Henrike II – Kontextugune Historikoa – 2. Zatia

Nafarroako errege erbesteratuek ez zuten inoiz bere koroa eskubideei uko egin. Frantziako Frantzisko I.aren eta hispaniako Karlos I.aren erregealdietan (praktikan, Cisneros Kardinalaren erregeordekotzan), 1516.ko maiatz eta abuztu artean, Noyon-eko biltzarrak ospatu ziren, bi erregetxe haundien arteko gatazkei buruz hitz egiteko. Nafarroako erresumaren bigarren berreskuraketa saioaren ondoren, Labriteko Juan III. erregearen alargun berria zen Foix-eko Katerina erreginak, bertara bidali zituen bere ordezkariak. Artikulu bakar bat lortu zuten amaierako tratatuan, zehaztugabeko promes ahula, non bere garaian arazoa eztabaidatuko zela aipatzen bait zen.

1517.an, Henrikek 14 urte zituen eta Katerina hil ondoren, amaren oinordekoa bihurtu zen. Negoziaketek jarraitu egin zuten eta Frantzisko I.ak batzuetan bultzatu eta batzuetan oztopatu egin zituen, bere erregetxearen interesen arauera. Proposamenen artean, nafar errege gaztea, Karlos I.aren arreba zen Leonor printzesarekin ezkontzea aitatu zen, baina azkenean Leonor, Portugalko Juan III. erregearekin ezkondu zen. Nafarroako errregetxearen asmoa, erresumaren itzulera, ezin izan zuten mahaigaineratzerik ere lortu.

Batalla de Mühlberg

Espainiako Karlos I erregea eta Alemaniako Karlos V enperadorea – Tiziano 1548 – Mühlberg-eko gatazka – Prado Museoa

Valladolid-eko gorteek, negoziaketen jakitun, Karlos I.a Flandriatik gaztelara lehenengo aldiz iristsi zenean, errege berriari sekretupean berma egitera behartu zioten; alegia ez zuela inoiz Nafarroak Gaztelarerakin zuen bateraketa autsiko eta ez zuela inoiz bere aitona Pernando katolikoak menderatutako erresuma bueltatuko.

Enbaxadore nafarrek, bere ahaleginetan jarraitu zuten, eta Karlos-i segika ibili ziren bere gorte deialdietan zehar, lehenengo Valladolid-en, gero Aranda de Duero-n eta Zaragozan ondoren. Azkenean, 1519.ko uztailean izandako Montpelier-eko batzarretan, enperadorearen enbaxadoreek, Karlos-en arreba, Katerina artxidukesa, emaztegai bezala eta diruzko kalte ordainketa bat proposatu zioten Labrit-Foix erregetxeari. Nafarroako erregetxeak, proposamena errefusatu zuen.

1521 eta 1524 arteko hirugarren (eta azken) berreskuraketa saialdiaren porrotetik urte dexente pasata zirela, eta dagoeneko Karlos V.ak azken erreboltari nafarrak aspaldi indultatuak zituenean, errege nafarrak gutun bat idatzi zion enperadoreari 1537.ko urtean. Gutun honetan, Juana bere oinordekoa, Felipe (geroko Felipe II.a) enperadorearen lehensemearekin ezkontzeko proposamena egin zion eta baldintza bezala, Nafarroa garaiaren itzulpena jarri zuen. Negoziaketak izkutuan garatu baziren ere, Frantzisko I.a jakinean zegoen eta beti muturra sartzen sahiatu zen.

Margaritak, Juana bere alabaren tutoretza, Alençon inguruetan bizi zen Ayme de Lafayette-eren menpe jarri zuen. Juanaren bizitzaren lehen urteetan, bere gurasoekin oso harreman murritzak izan zituen eta bere heziketak, errenazimenduko eredu humanista jarraitu zuen. Ez zuen familiarteko bizimodu arrastorik izan, eta pertsona helduez inguratuta pasa zuen haurtzaroa, bai jolasean edo bai lan egiteko garaian.

Ikusi dugunez, Henrikek Karlos V.enarekin zituen harremanen jakitun zen Frantziako erregea. Bere arreba Margaritaren loialtasun eta sendotasunaren arduratan, pauso erabakigarri bat eman zuen 1538.an; Plesiss Les Tours-eko jauregian aurkitzen zen Juanaren bahiketa agindu zuen. Une honetatik aurrera, Nafarroako erregetxeak ezin izango zuen Juana erabili Frantziako erregetxearen aurkako presio elementu bezala. Habsburgotarrekin prestatutako ezkontza zurrumurruek ez zuten aurrerantzean Valois familia mehatxatuko.

Felipe, Asturiasko Printzea (geroago Felipe II.a) 1549-1550 aldera – Tiziano – Prado Museoa

1540 urtearen hasieran, Karlos V.ena Herberetako Gante hiri aldera abiatu zen Frantziako gortean geldialdia eginez. Han, Juana eta bere seme eta oinardekoaren arteko ezkon proposomena egin zuen bere enbaxadorearen bidez. Juan Martinez de Ezcurra, enperadorearen zerbituan zen nafarra, isileko tratadu egitasmo batean lan egiten ibili zen. Tratatu egitasmo horretan, Juana eta Asturiasko printzearen arteko ezkontzaren truke, Labritarrek Nafarroa garaia berreskuratzeko aukera proposatzen zuen. Labritarren aldetik, burujabetzaren berreskuraketaz gain, konkista urte hasieratik erresumak sortutako errenta guztien itzulera eta aliantza itun eskaintza iraunkorra eskatzen ziren. Labritarrek Frantziako koroaren menpean zituzten lurraldeen jabetza galtzea tokatu ezkero, iberiar penintsulako lurraldeen trukearen berme eskaria ere bazen.

Errege frantsezak ez zuen errefusatzen ezkontzaren ideia, erantzunaren faltan denbora pasatzen utzi zuen. Baina Henrikeren baldintzak gehiegizkoak iruditu zitzaizkion Valladolid-eko estatu kontseiluari, eta proiektua artxibatu egin zen.

Hilabete batzu pasa zirenean, Cleves-eko dukeak, Herbereetako Gueldre probintziaren oinordekoak, Juanarekin ezkontzeko proposamen delikatua egin zuen. Frantzisko I.ak berehala eman zuen bere baietza eta Nafarroaren inbasio berri baten promes bidez, Henrike konbentzitzen saiatu zen. Ezkontz kontratua 1540.ko Uztailak 16.an zinatu zen.

Wilhelm edo Gilen, Cleves-eko Dukea, Juanaren lehen senarra 1540 aldera – Grabatua – Rijksmuseum

Henrike ala ere, holandar probintzia gutiziatzen zuen enperadorearen haserreaz baliatuz, isilean mugitu zen. Oraingoan, Henrike bera izan zen, Juana eta geroko Felipe II.aren arteko ezkontza proposatu zuena. Horretarako, Juana Frantzisko I.aren kontrol menpetik jaregin, eta itsasosontzi edo lur garraioz Karlos V.aren lurraldeetaraino eramatea antolatu zuen. Margaritak ez zekien ezer plan hauei buruz.

Karlos V.ak proposamena errefusatu zuen; Henrikeren baldintzen neurria haundiegia iruditu zitzaion, baina batez ere, proposamena mesfidatu zuen; Frantzisko eta Margaritaren ezagutzan zen azpilana zela irudikatu zuen.

Bere alaba eta oinordekoa, Cleves-eko dukearekin ezkontzearen akatsa ezagutarazten eta sinisterazten sahiatu zen Henrike. Baina Margarita makalegia zen bere anaiaren aurrean eta zalantza ugariren ondoren amore eman zuen. Haserre eta etsituta, Henrike Pau-ko gaztelura erretiratu zen eta bere alabarekin elkartzeko Frantziako gorteak egindako deia errefusatu zuen. Aitzaki bezala, ezkontzaren baimen eskaerari Bearneko estatuek emandako ezetza erabili zuen.

Bai Frantzisko-k eta bai senargaiak, Plessis-en bisita egin ziotenean, momentu honetan hamabi urte baino ez zituen Juana gaztetxoak ere, bere ezkontza proiektua arbuiatu zuen. Margarita bisitan joan zitzaionean, bere tutore zen Madame de Lafayette-k, bere amaren baimenarekin jipoialdi ona oparitu zion. Juanak, urte batzuen ondoren idatzitako oroitidazkietan, Dukea errefusatzen jarraitzekotan, jipoialdien ondorioz hiltzeraino eramango zutenaren ustea adierazi zuen.

Ekainak 14.an ospatzekotan zen ezkontza baino bi egun lehenago, Juanak, ezarritako ezkontzaren aurkako gaitzespen sendoa erakusten zuen akta idatzi zuen. Hurrengo goizean, testigu eginkizuna egin zuten persona berdinen aurrean, protesta labur eta irmoa azaldu zuen. Henrikek eta Cleves-eko dukeak ezkontza eginbideak ez betetzea akordatu zuten, eta dukea horrenbestez, enperadorearen tropek mehatsatzen zuten bere lurraldeetara abiatu zen ezkontz festak bukatu bezain pronto.

Frantzia eta Austria etxeen arteko laugarren gerra 1544.an bukatu zen. Bi lehiakideak pare-parean, garaile argirik gabe. Baina galtzaileen artean, garbienetariko bat Cleves-eko dukea suertatu zen. Gudazelaian menperatua eta umiliatua, enperadorearen aurrean makurtzera eta inperioari men egitera behartu zuten. Juana, bere ezkontzaren baliogabetzearen zain gelditu zen Alençon-en, bete gabekoa, derrigortua, adosik gabekoa eta kontra egina izan zenaren argudiopean. Halako batean ere, Margarita bere alabarekin elkartu zen.

Baliogabetze hau, 1545.eko urrian onetsi zuen Paulo III aita santuak. Nafarroako errege senak emazteak, Fointainebleau-ko gortean bizi izan ziren 1546.ko otsailak arte, eta bere lurraldetara bueltatu zirenenean, Frantzisko I.ak Juana beraiekin joateari aurka egin zion. Horrenbestez, Juanak, urrezko kaiolan bizi zen Frantziako erregearen bahitua izaten jarraitu zuen.

Bere gurasoek ,Juana enperadorearen semearekin ezkontzeko ideaiaren itxaropena ez zuten galtzen. Henrike, oraingoan Margaritaren baietzarekin eta bere enbaixadorearen bidez, Karlos V.arekin kontaktuan jarri zen berriro ere. Honek ez zuen idea baztertu nahi, baina beste lehentasun batzu zituen momentu honetan.

1547. urtean hil zen Frantzisko I.a eta Henrike II.ak, Frantziako errege berriak, Frantziskoren seme eta Margaritaren ilobak, Juana, Antonio de Borbon, Vendome-eko Duke eta Borboi etxearen buruzagiarekin ezkontzeko asmoa jakinerazi zuen. Gogoratu bi Henrike II. desberdin izango ditugula hemendik aurrera, bata frantsesa eta bestea nafarra.

Azken momenturarte, nafarroako erregetxeak, Felipe errege oinordeko Habsburgotarraren ezkontz onarpena lortzeko saiakerak egiten jarraitu zuen. Baina 1548.ko otsailean, inolako erantzunik onartzen ez zuen gorte frantziarraren agindua iritsi zen. Bere onetsia hilabete batez atzeratu zuen Margaritak, udaberria iritsi zen arte. Ezkontza, premiaz eta handikeria handirik gabe, 1548.ko urriaren 20.an ospatu zen Moulins-eko borboitarren jauregian. Juana, erabat liluratua zen momentu horretan bere senar berriarekin. Margarita eta Henrike alabaina, erabat atsekabetuta zeuden eta bere alabaren ezkontzak, beste apur gehiago bat banandu zituen.

Les jardins du château au 16e siècle, l'Ancien Bourbonnais Achille Allier, Imprimeries Desrosiers, réédition Crépin-Leblond 1934. Château des ducs de Bourbon : Séances, tarifs et réservation de la visite guidée — MesSortiesCulture

Moulins-eko Borboitarren Duke Jauregia – XVI. mendeko grabatu batean eta gaur egunean

Austriatarren gortearen erantzuna berehalakoa izan zen. Karlos V.ak nafarroako gorteak batzartu zituen eta hauek, Felipe bere semea, geroko Nafarroako Felipe IV.a eta gaztelako Felipe II.a, nafarroako erregetzaren oinordekotzat onartu zuten.

Margarita erregina, osasun makalpean, Pirineotako bere lurralde bigorretarretara erretiratu zen eta idatzgintza lanetan arduratu zen. 1549.ko abenduak 21.an hil zen. Erregeak deituta, senarra urruti zen eta beranduegi iritsi zen azken aldiz bizirik ikusi ahal izateko. Hileta, familiarteko guztien aurrean, Lescar-eko katedralean ospatu zen, 1550.eko otsailak 10ean.

Nafarroako errege alargunak, enperadorearen iloba zen Lorena-ko dukesarekin ezkontzeko proposamena egin zion isilpean. Dukesak, ezkonsari moduan, Nafarroa garaia itzuliko zuen eta trukean, Juana eta bere senarraren ordez, bikotearen seme posible batek Nafarroako koroa oinordetuko zuen. Honez gain, Austriar erregetxeak gorte nafarraren laguntza jasoko zuen Frantzia erasotu izan behar ezkero. Proposamen honek ere, ez zuen aurrera egin; dagoeneko Henrikek, urtetako lanen pisua pairatzen zuen bere osasunean.

1551.an Juana eta Antonio-ren lehen semea jaio zen, bi urte eskas bizi izan zen haurra. Bere aitonaren izena jaso zuen, Henrike alegia. Lafayette umezaina-ren hutsegite baten ondorioz, itolarriz hil zen 1553.ko abuztuak 20an. Laster baztertu zuen Juanak Lafayette umezain adindua.

1553.ko abenduak 13.an, Pau-ko errege gazteluan, Vianako Printze eta geroko Henrike III. Nafarroako erregea jaio zen; Henrike IV.a (le bon roi Henri, Henrike errege ona), Frantziako lehen errege borboia bezala historiara pasako zen berbera.

Jaiotzan bertan ziren bai aita eta bai aitona, eta aitonak, printze txikia besoetan hartuz, saloietan ziren erresumaren agintari eta jauntxoei eta jauregiko lorategian bildu zen herriari erakutsi zien.

Orain, Henrike erregeak karlos-i horrenbestez ihardetsi ziezaioken: „ Hau da benetako miraria, ardiak leoi bat erditu du!“ (1528.an, Juanaren jaiotzaren berri izanda, enperadoreak hurrengo esaldia bota zuela esaten da: “Miraria, behiak ardi bat erditu du, eta artzaiak bere artaldea gordetzen du!“ (Behia da Bearneko ikurra, txanponetan ikusi ahal dugunez))

Pau-ko errege gaztelua – Argazkiarean Eskuin aldean ikusten den dorrea, txanpon etxearen atala zen

1555.eko maiatzaren 25.an, berrogeitahamabi urte zituela, Hagetmau-ko gazteluan, bakarrik hil zen Henrike II.a Nafarroako erregea, Nafarroan bertan jaiotako azkena. Uztailak 25.an Lescar-en ospatu ziren hiletak, eta bertako katedralean jarraitzen du bere gorpuak, bere azken-nahiaren arabera, Iruñan, bere erresumaren hiriburuan, ehortzia izateko itsarotan. Gaur egun, bere azken nahia oraindik betetzear dago.

Karlos V.ak bere aldetik, 1554.an idatzitako azken-nahiean, kontzientzia arazoak isladatzen ditu eta Felipe II.ari adierazten dio:

en lo que toca al reyno de Navarra, haya de mirar y con diligencia examinar y averiguar sinceramente, si de justicia y razón seré obligado a restituir el dicho reyno o en otra manera satisfacer o compensar a persona alguna. Y lo que fuese hallado, determinado y declarado por justicia, se cumpla por efecto, por manera que mi ánima y conciencia sea descargada.

Juana eta Antoniori dagozkien gertaerak, eta Henrike III.a Frantziako errege bilakatu zenaren xehetasunak, beste atal batean garatuko ditugu.

Lescar-eko katedrala: Nafarroako Foix-Labrit erregetxeko erregeen azken atseden lekua. Juana III.a Vendome-n ehortzi zuten, bere azken-nahien aginduz, Lescar-era lekualdatzeko zain, baina kasu honetan ere ez zen bere azken-nahia errespetatu

Bibliografia:

LA CORTE PROTESTANTE DE NAVARRA(1527-1563)- Victor Manuel Arbeloa Muru

HENRI II – ROI DE NAVARRE – Wikipedia link

ENRIQUE II DE NAVARRA – Wikipedia – link

BIOGRAFIAS – ENRIQUE II de ALBRET- Real Academia de la Historia – link

ENRIQUE II de ALBRET – Gran Enciclopedia de Navarra – link

MARGUERITE DE NAVARRE – Wikipedia – link

MARGARITA DE NAVARRA – Gran Enciclopedia de Navarra – link

LOS REYES DE LA BAJA NAVARRA Y SUS DOMINIOS – Blog de Antonio Leon – link

33° REY DE NAVARRA: ENRIQUE II EL SANGÜESINO- casarealnavarra.com – link

LA FIGURA DEL SANGÜESINO ENRIQUE II DE LABRIT Y MARGARITA DE NAVARRA, EN EL CONGRESO DE HISTORIADORES DE NAVARRA.VIANA. 18-19, SEPTIEMBRE, 2010. – Dr. Jon Oria Osés – link

EL ULTIMO JEFE DE ESTADO EUSKALDUN – Aitzol Altuna – Nabarralde – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

5 thoughts on “Henrike II – Kontextugune Historikoa – 2. Zatia”

      1. http://casarealnavarra.com/Pedro_II.htm#:~:text=53%C2%BA%20Rey%20Titular%20de%20Navarra%20%2D%20PEDRO%20II%20DE%20BORBON%20DOS%20SICILIAS
        Kaixo. Tan solo pongo los enlaces como curiosidad.
        Acuñar moneda para circulación, es obvio que no, pues se necesita (una) autoridad, y su correspondiente ley, que respalde la emisión y su puesta en circulación.
        Entiendo que son descendientes y que por esa vía, son el linaje de los antiguos Reyes de Navarra.
        Beste bat arte

        1. Si claro, tan solo era una broma. En realidad le hubiera correspondido ser Pedro II, pues Pedro I fue Rey de Pamplona y Aragón…
          De hecho el actual rey de Navarra según los legitimistas es también Pedro II, Duque de Calabria…
          http://casarealnavarra.com/
          ————————————————————
          Izan ere, legitimisten arabera gaur egungo Nafarroako erregea Pedro II.a da, Calabriako dukea …
          http://casarealnavarra.com/

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude