GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM

Henrike II.a “Zangotzarra-ren” garaian, Nafarroako erregetxeko txanpongintzak erabilitako iruditextu edo lelo berriaren jatorria azalduko dugu ondoren, GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM dioarena ain zuzen ere. Latinezko iruditextu hau, “Jainkoaren graziari esker, naizena naiz” moduan itzuli daiteke, baina nondik datoz bere sustraiak eta zergatik ezarri zuen Henrikek?

Henrikeren aita-amak, Juan eta Katerinak, eta modu berean Katerinaren anaiak, Frantzisko Febo erregeak, dirua jaulki zuten Bearnen, Bearn-i zegozkion ikur eta leloekin. Txanpon hauek ez zuten Nafarroaren ikurrik edo erreferentziarik eta Morlaas-eko txanponetxean egin ziren. Biloizko txanponen artean, zuriak (blanc edo blanca), diruak (denier edo dinero) eta bearneko baketak izango genituzke.

Katerinaren Zuri (Blanca) Bearndarra

Aurrealdea: + KTHERINAsDEIsGsDNAsBEAR Atzealdea: +PAXsETsHONORsFORQVIEsMOR

Aldi berean, errege-erregin hauek, nafar erresumako Iruñako txanponetxean, nafar ikurrak eta leloak zituzten nafar txanpon aleak egin zituzten. Historikoki, nafar txanpon aleen lelo edo iruditextua, Frantziako txanpon tradizioan jatorria zuen SIT NOMEN DOMINI BENEDICTUM zen (bedeinkatua izan bedi Jainkoaren izena).

Juan eta Katerinaren Tarja Nafarra

Aurrealdea:+ IOHANES.I.KATARINA.REGES.NA Atzealdea:+SIT:NOMEN:DOMINI:BENEDICTUM

Bere erregealdiaren hasieran, Henrikek txanpon sorta bearndarrak egiten jarraitu zuen. Henrikeren izenean diren zuri edo “blanca” ugari aurki ditzakegu, aurreko erregealdietan jatorria duten honako lelo hauekin:

Henrikeren Morlaas-eko Zuri edo Blanca Bearndarra

Aurrealdea: + HEnRICVS: DEI: G: DNS: B(E) Atzealdea: + PAX: ET: HONOR: FORQVIE

Erregealdi hasierako txanpon hauetan Henrike Bearneko jaun moduan azaltzen da bakarrik. Nafarroa garaia eta bere txanponetxeak, Karlos I.aren kontrolpean zeudenez, ezin izan zuen bere aita-amaren eredua jarraituz, nafar txanpon motarik egiterik izan.

Hala ere, 1524. urtea abiapuntu bezala hartuz, bere eskuan gelditzen zitzaizkion nafar erresumako eta Bearneko lurraldeen berrantolaketa eta Pau-ko txanponetxearen irekitzea (edo birrirekitzea) kontutan hartuta, erresumaren txanpongintzak eredu eta lelo berriak jaso zituen. Ziur aski hamarkada horren bigarren erdialdean gertatu zen, Henrike, Paviako gartzelatik ihes egin ondoren Frantziako gortera itzuli eta Margaritarekin ezkondu zenean. Momentu honetatik aurrera, Henrike, Bearneko jaun, baina aldi berean Nafarroako errege bezala aurkeztuko da bere txanponetan. Era berean, txanpon hauen atzealdean, GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM leloa erabiltzen hasiko da.

Henrikeren urrezko Ezkutua – 1541 urtearen ondoren

Henrikeren Zilarrezko Douzaina – 1541 urtearen ondoren

Aurrealdea: + HENRICVS:DEI:G:REX:NAVAR:D:B Atzealdea: +GRATIA:DEI:SVM:ID:QVOD:SVM

Hemendik aurrera, lelo hau agertuko da Bearn eta Behe Nafarroan jaulkitako txanpon guztietan, Luis XIV.ak bere erregealdiaren hasieretako urteetan, 1652.an SIT NOMEN DOMINI BENEDICTUM leloa birrezarri zuen arte. Aldaketa hau, bolantezko txanpon makina berrien erabilerarakin bat etorri zen.

Luis XIV.aren Nafarroako zilarrezko Ezkutu Laurdena – 1650 – Donapaleu (oraindik Henrikeren Leloarekin)

Luis XIV.aren Nafarroako zilarrezko Ezkutua – 1652 – Donapaleu (SIT NOMEN DOMINI BENEDICTVM)

Erreforma horren ondoren, Henrike II.ak Bearneko eta Nafarroako (Behenafarroako) txanponen tipologia bateratu zuen, eta hemendik aurrera bateginda egingo zuten bidea, 1579.an bere iloba Henrike III.ak Donapaleuko txanponetxea birrireki eta tipologia berriro bereiztu zituen arte. Bateratze edo berrantolaketa hau, erresumaren errealitate berriaren ondorio zen; grabitate gunea Bearn aldera lekualdetu zen, Pau hiriburu bilakatuz, 1521. urtean Nafarroa garaiko lurraldeak behin betirako galdu ondoren.

Henrikeren bizitzaren azken hilabetetan, 1555. urtearen hasieran, Pau-ko errota bidezko txanponetxe berriztatuan, nafar txanponen lehen ale datadunak sortu ziren. Ordurarte, Iparraldeko nafar-bearndar txanponek ez zuten datarik (ikusiko dugunez hegoaldekoek ere ez, 1608 urterarte). Ondorioz, eta garaiko beste dokumentuen faltan, ez dakigu lelo berriaren eratzearen eta ezartzearen data.

Henrike II.aren Douzain entseguaren marrazkia – 1555 – Pau-ko errota txanponetxea – Nafarroako lehen txanpon dataduna

Lelo berriak, nafar erregetxearen bilakaera politikoa adierazten zuen aldi berean. Erresumaren barnean emandako agramontarren eta beaumontarren arteko gerrate zibila gainditzea eta bere agintea bermatzea ziren Henrikeren lehen helburuak erregealdiaren hasieran. Inguruko erresumetan gertatu bezala, Frantzia edo Gaztela kasuko, erdi aroa atzean utzi eta XVI. mendeko eredu politiko berrietan murgildu zen erregetza; eredu hauek erregetzaren boterearen sendotzea eta pilatzea zekarren. Lelo berri honen bidez, Henrike, lurraldeen lege eta tradizioei adeitsu bazen ere, bere agintaritzaren jatorri jainkotiarraren idea sendotzen saiatu zen, erregetxearen agintea bermatzeko tresna moduan. Kontutan hartu behar da, Behenafarroako noblezia erreboltari xamara izan zela aurreko hamarkadetan, eta baita etorkizunean ere, Juana bere alabak geroago erreparatuko zuen moduan.

Aukeratutako leloa, beste alderdi batetik ere oso esanguratsua da. Dirudienez, “Gratia Dei Svm Id Qvod Svm”, Gaston Febo III.ak, Foixeko kondeak eta Bearneko bizkondeak, frantziar erregeen eta, bereziki, Karlos VI.aren aurrean erabilitako esaldia zen. Esaldi honen bidez, Foixeko konderriari dagokionez basailutza-omenaldia egingo ziola baina era berean, Bearneko bizkonderriarengatik inolako basailautzarik egiterik onartzen ez zuela adierazi nahi zion.

Gastonek, 1347tik aurrera, Bearn, lurralde burujabe bezala aldarrikatu zuen, ez zion atxikimendurik onartzen Frantziako erregetxeari. Era honetan, bizkonterri izena utzi eta Bearn jaurerri bezala izendatu zuen. Ehun urteko gerratearen gorabeherak zirela eta, Gaston eta bere ondorengoek, Bearneko Estatu Orokorren laguntzarekin batera, Bearneren independentzia sendotzea eta defendatzea lortu zuten frantziar eta ingeles koroen aurka.

Frantziako eta Hispaniako koroen etengabeko presiopean, Henrikek lelo hau erabili zuen, Bearn eta Nafarroako (momentu honetan Nafarroa Beherea bakarrik) lurraldeen independentzia aldarrikatzeko eta baieztatzeko, historikoki bere arbasoek egin behar izan zuten bezala.

Amaitu baino lehen datu bitxi pare bat.

Garai berdinean, Fernando Katolikoak eta Karlos I.ak txanpon ugari jaulki zituzten Iruñean, Frantziako errege txanpongintzarekin estu lotuta dagoen sit nomen Domini BENEDICTUM leloarekin.

Fernando Katolikoaren urrezko erreal laukoitza

Karlos I.aren zilarrezko erreala

Henrike II.aren alaba, Labriteko Juana, 1555. urtean erregin bihurtu zenean, bere senar Antonio Borboitarrak, “Juri Uxoris” Nafarroako errege bihurtzea lortu zuen. Errege bikotearen txanpon berriek leloa aldatu behar izan zuten, GRATIA DEI SVMVS QD SVMVS, Antonio hil zen arte (Egia esan, ikusiko dugunez, Antonio 1562. urtean hil zen baina txanpon ugari oraindik bien izenpean dira hamarkada guztian zehar).

Antonio eta Juana-ren Zilarrezko Testoia – 1555 – Pau-ko txanponetxea – Errota bidez

Bibliografia:

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica link

MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link

Histoire monétaire du Béarn – Jules Adrien Blanchet – 1893 – link

LA CORTE PROTESTANTE DE NAVARRA(1527-1563)- Victor Manuel Arbeloa Muru

HENRI II – ROI DE NAVARRE – Wikipedia link

ENRIQUE II DE NAVARRA – Wikipedia – link

BIOGRAFIAS – ENRIQUE II de ALBRET- Real Academia de la Historia – link

ENRIQUE II de ALBRET – Gran Enciclopedia de Navarra – link

MARGUERITE DE NAVARRE – Wikipedia – link

MARGARITA DE NAVARRA – Gran Enciclopedia de Navarra – link

LOS REYES DE LA BAJA NAVARRA Y SUS DOMINIOS – Blog de Antonio Leon – link

LA CONQUISTA DE NAVARRA – TERCER CONTRAATAQUE NAVARRO (1521) – Wikipedia – link

PRISION Y FUGA DEL REY DE NAVARRA – Joseba Asiron -Nabarralde – link

33° REy DE NAVARRA: ENRIQUE II EL SANGÜESINO- casarealnavarra.com – link

LA FIGURA DEL SANGÜESINO ENRIQUE II DE LABRIT Y MARGARITA DE NAVARRA, EN EL CONGRESO DE HISTORIADORES DE NAVARRA.VIANA. 18-19, SEPTIEMBRE, 2010. – Dr. Jon Oria Osés – link

GASTON III DE FOIX-BEARNE – WIKIPEDIA – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

2 thoughts on “GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM”

  1. Pingback: Luis II – Azken Ezkutu Laurden Sobiranoak | Euskal Txanpongintzaren Historia

  2. Pingback: Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 1. Atala | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude