Eusko Jaurlaritzaren Pezeta Aleak – Prentsak, Baporeak eta Komisioak

Hilabete pare bateko etenaldia izan dut blog honen sarrera berri bat idatzi aurretik. Etenaldi honetan etxez aldatu gara. Munitx inguruetara gerturatu asmoan, aspalditik gabiltz etxetxo bat eraikitzeko lanetan eta azkenean iritsi da etxetxo horretan bizitzeko garaia. Euskal Herrian trakets eta nahaspilatuak garenaren eta Alemania eraginkortasunaren herrialdea denaren irudia dutenei, gustora erakutsiko nizkioke nire pasadizoak…baina hori ez da blog honetan izango.

Gaurko honetan, aspaldi buruan dudan txanpon pare bati buruz ibiliko gara. Txikitan, hauetako txanpon bat baserriko kaxoi batean aurkitu nuenetik, erabat liluratuta utzi zidan historio honen lokarria dira. Txanpon hura, gerrate zibileko Eusko Jaurlaritzaren 2 pezetatako txanpona zen. Hauetako ale batek, goierriko baserri bateko kaxoi batean nolatan bukatu zuen erabat ezezaguna zait.

Baina, zein da Euzkadiren izena daramaten txanpon hauen historia, nork, nola eta non txanpondu ziren eta zenbat denboraz kaleratu ziren?

Egia esan, Eusko Jaurlaritzaren txanponei buruz idaztea erabaki nuenean, asuntoa orrialde pare batean kitatuko nuela uste nuen, ez zuela misterio handirik txanpon hauen historiak.

Sarritan Euskal-Herrian landutako txanponei buruzko garaiko dokumentu eta aginduen falta erabatekoa izaten den arren, honako honetan, Eusko Jaurlaritzaren artxibategiak dokumentu eta agindu sorta ederra eskura jartzen dituela konturatu nintzen.

Dokumentu hauek irakurriz, bada hemen ere idatzi beharreko xehetasunik! Inon ikusi gabeko xehetasun ezezagun eta interesgarriak ikasi ditut, historio mamitsu-mamitsuak, ondorengoetan isladatutakoak. Are gehiago, edonorrek ditu eskura dokumentu hauek, bibliografia atalean ezarritako esteken bidez eta jarraian kontatuko direnei buruz bere iritzi propioa landu dezake.

Eusko Jaurlaritzak agindutako 2 pezeta txanpon honen antzekoa aurkitu nuen orain dela urte ugari – 8 gr, 26 mm

Aurrealdea: GOBIERNO DE EUZKADI AB

Atzealdea: 2 PESETAS 1937

XIX. mendearen bigarren erdialdian eman zen diru paperen sorrerak bultzatuta, baina batez ere lehen gerrate mundialaren osteko zor pilaketak eta krisi ekonomikoak eraginda, mundu guztiko herrialdeen moneta sistemek erabateko eraldapena izan zuten XX mendean. Txanponak, berezko balioa izatetik, txanpon fiduziarioak, hau da uste onezko txanponak izatera pasa ziren. Ein handi batean, bere baitan zuten metalaren baliozkotasunaren balio nominala izatetik, baitan zuten metalaren baliozkotasuna baino askoz handiagoa zen balio nominala izatera pasa ziren.

Gaur egungo euro txanpon batek, ez du euro bat inguruko metal balioa bere baitan. Gaur egunean, euro bat baino askoz ere gutxiago kostatzen da euro txanpon bat lantzea; baina hori ez zen horrela XX. mendea iritsi arte. Gure birraitonek erabilitako 5 pezetatako zilarrezko duroek, garai hartako bost peseta inguruko balioa zuen zilar kopurua zeramaten beren baitan (ein haundi batean gutxienez metal balioek bere gorabeherak ere bait zituzten).

Alfonso XIII. erregearen agintaldian landutako azken zilarrezko 5 pezeta aleetako bat. Ale hauek berezko balioa zuten, hau da bere baitan zuen zilarraren balioa bere balio nominalaren inguruan zen – 25 gr, 37mm, 900 milesima zilar. Urte honetan hau bezalako 13.929.660 ale landu ziren

Aurrealdea: ALFONSO XIII POR LA G. DE DIOS 1899 *18 *99

Atzealdea: REY CONSTL. DE ESPAÑA S.G. 5 PESETAS V.

Gerra aurreko errepublikak landutako azken zilarrezko pezeta, 1933-1934 urteen artean landu zen. Pezeta honek 1868. urtean sortutako pezetaren patroi, pisu eta dimentsio berberak zituen, baina 1929. urtetik aurrera sortutatko krisi ekonomikoak eta estatu espainiarraren krisi politikoak sortutako pezetaren balioaren galerak garbi uzten zuten dagoeneko, berezko balioaren sistema utzi eta sistema fiduziarioruntz iragatearen beharra.

1934. urtean, Espainiako errepublikak landutako azken zilarrezko (835 mil.) pezeta txanpona – 5 gr, 23,30 mm

Aurrealdea: REPUBLICA ESPAÑOLA 1933 *19 *34

Atzealdea: UNA PESETA

Historikoki erabilitzen ziren urre, zilar eta kobre edo brontzearen ordez, sistema fiduziarioek metal eta aleazio berrien erabilera bultzatu zuten. Aleazio berrien artean kobre eta nikelaren, edo kobre eta aluminioaren arteko aleazioak, eta metal berrien artean nikel hutsez egindako txanponak hasi ziren lantzen Europako beste herrietan. Belgikako errege txanponetxea adibidez, 1894. urtean hasi zen nikel hutsezko 5 franko xentimoko txanponak lantzen.

Espainiako gerrate zibilaren eztandak, diru zirkulatzailearen krisia ekarri zuten. Alde batetik, 1868. urtetik aurrera landutako zilarrezko eta urrezko pezeta txanponen desagerpena ekarri zuen. Gerrateak ekarritako segurtasun ezaren aurrean, jendeak metal bitxiak etxean altxortu zituen. Gure aitona eta birraitonetatik jasotako zilarrezko duro altxorren abiapuntua izan zen momentu hau.

Bestaldetik, brontzezko diru txikiak, txakur txiki eta txakur haundi deitutakoak, ez ziren nahikoak eguneroko salerosketa beharretarako eta hauek ere kasu batzuetan, gerratearen beharrei erantzun ahal izateko galdatu egin ziren.

Gure aiton-amonen txakur haundiak, 10 Pezeta xentimoko brontzezko txanponak – 10,0gr, 30mm

Txanpon hauek gerra bukaerararte ibili ziren indarrean

Faktore hauen ondorioz, eguneroko beharrei erantzun ahal izateko beharrezko ziren txanponen eskasia geroz eta sakonagoa egiten joan zen gerrak eztanda egin eta berehala.

Egoera are eta okerragoa zen Kantauri kostaren inguruan ziren Errepublikaren lurraldeetan, Asturiaseko Kontseilu, Cantabriako kontseilu eta Eusko Jaurlaritzaren menpeko lurraldeetan. Errepublikaren beste lurralde eta Frantziako mugatik 1936. urteko udaran isolaturik gelditu ondoren, txanpon eta diru paperen erantzule ziren Espainiako Banku eta Madrilko erakundeetatik banatuta gelditu bait ziren.

Madrilgo gorteetan Euskadiko autonomia estatutua 1936. urteko urriak 1.an onartu eta Eusko Jaurlaritzaren lehen gobernua urriak 7.an sortu ondoren, gobernu berriak txanpon eta diru paperen eskasiaren arazoari irtenbidea bilatzeari ekin zion.

Diru paperen kasuan, 130 milioitako jaulkipena egin zen eta lanketa kasu honetan, Bilbo bertako “Huecograbado Arte y Editorial Vasca S.A” inprimategiak egin zuen (Diru paperei lehen begirada bat eman nahi izan ezkero, hemen link). 5, 10, 25, 50, 100, 500 eta 1000 pezetatako diru paperak sortu ziren, azken bi hauek kaleratu ez ziren arren. Esan beharrekoa da egindako diru jaulkipen guztiek Espainiako Bankuaren berma izan zutela.

1937. urtean zehar landutako eta jaulkitako 100 pezetatako diru paperaren irudia – Jean Michel Etchecolonea- Wikipedia Commons

Baina blog honen sustraizko gaia txanpongintzarena da eta ez gara, gaurkoan behintzat, diru paperei buruz ibiliko.

Esan dugunez, Eusko Jaurlaritzaren gobernua sortu eta berehala ekin zitzaion txanpon eskasiaren arazoari konponbidea emateko ahaleginari. Hasiera batean, bertako lantegietan, Eibar, Gernika edo Bilboko tailerretan txanponketa lanak hastea pentsatu zen. Baina landu beharreko txanpon kopuruak eskatzen zuen metalaren erosketa eta garraioak, eta bertako tailerretan zen produkzio edukiera baxuak ekarriko zuen denbora atzerapenak, atzerriko txanponetxeekin lan egitearen ideia sortu zuten. Azkenean, atzerrian txanpondu eta landutako aleak, ahalik eta azkarren Euskadira garraiotzearen erabakia hartu zen.

Atzerriko txanponetxeekin harremanetan jartzeko mandatua Rafael Picavea, Eusko Jaurlaritzak Parisen zuen ordezkaritzaren buruzagi gipuzkoarrak jaso zuen. Picaveak, ezaguna zuen Leon Lilienstern bankariaren laguntza eskatu zuen. Picavea eta Lilienstern-ek hiru txanponetxe europarrei eskatu zieten txanponak lantzeko aurrekontua, Londongo Royal Mint, Pariseko Monnaie de Paris eta Bruselako Monnaie Royale de Belgique -ri (MRB). Aurrekontuak, 10 milioi pezeta lantzearen prezioa adierazi behar zuen, 6 milioi pezeta bateko txanponetan eta 4 milioi bi pezetatako 2 milioi txanponetan. Metalari zegokienez, Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna Nikelaren erabiliera zen, latoi edo Kromatutako burdinaren ordez.

Hiru txanponetxe hauen artean, Royal Mint-ek ez zuen erantzun ere egin. Abendu bukaeran, Eliodoro de la Torre (Urtantea ezizenaz ezaguna) ogasun sailburuak bidalitako telegramak eta urtarrila hasieran Eusko Jaurlaritzak egindako txostenak erakusten dutenez, elkarrizketak nahiko aurreratuak ziren dagoeneko Pariseko txanponetxearekin.

Hasiera batean, Nicolas Martinez Ortiz grabatzailearen diseinuak eta “BANCO DE ESPAÑA” textuirudia erabiltzeko asmoa zen. Denbora premiak bultzatuta hala ere, Martinez Ortiz-en diseinua alde batera utzi eta Pariseko txanponetxearentzat erdi prestatua zen errepublikaren eta askatasunaren irudia onartu zen. Martinez Ortiz-en jatorrizkoek gudari eta neska baten irudiak zituzten. Txanponek, zilarrezko pezeta bateko eta bi pezetatakoen tamaina izan beharko lukete, hau da 23mm eta 27mm. Geroago ikusiko dugunez, tamainu hauetatik gertu dira azkenik landutako aleak.

Era berean, Espainiako Bankuak eman beharreko baimenaren faltan, aurrealdeko textuirudia “BANCO DE ESPAÑA”-ren ordez, “GOBIERNO DE EUZKADI” erakusten zuenera aldatu zen.

Eusko Jaurlaritzak txanponketa egitasmoari buruz urtarrila hasieran idatzitako txostenaren lehen orrialdea

Eliodoro de la Torre (Urtantea) ogasun sailburuak Pariseko ordezkaritzari abenduak 24an bidalitako telegrama

Abenduak 21.an Pariseko txanponetxeak bere eskeintza aurkeztu zion Splendid hotelean zen Picavea-ri. Hiru eskeintza desberdin ziren, aukeratutako metalaren arabera. Nikelezko txanponen lanketak 1.820.000 frankotako aurrekontua zuen, nikelezko brontzezkoak (75% Cu, 25% Ni) 1.090.000 frankotakoa eta aluminiozko brontzezkoak (91% Cu, 9% Al) 980.000 frankotakoa. Hauez gain, grabatzailearen lanagatik, bai irudien bai matritze eta trokelen prestaketagatik, 80.000 bat frankotako kopurua gehitu behar zitzaion. Entrega epeari zegokionez, nikelezko lanketarentzat sei astetako epea eskaintzen zen, baina era berean argi uzten zen Pariseko txanponetxeak aluminio brontzezko txanponak lantzea gomendatzen zuela, hauentzat beharrezko zen metala eskutan bait zuen. Nikelezko txanponak landu beharrekotan atzerapenak eman zitezkeen eta aipatzekoa da baita ere grabatzailearen lanek hiru bat astetako epe gehigarria izan beharko zutela.

Lavrillier motako Frantziako 5 Franko – Nikel 31mm, 12gr – Paris-eko txanponetxearen eskeintzan aipatutako txanpona

AURREALDEA: REPVBLIQVE FRANCAISE

ATZEALDEA: RF 5 FRANCS 1937

Bilboko gobernua eta De la Torre ogasun kontseilaria ados zeuden Pariseko Txanponetxeak Nikelezko txanponen lanketarako emandako aurrekonturarekin. Abendu bukaera eta urtarrila hasieran, agianduak baieztatu eta beharrezko diru funtsez hornitu zuten Pariseko ordezkaritza. Era berean, Frantziako eta Espainiako Errepublikar gobernuen aurrean, beharrezkoak ziren baimenak arintzen sahiatu ziren.

Bilbon ez zuten inongo beste eskeintzaren berririk, ez zuten Belgikako txanponetxearen berririk. Urtarrilaren 7.an, Bilboko gobernuak eskaria Pariseko txanponetxeari egin zitzaiola uste zuen.

Eusko Jaurlaritzak txanponketa egitasmoari buruz urtarrila hasieran idatzitako txostenaren bigarren orrialdea –

Urtarrilak 7an oraindik ere Pariseko txanponetxeari buruz hitz egiten da

Momentu honetan eta bapatekoz, 1937. urteko urtarrilak 6.aren datarekin agertzen da lehenengoz Eusko Jaurlaritzaren artxibategian, Belgiar txanponetxearen lehen dokumentua. Pariseko ordezkaritzari idatzitako gutunean, Hector Verhaeghe txanponetxeburuak, 2.125.000 belgiar frankotako aurrekontua eskaini zuen. Aurrekontu honek nikelezko 6 miloi (22mm eta 4 gr) pezeten eta 2 miloi (26mm eta 8gr) bi pezeta txanponen lanketaren ordaina isladatzen zuen. Frantziar frankotan jarri ezkero, 1.490.000 frantziar franko, Pariseko txanponetxearen eskeintza baino dexente merkeagoa. Honako eskeintza honek ez zuen grabatzailearen lanaren kosturik bere baitan. Izan ere, urtarrilaren egun horretan bertan izan ziren Lilienstern eta Armand Bonnetain grabatzailea Verhaeghe jaunaren aurrean, eta hauek argi utzi zuten irudi eta matrizen lanak bere baitan hartuko zituztela.

Entrega epeari zegokionez, zazpi astetan erabat osaturik egongo litzateke txanpon lanketa.

Hector Verhaeghe Bruselako txanponetxeburuak Pariseko Ordezkaritzari bidalidako aurrekontua – Urtarrilak 6. 1937

Momentu honetatik aurrera, M.Ferdinand Mayer (M.F Mayer) izeneko bitartekariaren izena azaltzen da edonon historio honetan. Picavea beraren arauera, Lilienstern bankariak urtarrila hasieran aurkeztu zion bitartekari hau. Lilienstern-en agintepean omen zegoen eta honek zituen betebehar ugarien ondorioz, belgiar txanponetxearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko harremanen bitartekaritza jaso omen zuen.

Urtarrilak 7an bertan, bai Picavea bai Mayer-ek baieztatuaren arabera, elkarrekin idatzi zuten Paris-ko ordezkaritzari zuzendu zitzaion proposamen orokorra. Proposamena, bere horretan izan zen onartua eta geroago gertatutako diren gertakarien ardatza denez, segidan aurkeztuko da:

M.F Mayer jaunak Pariseko ordezkaritzari bidalitako proposamenaren 1. orrialdea – Urtarrilak 7 1937

Proposamenaren lehen orrialdeak, Bruselako txanponetxeak aurkeztutako aurrekontuari egiten dio aipamen. Era berean, Armand Bonnetain grabatzaile belgiarra lanketa artistikoaren eta matritze eta trokel lanketaren arduradun bezala izendatzen du. Gaur egunean ikustatu ditzazkegun txanponen ezaugarri orokorrak deskribatzen ditu eta azkenik entrega epeari buruzko xehetasunetan sartzen da.

M.F Mayer jaunak Pariseko ordezkaritzari bidalitako proposamenaren 2. orrialdea – Urtarrilak 7 1937

Txanponen lanketarako beharrezko ziren matritze, trokel eta osagarri guztiak, eskaria bermatu eta zortzi egunetako epean entregatu behar zituen Bonnetain jaunak. Eskaria eta beharrezko matrize eta trokelak jaso eta hiru asteetara hasiko zen txanponak entregatzen Belgikako txanponetxea, egunero miloi erdi ale segidan.

Aurreko gutunean aipatu bezala, lanketaren prezioa 2.125.000 belgiar franko, hau da 1.490.000 frantziar frankotakoa zen. Erdia, hau da 1.062.500 belgiar franko, 745.000 frantziar franko, eskeriaren bidalketarekin batera ordaindu beharrekoa zen eta beste erdia txanpon aleak jaso ahala. Garraio, aseguru eta paketatze kostuak Eusko Jaurlaritzaren kontura lirateke.

Azkenengo puntua, grabatzaileak bere lan artisitko eta teknikoaren truke jaso beharreko ordaina zen. Honako honek, buruari hazka egiteko moduko kopuru bat erakusten du, 280.000 frantziar Franko, erdia eskaria luzatu eta berehala, eta beste erdia matritze eta trokelen esku ematearen ondoren. Kopuru hau oso esanguratsua da, Pariseko txanponetxeak esandakoa baino hiru t’erdi aldiz handiagoa da, arlo honetan, Pariseko txanponetxearen aurrekontuak dagoeneko garesti xamarra dirudien arren.

Armand Bonnetain-ek landutako igeltsuzko txanpon aurrealdearen eredua, brontzez patinatua – Errepublikaren eredu emakumezkoaren azpian AB (Armand Bonnetain) inizial elkarlotuak ikus daitezke – Didier Vanoverbeek, Luc Vandamme

2 Pezetatako txanponen langintzan erabilitako trokelak sortu zituen aurrealdeko matritzea – Didier Vanoverbeek, Luc Vandamme

2 Pezetatako txanponen langintzan erabilitako trokelak sortu zituen atzealdeko matritzea – Didier Vanoverbeek, Luc Vandamme

Eusko Jaurlaritzaren artxibategian aurki daitezkeen paperen artean honako kostu konparaketa hau aurki daiteke. Ez du datarik, ezta egilearen izenik ere.

Pariseko eta Bruselako txanponetxeen eskeintzen arteko analisia – Datarik eta autorerik gabea

Konparaketa honetan, Pariseko txanponetxearen kasuan, ez zegoen azpi sail kostu desberdinen deskribapenik, 1.820.000 frankoen gainean lan artistiko eta teknikoen 80.000 frankoak eta ziur aski paketatze kostuak gehitu ziren. Bruselako txanponetxearen kasuan, azpi sail kostuak deskribatzen ziren baina ez paketatze kostuak. Analisiak argi uzten zuen Bruselako txanponetxearen eskeintza 145.000 frantziar franko merkeagoa zela. Hala ere, eskaintza hau oraindik ere are merkeagoa izango litzateke puztutako trokel, matritze eta lan artistikoaren kostuak kopuru zentzuzkoen barnean gelditu izan balira. Entrega epearen kasuan, Bruselaren kasu optimoaren aurka Parisen kasu kontserbadorea alderatzen zen.

Analisia frantsesez idatzia dagoenez, Mayer edo Lilienstern-en lana dela suposa dezakegu.

Bitxikeria bezala honako datu hau. Garraio eta aseguru kostuak barne hartuta, Eusko Jaurlaritzak txanpon lanketa honetan izan zuen kostua 2.000.000 frantziar franko inguruan kalkula dezakegu. 100 frantziar frankok 48 pezeta inguruko truke balioa zuten 1936. urtean zehar. Gerrak eztanda egin ondoren truke balioa seguraski frankoaren alde lerratuko zen, baina hala ere 10.000.000 pezeta lantzearen kostua, milio edo asko jota miloi t’erdi pezetaren inguruan izan zela esan dezakegu.

Urtarrilaren 9.an Justo Zubizarreta, Pariseko bulegoko merkataritza ordezkariak, 1.062.500 belgiar franko ordaindu zizkion Monnaie Royale de Belgique erakundeari (aurrekontuaren 50%). Egun berean, 140.000 frantziar franko ordaindu zizkion Mayer jaunari, lan artistiko eta teknikoen 50%-ren ordainketa.

Urtarrilaren 12.an, Bruselako txanpontxeak Armand Bonnetain-en lan tresnak jaso zituela baieztatu zion Pariseko Euskal gobernuaren ordezkaritzari. Egun horretatik aurrera hasi zen kontatzen entrega epea. Otsailak 5 eta 10.aren artean, lehen 500.000 txanponetako sorta entregatzeko asmoa zuen Belgiar txanponetxeak eta otsailak 23.an lanketa osoak prest egon beharko zuen. Horrenbestez, urtarrila erdialdean Bruselako txanponetxea jadanik prest zegoen txanponen lanketa hasteko, otsailaren 5.erako iritsi ziren txanponbudinen itxaroan. Otsailak 5.ean bertan, 562.500 belgiar frankotako bigarren ordaina bidali zion Eusko Jaurlaritzak Belgikako txanponetxeari, igortzear zen lehen txanponen bidalpenaren truke. Azken 500.000 belgiar frankotako ordaina, martsoak 13.ko azken bidalketaren bezperan egin zen.

Txanponbudin edo kospelak „S.A. des Usines à Cuivre et à Zinc de Liège“ Liejako enpresak sortu eta txanponetxeari banatu zizkion. Domitilo Tristan-en lanak agertzen duenez, txanponbudinak „Societé Générale des Minerais SA“ Liejako enpresak landutako nikelezko (99/99,5% Ni + Co) zilindroen mozketari esker sortu ziren.

Armand Bonnetain-ek beharrezko matritze eta trokelak dagoeneko Bruselako txanponetxeari entregatuak zizkionez, urtarrilaren 15.an 140.000 frantziar frankotako bigarren ordaina jaso zuen Mayer jaunak.

Didier Vanoverbeek, Bruselako Txanponetxeko langile ohiaren lan desberdinek agertzen dutenez, matrize eta trokel hauek Alexandre Evaraerts, grabaketa zerbitzu buruzagiaren tailerretan landu ziren. Lanketa hauetarako, txanponetxearen hiru langileren laguntza izan zuen eta lan egindako aparteko orduen ordainetan 447,50 frankoren soldata jaso zuten. Eusko Jaurlaritzaren artxibategiko paperetan agertzen diren informazio sorrera gehienek, Armand Bonnetain-ek jasotako soldata 25.000 eta 35.000 frankoren artean izan zela diote.

Landutako txanponak, burdinez errefortzatutako kaixetan entregatu ziren. Kaixa hauen neurriak 32 x 32 x 55 cm-takoak ziren eta kaixa bakoitzaren barnean bost txanpon zaku zihoazten. Txanpon zaku bakoitzak bi pezetatako 2500 ale zituen, edo pezeta bateko aleen kasuan 5000 ale. Ondorioz, zaku orok 20kgr-tako pisua eta kaixa orok 100 kgr-tako txanpon pisua zeraman. Kaixa bakoitzak hutsik, 10 kgr-tako pisua zuen, eta ondorioz, txanponez betetako kaixa bakoitzak 110kgr-tako pisua zuen.

2 pezetatako zaku bakoitzak urdin kolorez egindako „GOBIERNO DE EUZKADI“ marka zeraman; pezeta bateko zakuen kasuan kolore gorriz ageri zen marka berbera. Kaixei zegokienez, „M.R.B Monnaie Royale de Belgique“ agertzen zuten marka bezala, eta iruditextuaren kolorea gorria edo urdina zen, pezeta bateko edo bi pezetatako zaku edukia izatearen arabera.

Bi pezetatako kaixen kopurua 160-takoa eta pezeta batekoena 240-takoa zen eta kaixa bakoitzak bere zenbakia zeraman. Diru poltsa bakoitzak bere zenbakia zuen baita ere: 1.tik 800.era 2 pezetatakoen kasuan eta 1.tik 1200.era pezeta batekoenean. Guztira, 16 tona 2-pezeta txanpon eta 24 tona pezeta bat txanpon ziren, 40 tona orohar edo 44 tona hobe esanda, txanponak zeramatzaten kaixa eta zakuen pisua kontutan hartu ezkero.

Bruselako txanponetxeak sortutako txanpon igorketaren kaixa/zakuen zerrenda, zaku bakoitzaren pisuarekin batera – Pezeta batetako kaixak agertzen dira, zenbakiz 221.etik 240.era

Didier Vanoverbeek, Bruselako Txanponetxeko langile ohiaren arabera, 24.074 kgr pezeta bateko txanpon eta 16.047 kgr 2 pezetatako txanpon landu ziren. Artxibategiko zerrenden arabera, guztira 6.000.1000 pezeta bateko txanpon eta 2.000.1000 bi pezetatako txanpon ale landu zirela dirudi. Bi mila ale gehigarri hauek 240. kaixan, hau da entregatutako azken kaixan sartu ziren.

Txanponen garraioari buruz, nahasketa eta errakuntza ugari ikusi ditut irakurri ditudan artikuluetan. Gehienek, bi txanpon bidalketa egin zirela esaten dute, lehenengoa trenez, 10 tonatakoa Toulousera bidean eta bigarrena barkuz Amberes-etik Bilbora, gelditzen ziren txanpon gainerakoekin. Egia da paperetan, Toulousera 10 tona bidaltzeko prestaketak ageri direla, baina azkenean egitasmo hau ez zen gauzatu.

Txanponek bi bide desberdin izan zituzten. Batetik, Bordel edo Baionara trenez garraiatzen ziren eta handik itsasontziz Bizkai kostaldeko porturen batera bidaltzen ziren. Bestetik, Amberesko portutik itsasontziz, Bilboko portura garraiatzen ziren.

Guztira sei bidalketa egin ziren eta garraiolariak luzatutako fakturak artxibategian gordetzen direnez, honako laburketa hau egin daiteke:

  • Otsailak 13an: 2 Pezetatako 60 kaixa (1/60) bidali ziren trenez Baionara. 6 tona txanpon, 6,6 tona pisu orohar.
  • Otsailak 20an: 2 Pezetatako 100 kaixa (61/160) eta pezeta batetako 20 kaixa (1/20) itsasontziz Amberes-etik Bilbora. 12 tona txanpon, 13,2 tona pisu orohar.
  • Otsailak 26an: Pezeta batetako 30 kaixa (21/50) trenez Baionara. 3 tona txanpon, 3,3 tona pisu orohar.
  • Otsailak 26an: Pezeta batetako 30 kaixa (51/80) trenez Bordelera. 3 tona txanpon, 3,3 tona pisu orohar.
  • Martsoak 4an: Pezeta batetako 30 kaixa (81/110) trenez Bordelera. 3 tona txanpon, 3,3 tona pisu orohar.
  • Martsoak 13an: Pezeta batetako 130 kaixa (110/240) itsasontziz Amberes-etik Bilbora. 13 Tona txanpon, 14,3 tona pisu orohar.

Garraiolan eta medioen bitartekaritza lanetan M.F. Mayer bera ibili zen. Louis Bielmair jaunaren garraio agentzia erabili zuen garraiolan guztietarako, Amberes-etik irtendako itsasontzien salbuezpenez. Itsasontzien kasuan, Eusko Jaurlaritza bera izan zen arduradun.

Bigarren bidalketaren data okerra bada ere, artxibategian gordetako ondorengo paperak laburpen ederra aurkezten du, garraio bakoitzak kostatako diru kopuruekin batera.

Txanpon bidalketen laburpena azaltzen duen eskuizkribua – Koloreek, txanpon mota adierazten dute, „Bleu“ Bi Pezeta, „Rojo“ Pezeta bat – Galdames baporearen izena ageri da, otsailak 26.an Baionara egindako bildalketaren ondoan – Eusko Jaurlaritzaren artxibategia

Otsailaren 13.an trenez Baionara bidalitako 2 pezetatako 60 kaixak, “Mar Caspio” baporean iritsi ziren Baionatik Bilbora otsailaren 20an.

  Mar Caspio itsasontziaren argazkia. Euzkadiko Gudontziaren bapore hanek hondoa jo zuen Atturri ibaiaren bokalean 1937. urteko martxoaren 29.an – buques.org webgunearen lana

Otsailaren 20.an Amberes-go portutik irten ziren 2 pezetatako 100 kaixa eta pezeta batetako 20 kaixa. 13,2 tona hauek “Sendeja” baporean irten ziren Bilborantz eta erabateko ziurtasunik ez dudan arren, Bilbora iritsi zirenaren ustea dut.

Sendeja baporearen argazkia – buques.org webgunearen lana

Otsailak 26.an Baionara bidalidako 3 tona txanponek euskal fronteko itsas guda ezagun batean parte hartu zuten. Martxoak 4.aren gauean, Galdames baporea Baionako portutik irten zen Bilborantz. Bere baitan, pasaiari, posta eta merkantzia ugariren artean, pezeta batetako 30 kaixa zeramatzan (zenbakiz 21.etik 50.era), 750.000 txanpon ale. Euskal itsas gudarosteko itsasontziek lagunduta Martxoaren 5.ean Bilboko portuaren sarrerarantz zihoanean, Canarias gerraontzi frankistak geldiarazi zuen. Canarias-ek, euskal gudarosteko Bizkaya, Gipuzkoa, Donostia eta Nabarra bou artilatuen ahalaginei aurka eginez, Galdames-a Pasaiako portura atxiloturik eraman zuen. Aldi berean, Canarias-ek azken momenturarte Galdames-a libratzeko ahaleginetan ibili zen Nabarra bou untzia hondoratu zuen. Galdames-aren tripulazio eta pasaiariak preso eraman zituzten eta kasu batzuetan afusilatu ere bai. Kasu ezagunena, Manuel Carrasco Catalunyako Generalitatearen ordezkaria izan zen. Txanpon hauek, jakina da, ez ziren inoiz Bilbora iritsi.

Nabarra Bou itsasontziaren azken leia Canarias gerraontziaren aurka, Matxitxakoko itsas guda – David Cobb-en margolana

Galdames baporea – Pasaiako portura atxiloturik eraman zutena – buques.org webgunearen lana

Sei garraio hauetatik Bilbora zenbat iritsi ziren esatea ez da erraza, nik behintzat ez dut informazio egokirik aurkitu (gerrateko adituren batek badaki, eskertzekoa litzateke jakinaraztea). Martxoaren erdialdean idatzitako eskuizkribuak argi uzten du Galdemes-eko hiru tonak galduak direla, Bordelen oraindik ere sei tona direla eta hamahiru tona Amberes-etik irtengo direla Martxo erdialdean. Gainontzekoak (18 tona), dagoeneko Bilbon direla adierazten du, horrenbestez lehen eta bigarren bidalketak Bilbora iritsi zirela dirudi. Aipamen batzuen arabera, Frankoren gudaontziek beste 130 kaixa txanpon atzeman omen zituzten. Horrela izan ezkero, ziur aski hauek Amberes-etik martxo erdialdean irtendakoak izango lirateke.

Izan ere, Amberes-etik irtendanko azken igorpenak 130 kaixa zituen bere baitan eta hauek, Axpe-Mendi eta Anboto-Mendi baporeek jaso zituzten, 65 kaixa bapore bakoitzak.

Axpe-Mendi baporea – Monte Alberdi bezala birrizendatua 1939. urtean – buques.org webgunearen lana

Anboto-Mendi baporea – Monte Amboto bezala birrizendatua 1939. urtean – buques.org webguneraren lana

Azken kaixa hauek Bilbora iritsi zirenaren arrastorik ez dut. Axpe-Mendik Bordeleko portuan enbargatutako 65 kaixa omen zituen; Uztaila bukaeran, McGregor bapore ingelesak 65 kaixa atera omen zituen Santandergo portutik errefuxiatu askorekin batera; kaixa hauek Anboto-Mendirenak izan zitezkeen agian.

Eliodoro de la Torre “Urtantea” ogasun sailburuak, beste 8 milioi aletako komanda egiteko eskaintza eskatzeko asmoa zuen. Hala agertzen da urtarrilak 12.an bidali zuen telegramak.

„Urtantea“Eliodoro de la Torre ogasun sailburuak Parisko ordezkaritzari urtarrilak 12.an bidalitako telegrama – Eusko Jaurlariztaren artxibategia

Gehigarrizko zortzi milioi txanpon hauez gain, Belgikako txanponetxeak 5 pezetatako txanpon berria lantzeko eskaintza eskaria ere jaso zuen. Horrenbestez, honako eskaintza berria helduarazi zion Eusko Jaurlaritzaren bitartekari zebilen M. F. Mayer jaunari:

Hector Verhaeghe, Belgikako txanponetxearen buruak Mayer jaunaren bitartez Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzari urtarrilak 27an bildalitako bigarren eskaintza – Eusko Jaurlaritzaren artxibategia

Eskaintza honetan, 2.125.000 belgiar frankotako prezioa mantentzen zen pezeta bateko eta bi pezetetako zortzi milioi aleren lanketaren truke. Hamabi Nikel gramotako bi milioi bost pezeta aleen lanketaren truke, 1.104.000 belgiar frankotako eskaintza egin zuen M.R.B.ek. Ikusten denez, askoz ere merkeagoa zen hamar milioi pezeta bost pezetatako aleetan lantzea, bat eta bi pezetatako aleetan baino (erdi prezioa gutxi gorabehera).

Belgikako Txanponetxearen eskaintzan aipatzen den Belgiar 5 Frankotako txanpona – Nikel 31mm 12gr – Entsegu alea

AURREALDEA: 1936 LEOPOLD III

ATZEALDEA: BELGIQUE 5 FR

Mayer tunanteak Eusko Jaurlaritzari pasa zion eskaintzak, beste 280.000 frantziar frankotako gehiagarria barneratzen zuen 5 pezetatako ereduaren lan artistiko eta teknikoen ordainez. Pezeta bateko eta bi pezetatako lanketaren kasuan, gehigarria 20.000 frantziar frankotakoa zen soilik, nahiko handia dagoeneko baina txikia aurrekoarekin gonbaratu ezkero (kasu honetan, lan artistiko eta teknikoak prest bait ziren dagoeneko).

Baina oraingo honetan, Armand Bonnetain beraren gutuna dugu, aski interesgarria, otsailak 13.an Mayer jaunari igorria. Gutun honetan, dagoeneko bost pezeta txanponen igeltsuzko ereduetan lanean zebilela azaltzen zuen Bonnetain grabatzaileak; igeltsuzko ereduak, Eusko Jaurlaritzak igorri zizkion aurrealdeko bi marrazki desberdinen arabera egiten ari zen. Aurrerago, bi ereduetako bat hautatua zenean, beharrezko matritze eta trokelen lanketa zuzenduko luke Bonnetain-ek, aurreko eskarian gertatu zen bezala. Bost pezeta ereduaren inguruko lan guzti hauentzat, 15.000 frankotako prezioa jarri zuen.

Armand Bonnetain-ek otsailaren 13.an 5 pezetatako txanponen ereduen lanketari buruz Mayer jaunari bidalitako gutuna – Eusko Jaurlaritzaren artxibategia

Mayer berriro ere iruzurkerian zebilen. Diru kopuru hauen neurria ulertu ahal izateko, oso baliagarriak dira Mayer berberak dieta bezala Eusko Jaurlaritzari pasatako hotel fakturak. Bruselako Palace luxozko hotelean gau bat iragateak 60 belgiar frankotako prezioa zuen 1937.an; gosariak hotel berberean 10 belgiar franko balio zituen.

Mayer jaunak Eusko Jaurlaritzari igorritako hotel faktura – Palace Hotel, Brusela, otsailak 16 eta 20.aren arteko egonaldia – Eusko Jaurlaritzaren artxibategia

Otsaileko hilabetean zehar, Mayer sahiatu zen beste bi proiektu berri Eusko Jaurlaritzari saltzen. Lehenengoa posta zigiluen sorreraren ingurukoa zen eta bigarrena diru paperen sorreraren ingurukoa. Bi eskaintza hauek, nik dakidanez behintzat ez zuten erantzunik izan.

Azkenik, ez zen bigarren txanpon lanketarik ere egin, ez bat, bi edo bost pezetatako txanpon lanketa berririk. Bost pezeta txanponen ereduen berririk ez dut, nik behintzat ez dut Armand Bonnetain-ek prestatutako ereduen edo Euskaditik bildalitako marrazkien trazarik aurkitu.

Agirre lehendakariak eta De la Torre sailburuak otsailaren 23an zinatutako eta martsoaren 17.an Euskadiko egunerokoan agertutako aginduaren arabera, pezeta bateko eta bi pezetatako (dirudienez Bizkaian laurleku deituak) txanponak kaleratu ziren.

1937. urtearen otsailaren 23.an Agirre lehendakariak eta De la Torre ogasun sailburuak zinatutako txanpon kaleratze agindua

Agindu honen bitartez, gaurko egunetaraino Euzkadi-ren izenpean landutako txanpon ofizial bakarrak kaleratu ziren. Gudaroste nazionala ekainaren 19.an Bilbon sartu zela kontutan hartzen badugu, txanpon hauek lau bat hilabetetan zehar zabaldu ziren Eusko Jaurlaritzak kontrolpean zituen lurraldeetan. Txanpon aleak Santander eta Asturias-eko kontseilu lurraldeetan onartuak izan zirela onartzen badugu, epe hau beste lau hilabetetan luzatu daiteke beharbada.

Ikus daitekeenez, oraingoan ere, euskerak ez zuen bere lekua aurkitzeko aukerarik izan; ezta Eusko Jaurlaritza berak landutako ale hauetan.

Berrikusi ditzagun berriro ere txanpon hauen ezaugarriak:

Aureo & Calico enkantetxeak 2015. urteko Fermin Deunaren egunean saldutako euskal pezeta sorta – Goikaldean nikelezko pezeta bat eta bi pezeta – Behekaldean kobrezko aleazioz egindako proba urriak – Errematea 2.200 Euro

Garaialdia:                             Gerrate zibila, Euzko Jaurlaritzaren agintealdia

Mota:                                     Pezeta bat, bi pezeta

Urtea:                                     1937

Txanpon-etxea:                     Monnaie Royale de Belgique (M.R.B), Bruselako txanponetxea

Ertza:                                      Ildaskatua

Ertzaren Grabatua:               ————–

Metala:                                   Nikela (99/99,5% Ni + Co)

Diametroa:                             22 mm (1 Pezeta), 26 mm (2 Pezeta)

Pisua:                                      4 gr (1 Pezeta), 8 gr (2 Pezeta)

Kopurua:                                6.000.1000 (1 Pezeta), 2.000.1000 (2 Pezeta)

Txanpongintza:                     Txanpongintza makina modernoen bidez

Txanponetxeburua:              Hector Verhaeghe

Grabatzailea:                         Armand Bonnetain (AB izki elkarlotuak)

Aurrealdea:

Aurrealdeko Hitzak: GOBIERNO DE EUZKADI AB

Aurrealdeko Deskribapena: Perlez osatutako ertz baten inguruan, eskuin aldera begiratzen duen eta frigiar burukoa duen emakume baten irudia. Irudi hau askatasunaren eta errepublikaren alegoria da aldi berean. Frigiar burukoa, askatutako esklabuek eraman ohi zuten erromatar inperioan eta Frantziar iraultzaren garaian jakobinoek berehartu zuten. Gaur egun ere, frantziar errepublikaren Marianne sinbolo emakumezkoak frigiar burukoa darama. Txanponaren behealdean AB izki elkartuak, Armand Bonnetain-en grabatzailearen ezaugarria

Atzealdea:

Atzealdeko Hitzak: 1 PESETA 1937, 2 PESETAS 1937

Atzealdeko Deskribapena: Perlez osatutako ertz baten inguruan, eta erramu koroa batez inguratuta txanponen balioa eta lanketa urtea adierazten duten textuak.

Aurreko irudian ikusi dugunez eta Domitilo Tristan berak bere lanean aurkeztu bezala, Nikelaren ordez, beste aleazioez egindako bi txanpon sorta ezagutzen dira gutxienez. Sorta hauek prezio altuak jaso ohi dituzte enkanteetan (Nikelezko txanponak bestalde oso eskuragarriak dira gaur egunean eta euro gutxi batzuen truke erosi daitezke). Kobrezko aleazioz egindako txanpon hauen zergatiari buruz aipamen bakar bat aurkitu dut artxibategian.

Eusko Jaurlaritzaren Arzadun delegatuak, Hector Verhaeghe txanponetxeburuarekin martxoaren 26.an izandako ikustaldian zehar, honek aleazio desberdinetako hiru txanpon sorta eman omen zizkion Arzadun jaunari, Eusko Jaurlaritzak ondorengo txanponketetan aukera gehiagoren artean erabaki zezan.

Andres de Arzadun jaunak martxoak 26-an Hector Verhaeghe-rekin izandako ikustaldiaren ondoren landutako txostenak agertzen duen azken puntua – Eusko Jaurlaritzaren artxibategia

Baina txanpon hauen inguruko komeriak ez ziren hemen bukatu. Hain zuzen ere, zergatik elkarrizketatu zen Arzadun jauna Hector Verhaeghe txanponetxeburuarekin martxoaren 26.an?

Sarrera honetan erakutsi ditugun dokumentu eta idazkietan, dagoeneko edonorrek sumatuko zuen puztutako aurrekontu, gastuen egiaztapen eskas eta bestelako praktika txarren erabilera. Hauek, bere horretan gelditu ahal zitezkeen, baina martxoak 6.an, Pariseko ordezkaritzak Mayer jaunari bigarren txanpontze lanik ez zela emango jakinerazi zionean, ekaitza piztutzear zegoen.

Mayer bitartekaritza lanetan ibili zen txanponen garraio lanen inguruan, eta Lilienstern jaunaren laguntzaile moduan elkartu zen tratu guzti hauetara. Hala ere, irabaziak ez zitzaizkion nahikoak iruditu edo dirudienez, haundiagoak espero zituen, batez ere eman beharrekoa zen bigarren txanpongintzaren usainean. Itsaropenak zapuztu zitzaizkionean, martxoak 13.an, honako gutun hau bidali zion Eusko Jaurlaritzari:

Martxoaren 13.an M. F. Mayer jaunak Eusko Jaurlaritzari bidalitako gutunaren itzulpena – Eusko Jaurlaritzaren artxibategia

Gutun honetan, adierazpen mardulak egiten zituen bai Rafael Picavea, bai Leon Lilienstern eta bai txanponketa lanen prezioaren eta ordainketaren inguruan. Gainbegiratu ditzagun garatutako ideiak:

  1. Ez du bere burua Lilienstern jaunaren langile bezala aurkezten, bitartekari aske bezala baizik.
  2. Leon Lilienstern jaunak Rafael Picavea aurkeztu ondoren, honek Eusko Jaurlaritzari aurkeztu beharreko eskaintza idatzi eta Mayerri eman ziola azaltzen du. Hori horrela izan zela bermatu daiteke, artxibategian aurkitu daitezkeen hainbat aipamen aztertuz. Gogoratu beharrekoa da, eskaintza horretan 280.000 frantziar frankotako ordain artistiko eta teknikoa barneratu zuela, erabat garesti eta puztua.
  3. Picavea jaunak, Pariseko ordezkaritzaren merkataritza kontseilarien aurrean Mayer jauna aurkeztu zuela bermatzen du.
  4. Bruselako txanponetxeak eskeinitako prezioan, 200.000 belgiar frankotako komisioa barne zela salatzen du eta komisio hau Lilienstern jaunak kobratu zuela, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren baimen zinatu baten laguntzaz.

Guzti hauen ondorioz, eta txantaia kutsua zuen mintzaera batez, 100.000 belgiar frankotako ordaina eskatu zion Pariseko ordezkaritzari.

Adierazpen mardulak edonola ere, eta are mardulagoak Lilienstern jaunak jasotako 200.000 frankotako komisiotik, 900 ingeles libera Picavea berari eman zizkionaren zurrumurruak zabaltzen ibili zela kontutan hartzen badugu.

Guzti hauen ezagutza izan ondoren, ordezkaritzen inspektore arduraduna zen Francisco Basterrechearen (Nestor Basterretxea eskultorearen aita) bitartez ikerketa bat agindu zuen Eusko Jaurlaritzak. Ikerketa txostenaren egilea Andres de Arzadun, Pariseko ordezkaritzaren merkataritza kontseilarietako bat izan zen.

Arzadun, Bruselako txanponetxearen kontrolatzaile zen Dehez jaunarekin elkartu zen martxo erdialdean eta Hector Verhaeghe txanponetxeburuarekin martxoak 26an. Martxoak 27.an lehen txostena aurkeztu zuen Justo Zubizarreta lankide eta Basterrechea inspektoreari. Artxibategian, uztailak 9.an idatzitako bigarren txosten bat ageri da, non zenbait xehetasunen inguruan argibide osagarriak aurkezten zituen.

Txostenean argi gelditzen zen Bruselako txanponetxeak Lilienstern jaunari 200.000 belgiar frankotako komisioa ordaindu ziola. Txanponetxeburuaren arabera, komisio honek ez zuen Eusko Jaurlaritzaren eskariarekin loturatik, Lilienstern jaunak ekarri beharreko bigarren eskariaren (edo eta beste Europako gobernuen eskarien) ordainean omen zen, baina hau ez da sinisten erraza. Inolako aurredirurik edo segurtasunik jaso aurretik txanponetxeak 200.000 frankotako kopuruaren ordainketa egitea sinistezina da.

Argi da beraz, txanponetxeak Lilienstern-i 200.000 belgiar frankotako komisioa ordaindu ziola eta argi da baita ere, Picaveak idatzitako aurrekontuak 280.000 frantziar frankotako atal bat zuela, 25.000 edo asko jota 35.000 franko kostatu ziren lan artistiko eta teknikoengatik. Guzti hauek Lilienstern jaunaren sakelean bukatu zuten eta Mayer jaunak bazuen hauen guztien berri (eta ziur aski partea ere bai).

Dirudienez, Mayer ez zen gustora Lilienstern-ek egokitu zion komisio diru zatiarekin eta gehiagoren bila jiratu zen Eusko Jaurlaritzaren aurka. Gobernu beraren praktika txarrek, egoera deserosoan jarri zuten Euskal gobernua eta Mayer jaunak auzitegietara jo ez bazuen ere, abokatuen arteko bi urte baino gehiagoko joanetorri eta elkarrizketak sorrerazi zituen.

Azkenean, Eusko gobernuak ez zion inolako dirurik edo konpentsaziorik eskeini Mayer jaunari. Era berean, ez zuen Picavea jaunaren aurkako inolako neurririk hartu. Hala ere, Picavearen agerraldi eta jarduera publikoak dexente murriztu ziren, 1937. urtearen uda eta batez ere 1938. urtearen hasieratik.

Dena dela ere, aipatutako bi urte luzetako abokatuen negoziazio eta joan etorrien ondoren, honako hau proposatu zitzaion Mayer-en abokatuari:

Bordeleko epaitegian (fisikoki Arroxelako gordailu batean baziren ere) ba ziren 65 kaixa nikelezko txanpon (6,5 tona txanpon). Kaixa hauek, hiriaren erorketaren aurretik, Santanderretik irailaren 9.an bideratutako Mac Gregor baporearen zama enbargatua ziren. Banco de Bilbao, Banco de Vizcaya eta beste banku batzuen epaitegi eskaeraren ondorioz bahitu ziren 1937.-ko iraileko egun horretan. Eusko Jaurlaritzak, kaixa hauen jabetza ustezko zorraren truketan epaitegiaren aurrean eskatzeko ideia aurkeztu zion Mayer jaunaren abokatuari. Bankuei eta nazionalei eman baino, nahiago zuten txanponak Mayer beraren eskutan erortzea. Baina ez dut uste, Mayer-ek inolako txanponik jaso zuenik…bankak beti irabazten bait du, batez ere politika erdian korapilatzen denean.

1940. urteko apirilak 4.an Mayer jaunaren Dubus abokatuarekin izandako elkarrizketaren laburpena – Eusko Jaurlaritzaren artxibategia

Amaitu aurretik, Picavea jaunaren ibilkerari buruz hitz pare bat bota nahiko nituzke. Gerrate baten erdian, etxetik erbesteraturik eta baliabide gutxiz, dena zuzentzear, ez da erraza gobernu baten ordezkaritza egituratzea eta aldi berean, txanponen, armen eta elikagaien horniduran lan egitea.

Ordezkaritza buru bezala Picavea jaunak, eta ordezkaritzako merkataritza ordezkariek neurri batean ere bai, akats ugari izan zituzten diru eta aurrekontuen kontrol lanetan. Presak ez dira bidai lagun onak inondik inora, batez ere horren gaztea zen gobernu egitura batean.

Hala ere, Picaveak jakin, jakin behar zuen 280.000 frantziar frankotako lan artistiko eta teknikoen atala erabat gehiegizkoa zela, eta ondorioz dirua oparitzen ari zitzaiola Lilienstern-i. Pentsatu nahi dut, egindako eta egin beharreko bitartekaritza zerbitzuengatik ordaindu beharreko isilpeko diru atal bezala bururatu zuela… eta berak ez zuela guzti hauetatik inongo diru sarrerarik izan.

Beste horrenbeste pentsatu nahi dut, Lilienstern jaunak Bruselako txanponetxetik jasotako 200.000 belgiar frankoei buruz. Kasu honetan, eta barne ikerketa eman zen arte, Picavea jaunak ez zuela inolako ezagutzarik hauei buruz pentsatu nahi dut…eta berak ez zuela guzti hauetatik inongo diru sarrerarik izan.


Esker bereziak Didier Vanoverbeek jaunari, argazki eta informazioa erabiltzeko baimena emateagatik.

Bibliografia:

PESETA VASCA – Wikipedia – link

1937-2002: PRINCIPIO Y FINAL DE LA PESETA FIDUCIARIA – Dr. D. Rafael Feria – link

Documentación tramitada por la Secretaría General de Hacienda sobre la problemática de la escased de moneda fraccionaria y sobre emisión de moneda fraccionaria. – link

Documentación, fechada entre el 16 de diciembre de 1936 y el 30 de julio de 1937, tramitada por la Delegación de París sobre la fabricación por parte de la casa de la moneda belga de piezas de 1 y 2 pesetas para el Gobierno de Euzkadi. También, sobre la solicitud presentada por M. F. Meyer, intermediario puesto por el Gobierno para la realización del citado trabajo, de una comisión por los servicios realizados. – link

Documentación tramitada por Ángel Pérez de Anuzita sobre la demanda presentada ante los tribunales franceses contra el Gobierno de Euzkadi por un tal Meyer reclamando una comisión por los trabajos realizados para la confección de moneda fraccionaria para el Gobierno Vasco en Bélgica. Debido a la demanda las cantidades de monedas de niquel evacuadas por el Gobierno de Euzkadi a bordo del vapor “Mac Gregor” fueron embargadas. – link

RAFAEL PIKABEA – Wikipedia – linklink

RAFAEL PICAVEA LEGUIA – GUERRA CIVIL Y EXILIO DE UN INDUSTRIAL Y POLITICO VASCO (1936-1946) – Ander Delgado – 2010 – link

FRANCISCO BASTERRECHEA – Wikipedia – link

NUEVOS DATOS SOBRE LA EVOLUCION DE LA PESETA ENTRE 1900 Y 1936 INFORMACION COMPLEMENTARIA – Espainiako Bankua – P. Martinez Mendez 1990, – link

DE MUNTEN VAN DE HAND VAN ARMAND BONNETAIN – Didier Vanoverbeek, Luc Vandamme – KMB link

VAN ARENBERG TOT ZANZIBAR BUITENLANDSE MUNTSLAG IN BRUSSEL (1785–2013) – Didier Vanoverbeek -2013 – link

De munten van Euzkadi (Spaans Baskenland) uit 1937 – Domitilo Tristan Jover – DE MUNTKLAPPER – 2021 – link

FOROS DE IMPERIO NUMISMATICA – Autore eta sarrera ugari, Domitilo Tristan Jover sortrailea – link

Las Monedas de Euzkadi de 1937 – Adolfo Ruiz Calleja – Blog Numismático – link

MATXITXAKO LURMUTURREKO BORROKA – Euskadiko Gudontzidia – link

Producción de Moneda del Gobierno de Euzkadi, emitida durante la Guerra Civil Española (1936 – 1939) – Domitilo Tristán Jover – 2022 – NVMISMA 263

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

3 thoughts on “Eusko Jaurlaritzaren Pezeta Aleak – Prentsak, Baporeak eta Komisioak”

  1. Pingback: Eusko Jaurlaritzaren Pezeta Aleak - Prentsak, Baporeak eta Komisioak • ZUZEU

Utzi erantzuna Roberto(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude