengoz, Douzain batek, sueldo baten balioa zuen.

Frantziako Karlos VII. erregea hasi zen douzain izeneko txanpon aleak lantzen (1422-1461 urteen arteko agintealdia). Douzain izena, Grand Blanc edo zuri haundi izenarekin nahasita aurkituko dugu askotan. Liard-en kasuan ikusi genuen antzera, Delfinatuan agertu ziren lehen aleak. Karlos VII.-aren ondorengoek, Luis XI. eta Karlos VIII. erregeek, douzainak Delfinatuan bakarrik lantzen jarraitu zuten.

Luis XI Frantziako erregearen Delfinatuko Douzaina (1461-1483 urteen arteko agintealdia) – 26,0 mm, 3,20 gr

Karlos VIII Frantziako erregearen Delfinatuko Douzaina (1483-1498 urteen arteko agintea) – 24,0 mm, 2,37 gr

Baina Luis XII.aren erregealdian zehar (1498-1515 urteen arteko agintealdia) Douzainak Frantziako erresumako lurralde guztietan lantzen hasi ziren.

Luis XII (1498-1515 urteen arteko agintea) Frantziako erregearen Douzaina – 26,5 mm, 2,98 gr – cgb etxearen artxiboa

Eta Frantzisko I. berberak, 1540-1541 urteetako erreformaren aurretik, gurutze zangozabalak erakusten zituen blanc (zuria), dizain (hamarrekoa) eta Grand Blanc-ak (zuri haundiak) landu zituen, 10 eta 12 diru tournaitarren balioekin.

Frantzisko I Frantziako erregearen arrabio Douzaina (1515-1547 urteen arteko agintealdia) – 2,52 gr – Tolouse-ko txanponetxea – 1540. urte ingurukoa ziur aski, txanponentxearen M letra ageri bait du dagoeneko

Henrike II. Nafarroako erregearen douzain gurutze motzetara bueltatuz, guxienez ondorengo bost mota desberdindu daitezke iruditextuaren edukierari begiratu ezkero:

:+: HENICVS* D* G* REX* NAVAR* D* B / Hitzak triangulu soilez bananduak

:+: HENRICVS* D* G* REX* NAVAR* D* B / Hitzak triangulu soilez bananduak

:+: HENRICVS* D* G* REX* NAVAR* D* B / Hitzak hirustaz bananduak

:+: HENRICVS* DEI* G* REX* NAVAR* D* B / Hitzak triangulu soilez bananduak

:+: HEИRICVS* D* G* REX* ИAVAR* D* B / Hitzak triangulu soilez bananduak

Henrike II.aren gurutze motzeko douzainek agertzen duten iruditextu desberdinen aldakiak

R letraren azpian agertzen diren eraztunei begiratu ezkero, gurutze motzeko douzain gehingoek, (artikuluaren hasierako txanpona kasuko) bi eraztun agertzen dituzte bai aurrekaldeko HENRICVS hitzaren R-aren azpian eta bai atzealdeko GRATIA hitzaren R-aren azpian. Txanpon guxi batzuk ala ere, ez dute eraztunik agertzen atzealdeko GRATIA hitzaren R-aren azpian.

Eta bestaldetik, txanpon sorta askok (berriro ere hasierako txanpona kasuko) puntu bat aurkezten dute bai aurrealdean eta bai atzealdean. Aurrealdean puntua 10.(G) eta 11.(R) letren artean ageri da, armarriaren bukaerarekin bat eginez. Atzealdean bestaldetik, puntua 11. (V) eta 12. (M) letren artean ageri da.

Liard-en atalean aipatu genuenez, garaiko dokumentu eta idazkien faltan, gaur egunean ez dakigu ez eraztunen edo eta puntuen esanahirik. Ez dakigu ezaugarri hauek Pau edo Morlaas-eko txanponetxeen bereizgarri ziren, edo txanponetxeburu edo grabratzaileen bereizgarri ziren, edo eta beste esanahi ezkuturen bat zuten.

Liard-en kasuan ikusitako moduan, badirudi gurutze motzeko douzain-en aurretik, gurutze zangozabaleko douzain-ak landu zituztela Henrikeren txanpon etxeek. Kasu honetan, bi atzealde desberdin dituzten aldakiak ikusi ditzazkegu, bata lau eraztundun lobulurik gabe eta bestea lau eraztundun lobulu dituen irudi geometriko bikoitzarekin.

Henrike II.aren gurutze zangozabaleko Douzaina – Atzealdeko lobulu laukoitz gabe – 2,50gr

Henrike II.aren gurutze zangozabaleko Douzaina – Atzealdeko lobulu laukoitzekin

Gurutze zangozabaleko douzainak, 1541. urteko erreformaren ondorengoak diren gurutze motzeko douzainak baina zaharragoak direla asma dezakegu. Baina berriro ere, ez daukagu ez sorrera datarik edo jarduera urte kopururik. Orokorrean, gurutz motzeko aleak baino kontserbazio egoera okerregoetan eta normalean, kopuru murritzagoetan aurkitu daitezke.

Gurutze zangozabaleko aldakiek ez dute punturik agertzen aurrealdeko edo atzealdeko behe alderdietan. Eraztunei dagokienez, aurrealdean eraztun bakar bat erakusten dute HENRI hitzaren R letraren azpian. Atzealdiari dagokionez, GRATIA hitzaren R-ak ez du eraztunik agertzen.

Bi aldakien kasuetan, hitzen arteko banaketa bi punturen (:) bidez egiten da; honako hau, gurutze motzeko douzenetatik desberdintzen dituen beste ezaugarri argi bat da. Idazkiei dagokienez, ondorengo lau aldaerak aurkitu daitezke lobulu laukoitzik ez duen aldakian. 

:+: HERICVS:D:G:REX:NAVAR:D:B / Hitzak bi puntuz bananduak
:+: HENRICVS:D:G:REX:NAVAR:D:B / Hitzak bi puntuz bananduak
:+: HENRICVS:D:G:REX:NAVA:R:D:B / Hitzak bi puntuz bananduak
:+: HEИRICVS:D:G:REX:ИAVARE:D:B / Hitzak bi puntuz bananduak

Henrike II.aren gurutze zangozabaleko douzainek agertzen duten iruditextu desberdinen aldaerak (lobulu laukoitzik ez dituzten txanponetan aurkituak)

Gurutze zangozabaleko douzain hauetan, nik behintzat, ez nuen N alderantzikatutako aldakirik aurkitu, harik eta 2023. urteko irailean honako ale hau azaldu zen arte. Ale hau erabat berezia da, N alderantzikatuaz gain NAVARRE azaltzen bait du aurkian eta B izki bat GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM ohizkoaren ondoren. Ez du eraztunik azaltzen:

Henrike II. aren (1517-1555) izenean landutako douzain zangozabala – 2,98 gr, 24,5mm diametroa

Aurkia: :+: HEИRICVS:D:G:REX:ИAVARE:D:B

Ifrentzua: GRATIA:DEI:SVM:ID:QVOD:SVM:B

MDC MONACO AUCTION 13, LOT 2093 12.10.2023

Zein zen douzain hauen taila eta legea? Berriro ere, garaiko idazki eta dokumentuen galtzea somatuko dugu galdera honi erantzuteko sahiakeran. Frantzisko I.aren gurutze motzeko douzainei begiratu ezkero, badakigu hauek 292 milesimatako zilar legea zutela. Era berean 2,68 gramotako pisu nominala zuten, eta ondorioz 0,78gr zilar garbi inguru izan beharrean ziren.

Henrikeren Douzainek, balio parekotasuna eta erabilera askea zuten Frantzisko I.aren Frantziako erresuman. Ondorioz, Frantzisko I.aren Douzainen lege eta taila berdina edo gutxiengoz antzekoa izan beharko lukete.

Gurutze motzeko douzainak landu baino lehenagoko Frantzisko I.ren arrabio douzainek, 339 milesimatako zilar legea eta 2,66 gramo ingurutako pisua zuten (0,90 gramo zilar garbi ondorioz). Arrabio Douzain hauek 1540 urtekoak zirela dirudi. Arrabio douzainen aurretik landutako Grand Blanc edo zuri haundiek, lege eta pisu berdinak edo oso antzekoak zituzten, hauek ere hamabi diru tournatarretako balioa bait zuten. Ondorioz, 1541. urtea baino lehenagokoak izan ezkero, Henrikeren gurutze zangozabaleko douzainek, gurutze motzeko aldakiek baino zilar kopuru haundixeagoa eduki izana litekeena da.

XV. mendearen bukaeraren garaietatik, Bearneko Jaunak Bearneko txanponek Frantziako erresuman balio parekotasuna eta erabilera askea izateko sahiakeretan ibili ziren. Frantzisko Febus Foix-eko konte eta Bearneko Jaunaren koroaketaren ondoren, Bearneko jaunak Nafarroa osoko erregeak ziren aldi berean. Esan dugunez, Bearn Jaurerri burujabea zen eta ondorioz bere txanpona, txanpon atzerritarra zen Frantziako erresuman. Bearn-ek (eta baita Nafarroak berak) merkataritza harreman ugari zituen, inguruko Frantziako erresumaren lurraldeekin, Baiona, Landak, Bordel edo Toulouserekin esaterako. Eta era berean Albret-Foix erregetxeak, lurralde ugari zituen Frantziako erresumaren barnean, Foix-eko Konterria, Bigorre, Marsan, Albret, Perigord eta Limoges esaterako. Ondorioz, txanpon bearndarraren parekotasuna eta hedadura askea oso erakargarria zen Albret-Foix erregetxearentzat.

Dirudienez Henrike II.ak, gorabehera ugariren ondoren, xede hau lortu zuen Frantziako Frantzisko I.aren erregealdian. Zoritxarrez ez dakigu zein datatan adostu zen balio parekotasuna, baina Frantziako erregetxeak baldintza bat jarri zuen. Baionako txanponetxeko entsegatzaile batek, erregularki, Bearneko txanponen zilegitasuna frogatu beharko zuen.

Hala ere, 1536. et 1538. urteen artean, Frantziako gorteak atzera egin zuen bere erabakian, eta Bearneko “behien” zirkulazioa debekatu zuen. Urte hauetako bi ediktuek, bata Lyonen 1536 urtean eta bestea Parisen 1538 urtean, Bearneko behiei buruz hitz egiten dute; hau da ziur aski, Henrikeren eta bere arbasoen Blanc edo zuriei buruz dihardute. Zuri hauek, bi behi zituzten aurrealdean eta ediktuan bertan hamar dirutako balioa zutela aipatzen zenez, aipamen hau bat etorriko litzateke zuri hauen ezaugarriekin.

Henrikeren Morlaas-eko Zuri edo Blanc Bearndarra (Nafarroa garaian Tarja moduan ezagunak)

Katerinaren Zuri edo Blanc Bearndarra (Nafarroa garaian Tarja moduan ezagunak)

Dirudienez, Gaskuina-ko lurraldeetan oso hedatua zen Bearneko txanpona eta ondorioz, 1536. eta 1538. urteetako debekuek, gosetea ekarri zuten etxe ugaritara, zituzten aurrezkiekin jendeak ezin bait zituen elikagaiak eta salgaiak erosi.

Ediktu hauetan ez da Nafarroako Douzainik aipatzen. Agian, Frantziako erregearen debeku honek, Nafarroako erregetxearen txanpon erreforma eta Henrikeren Douzain berrien agerrera bultzatu zuen.

1542. urtearen bukaeran, Frantzisko I. ak agindu berri bat kaleratu zuen. Agindu honetan, atzera egin zuen aurreko iritzian eta txanpon nafarrak, bere txanponak izango balira bezala, balio parekotasunez Frantziako erresumako lurraldeetan erabili zitezkeela agindu zuen.

Baina Nafarroako douzain eta liarden balio parekotasunak, gorabehera gehiago jasango zituen Henrike hil eta ondorengo hilabete eta urteetan. Juana Nafarroako erregina berriaren lehengusua zen Henrike II. Frantziako erregeak, douzainen balioa 10 diru Tournaitarretara murriztu zuen 1555. urteko Irailetik aurrera. Nafarroako biloiezko txanponen hedadurak eta kopuruak bultzatuta, Pariseko moneta gorteak, txanpon hauen balioa murrizteko eta erretiratzeko ekimena bultzatu zuen Frantziako erregearen aurrean.

Gorabehera hauek egunerokoak izan ziren XVI. mendean zehar, Henrike III. Nafarroako erregeak, 1589. urtean Frantziako erregetza jaso zuen arte. Frantziako erregetxea, bere inguruetako jaurerri atzerritar sobiranu txikiak, bere merkatu ekonomiko eta orbita politikora gerturatzen sahiatzen zen. Hauek, bestaldetik, aukeraz baliatzen sahiatzen ziren eta zihur aski legearen azpitik ziren txanpon sortak landuz, finantziaketa merke eta eroso bat izateko parada bezala erabili zuten. Garaiko idazkiek eta ondorengo txanpon aurkikuntzek Bearneko biloi txanponen hedapena eta kopuru ezoizkoa bermatzen dute. Baina era berean Frantziako gorteak, atzerriko txanponen balio murrizketa edo debekua, presio eta eraso ekonomiko moduan erabili zitzazkeen, bi erregeetxeen arteako erlazioak tenkatzen ziren uneetan.

Henrike II.ak zilarrezko lege baxua zuten biloizko txanponak sortu zituen bere erregealdian zehar. Ez zuen zilar lege altuko garaiko testoien edo errealen moduko txanponik landu. XVI. mendearen lehen erdiaren igaroan, eta Tirol eta Ameriketako zilar mehategi haundien aurkikuntza berrien arrastoan, tamaina, pisu eta lege haundiagoa zuten zilarrezko txanpon baliodunen garaian sartuko gara.

Baionako txanponetxean sortutako Frantziako Henrike II.aren zilarrezko testoia 1555 – 9,41gr – 30 mm Diam.

Henrikek txanpon berri hauen sorrera bere ideen baitan zuen dagoeneko, eta Jean Erondelle kontratatu zuen. Honek, Henrikeren aginduz, Pauko gazteluaren ondoko dorretxean, garaiko txanpon teknologia aurreratuena zuten ur errota bidezko metal laminatzaileak eta bolante bidezko txanpongintza makinak eraiki zituen. Gertaera gogoangarri honek beste blog sarrera dedikatua izango du, baina Henrike hil aurretik, txanponetxe eraberritua ia erabat prest zegoela esan dezakegu. Txanpon etxe eraberritu honetan, teknologia berriaz landutako lehen txanponen entsegu lanetan hasi ziren eta horri esker, Henrikeren erregealdiko azken Douzaina sortu zen. Nafarroako txanpongintzaren historian, garrantzi erabatekoa duen lehen txanpon dataduna, Henrike II.aren 1555.eko errota bidezko Douzaina.

Henrike II.aren errota bidezko 1555.eko Douzaina – 1,87 gr. – Nafarroako lehen txanpon dataduna

Frantziako Biblioteka Nazionalaren Alea 

Aurkia: HENRICVS D G REX NAVAR DB

Ifrentzua: GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM 1555

Txanpon hau oso urria da, entsegu gutxi batzuk baino ez bait ziren landu. Ikusi daitekeenez, teknologia berriaren laguntzaz, aurrez egindako mailu bidezko txanponak baino kalitate askoz haundiagoa lortu zen. Honako hau garbi ikusi daiteke txanponaren biribiltasunari, irudien forma, inguruneen garbitasunari eta iruditextuen grafiaren lanari begiratu ezkero.

Henrike Zangotzarrak, bere erregealdia bukatzeko era paregabea bilatu zuen.

Bibliografia:

DOUZAINE MONNAIE – Wikipedia – link

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica – link

MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link

HISTOIRE MONETAIRE DU BEARN – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 1 et 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)

Le livre des monnaies féodales de Béarn et de NavarreHenri d’Albret ( II de Navarre ) 1516-1555 – Club Numismatique Palois – Serge Salles – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

2 thoughts on “Henrike II.aren Douzain-ak”

  1. Pingback: Navarre Shall Be the Wonder of the World | Euskal Txanpongintzaren Historia

  2. Pingback: Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 1. Atala | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude