Henrike II. eta Linguae Vasconum Primitiae

Henrike II.aren beste ekarpen oso garrantzitsu bat, euskal literatura idatziaren sorrera babestu izana izan zen. Bernard Etxepare apaizak “Linguae vasconum primitiae”, euskaraz inprimatua izango zen lehen liburua idatzi eta gero, hau 1545ean Bordelen argitaratu zen, Henrikeren laguntza ekonomikoa jaso ondoren.

Pariseko Frantziako Liburutegian gordetzen den Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale ezagun bakarra

Gertaera honek duen garrantzia ulertu ahal izateko, Nafarroako erresumaren lurretan, zahartzaroan eta erdi aroan zehar, euskerak zuen egoera aztertuko dugu. Horretarako, 1995.ko Jose Maria Jimeno Jurio-ren “Las Lenguas escritas y habladas en Pamplona” ikerketa erabiliko dugu oinarri bezala.

Bertan ikusten da, nola herri arrotz eta etorkinek, errokatarrak kasu, berezko idazketa sistema eta kodeak zituztela. Baskoiek ez zituzen berezko idazketa kode horiek eta jazoera horren ondorioak erabetekoak izan ziren euskerarentzat.

Erromatarren menperaldian, atzerritik ekarritako latin hizkuntza, agintedun eta aberatsdun gutxiengo batek onartutako kulturadun hizkuntza aintzakotzat hartua izan zen eta bertako agintarien eta metropoliaren harreman guztietan erabili zen.

Mende batzuk pasa ondoren, hizkuntza erromantzeek, okzitanoak, erromantze nafarrak eta gaztelerak, latina ordezkatu zuten. Errege eta apezpiku kantzelaritzek, eta arauzko idazleek idatzitako doukumentu ofizial guztietan erromantze hizkuntza hauek erabili ziren.

Bertako jatorria duen eta latinaren aurrekoa den euskerak, gehiengoaren eta herriaren hizkuntza izan arren, idazkerarik gabeko hizkuntza bezala jarraitu zuen errenazimentu garaia iritsi arte. Alfabetatze eta sistema grafikoaren faltan, sozialki baztertua izan zen euskara eta hizkuntza arrunt eta xehetzat hartua zen.

Ez dugu inongo agiritegi edo artxibategietan, errege, gotzain, udalerri, parroki edo monastegietako agiritegietan euskeraz idatzitako dokumenturik aurkituko. Baina ez litzateke zentzuzkoa izango Nafarroan ez zela euskararik hitzegiten ondorioztatzea. Gehienik ere, ez zela euskeraz idatzi ondoroiztatu dezakegu.

Euskaldunak, erabateko gehiengoa izan ziren Iruñako elizbarrutian gutxienez XVII menderarte, baina behe mailako sozial taldetzat hartuak ziren. “Nafarrak” arlotearen esanahia du 1164.ko Lizarrako fueroaren idazketan eta baldar eta nekazariaren esanahia XIII. mendeko idazkietan zehar. Iparraldeko biztanle frankoak zituzten hiriguneetan, nafarrak talde sozial marjinal bat ziren, burgoen auzotazun eskubiderik gabe eta bere nafarrerietan barruratuak. Beraien “basconea lingua” edo “Lingua navarrorum”, “lingua rusticorum”, “rusticum vocabulum”edo “lingua vulgaris”-tzat hartua zen.

Euskeraren hedapena Nafarroako erresuman XVI mendean

Hau izan da euskararen benetako zorigaiztoa gure egunetaraino. Gehiengoaren hizkuntza izan arren, idazkien bidezko frogek, ez bere hedapena soilik, baina bere izate bera ezkutatu zuten. Gure herriaren historia idazten dugunean, gehiengoarena ez zen hizkuntza batean idatzitako dokumentuak erabiliz egiten dugu. Euskera, hitz edo esaldi motz batzuetan azaleratzen da soilik, latin edo erromantzean idatzitako textuen barnean.

Carmen Saralegui-k honako hau aitortzen du berak egindako erromantze nafarraren ikerketan; euskera, erresumako biztanlego gehiengoaren hizkuntz egunerokoa izan arren, doi doi baino ez dugula aurkituko idazki eta dokumentuetan.

XI. mendeko azken laurdenaldian, eta Sancho Ramirez-en erregealdiaren Jaca-ko saialdi arrakastatsuaren ondoren, iparraldetik etorritako Franko-ak Santiagobidean zehar diren hirigune aukeratu batzuetan bizitzen jarri ziren. Languedoc-eko okzitaniera ekarri zuten, hizkuntza koine edo estandarizatua, gaur eguneko Frantzia hegoaldean hitzegiten ziren erromantze desberdinen “batua” erakoa. Hizkuntza honek, Pirinio iparraldeko latin dialekto desberdinen hiztunei, beraien artean ulertzeko aukera ematen zien.

Okzitaniera, idazkera hizkuntz bezala, hiru mendetan zehar inposatu zen, XII.tik XIV.era. Oso litekeena da Iruñako herritarren talde batek okzitaneraz hitz egin izana, baina ala ere, ez zuen inongo aztartanarik utzi erdiaroko hiriaren toponimian. Izandako hiztun kopurua alde batera utzita, eta nafar kantzilerietako ofizialtasuna izan zuen arren, 1400 urtea iritsi zenerako, erromantze nafarrak okzitaniera ordezkatu zuen.

Erromantze nafarra X. mende aldera jaio zen erresumaren kanpoaldeko eremuetako lurraldeetan. Alde batetik, Sancho Garces-ek menderatutako lurralde errioxarretan zeuden Albelda eta San Millan de la Cogolla-ko monastegietan. Bestaldetik, Leire eta Zangotza inguruetan, ekialdeko aragoitarraren ezaugarriekin barreiatua. Apurka apurka, ezaugarri ugari desberdintzen joan ziren jatorrizko latinetik, benetako dialekto bat sortu zen arte. Eta dialekto hau, erresumaren alde batetik bestera mugitzen ziren gorte ibiltariaren “scriptore”, elizgizon eta jauntxoek berebarnetu zuten.

XIII. mendean hasi ziren dokumentu anitz erromantze nafarrean idazten, eta pixkanaka latinari eta okzitanierari gainendu zitzaion, herriaren atal batek mintzatzen zuen idazkera eta hizkuntz kulturadun bezala. Erromantze nafarrean idatzi zen foru orokorra. Latina eta erromantze nafarra erabili ziren Karlos II.a (1350) eta Karlos III.aren (1390) koroaketetan. Akta edo batzar agiriek, latinean idatziak, erregeak eta bere menpekoek esandako zinak jasotzen dituzte. Zinak, erromantze nafarrean, hau da “in idiomate Navarre terre”, ahoskatu ziren, unearen solemnitate eta bildutakoen nobleziarekin bat zetorren hizkuntza erromaniko ikasian. Era honetako ekitaldi batean, eta bertaratutakoen maila sozio-ekonomikoa kontutan hartuta, “lingua navarrorum” edo euskara bezalako hizkuntz “arrunt” baten erabilera pentsaezina zen garaiko pentsamoldean.

Nafarroako Foru orokorra, Erromantze nafarrean idatzia – XIV mendeko eskuizkribua

Bere barne bilakaeraren ondorioz, erromantze nafarrak gaztelerarekin bat eginda bukatu zuen XV. mendearen bigarren erdialdean zehar, erresumaren konkistaren (1512-1522) ondoren ia erabat desagertu arte. Henrike berberak, Pirinioen iparraldean zeuden lurraldeez osatutako bere erresumaren errealitate berriaren aurrean, Bearn-tarra ezarri zuen lan eta administraritza hizkuntza bezala, nafar erromantzearen ordez.

Esan dugun moduan, idatzietan ageri diren hizkuntzei kasu egin ezkero, erdiaroko Nafarroan, latina, hebreera eta nafar eta okzitaniera erromantzeak soilik mintzatzen zirela pentsa liteke. Baina idatzietako hizkuntz hauek, beste errealitate bat ezkutatzen digute: herritarren gehiengoak, idazkerarik ez zuen euskera mintzatzen zuen. Euskeraz idatzitako dokumentu ofizialen bila hasi ezkero, hutsegin egingo genuke, baina landutako soroei eta zeharkatutako inguruei jarritako izenei begira hasi ezkero, benetako irudia osatu eta ondorioztatuko genuke.

XIV. eta XV. mendeetan zehar, nafar jatorria zuen Iruñako biztanlegoak, bai noble eta bai xumeek, euskeraz hitzegiten zuen ia bere osotasunean. Sektore bat, again gehiengoa, elebiduna (euskera eta erromantzea) zen, edo again eleanitzduna (euskera, erromantzea eta latina). Nafarroako gainerako lurraldeetan, euskeraren nagusitasuna oraindik argiagoa zen, eta biztanlegoaren %80-ak euskeraz hitzegiten zuela irizten da.

Henrike II.ak txikitatik ezagutzen zituen hainbat hizkuntza. Bearn-eko jaurerriko gortearen hizkuntza ofiziala zen Bearn-darra (okzitanieraren dialekto bat) hitzegiten zuen. Iruñean, erregeraren ordezkaria izandako garaietan idatzitako dokumentuen hizkuntza zen erromantze nafarra ere ezagutzen zuen. Frantsesa ere bazekien, eta bere ezaguera eta erabilpena erabat hobetuko zituen, konkistaren ondoren, gazte gaztetatik frantziako gortean pasa beharreko urteetan zehar.

Hauetaz gain, txikitatik bereganatu zuela euskararen ezagutza esan dezakegu huts egiteko beldur murritzarekin. Ez dago hori bermatzen duen agiririk, baina Iruñean igarotako denboraldi luzeek eta bere hezkuntzaren inguruko datuek, hori adieraztera garamatzate. Era berean, Nafarroa Beherean 1524.aren ondoren berreskuratutako lurraldeetako erakundeak berrantolatu eta eratzean, kargu publikodunek euskaraz hitz egin behar zutela ezarri zuen.

Eta aipatu dugun bezala, bere erregealdiaren azkenaldian, euskarazko lehen liburu ezagunaren argitalpena babestu eta finantzatu zuen. Bernart Etxepare izan zen liburuaren egilea, eta Bordelen argitaratu zen 1545ean.

Donibane Garazi ingurutakoa zen Bernart-ek, dirudienez familia beamontar batean zuen jatorria, eta ondorioz, Gaztelako tropen inbasioa babestu zuen. 1516 eta 1529 arteko gerraren gorabeheren uneren batean, Gaztelako tropen erretiraldietako baten ondoren, Nafarroako erregearen gortera deitua izan zen, eta, dirudienez, denbora batez espetxean egon zen, gaur egun kolaborazionismoa edo zuzenean traizioa litzatekeenaren akusaziopean.

Nolanahi ere, liburuaren azalean agertzen den moduan, liburua argitaratu zen 1545.ko urtean, Saint Micheleko erretore kargua zuen. Joanes Leizarraga-k 1571.an testamentu berriaren itzulpena euskaraz argitaratu zuenean, Iparraldeko hiru euskalkiez osatutako “batua” erako bat erabili zuen; Etxeparek alabaina, bere jaioterriaren nafar-beherear euskalkia erabili zuen “Linguae vasconum primitiae” euskarazko lehen liburua idaztean.

Parisen gordetako “Linguae Vasconum Primitiae”-ren ale bakarraren liburugordailua. Liburu hau Borboi-Konde Printzearen (Nafarroako Antonio erregearen anaiaren) liburutegiaren alea zen. Agian anaiaren oparia, Nafarroako etxearen armarria ikus daitezke liburugordailuan

Bernard Lehete, Nafarroako erregearen abokatuari, Etxeparek eskatzen dion bezala:

«Iaun noble et naturazcoac beçala bay tuçu eftimatzen, goratzen eta ohoratzen heufkara, çuri neure iaun eta iabia beçala igortzen darauritzut heufcarazco copblabatzu ene ignoranciaren araura eguinac. Ceren iauna hayec iqhuffiric eta corregituric plazer duçun beçala irudi baçautzu imprimi eraci diçaçun eta çure efcutic oroc dugum ioya ederra Imprimaturic heufcara orano içan eztena (…)»

Nik ulertzen dudan moduan:

«Jaun noble eta naturazkoa (herri honetakoa) bezala, bai duzu estimatzen, goratzen eta ohoratzen euskara, zuri nere jaun eta jabe bezala igortzen dizkizut euskerazko kopla batzu, nere ignorantziaren araura eginak. Zeren jauna, haiek ikusirik eta korrejiturik plazer duzun bezala, iruditzen bazaizu inprima arazi ditzazun eta zure eskutik, guztiok, euskaraz inprimatutako bitxi ederra izan dezagun, oraindaino izan ez dena».

Etxepare eta Nafarroako erregetxearen helburua argi geratzen da “Kontrapas” poeman:

“Garaziko Herria/

Benedika dadila/

Heuskarari eman dio/

Behar duyen thornuya. /

Heuskara, /

ialgi hadi plazara!

/Bertze jendek uste zuten/

Ezin scriba zateyen/

Orain dute phorogatu/

Enganatu zirela. /

Heuskara, /

Ialgi hadi mundura! /

Oraindano egon bahiz/

Inprimatu gaberik, /

Hi engoiti ebiliren/

Mundu guzietarik/

Heuskara!”.

Bibliografia:

EL ULTIMO JEFE DE ESTADO EUSKALDUN – Aitzol Altuna – Nabarralde – link

Las lenguas escritas y habladas en Pamplona – José María Jimeno Jurío – 1995 – link

BERNAT DECHEPARE – WIKIPEDIA – link

EITB – BERNAT ETXEPARE ETA BNF-en GORDETAKO LIBURUAREN BIDEOA – Kike Amunarriz- link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude