Aintzinako Akitaniarren Txanpongintza

Denbora luzean izan dut gogoan Kristo aurreko txanpongintzari buruz blog sarrera pare bat idaztearen ideia, eta luzaroan atzeratu dut lanketa. Ziur aski, euskal txanpongintzari buruz idatzi daitekeen gairik konplexu eta zailenaren aurrean gaude. Gai honi buruz, eta txanpon hauek landu zituzten lurraldetako etniei eta biztanleei buruz, zalantzak gehiago dira ziurtasunak baino. Eta euskararen jatorri eta lehen isladak mintzagai honi gehitu ezkero, emaitzek konplexutasun handiko analisien beharrean murgiltzen gaituzte.

Analisien garapenerako adituen beharra dugu, arlo desberdinetan jarduten diren adituak, numismatikari, arkeologo, hizkuntzalari eta historialariak. Ni neu ez naiz aditua inongo hauetako arlotan, ni ingeniaria naiz eta ondorioz edo deformazioz, nahiko gerturaketa “akademizista” izan ohi dut gustoko… gai hauetan urte ugaritan lanean ibili direnena.

Hala ere, nahiko litekeena da sarrera honek edo eta denboragune berdineko ondorengoek, hanka sartzeren bat izatea edo etorkizunean hobekuntza beharrean izatea; badakizue, blog honen leloak dihoen bezala “ondo esanak gogoan hartu eta gaizki esanak barkatu”.

Garona ibaiaren hegoaldean aurkitzen diren Akitaniako lurraldeek eta Ebro ibaiaren erdialdearen iparraldean eta inguru urbilean aurkitzen diren lurraldeek berezitasun komun ugari aurkezten dituzte erromaterren iritsieraren aurreko eta ondorengo mendeetan. Berezitasun komun hauen artean euskararen aintzindarien lehen aztarnen erakusleku izatearana partekatzen dute.

Joakin Gorrotxategik bildutako euskara aintzindarizko antroponimoen agerraldiak erromatar garaiko inskripzioetan (errepublikar eta inperio garaian) – Urdinez akitanieraz, gorriz baskonieraz

Euskararen lehen aztarna epigrafiko posible hauen artean Ebro eta Pirineo mendilerroaren artean landutako txanpon paleohispanoak aipa ditzazkegu. Baina txanpon hauen lanketaren aurretik, k.a. III mendeaurrena abiapuntuz harturik, ba zen dagoeneko txanpon lanketa Garona hegoaldeko Akitaniako lurraldeetan. Eta txanpon hauei egingo diegu gaur so, hurrengo batean hegoaldekoei begiratu aurretik.

Historikoki, Espainiar estatuko ikerlariek ez zioten begirada haundirik botatzen Pirineo iparraldeko txanpongintza lanei. Frantziar estatukoentzat berriz, hegoaldekoek ez zuten lehentasun handirik eta Akitaniako txanpongintzari begiratu ezkero, honek ez zuen galiar kelten aleek zuten arreta berbera sorrerazten.

Euskaldunok, izenak esaten duen bezala, euskararen erabileraren edukiera dugunok, ez dugu mugaketa hauen beharrik; zorionez , gure hizkuntzak bai Akitaniako bai Ebro iparraldeko eremu txiki batean bizirik irautea lortu du (juxtu juxtu izan eta izango den arren) eta lasai begiratu dezakegu Pirineoen bi isurialdeetara. Era berean, azken urteetan, lehenagoko argazki hori erabat aldatzen hasi da eta Frantziako eta Espainiako adituak elkarrekin lanean ibili dira Pirineo inguruetako hartuemanen ikerketan. Akitaniako txanponen analisia Eneko Hiriart, Laurent Callegarin eta beste ikerlari eta adituen gidaripean erabat sakondu da azken hamarkadan.

mapa

Etnia akitaniar eta txanpon mota desberdinen aurkikuntzen kokapena aurkezten dituen Akitaniako mapa

Gaur eguneko Ipar Euskal-Herriko lurraldeetatik iparralderuntz hasi ezkero, Akitaniako txanpon konkordunak aurki ditzazkegu, Y grekoarean, Beyrie eta Pomarez serie desberdinekin.Txanpon hauek ez dute ez irudirik eta ez texturik. Gure txanpongintzaren historian zehar, zigilatutako marka eta deformazioak aurkezten dituzten zilar zati pisudunen lehen pausoak dira.

Ale hauen lanketa kokapena Aturri ibaiaren eta Pirineoen artean diren lurraldeetara gerturatu dezakegu. Historikoki TARUSATES etniaren txanpongintza lanak zirela esan ohi izan da, baina gaur egunean, “Akitania hego mendebaldeko” txanpongintzaren izena gailentzen ari da. Izan ere, Beyrie serieak gaur eguneko Lescar hiri biarnotarraren inguruan kokatzen dira, aintzinan Beneharnum deiturikoa, eta honek Beneharni etniaren lurraldeetan uztarrituko lituzkete. Pomarez serieen kasuan, lanketa gunea Tarusateen lurraldeen inguruan gerturatzen da (gaur egungo Akize inguruetan) baina Tarbellitarren partehartzea ere ez da baztertzen. Y grekoaren seriearen kasuan aurkikuntzak oso urriak dira baina lanketa gunea gaurko Ipar Euskalherriko lurraldeen inguruetan suposatzen da.

Laurent Callegarin ikerlariak osatutako txanpon konkordunen sailkapenaren laburpena

Y grekoaren seriearen kasuan, aurkikuntzak Iparraldeko Itsasun, Hegoaldeko Zangotza inguruan eta Huescako Fragan (21 ale) eman dira, orotara gaurko egunetaraino oso murritzak. Serie honen aleek 4,30 gramotako zilar pisu ertaina aurkezten dute (15 bat milimetrotako diametroarekin). Pisu ertaina oinarriz hartuz, k.a III. mendearen bukaeran kokatu ditzazkegu, agian bigarren gerrate punikoa (k.a 218-202) hasi baino zertxobait lehenago. Metrologia azterketaren bidez, txanpon hauek Emporioi eta Rhodes-eko drakma txanpongintza pisu estandarrarekin parekatuko lirateke.

Beyrie eta Pomarez serieen lehen aleak, Y grekoaren seriearen gertukoak lirateke, zertxobait berriagoak ziur aski, hau da k.a III. mendearen bukaera eta II. mendearen hasiera artekoak. Kasu honetan 3,50 gramo inguruko pisu ertaina aurkezten dute eta metrologia honek Massaliako (Marsellako) drakma txanpongintzaren inguruan parekatuko lituzke. Pisu eraldaketa hau bigarren gerrate punikoan zehar ematen hasi zela dirudi non mertzenario akitaniar eta galiarrak kopuru haundietan ibili ziren bi aldeen zerbitzuan.

Pomarez erako txanpon alea, 3,35g 12mm CGB enkantetxea

Beyrie erako txanpon alea, 3,03gr 16,5mm CGB enkantetxea

Akitania hego mendebaldeko txanpon serie hauek (Pomarez eta Beyrie serieak behintzat, Y grekoaren seriearen kasuan aurkikuntza urriek ez bait dute datu gehiegirik ematen) k.a. I. mendeko erdialderararte mantendu ziren. K.a. II. mendean zehar zilar pisua argaldu zuten eta I. mendean, 2,80gr inguruko pisua baino ez zuten dagoeneko.

Iparralderantz jarraituz, Atturri eta Garona ibaien artean SOTIATEen zaldizko aleen serieak aurki ditzazkegu. Kasu honetan, ezkerralderantz begiratzen duen zaldiaren irudia aurkezten dute txanponek; zaldiak txori antzeko bat du bizkar gainaldean eta ikur apaingarri bat behealdean. Bai aurrealdean edo atzealdean ez dute inolako texturik agertzen. Aurrealdean, ezkerralderantz begiratzen duen emakumezko buru dislokatu bat irudikatzen dute, bata bestearen gainean irudikatutako koma bidez.

Cgb enkantetxeak saldutako sotiateen zaldizko alea – Lehen jaulkipenetako bat, 4.4 gramo, 18mm

Cgb enkantetxeak saldutako sotiateen zaldizko alea – k.a II mendeko jaulkipenetako bat 3.42 gramo, 19mm

Cgb enkantetxeak saldutako sotiateen zaldizko alea – Azken jaulkipenetako bat 2.84 gramo, 17mm

Sotiateen zaldizko ale hauek lau serie desberdinetan sailkatzen dituzte adituek. Bilakaera eta garapen garrantzitsuena aurrealdeko emakumezko irudiarena izango litzateke. Lehenengo serietako irudi eskematikoen ondoren, hirugarren serieak errealismo gertuagoa erakusten du, laugarren seriean berriro ere abstrakzioan erori baino lehen.

Iruditegiari dagokionez, txanpon hauek Emporioi-ko drakma greziarren iruditegia jarraitu nahi zutela pentsatzen da. Emporioi-ko drakmen kasuan, atzealdean pegaso zaldi hegoduna eta aurrealdean Aretusa ninfaren irudia zeramaten txanponek.

Emporioi hiriak landutako zilarrezko drakma alea; ka. 241-218 urteen artean; 4,63gr 18-20mm

Sotiateen zaldizko aleen serieek, hego mendebaldeko aleen garapen metrologiko berbera izan zuten. Ale pisutxuenak, 4,7 eta 4,3 gramo ingurukoak, bigarren gerrate punikoaren aurrekoak direla uste da. Geroagoko ale arinagoak, 3,5 gramo inguruko pisu ertaina aurkezten dutenak, gerrate honetan zehar hasi omen ziren lantzen. Eta azkenik I. mendearen hasiera iritsi arte aleen pisu ertaina berriro ere argaldu zen, 2,8 gramotako pisu ertaina zuten aleak agertu ziren arte.

Historikoki eta enkantetxetako salmenta fitxategietan begiratu ezkero, ale hauek ELUSATES etniaren izenean ageri ohi dira. Hala ere ikerlarien azken iritziaren arabera, txanpon hauek sotiateen izenpean kokatu beharko lirateke eta bostgarren serie baten aintzindariak izango lirateke.

Gogoratu beharrekoa da Akitaniako eremua erromatar errepublikarekiko askea zen eremua izan zela, harik eta Publio Licinio Crasok k.a 56. urtean, sotiateen Adietuanus buruzagia menperatu zuen arte. Adietuanok Pirineo mendilerroaren beste alderdiko gerlarien laguntza izan zuen. Laguntza hau, hau bezalako txanponekin ordaindu zuen ziurrenik, txanpon hauek bait dira hain zuzen ere bostgarren serie hau osatzen dutenak:

Adietuanus buruzagiaren agintealdia erakusten duen txanpona, sotiateen zaldiaren ordez Erromako otsoa aurkezten du atzealdeak. 2,02gr 15mm biloia. Latin izkietan honako hau nabari daiteke (K.a I mendearen lehen erdia):

Aurrealdea: (REX) ADIETVANVS (FE)

Atzealdea: SOTIOTA

Adietuanus-en txanponek, eragin erromatar argia aurkezten dute dagoeneko. Aurrealdean emakumearen irudi abstraktua mantentzen duten arren, atzealdeko zaldia otseme batengatik ordezkatua izan zen. Horrez gain, iruditextuak latineraz izan ziren idatziak. Bostgarren seriearen txanpon hauek Publius Satrienus txanpongile erromatarraren denarioetan oinarrituta daudela pentsatzen da.

k.a 77 urtean Pvblivs Satrienvs txanpongile erromatarrak agindutako denario alea – 3,82gr

Iparralderuntz Garona ibairaino jarraituz, gurutzearen serieak aurki ditzazkegu. Hauek gurutzearen eta loreen inguruko serie irudidunak aurkezten dituzte baina aurrekoen modura, ez dute texturik barneratzen. Garona ibaia akitaniarren eta kelta galiarren arteko muga zen, ibaia dagoeneko kelten kontrolpean izanik. Metrologiari dagokionez, ale hauek 3,6 gramotako pisu gehienekoa dute eta k.a. II mendearen hasieratik landu zirela esan dezakegu.

Ale liluragarriak, batez ere kubista seriearenak, ez gara blog honetan hauei buruz arituko, dagoeneeko txanpongintza galiar-kelten barnean sailkatzen bait dira.

Cgb enkantetxeak saldutako gurutzearen txanpon alea, lore gingil hirukoitzdun seriea – 3.63 gramo, 14mm

Cgb enkantetxeak saldutako gurutzearen txanpon alea, serie kubista – 2.78 gramo, 14,5 mm

Laburpen bezala Eneko Hiriart adituak honako mapa hau prestatu du, txanpon mota bakoitzaren langintzaren batazbesteko kokapena adieraziz:

Eneko Hiriart adituak prestatutako txanpon jaulkipen akitaniarren kokapen eta sailkapenaren laburpena

2021. urteko otsailak 17.an, gai honi buruz eman zuen hitzaldia Koldo Mitxelena kulturunean Eneko Hiriart berberak. Erabat poztu nau aintzinateko txanpongintzari buruzko hitzaldi hau, Eneko-ren iparraldeko euskara aztarna gozoen artean ikusteko parada izan izana. Hemen dugu hitzaldi honetaz gozatzeko parada. Bejondeiola!

Bibliografia:

VASCÓNICO-AQUITANO – Lengua, Escritura, Epigrafia – Joaquín Gorrochategui – 2020 – Prensas de la Universidad de Zaragoza

Aquitano y Vascónico – Joaquín Gorrochategui – 2020 – link

Catálogo general de la moneda de Navarra – Ricardo Ros Arrogante – 2013 – Altaffaylla argitaretxea

Les monnaies des peuples aquitains – Laurent Callegarin – 2009 – link

Production et circulation monétaire dans le sud-ouest de la Gaule à l’âge du Fer (III e -I er s. a.C.) – Laurent Callegarin, Vincent Geneviève, Eneko Hiriart – 2018 – link

La singularidad cultural del área pirenaico-occidental: dinámicas y persistencias entre la Edad del Hierro y la Época romana – Eneko Hiriart, Laurent Callegarin, Philippe Gardes eta François Réchin – 2018 – link

La moneda aquitana- Imago Pirenaei bloga – 2012 – link

Moneda de Euskal Herria – Pablo María Beitia Arejolaleiba – 2018

AINTZINAROKO EUSKARA NAFARROAN – NAVARRORUM ERAKUSKETA, Hitzaldia – Joakin Gorrotxategi – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

2 thoughts on “Aintzinako Akitaniarren Txanpongintza”

  1. Pingback: Aintzinako Akitaniarren Txanpongintza • ZUZEU

  2. Pingback: Euskararen Lehen Aztarnen Bila…Txanponetan | Euskal Txanpongintzaren Historia

Leave a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.