Henrike II.aren Liard-ak

Garaialdia: Labriteko Henrike II.a Nafarroako Erregea, Henrike I.a Bearneko Jauna

Mota: Nafarroako Liard-a – 3a Mota A. Clairand-en arabera

Urtea: Urterik gabe, 1541 eta 1555 artean

Txanpon-etxea: Pau edo Morlaaseko txanpon etxea, Kopuru ezezaguna

Ertza: Irregularra

Ertzaren Grabatua: —–

Metala: Billoia (Zillar eta Kobrezko aleazioa)

Diametroa: 16-17 mm

Pisua: 0.90 g. Inguruan

Txanpongintza: Mailu bidez

Txanponetxeburua: Ezezaguna

Grabatzailea: Ezezaguna

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: +: HENRI.DEI.G.REX.NAVAR.D.B

Aurrealdeko Deskribapena: Henrikeren izenaren lehenengo letrari dagokion H koroatua. H-aren erdiko gurutzetaren gainean besante bat ikusi daiteke. HENRI hitzaren R-aren azpian eraztun bat.

Aurrealdeko Hitzulpena: Henrike, jainkoaren graziari esker Nafarroako errege, Bearn-eko Jauna (DB – Domine Bearni)

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: +:GRA.DEI.SVM.ID:QVOD.SVM.

Atzealdeko Deskribapena: Gurutze laua eta motza

Atzealdeko Hitzulpena: Jainkoaren graziari esker, naizena naiz. Henrike II.ak hasitako txanpon nafarren iruditextu ohizkoa.

XV. mendean zehar agertu zen Liard txanpon mota. Aintzinako delfinatuan (Dauphiné, gaur egungo Grenoble inguruetan) jatorria zuen txanpon bat zen. Delfinatua, Frantziako monarkiari erantsitu zitzaion 1339an, baina gutxienez beste mende batez, nolabaiteko autonomia eta txanpongintza burujabetasuna mantendu zituen. Izan ere, Frantziako tronuaren oinordekoa “delfin edo izurde” izenpean ezagutua izango zen, eta izen hori Delfinatuaren gobernua jaso izanagatik zetorkion. Erabakiaren xedea, oinordekoa gobernuaren zereginetan prestatzea zen.

Carlos II. delfinaren Liard-a, geroago Frantziako Carlos VI. (1380-1422) – Billoia 19,7 mm 1,27 gr. 

Carlos III. delfinarena, geroago Frantziako Carlos VII (1429-1461) – Billoia 20,0 mm, 1,38 gr.

Liard-aren balio nominala hiru diru Tournais-darrena zen, hau da, 80 liard-ek libera (libra) bat osatzen zuten. Liard edo ardit moduan ziren ezagunak txanpon hauek, Bearneko artxibu idazkietan bi izenak ikusiko ditugu esanahi berberaz. Antza denez, liard-aren izena jatorriz „li-ardit“etik dator. „Hardi“ ingelesetik dator, farthing edo penike laurdenarengatik. Ingelesetik, frantziara eta ondoren Gaskuina inguruetara pasa ondoren, pixkanaka „farthing“, „fardin“ eta geroago „hardi“ bilakatu zen.

XV. mendearen bigarren erdialdetik aurrera, Frantziako Luis XI.aren erregealdian, Liard-en txanpongintza Frantziako erresumaren beste lurraldeetara hedatu zen. Bere seme Karlos VIII.ak ere tradizio berriari eutsi zion, adibidez Baionako txanpon etxean egindako aleak ere aurkitu daitezke.

Frantziako Carlos VIII.aren Liard-a (1483-1498) – Billoia 19 mm, 0,85 gr

Dagoeneko XVI. mendean, Luis XII.ak Probentzako liard-a sortu zuen. Liard honetan, izurdearen irudiaren ordez, L koroatuaren irudia azaldu zen. Jatorriz, Liard-ek gurutze luzeak eta zangozabalak zituzten, baina pixkanaka gurutzeak laburtzen eta zapalagoak egiten joan ziren.

Frantziako Luis XII. (1498-1515) Probentzako Liard-a. Aix-en-Provence, XVI. Mendearen I. hamarkada – Billoia 15 mm, 0,86 gr

Frantzisko I.ak, 1541eko monetaren erreformaren ondoren, aurkezpenean agertzen den Henrike II.aren Liard-aren itsura duen eredua sortu zuen.

Frantziako Frantzisko I.aren Liard-a (1515-1547) – Turineko txanpon etxea, 1541 inguruan, Billoia, 17mm 0,84gr

Henrikeren liard-ari dagokionez, Nafarroako txanponetan ez zen datarik agertu Henrikeren azken bizi-urteraino, hau da 1555. urteraino. Beraz, ez dakigu zehatz-mehatz zein urtetan txanpondu zen liard hau, baina 1541 eta 1555 urteen artekoa dela adierazi dezakegu. Izan ere, Henrikek, Frantzisko I.ak 1541. urtearen ondoren ezarritako gurutze motzaren Frantziar Liard-aren eredua kopiatu zuen.

Ala ere ia erabat zihurra da, Henrikek bere erregealdian zehar aurrez ere beste Liard sorta gehiago txanpondu zituela. Ibáñez Artica maixuak, 2001 urteko nafar txanponaren erakusketa liburuan, gurutze motz eta gurutze zangozabaleko liard-ak garai berdinekoak zirela irizten zuen, eta beraz, bi ale desberdinak, 1541.aren ondoren, atzealde desberdinekin baina garai berdinetan txanpondu zirela azaltzen zuen. Frantziar idazle askok ordea, gurutze zangozabaleko liard-ak 1541. urtea baino lehenagokoak direla irizten diote. Nik ere bigarren aukera honen alde egingo nuke, eta gurutze zangozabaleko liard-ak gurutze zangozabaleko Douzain-ekin parekatuko nituzke; 1541. Urtearen ondoren agertutako gurutze motzeko douzain-ak baino lehenagokoak.

Adibide bat bildumaren beste ale hau litzateke. Gurutze zangozabaleko liard honek, koroaren forma biribilago eta landuagoak ditu, eta ez du eraztunik Henri-ren R-aren azpian.

Garaialdia: Labriteko Henrike II.a Nafarroako Erregea, Henrike I.a Bearneko Jauna

Mota: Nafarroako Liard-a – 1a Mota A. Clairand-en arabera

Urtea: Urterik ez, zihur aski Liard segidetan lehenetakoa, 1541 baino lehen

Txanpon-etxea: Pau edo Morlaaseko txanpon etxea, Kopuru ezezaguna

Ertza: Irregularra

Ertzaren Grabatua: —–

Metala: Billoia (Zillar eta Kobrezko aleazioa)

Diametroa : 17-18 mm

Pisua : 0.79 gr. Inguru.

Txanpongintza: Mailu bidez

Txanponetxeburua: Ezezaguna

Grabatzailea: Ezezaguna

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: +: HENRI.DEI.G.REX.NAVAR.D.B

Aurrealdeko Deskribapena: Henrikeren izenaren lehenengo letrari dagokion H koroatua. H-aren erdiko gurutzetaren gainean besante bat ikusi daiteke. H letraren gainean oinarritzen den koroa zirkularrak, eraketa irregular bat erakusten du bere barnean, mendilerro baten antzekoa (Pirineoak agian?). HENRI hitzaren R-aren azpian ez da eraztun bat agertzen.

Aurrealdeko Hitzulpena: Henrike, jainkoaren graziari esker Nafarroako errege, Bearn-eko Jauna (DB – Domine Bearn)

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: +:GRA.DEI.SVM.ID:QVOD.SVM.

Atzealdeko Deskribapena: Gurutze zangozabala

Atzealdeko Hitzulpena: Jainkoaren graziari esker, naizena naiz. Henrike II.ak hasitako txanpon nafarren iruditextu ohizkoa.

1a taldeko Liard hau, ondorenean erakusten den beste liard gurutze zangozabal honen garai inguruetakoa izan daiteke. Honek ere forma borobileko koroa du, baina ez dirudi eraketa irregularrik duenik bere barnekaldean eta Henri-ren R-aren azpian eraztun bat azaltzen du. Aurrekoa bezala, talde 2b bezala izendatuko dugun beste Liard mota honen datazioa ezezaguna da, baina nolanahi ere, 1541 baino lehenagokoa dirudi.

NAVARRE - ROYAUME DE NAVARRE - HENRI D'ALBRET Liard bfe_254886 ...

Gurutze zangozabaleko Henrike II.aren Liard-a, eraztuna R-aren azpian – 2b Mota– cgb etxearen salmenta artxibua

Ikusi dugunez, gutxienez Henrike II.aren hiru liard mota topatu ditugu, eta gainera ia ziur egon gaitezke ez direla garai berdinetakoak. Zoritxarrez ez zaizkigu garaiko dokumentu edo txanpon lantegietako erregistrorik iritsi eta ez ditugu datu gehiegi Henrike II.aren txanpongintzari buruz. R hizkiaren azpian dagoen eraztunaren esanahia ez dugu ezagutzen, eta beraz ez dakigu txanpon lantegiren edo txanponetxebururen baten zeinu edo ikurra izan ahal litekeen.

Blanchet-ek dioenez 1524. urtetik aurrera, Henrikek Pau-ko gazteluko txanponetxea berriro ere abian jarri zuen. XVI. Mendearen erdialdetik aurrera edukitako ur errotan oinarritutako txanpon makina aurreratuak ez zituen oraindik, baina mailu bidez, dagoeneko douzain eta liard-ak egiten ibili izana nahiko litekeena da. Igarri saioetan hasi ezkero, eraztuna, Morlaas eta Pau-ko txanpon etxeak desberdintzeko modu bat izan zitekeena esatera ausartu gaitezke, baina tamalez, esan bezala, igarri saioetan baino ez ginateke ibiliko.

Orainarte erakutsitako Liard-en sailkapena, Arnaud Clairand-ek ere onartuko luke, BSFN-en idatzitako bere entseguaren arabera:

Clairand, A., 1992, “Essai de classement typologique et chronologique des liards à l’H de Navarre au nom d’Henri Ier d’Albret, 1516-1555”, Bulletin de la société française de numismatique, p. 271-273 Mars 1992

Hala ere, Arnaud Clairand-en lana oraindik sakonagoa da, eta 1541aren ondorengo aldiari, eta beraz, gurutze motzaren atzealdeari dagozkion beste bi liard mota deskribatzen ditu.

Gurutze motzeko Henrike II.aren Liard-a, eraztunik gabe R-aren azpian – 4c Mota – cgb etxearen salmenta artxibua

4. motako liard-ak ez du DEI.G idatzirik, eta, honen ordez, D.G. ikusi daiteke txanponanren aurrealdean. Ez du eraztunik Henri-ren R letraren azpian, eta aurrekaldeko 9. eta 10. letren azpian puntu bat erreparatu daiteke (4c aldakiak, puntu hori atzealdean ere erakusten du, 11. letraren azpian).

5. mota 4. motaren antzekoa da, baina Henri-ren R letraren azpian eraztuna edukitzeagatik bereizten da. Ez dago 5c motako aldakirik.

Ikusi dugunez, eta garaiko dokumentuen faltan, ez dakigu R letraren azpiko eraztunaren esanahirik; 9. eta 10. letren azpian agertzen den puntuarekin egoera berdinean gara. Frantziako txanpongintzaren historian, eta 1540. ko erreforma irisi arte, puntu hauen kokapenak txanponentxearen zeinua adierazten zuen. Esaterako, puntua 18. Letraren azpian bazen Paris-eko txanponetxean egindako txanpona zela adierazten zuen, 9. garrenean La Rochelle, 10. garrena Limoges, eta abar, eta abar. 1540. Ko erreformaren ondoren, txanponetxeak puntuen ordez, letra bereziez izendatzen ziren, adibidez Parisek A letra zuen, Bordelek K letra eta Baionak L letra. Frantziako txanponetan, letren azpiko puntuak desagertzen joan ziren eta 1550 eko hamarkadan desagertuak ziren. Nafarroako txanponetan agertzen den puntuak ziur aski ez zuen txanponetxearen esanahirik, agian txanponetxeburuaren edo grabatzailearen ikur bat baino ez zen. Baina ikusiko dugunez, liard hauek misterio ugari dituzte aldaki desberdinen artean eta garai hauetan (baita lehenago eta geroago), txanponek jasotzen zuten xehetasun bakoitzak bere garrantzia, mezu eta esanahia zuen eta ez zen halabearraren ondorioa. Hemen Liard-ari buruz hitzegin arren, Henrikeren Douzainak aztertu ezkero, antzekotasunak erreparatuko ditugu.

Clairand-ek, bere entseguan, S letraren tipografiak, liard mota ezberdinen artean izan duen bilakaera ere deskribatzen du. Ikusiko dugunez, 4. eta 5. motek erakusten duten S zeharkatuaren esanahiak beste atal baterako edukina emango digu.

S letraren tipografia mota ezberdinen artean – A. Clairand

Bost Liard mota basiko horietatik abiatuta, aipatutako mota guztietan, beti aurkitu dezakegu N letra alderantzikatua duen aldaki bat. Aldaki hauei b atzizkia eman diogu. Eraztunarekin eta puntuekin gertatzen den bezala, N letra alderantzikatua edukitzearen esanahia oraindik ere ezezaguna da gaur egunean. Baina grabatzailearen akats errepikatua izan izana nekez sinistekoa da. Henrikeren oinordekoek, ez zituzten elementu guzti hauek gehiago erabili bere txanponetan, S zeharkatuaren salbuezpenez.

1541. ondorengo gurutze motza duten 3. motako bi liard, N alderantzikatua ezkerrean (3b), N normala eskuinean (3a)

Clairand-en sailkapenaren laburpen bezala, ondorengo taula hau erakutsi dezakegu. Clairand-ek, ez zuen bere entseguan 2a motaren alerik aurkitu, eta nik ere ez dut aurkitu, baina oso litekeena da aldaki hau ezaguna izatea.

 

Aldaki Mota

Liard Mota

N normala

N alderantzikatua

N normala, atzealdean Puntua 11. letraren azpian

Gurutze Zangozabala, Eraztunik Gabe

1a

1b

 

Gurutze Zangozabala, Eraztuna R Letraren azpian

*

2b

 

Gurutze Motza, DEI. G., Eraztuna R Letraren azpian

3a

3b

 

Gurutze Motza, D. G., Puntua 9-10 letren azpian, Eraztunik Gabe

4a

4b

4c

Gurutze Motza, D. G., Puntua 9-10 letren azpian, Eraztuna R Letraren azpian

5a

5b

 

Henrike II.aren Liard-en sailkapena

Ikusi dezakegunez, Henrikeren Liard-ek mota eta aldaki ugari aurkezten dituzte. Nere aldetik, 3. Motaren ispilua litzatekeen gurutze motz, DEI. G baina eraztunik gabeko liard-ak ikusi izanaz ziur nago (honek 6. Motaren izena jaso beharko luke). S letraren grafiak ere aldaki ugari ditu. Clairand-ek, kasu honetan, bere entseguaren bidez, Liard hauetan arteztu behar diren bereizgarri nabarmenenak erakusten dizkigu, eta hau da atera behar dugun irakaspen garrantzitsuena.

Orokorrean ez dugu idazkirik, liard hauen pisu eta lege zehatzari buruz. Bere oinordeko Juanaren garaian, Liard-ak 0,941 gramotako pisu ertaina zuela diote idazkiek eta zilar legea 2 diru (167 milesima) ingurutakoa zen. Henrikeren garaian, liard hauek (teorian behintzat), Frantzian egindakoenen pisu eta lege berdina izan behar zuten, erabateko balio paretasuna bait zuten Frantziar txanponekin. Frantzisko I. aren Liard-en legea 179 milesimatakoa zen.

Idazkiek esaten dutenez, Henrike-ren Liard hauek oso kopuru handietan egin ziren eta Frantziako erresuman zuten balio parekotasunaz baliatuz, Frantzisko I.aren lurralde guztietan zehar hedatu eta nagusitu ziren. 1556.an, Frantziskoren oinordekoak, Frantziako Henrike II.ak (Margaritaren ilobak), Pariseko txanpon gortearen presioen ondorioz, atzerriko Liard edo Ardit-en balioa murriztu zuen eta horrenbestez, nafarroako Liard-ak bi diru-ren balioa izango zuen 1572.arte.

Zer erosi zitekeen garai hauetan Liard batekin? Salneurrien eta soldaten ikerlan zehatz gehiegirik ez dut aurkitu, baina honako grafika honek gurinaren salneurria erakusten du Frantziako erresuman XVI. mendean zehar.

Honen arabera, Henrikeren erregealdiaren hasieran, 122 gr gurin inguru erosi zitezkeen liard baten truk; erregealdiaren amaieraren, erositako gurin kopurua 61 gr ingurura murriztua zen.

Gurinaren salneurria XVI mendean zehar – Frantziako hiru hiri desberdinetan

Amaitzeko, ohar interesgarri gisa, Henrikeren izena daraman ondorengo Liard izurdedun hau erakutsiko dizuegu. Gaur egun, adostasun zabala dago garai hartan egindako diru faltsutzearen ale bat dela. Ziuraski, garai horretan Italia iparraldean zeuden diru faltsutzaileen lana izan zen. Alabaina, 2014.an egindako enkantean, liard honek 1600 €-tako errematea erdietsi zuen.

Garaiko faltsutzea – Labrit-eko Henrikeren Liard izurdeduna

Bibliografia:

LIARD MONNAIE – Wikipedia link

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica link

MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link

Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

Essai de classement typologique et chronologique des liards à l’H de Navarre au nom d’Henri Ier d’Albret, 1516-1555″, Bulletin de la société française de numismatique, p. 271-273 Mars 1992 – A. Clairand

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Henrike II.aren Liard-ak”

  1. Pingback: Henrike II.aren Douzain-ak | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude