Colbert-ek Donapaleuko Txanponetxea Itxi Zuenekoa (1662-1663)

Luis XIII-ak Nafarroa Beherea eta Biarno 1620an Frantziako erresumari batu bazizkion ere, lurralde hauek (Luis XIII.aren aita zen Henrike IV.ari estuki lotuak) pribilegio bereziak mantentzen jarraitu zuten frantziar iraultzaren garairarte. Hala ere, ikusiko dugunez, moneta arloan, pribilegio horien kopurua eta esparrua txikitzen hasi zen 1662tik aurrera.

Biarno eta Behe-Nafarroako lurraldeen Frantziarekiko bateratzea irudikatzen duen 1620 urtean landutako zilarrezko jetoia (Paris-en landua) – 5,34g – 27,0mm – Hartz bat ardiz betetako itxitura batean. Hartzaren gainean, hodeietatik ateratzen den beso ezpatadun batek hartza mehatxatzen du.

Aurkia: PARI. CONTINET. EFFERA. SORTE (Patu krudel berberean giltzapetzen ditu)

Ifrentzua: LVDOVICVS. XIII. FRAN CORVM. ET. NAVARAE. REX

Inumis Salmenta Etxea

Nafarroako erregeak, Henrike III. eta geroago Frantziako Henrike IV.a izango zenak, Frantziako tronua 1589. urtean eskuratu zuenean, Nafarroa Beherea eta Biarnoko lurraldeak ez ziren Frantziako koroan barneratu.

1607an, Henrike IV.ak Frantziako koroara batu zituen aspaldi bere familiaren menpe ziren Frantziako lurralde feudal guztiak (Foix, Bigorre, Albret, Rodez, Armagnac eta beste zenbait). Hala ere, Nafarroa Beherea eta Biarnoko lurralde sobiranoek bere bereizgarri eta autonomia juridikoa mantendu zuten. Erlijio katolikoa berriro baimendu zuen lurralde hauetan 1599an, eta ordutik aurrera bai katolizismoa eta baita protestantismoa ere onartuak ziren, baina ez zuen Nantesko Ediktua indarrean jarri Nafarroako erresuman. Higanoteek agintearen inguruko erakundeak kontrolpean zituzten oraindik eta lurralde hauek Frantziako erresumatik bereizitako erregimen juridiko berezia mantendu zuten.

Frantziako errege bihurtu ondoren, Henrike IV.a ez zen inoiz itzuli Behe-Nafarroa edo Biarnora. Hori zela eta, erregea erregeorde baten bidez ordezkatzen zen Behe-Nafarroa eta Biarnon, erregea Parisen bizi bait zen. Erregeorde horren boterea nabarmena izan zen Luis XIII.aren erregealdian zehar, baina Luis XIV.aren erregetza pertsonalaren ondorioz, papere sinbolikoan bihurtu zen. Erregeordetza hau, Agramontar familiaren baitan mantentu zen luzaroan, Biarno eta Behe-Nafarroako erregeorde, Baionako gobernadore eta Bidaxuneko sobirano familia ezaguna.

Lehen altxamendu protestantearen aurretik, 1620an, Nantesko Ediktua Nafarroako erresuman (Biarno eta Behe Nafarroa) indarrean jartzea erabaki zuen Luis XIII.ak. Gudaroste handi batekin bertaratu ondoren, erlijio katolikoa estatu erlijio bezala berrezarri zuen. Era berean Nantesko Ediktuaren aginduak indarrean jarri zituen Biarnoko eta Behe-Nafarroako higanoteentzat. Honen ondoren, 1620ko urriaren 20an, Biarno eta Behe-Nafarroa ofizialki eta legezki Frantziako erresumari batu zizkion.

A close-up of a coin AI-generated content may be incorrect.

Biarno eta Behe-Nafarroako lurraldeen Frantziarekiko bateratzea irudikatzen duen 1620 urtean Parisen landutako zilarrezko jetoia – 27.1mm – 7 gramo inguru – Zeruko laino artetik irtetzen den eskuak, izar diztiratsua duen suzko ezpata bat heltzen du; eskuinaldean zutik dira hainbat persona ezpataren aurrean. Atzealdean hiri bat eta mendilerro bat

Aurkia: LVDOVICVS.XIII.FRANCORVM.ET.NAVARAE.REX.

Ifrentzua: DISCITE.IVSTITIAM.MONITI.1620 (Ikas ezazue Justizia oharpen honetatik eta izan argituak)

Monakotik bilduma

Moneta arloan, Nafarroa Beherea eta Biarnoko txanponetxeak Pariseko Moneta Gortearen jurisdikziotik at jarduten zuten; horren ordez, Pauko Nafarroako Kontu Ganbararen menpe ziren txanponetxe autonomo gisa jarduten zuten. Nafarroako Kontu ganbararen gainetik, Nafarroako Parlamentuari eta Errege Kontseiluari soilik egiten zioten men. Honen ondorioz, moneta lege eta arau gaietan liskarrak eta eztabaidak sortzen ziren, Pariseko moneta gortearen araudien menpean lan egiten zuten beste frantses lurraldeetako txanponetxeekin hika-mikan.

Tokiko ohiturak indarrean geratu ziren. Ohitura hauek ondo laburbiltzen zituen Pau-ko Kontu Ganbarak erregeari 1620ko otsailaren 11.ean aurkeztutako memorialak, erregeak Biarnora eginiko “bixita” aurreko hilabeteetan.

Memorialak zera nabarmentzen zuen; Behe-Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeak Pauko Nafarroako Kontu Ganberaren eskumen bereziaren menpean zeuden. Hiru txanponetxeak, Donapaleu, Morlaàs eta Pau, urte kopuru jakin batez alokatzen ziren errentari nagusi bati; gero, hiru txanponetxe hauetako bakoitza, toki bakoitzeko azpi-errentari edo arduradun batek kudeatzen zituen. Gainera, memorialak adierazten zuenez, landutako txanponek Frantziako txanpon sistemaren pisu eta zilegitasun estandarrak betetzen zituzten, nahiz eta eskualdeari lotutako baldintza berezkoak zeuden alokairu-akordioetan. Klausula berezi horiek askotan gatazkak sortzen zituzten, bai orokorrean Pariseko Moneta Gortearekin, bai bereziki lehia handiko Baionako txanponetxearekin, honek, nafar estandar lausoagoak txanpon faltsutzearen mugan zeudela salatzen bait zuen.

Luis XIII.aren erregealdian, 1640eko moneta-erreforma sakonaren aurretik, Pau, Morlaàs eta Donapaleuko txanponetxeetan zilarrezko moneta ertainak ekoizten ziren bakarrik, ezkutu laurden eta zortzirenak. Berez, urte hauetan ez ziren urrezko edo biloiezko txanponak ekoizten, Biarnon erabiltzen zen baquette izeneko biloizko txanpon txikia eta 1635 eta 1636an Donapaleun landutako kobrezko diru tournaitar bikoitz eta soilaren salbuezpenaz aparte. Pau, Morlaas eta Donapaleuko txanponetxeen zilar lanketak eten egin ziren 1632.an, eta horren ondorioz, Pau-ko ur-errotazko txanponetxea 18 urtetan zehar itxirik egon zen. Luis XIV.aren agintaldiaren lehen urteetan zehar (1644. urtetik aurrera), zilarrezko ezkutu laurden eta zortzirenen ekoizpena berriro ere hasi zuten Donapaleu eta Morlaàseko txanponetxeek, aurreko mailu bidezko lanketa teknikak erabiliz.

Frantziar erresumako txanponetxeen alokairu kontratu orokor berri bat zinatu zen 1645eko martxoan, eta errege dekretu berri batek 1640eko moneta erreforman sortutako txanpon mota berrien ekoizpena agindu zuen. Dekretu hark laminazio eta bolante bidezko txanponketa mekanizatua derrigortu zuen Frantziako txanponetxe guztietan, ohizko mailuaren bidezko txanponketaren ordez. Baionako txanponetxea, mailu bidezko txanponketa utzi zuen Frantziar erresumako azkena izan zen, 1649ra arte atzeratu zuen eraldaketa.

Baionan landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9.57 gr – 29,5 mm

Aurkia: LVDOVICVS.XIIII.D.G.FRAN.E.NA.RE.1649

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. Aingura.BL Ikurra. L Izkia – BL Izkia, Martin de La Borde (1643-1656) Txanponetxeburuaren ezaugarria. Aingura eta L izkia Baionako txanponetxearen ezaugarria

1649. urtea – Baionako txanponetxean mailuz landutako txanponen azken agertaldia

Monakotik bilduma

Baionan landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko Ezkutu erdia – 13.54 gr – 32 mm

Aurkia: LVD.XIIII.D.G.FR.ET.NAV.REX.

Ifrentzua: SIT NOMEN DOMINI (L Izkia) BENEDICTVM (Gurutzea)1650 (BL Ikurra) – BL Izkia, Martin de La Borde (1643-1656) txanponetxeburuaren ezaugarria. Gurutzea, Guillaume Fons (1648-1656) grabatzailearen ezaugarria. L Izkia Baionako txanponetxearen ezaugarria

1650. urtea – Baionako txanponetxean bolantezko prentsaz landutako txanponen lehen agertaldia – Monakotik bilduma. 153.747 ezkutu erdi landu ziren lehen urtean.

Biarno eta Donapaleuko nafar txanponetxeak eraldatu beharrean ziren, ez zuten beste erremediorik.

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9.62 gr – 32 mm

Aurkia: LVDOVICVS.XIIII.D.G.FRANC.ET.NAVA.R

Ifrentzua: GRACIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1651 V (V izkia Jean Verdoye txanponetxeburua)

1651. urtea – Donapaleuko txanponetxean mailuz landutako txanponen azkenetakoa. 1652. urteari dagozkion bi ale ba omen dira baina ez dut hauen argazkirik

Monnaies d’Antan, Auction 11, Lot 606 10.05.2012

Pauko ur errota bidezko txanponetxea berriro ireki zen 1650ean, bertako gailu mekanikoak erabat berriztatu ondoren. Aurretik ere, 1555. urtea abiapuntu harturik, erabat mekanizatuta zen txanponetxe hau, baina txanpon sorta berrien ekoizpenak erabat berriztatutako bolantezko prentsa handiago eta laminatzaile berriagoen beharra zuen. Gailu berri guzti horiek Morlaàsko txanponetxearen langileek kudeatu zituzten hasiera batean. Hala ere, langile hauek mailu bidezko lanketetan ziren trebeak eta kalitate arazoekin hasi zen garaildi berri honetako txanponketa. Beharrezko inbertsioak egin ondoren, Donapaleu 1652an hasi zen mekanizazio bidezko txanpon eredu berriak lantzen, eta urte berean, Morlaàseko hirugarren txanponetxea ere beste bien parean zen. Eraldaketa honek tentsioak gogortu zituen Pariseko Moneta Gortearekin.

Mekanizazio eraldaketaren ondoren, Nafarroako erresumaren ezaugarri zen karbunkoa (eta Biarnoren kasuan armarriko bi behiak ere bai) mantendu ahal izan zituzten ifrentzu aldean, baina Henrike Zangotzar erregeak lehendabizikoz ezarritako „GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM“ leloa utzi eta Frantziako erresumaren zilarrezko txanponetan ohizkoa zen „SIT NOMEN DOMINI BENEDICTVM“ leloa onartu beharrean izan ziren.

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko Ezkutu Osoa – 26.87 gr – 39 mm

Aurkia: LVD.XIIII.D.G…FR.ET.NA.REX V (V izkia Jean Verdoye txanponetxeburua)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1652 (Bihotza) (Bihotza Simon d’Armagnac grabatzailea)

1652. urtea – Donapaleuko txanponetxean bolantezko prentsaz landutako lehendabiziko txanponetakoa.

iNumis, Mail Bid Sale 17, Lot 508 23.03.2012

Txanponetxeen mekanizazio eraldaketa burutu ondoren, Paueko Nafarroako Kontuen Ganbarak Pierre de Peyré-ri eman zion hiru txanponetxeak alokatzeko kontratu orokorra. Peyré bera azpikontratatuen bidez aritu zen: Gassie-ren esku utzi zituen Morlaàseko jarduerak eta Jean Verdoyé-ren esku Donapaleukoak. Verdoyé bera izan zen Pauko errotaren jarduerak aldi baterako gainbegiratu zituena, Jean de Forcade iritsi zen arte. Hala ere, urte hauetan ekoizturiko txanponen kalitatea baxua izan ohi zen, ale ugari aurki bait daitezke zilar laminazio akatsekin edo errege aurpegiaren inprimazio indargabearekin.

Liskarren hurrengo atalak,1653. urteko Frantziako txanpon agintarien dekretu batean du sorburua. Dekretu honek 60 suedotako zilarrezko ezkutu osoen ekoizpena debekatu zuen erresuma guztian. Peyrék eta haren agindupean lan egiten zuten nafar/biarnotar txanponetxeek ez zioten aginduari jaramonik egin. Haiek autonomoak omen ziren eta ez zuten amen egin beharrik Pariseko Moneta Gorteari. Ondorioz, bere inguruko hiru txanponetxeen konkurrentziaren aurrean, Baionako txanponetxeak ere ez zuen Parisko Moneta Gortearen agindua bete.

Pariseko Moneta Gorteak gaitzetsi egin zuen Baionako txanponetxearen jokaera 1654. urteko apirilean. Baionako txanponetxearen txanponetxeburu zen Jean de Labordek haren ekintzak Pau, Morlaàs eta Donapaleuko txanponetxeen lehia desleialaren ondorio zirela defendatu zuen. Baina 1654ko ekainaren 30ean, Moneta Gorteak debekatu egin zuen Baionako ezkutu osoen lanketa. Era berean, Nafarroa Beherea eta Biarnoko txanponetxeen jokaera salatu zuen errege kontseiluaren aurrean, lurralde hauetan Frantziako araudi monetario berbera ezarri zezan eskatuz. Handik aurrera, Pariseko txanpon gorteak etengabe eskatu zuen nafar txanponetxeen itxiera.

Beste behingoz, Behe-Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeek ez zioten 1654ko ekainaren 30eko Moneta Gortearen debekuari kasurik egin. Urteen joanean, 1654 eta 1658. urteen artean, Frantziako moneta sistemaren barnean ekoizten ziren 60 sueldotako zilarrezko ezkutu oso bakarrak, Nafar erresumako hiru txanponetxeetan landutakoak ziren. Pirineotako Bake Ituna sinatzear zegoenean, 1659. urtean, Baiona eta Donibane Lohitzunera lekualdatu zen Frantziako gortea. Ondorioz, hitzarmenaren gastuei aurre egin ahal izateko, 60 sueldotako zilarrezko ezkutuak berriro lantzeko baimena jaso zuen Baionako txanponetxeak.

Behe-Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeek beste pausu bat emanez erantzun zuten, pisu eta zilar edukiaren doitasunarekin jolastuz eta kalitate murritzeko txanponak ekoiztuz. Taktika horiekin, Baionako txanponetxearen lehia-ahalmena murriztu zuten, eta 1660.an, bake konferentzia amaitu ondoren, Nafarroako txanponetxeek 60 sueldotako zilarrezko ezkutuen langintza monopolioa berreskuratu zuten.

Nafarroako Kontuen Ganbarak hiru txanponetxeen alokairu orokorra berritu zuen 1659.ko uztailaren lehenengoan; Daniel d’Arripe arduradun orokorraren menpean izango ziren handik aurrera, Gassie, Forcade eta Daudichon hiru txanponetxeburuak. Ikusiko dugunez, 1659tik 1662ra arte, nafar txanponetxeetako ekoizpena zalapartatsua izan zen berriro ere.

Baionako txanponetxearekin zuten lehiakortasunaren ondorioz, urte hauetako txanpon ekoizpena kopuru oso esanguratsuan areagotu zuten nafar/biarnotar txanponetxeek. Biarno eta Nafarroako armarriak erakusten zituzten zilarrezko ezkutuak erabat zabaldu ziren Frantzia osoan, baita Lyonen ere, non agintariek kalitate txarreko nafar txanpon laginak bahitu zituzten 1660. urteko azaroak 26an. Hurrengo urteko urtarrilean, 138 lagin aztertu zituzten eta atzera bota zituzten guztiak, pisu gabezia, zilar eduki eskaxa eta lanketa akastunaren arrazoipean. Pariseko Moneta Gorteak dekretu bat kaleratu zuen 1661ko otsailaren 17an, non heriotz zigorpean, nafar-biarnotar txanponen erabilpen eta jabetza debekatzen zuen Frantziako erresuman. Era berean, beste behingoz eskatzen zion erregeari Behe-Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeak itxi zitzan.

Oraingo honetan, Luis XIV.ak Pariseko Moneta Gortearen alde egin zuen eta 1661.eko martxoaren 17an dekretu bat zinatu zuen non Pau, Morlaàs eta Donapaleuko txanponetxeak berehala ixteko agindua ematen zuen. Era berean, Henrike IV.ren garaietatik txanponetxe nafarretan landutako txanponketa kontu guztiak Parisera bidaltzeko agindua eman zuen. Zorionez (kontuen kasuan zoritxarrez, Biarnon gelditutako kontu asko geroago galdu egin bait ziren), dekretu hau ez zen gauzatu, Pauko Nafar Kontuen Ganbera erabili ordez Pariseko Moneta Gortearen fiskal orokorra erabili bait zuen erregeak agindua helarazteko, eta honek prozedura 1663ko erdialdera arte atzeratu zuen.

Atzerapen honek nafar eta Biarnotar txanponetxeen jardueraren jarraipena ahalbidetu zuen, harik eta 1662ko abenduan, bertako agintariek Pauko txanponetxearen behin-behineko itxiera agindu zuten arte. Itxiera honen arrazoia Robert Fisson txanponetxeburuak egindako iruzurra omen zen.

Joan etorri hauek ematen ziren bitartean, Ingalaterrari Dunkerke hiria erostearen ordainetan eman beharreko zilarrean barneratu ziren nafar eta biarnotar txanpon akatsdunak; ingelesek akatsdunak zirela bermatu zutenean diplomazia-gorabeherak eragin zituzten, frantsez gortearen haserrea areagotuz.

A close-up of a coin AI-generated content may be incorrect.

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu erdia – 13.36 gr – 31,4 mm

Aurkia: LVD.XIIII.D.G * FR.ET.NA.REX (Hirusta Txikia) (Hirusta Txikia Jean de Forcade txanponetxeburua)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1662 (Hirusta) (Hirusta Pierre d’Armagnac grabatzailea)

1662. urtea – Donapaleuko txanponetxearen lehen itxieraren aurretik landutako azkenengo txanponetakoa.

iNumis, Mail Bid Sale 40, Lot 293 06.03.2018

Jean Baptiste Colbert-ek Nicolas Fouquet finantza ministroa ordezkatu zuen 1662. urtean. Kargua hartu eta berehala, Frantziako txanponetxe sistema berrantolatu zuen. Kontseilu Erregeak dekretu bat eman zuen Colbert-en txosten bat jarraituz, non Denis Genisseau, Frantziako txanponetxeen arduradun orokorraren alde egiten zuen. Genisseauk salatzen zuenez, Donapaleu (Nafarroa Beherea), eta Pau eta Morlaàs-eko (Biarno) txanponetxeek itxiera saiakerei aurre egiten zieten, eta Kontseiluari eskatzen zion txanponetxeak ixteko agindua berretsi zezala.

Honen aurretik, urte bereko maiatzaren 17an, Colbertek Frantziako txanponetxeen alokairu orokorra ziurtatu zion Genisseau-ri, txanponetxeak banaka alokatzen zituen usadio erregimen aurrekoa aldatuz.

Pariseko Moneta Gorteak alokairu kontratu mota berria gogo txarrez onartu zuen uztailaren 7an. Kontratu berriaren baldintzen artean, onartutako txanponetxeen kopurua hamarretik seira murriztu zen, Paris, Rouen, Lyon, Baiona, Rennes eta Aix-en-Provence; gainerako txanponetxeak, ekainaren 14ko dekretu batek zehaztutako moduan, Genisseauren agindupean itxi ziren.

Genisseauren aginduak azkar bete ziren, eta 1662ko udazken aldean, sei txanponetxe baizik ez ziren martxan Frantziako lurraldeetan; Baina Nafarroa-Behereko eta Biarnoko hiru txanponetxeak beste historio bat ziren.

Aurreko urteetan zinatutako Frantziako txanpoetxeen alokairu kontratu orokorrak, 1645 eta 1659koak kasuko, ez ziren Nafarroa Beherea eta Biarnoko txanponetxeetara atxikitzen. Esate baterako, 1648.ko dekretu batek, baldintza bereziak ezarri zituen eskualde horientzat, txanpon erreforma berriak eskatzen zituen teknika aldaketak gauzatu ahal izateko, bertako antolaketa bereziak mantentzen ziren era berean.

Hala ere, 1662ko alokairu kontratua beste era batean interpretatu zuen Genisseauk, eta Nafarroa-Behereko eta Biarnoko txanponetxeak Frantziako sistemaren barne eta bere kontratuaren parte zirela aldarrikatu zuen. Interpretazio hori Colberten zentralizazio agendarekin bat zetorren, urte horretako irailaz geroztik erresumako Finantzen Goiburutzan bait zen azken hau.

Genisseauk Moncheny bere ordezkari abokatua bidali zuen Pauera txanponetxeak ixteko agindua betearaztera. Iristean, Monchenyk ezin izan zuen txanponetxeak ixteko agindua erregistratzerik izan Nafar Parlamentuko fiskalaren aurrean. Bertako agintariek uko egin zioten agindua jasotzeari, eta bi asteren ondoren, Monchenyk Baionako bidea hartu zuen, non protesta erregistratu zuen 1662ko urriaren 3an.

Oraingoan, errege kontseiluak azkar eta gogor erantzun zuen. Aurreko urtean emandako itxiera agindua ez zen gauzatu eta azkenengo hilabeteetan, Biarno eta Nafarroako txanponen kalitate eta pisu eskasiaren iskanbilak etengabekoak ziren. 1662ko azaroaren 23.an emandako epaian, Donapaleu, Pau eta Morlaaseko hiru txanponetxeak berehala ixteko agindua eman zuen, txanpon ekoizpen oro debekatuz; gainerakoan txanponetxe horietako arduradun eta langileak txanpon faltsutze salaketapean auziperatuko zituen (gogoratu beharra da txanpon faltsutzeak heriotz zigorra zekarrela garai haietan). Era berean,txanpon ekoizpenerako erabiltzen ziren makina guztiak (errota edo laminatzaileak, ebakitzaileak, bolanteak edo prentsak, etab.) desmuntatu eta giltzapetzea agindu zuen, erabilezin bihurtzeko asmoz. Horrez gain, hiru txanponetxeetako agintari eta langile guztiei agindua ezagutarazteko ardura ezarri zien erregetxeko justizia ofizial guztiei. Aldi berean, Nafar parlamentu eta Ganbara kontuko fiskaltza agindu betearazpenaren arduradun egin zituen, erantzunkizun pertsonala izatearen mehatsupean. Azkenik erregeak, Nafarroako Parlamentu eta Kontu Ganbararen jurisdikzio aitzakiak argudiatu eta ezeztu zituen, aginduaren betebehar berehalakoa eta ukaezina aditzera emanez.

Horrelakoa irakurri ondoren edonorrek pentsatuko luke Nafar eta Biarnotarrek berehala egingo zutela amen; erregearen borondatea ezeztatzearen arriskuak handiegiak bilakatzen ari ziren. Baina beste behingoz, ez zen horrelakorik jazo.

Genisseauk beste ofizial bat bidali zuen, honakoan Guyena eskualdearen lege arduraduna, Nafarroa-Beherea eta Biarnoko txanponetxeak ixteko agindua azkenik ere bete zedin. Agintari hau, hiru lekukoez lagunduta, Pauera helmugaratu zen 1662ko abenduaren 19an. Errege-dekretuak eskuan, Nafarroako Parlamentuko fiskal nagusiari eta Paueko Kontuen Ganberari aurkeztu zizkien.

Aginduak bete beharrean, dekretuek Nafarroako Parlamentuaren onespen formala behar zutela argudiatu zuten nafar-biarnotar agintariek. Gainera, tentsioak erabat areagotu ziren, bertako txanponetxeetako langileek lege arduraduna mehatxatu bait zuten indarkeriaz. Abenduaren 22an itxita aurkitu zuen Paueko errota Guyenako ofizialak, baina ez erregearen aginduz, baizik eta Robert Fisson txanponetxeburuaren aurkako iruzur ikerketaren ondorioz.

Pauen landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Gezia) FR.ET.NA.REX DB (Gezia, Jacques de Soubiran grabatzailea)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI. (koroa).BENEDICTVM. 1662 (M azken izkirik gabe, Pauen landutako ezaugarria) (Koroa, Robert Fisson txanponetxeburuaren ezaugarria??)

1662. urtea – Paueko txanponetxearen lehen itxieraren aurretik, honako hau da landutako azken zilarrezko ezkutu aleetako bat. Hurrengo urte bukaerarte ez dira ale gehiago landuko

Auktionshaus H. D. Rauch, Auction 116, Lot 415 15.06.2023

Txanponetxe langileen mehatxuak eta indarrezko sahiakerak handitzen joan ziren heinean, Morlaàs eta Donapaleuko errotak ixtera zuzendutako saiakerak bertan behera uztera behartu zuten Genisseauren arduraduna. Baionara ihes egin zuen eta han osatu zuen bere txostena, eskualdearen defentsa eta eraso koordinatua eta Nafarroako Parlamentuaren eta Paueko Kontuen Ganberaren laguntza eza nabarmenduz.

Nafarroako Parlamentuak dekretu bat eman zuen 1663ko urtarrilaren 12an, erregearen aginduak betearazteko saiakeraren aurrean. Dekretu hark Pauko txanponetxearen itxiera berretsi zuen, baina ekintza hau txanponetxeburuaren iruzurraren inguruko ikerketek eragindako ondorioa izan zela argitu zuen, errege kontseiluaren agindua betebeharrean izan beharrean. Parlamentuak adierazi zuenez, txanponetxearen itxiera behin-behinekoa zen eta ez zuen errege-dekretuarekin loturarik.

Paueko txanponetxearen ikerketaren inguruko itxierarekin bat, eta errege kontseilu eta Genisseau-ren ordezkarien joan etorrien ondorioz, Donapaleu eta Morlaas-eko txanponetxeek ere haien jarduera eten zuten.

Morlaas-en landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 26,90gr, 38,5 mm diametroa 917% zilar zilegitasuna

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Gezia) FR.ET.NA.REX DB (Gezia, Jacques de Soubiran grabatzailea)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI. (koroa).BENEDICTVM. 1662 M (M izkia Morlaas-eko txanponetxearen ezaugarria) (Koroa, Robert Fisson txanponetxeburuaren ezaugarria??)

1662. urtea – Morlaaseko txanponetxearen betirako itxieraren aurretik, honako hau da landutako azken zilarrezko ezkutu aleetako bat. Urte honetako itxieraren ondoren, Morlaaseko txanponetxeak bost ehun urteetan zehar izandako txanpon lanketa jarduera eten zuen;

CGB.fr, Live Auction December 2023, Lot 874366 05.12.2023

Parlamentuak, Genisseauren kexak ukatu zituen, kanpotik zetorren norbait tokiko autonomia ahultzen saiatu zela argudiatuz. Paueko txanponetxea ohizko bertako antolaketa eta gobernuaren arabera berriro irekiko zuela azpimarratu zuen, eta ez zuela errege-dekreturik bete beharrrik Parlamentuaren onespen formalik gabe. Dekretuak, hau da txanponetxeen itxierak, probintzian eragiten zituen kalte ekonomiko eta sozialak nabarmentzen zituen.

Egoeraren larria ikusita, Luis XIV.a-ri zuzendutako eskaera bat antolatu zuen Nafarroako Parlamentuak, 1663ko urtarrilaren 17koa. Eskaera hau arreta eta arduraz prestatu zuen, eskualdearen egonkortasuna gordetzeko interesari eta erregearen zuzentasun-sentsibilitateari zuzendutakoa. Idatziak txanponek Nafarroa Beherean eta Biarnon zuten balio historiko eta ekonomikoa azpimarratzen zuen, baita bertako biztanleen leialtasuna ere, bultzatutako politikek ekarriko zuten hondamendia iragarriz.

Eskaera honetan erregeari aurkeztu beharreko argudioak zehazten ziren, bai Nafarroa bai Biarnoko txanponetxeak irekita mantentzearen beharra argudiatuz. Hamabi puntu garatzen ziren bertan:

1. Txanponak, Nafarroako Koroaren eta Biarnoko subiranotasunaren ezaugarri esanguratsu eta oso antzinakoak dira.

2. Herrialdeko lege eta ohituren arabera, erregeak Nafarroako eta Biarnoko Txanponak mantendu ditu denboran zehar, probintzia honetako biztanleek merkataritzaren bidez eskuratzen dituzten atzerriko txanponak trukatzeko aukera izan dezaten, eta horrek atzerriko moneta horien menpe egotea saihesten die (batez ere Espainietako koroaren zilarrari egiten zitzaion hemen aipua).

3. Bertako txanponen ezabatzeak Biarno eta Nafarroaren hondamendia eragingo luke.

4. Nafarroako eta Biarnoko txanponak beti izan dira Frantziakoetatik bereiziak, haien pisu eta zilegitasunean izan ezik, zein berdina baita. Parlamentuak eta Kontuen Ganberak Txanpon Auzitegi baten funtzio eta eskumenak erabiltzen dituzte Nafarroa eta Biarnon. Zentzu honetan, 1620. urteko baterapen aktak mantendu egin zituen arlo honetan dituzten pribilegioak.

5. Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeen aurkako erasoak Baionako txanponetxetik datoz, hauen kontura aberastu nahi baitu.

6. Errege Kontseiluak argitaratutako Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeen itxiera erabakia aldez aurretik interesdunak entzun gabe eta informazio faltsuetan oinarrituta eman da, batez ere Baionako txanponetxetik jasotakoa. Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeak ez daude Genisseau arduradunaren alokairu kontratuaren barne. 1662ko urrian, Genisseauk zinatutako kontratuaren ondoren, 1661 eta 1662 urteetan idatzitako ekoizpen kontuei Paueko Kontu Ganbarak egindako azterketak puntu hau frogatzen omen du. Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeen uztiapenak urtero 11.100 liberatako diru sarrera sortzen du, tokiko zergak ordaintzeko erabiltzen direnak.

7. Txanponetxeen lanketa kontu hauek Kontu Ganbararen idazkariaren esku daude.

8. Genisseauk kartelak jarri ditu 1662ko urrian Pau eta inguruetan, Errege Kontseiluaren erabaki testuaren edukia iragarriz; Erabaki hartan, hurrrengo abenduaren 23an Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeak Errege Kontseiluari entregatuko zitzaizkiola berriematen da.

9. Berriro ere, Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeak ez daudela Genisseau-ren 1662ko maiatzaren 17ko alokairu orokorrean sartuta gogoratzen da.

10 eta 11. Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeek ekarritako baliabideen emaitza herrialdeko tokiko zergak ordaintzeko erabiltzen direnez, Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeak ezabatzeak herrialdeari eginiko baliabide ukapena litzateke, lurralde subirano honetako lege eta ohituren aurkakoa. Kontratu orokorra Parisen egingo balitz, herrialdearen hondamendi osoa etorriko litzateke, ezingo bailituzke tokiko kargak ordaindu eta funtzionarioek beren soldatak galduko lituzkete.

12. Baionako txanponetxeko funtzionarioek egindako salaketa baliogabea da. Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeetan gehiegikeriak egin badira, txanponetxe horietako funtzionarioek zigortu beharko dituzte, eta, hala badagokio, txanponketaren arduraduna den Paueko Kontu Ganbarak edo faltsutze-delituen epaiketa dagokion Nafarroako Parlamentuak.

Nafarrek bazekiten aurkari gogor eta boteretsu bat zutela aurrean eta partida estua izango zela. Gainera, etsai zuten Colberten eraginari aurre egiteko, hainbat pertsonaia garrantzitsu eta eraginkorren laguntza eskatu zuten.

Eskaera erregeari iritsiko zitzaionaren ziurtsuna izatearren, Guénégaud ministroaren bidez helarazi zioten; azken honi zuzendutako gutun batek iradokitzen duenez, jadanik baziren aurretiko loturak agintari honen eta Biarnoko parlamentarien artean. Erregeari egindako eskaera honekin batera Séguier kantzilerrari zuzendutako gutun bat zegoen, non biarnotarrek, Nafarroa eta Biarnoko txanponetxeen ixteak erregeari ekarriko zizkion desabantaila ekonomiko handiak azpimarratzen ziren. Azkenik, Agaramonteko duke eta Frantziako mariskalaren, laguntza aktiboa eskatu zuten honakoan ere.

Agaramontarrek gobernadore edo erregeorde funtzioak bete zituzten, 1624. urtetik Frantziako Iraultza jazo zen arte. Agaramonteko Mariskal-Dukea oso pertsonaia garrantzitsu eta boteretsua zen gortean.

Lehen mailako hiru pertsonaia hauen laguntza ezinbestekoa zen biarno-nafarren xedeak defendatu eta bultzatzeko; gogora dezagun alokairu orokorraren sorrera eta Genisseau-ri eskura ematea Colberten asmakizuna zirela, baita Nafarroa eta Biarnoko hiru txanponetxeak ixtekoa ere.

Luis XIV.ari egindako eskaeraren aldeko hiru pertsonaia hauen eskuhartzeak arrakasta ekarri zuen. Agian, agintaria sentibera zen txanponetxerik gabeko hondamendiari buruzko lurradearen argudioarekin. 1663ko martxoaren 10ean, Errege Kontseiluaren dekretu batek Paueko txanponetxea birrirekitzeko agindua eman zuen eta haren exekuzioa Genisseauri agindu zion. Baina Morlaas eta Donapaleuko txanponetxeak itxita jarraitu zuten; berehala bueltatuko gara erabaki honen xehetasunetara.

Zertxobait lehenago, Paueko txanponetxearen birrekiera erabaki aurretik, 1663. urteko otsailak 22.an, Biarno eta Nafar txanponetxeetako arduradunek haien alokairua ezeztatzeko egindako eskaera onartu zuen Errege Kontseiluak. Alokairu honen kontratua 1659. urteko uztailak 11.an zinatu zuten Kontu Ganbararekin, eta sei urteetako epean zehar urtero 11.100 liberatako alokairua ordaindu beharrean ziren. Kontratu edo alokairu honen sinatzaile nagusia Daniel d’Arripe izan zen, baina honen atzean, Jean de Gassi, Jean de Forcade (Donapaleuko txanponetxeburu) eta Jean de Daudichon ziren.

Haien negozioaren etorkizunak zuen itxura txarra kontuan hartuz, kontratuaren ezeztapena eskatu zioten errege kontseiluari. Eskeara ez zioten Paueko Kontu Ganbarari egin, bai bait zekiten honek eskaera ukatuko zuela, Errege Kontseiluari baizik. Honek ez zuen inongo diru galerarik izango, aipatutako alokairu kontratua ezeztatuko balitz, eta era berean, bere ondorengo erabakiaren oinarriak jartzen ari zen.

Zeintzuk ziren beraz, 1663ko martxoaren 10ean, Errege Kontseiluak emandako Paueko txanponetxearen birrirekiera aginduaren xehetasunak?

Lehenik eta behin zera esan beharra dugu; errege kontseiluaren erabakiak ez zuen Nafarroako Parlamentuaren argumentuen aipurik, Biarno-Nafartar arartekoen kexuak aipatzen zituen soilik. Ez zion beraz nafar parlamentuari legitimaziorik eman nahi. Bigarrenik, edonolako epaile edo gorteren batek izan lezakeen parte hartzearen aurka azaltzen zen eta Colbert ministroaren beste txosten baten ondoren eman zuen bere erabakia.

Erabaki hau honako azalpenetan oinarritzen zen:

  • Oso aintzinatik, atzerriko zilarra erregearen txanpon armarridunetan eraldatzeko erabiltzen omen ziren Nafarroa eta Biarnoko txanponak.
  • Txanponetxe hauek bertako Kontu Ganberaren jardunbidearen arabera alokatu omen ziren baina azken bost edo sei hilabetez, Genisseau-ren ahaleginen ondorioz ez omen zuten lanik egin. Prozedura hauek txanponetxeburuetako zerga biltzaileei komunikatu omen zitzaien, bertan arduradun eta zerga biltzaile berriak izendatzeko asmoz.
  • Txanponetxeen itxierak kalte ekonomiko nabarmenak eragiten zizkion bai lurraldeari, baita bertan lan egiten zuten langileei ere.

Hauek guztiak azaldu ondoren eta Genisseau-ren kontratuaren menpekotasunean, errege kontseiluak Paueko txanponetxearen birrirekitzea agindu zuen, non Frantziako txanponketa legediak izendatutako itxura, pisu eta zilegitasunezko txanponak landuko ziren. Beraz, Paueko txanponetxea Genisseau-ri entregatu zion, hari emandako kontratuaren baldintzen barne, baina agindua erregistratzeko betebeharra ez zion Parisko txanpon edo moneta gorteari eman, Paueko Kontu Ganbarari baizik.

Era batean, errege kontseiluak Paueko txanponetxearen berezitasunak onartzen zituen, baina Genisseauren kontsezioaren barne lan egin behar zuen aurrerantzean. Beste alde batetik, kontuen fiskalizazio arloan Paueko Kontu Ganbararen eskumenak onartzen zituen, baina era berean eskumenak kendu zizkion txanponetxeak alokatzeko arloan.

Errege dekretuaren irakurketak Paueko txanponetxearen birrirekiera agintzen zuen soilik. Morlaas eta Donapaleuko txanponetxeak itxita jarraitu beharrean ziren. Bestaldetik, dekretua arretaz irakurri ezkero, tokiko txanponek zituzten bertako armarri bereizgarrien bukaera agintzen zuela dirudi, baina ez zen horrelakorik jazo. Jean Warin, Frantziako txanponen grabatzaile orokorrak ekainak 9.an jaso zuen Paueko txanponetxearetzat puntzoi eta matritzeak lantzeko errege kontseiluaren agindua eta gure egunetaraino iritsitako txanpon urriek erakusten dutunez, hark landutako txanponketa lanabesek tokiko armarri eta DB (Dominus Bearnie) tituloa errespetatu zuten.

Landutako txanpon lagin edo probei zegokienez, nori zegokion orain lagin hauen azterketa eta oneritzia ematea? Pariseko moneta gorteak lortzen al zuen eskumen hori handik aurrera edo Paueko kontu ganbarak izaten jarraitzen al zuen? Errege dekretuak ez zuen honi buruz argipenik ematen, baina gertatutakoaren arabera, eskumen hau Paueko kontu ganbarak mantendu zuela bermatu dezakegu. Era berean, Jean Warin-ek Paueko txanponetxearentzat landutako puntzoi eta matritzeak, ez ziren Pariseko Moneta Gortearen erregistro kontuetan sartu, Frantziako beste txanponetxeen kasuan egiten zen bezala.

Salomonikotzat deskribatu dezakegun kontseilu erabakiaren ondoren, bai Parisko Moneta Gortea, bai Nafarroa-Biarnoko erakundeak nolabait kontent izango zirenaren ideia izan dezakegu, baina honakoan ere ez zen horrelakorik eman.

Pariseko Moneta Gorteak bereziki, erabateko haserrea garatu zuen eta puntzoi eta matritzeak lantzeko kontseiluak emandako aginduaren ostean, ekainak 15.an, kexa gogorrak aurkeztu zizkion erregeari, erakunde honen historian aurretik ikusi gabekoak. Kexa hauen edukia erabat interesgarria da eta garaiko ikuspegi zentralizatzailearen ispilu erabatekoa dira. Hona hemen Parisko Moneta Gorteak auzkezutako keixak:

  1. Moneta Gorteak jurisdikzio unibertsala dauka, eta bere jurisdikzioa ez da soilik erresumara hedatzen, baita erregearen obedientziapean dauden herrialde, lur eta jaurerrietara ere. Aurreko erregeek nahi izan zuten unibertsaltasun hau, populazio osoaren ongizatearekin eta merkataritzaren beharrekin bat bait dator.
  2. Aurrekarietan, “Burujabe” izandako probintzia bat Frantziako Koroari atxikitzen zitzaion bakoitzean, Moneta Gortearen jurisdikziopean jartzen zen.
  3. Bretainia, Probentza, Dofinatua, Normandia edo Borgoina baino garrantzitsuagoa ez den Biarnok izan nahi du salbuespen bakarra.
  4. 1645eko ediktuaz geroztik, Moneta Gorteak etengabeko ahaleginak egin ditu Biarno eta Nafarroako txanponetxeak Frantziako zuzenbidearen menpean jartzen; Henrike IV.aren erregealditik aurrera, etengabeko nahasmenak eragin dituzte Nafarroa eta Biarnoko txanponek. Aurrekoaren adibide ezinobea Dunkerke hiria erosteagatik ingelesei egindako ordainketa izan da. Moneta Gortearen kexaren ondoren, Errege Kontseiluak Nafarroa eta Biarnoko txanponen zirkulazioa eragotzi eta txanponketa kontuak Parisera ekartzeko agindua eman zuen.
  5. Genisseau-ri emandako alokairu-kontratuari esker, erresumako txanponetxeen kopurua seira murriztuko zenaren itsaropena zuen Txanpon Gorteak, Pau, Morlaas eta Donapaleuko txanponetxeak betiko itxiko zirela. Pauko txanponetxea berriro irekitzea erabaki izana deitoratzen du Moneta Gorteak eta lurralde haietako Kontu Ganbarari erabakia jakinarazi izana. Beldur da horrek zerga-biltzailearen emaria murriztuko duen.
  6. Paueko txanponetxea alferrikakoa da. Baionakoarekin lehian dabil beti ere, eta eskualdeak duen beharretarako Baionakoa nahikoa omen da. Moneta Gorteak eskatzen duenez, Paueko txanponetxea berriro irekiz gero, aurrerantzean bere eskumenenpean egon beharko litzateke, Nafarroako Kontu Ganbararenearen ordez.
  7. eta 8. Moneta Gorteak erresumaren oparotasunaren oinarria den batasun beharra azpimarratzen du, non batasun hori, txanpon egitura mailan ere isladatu behar den; erresuma guztian txanpon berberak zirkulatu behar dute, arau eta epaile berberei lotuta, eta arau eta epaile hauek Moneta Gortean izan behar dute eserlekua. Printzipio hau beti bete izan dute aurreko errege guztiek, Frantzisko I.a abiapuntu izanik.
  8. eta 10. Monetari buruzko erantzunkizuna ez da lan erraza. Gaitasun frogatua behar da, eta gaitasun hau ezin da egun batetik bestera eskuratu. Horregatik sortu zen Moneta Gortea, jurisdikzio subirano, bakar eta espezializatu gisa, eta bere kideek ezin dute txanpon gortearen esku dauden funtzioez gain beste funtziorik bete. Nafarroako Kontuen Ganbarak, zeinen kideek beste jarduera batzuetan ibiltzen diren eta moneta-gaiekin noizean behin bakarrik aritzen diren, ezin ditu berme berdinak eskaini. Nafarroan eta Biarnon gertatutako iruzurrak eta gehiegikeriak dira ondorioa.
  9. Moneta aniztasuna nahasmen iturria da, txanponen arloan zenbait Parlamentuk esku hartu izanaren ondorioa. Moneta Gorteak erregeari gogorarazten dizkio gai honi buruz egindako kexak, erregearen 1650eko abendu eta 1652ko martxoko txanponei inguruko aginduaren jatorrian egon zirenak.
  10. Bide batez, azkenik, Moneta Gorteak, frondaren errobolta garaian erregearen alde egin zuela gogorarazten du. Hala ere, berehala nabarmentzen du bere kexak ongizate publikoaren kezkak agintzen dituztela soilik.

Erabat interesgarriak dira moneta gorteak aurkeztutako hamabi puntu hauek eta bere orokorrean aurkeztu nahi izan ditut, gaur egunean oraindik lehian dabiltzan joera bateratzaile eta deszentralizatuen arteko talka eta argumentu banaketa erakusten bait du. Gure eskualdetako biztanleei horrelakoak aspaldidanik esanda zizkioten.

Pariseko Moneta Gorteak, errege kontseiluaren hasierako erabakietan oinarrituz, Nafarroa eta Biarnoko txanpon ekoizpen autonomiarekin akabatu zuela uste zuen, baina Paueko txanponetxea birrirekitzeko erabaki honek zeharo zapuztu zituen bere itxaropenak eta erabateko haserre eta amorrua piztu zion. Hala ere, erregeak ez zion ajolarik egin aurkeztutako azken kexu hauei. Denborak aldatuz ziohazten eta errege kontseilua boterea pilatzen ari zen Moneta Gortearen kaltetan. Kasu honetan, men egitea baina ez zitzaion tokatu Moneta Gorteari.

Biarnoko txanpon berriei zegokien puntzoi eta matritzeen lanketarako emandako agindua oroiterazi behar izan zion errege kontseiluak Jean Warin-i 1663. urteko azaroak 9an. Kasu honetan, Warin-ek azkar obeditu zuen, eta puntzoi eta matritze berriak medio, urte bukaera baino lehen, 60 sueldotako zilarrezko txanpon berriak hasi ziren lantzen Paueko txanponetxean.

Pauen landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Usatortola) FR.ET.NA.RE DB (Usatortola txanponetxeburuaren ezaugarria da, baina honen izena ezazaguna da, agian Louis Allerie)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1663 (Erbitxakurra) (Erbitxakurra Jacques de Soubiran grabatzailea)

1663. urtea – Paueko txanponetxearen birrekieraren ondoren, azaro eta abendu artean landutako lehenengo txanponetakoa.

Münzenhandlung Harald Möller, Auction 83, Lot 1079 21.05.2024

Txanpon berri hauek erregearen bustu gazte berria zuten, ez zuten jadanik aurreko ume erretratua. Biarno eta Nafarroako armarriak erakusten dituzte oraindik ere, baita DB (Dominus Bearnie) tituloa ere. Hala ere, lurralde hauek zeukaten txanpongintza ezaugarri propio bat galdu zen. Txanponetxeburua letra baten bidez izendatu ohi zen Biarno eta Nafarroako txanponetxeetan. Jokaera hau erabat debekatua zen Frantzian, non letra izkiek txanponetxearen hiria izendatzen zuten. Txanpon berriek, sinbolo bidez (usatortola kasu honetan) izendatzen zuten txanpoetxeburua, baina ez zen txanponetxe hiria izendatzen zuen letrarik, ifrentzu alderko armarri desberdinduak eta aurki aldeko DB textuak erabat izendatzen bait zituen Pau-ko lanketak.

Aspaldiko gatazkaren beste alderdian, Biarnotar eta nafar agintariek Morlaas eta Donapaleuko txanponetxeen birrekiera eskatzen jarraitu zuten behin eta berriro. Eskaera horien barne, azkenekoz 1643. urtean Morlaas-en landutako tokiko kobrezko baketa txanpon txikien lanketa eskatzeraino iritsi ziren.

Eskaera guzti hauen gehiengoari ez zitzaion kasurik egingo, hala nola Morlaas-eko txanponetxea ez zen inoiz gehiago irekiko, Paueko txanponetxeak berak lehiakide bezala ikusten bait zuen, baina eskaera hauetako batek arrakasta izan zuen.

1663. urteko azaroak 10.an, Paueko txanponetxearen birrirekiera agindutik zortzi hilabate pasata zirenean, errege kontseiluak Donapaleuko txanponetxeraren birrikiera onartu eta agindu zuen. Kasu honetan, birrikiera txalotu zuten Paueko agintariek, Donapaleuko txanponetxea ez bait zen Pauetik horren gertu, baina Baionako txanponetxeari, betiko txanponetxe etsaiari, konkurrentzia ederra egiten bait zion zilar lehengaia erakartzeko garaian.

Donapaleuko txanpon lanketa jarduera hau Paueko txanponetxe jardueraren baldintza berdinpean eman beharko zen, Genisseau arduradunaren kontratuaren egiturapean. Aldi berean, Donapaleuko txanponetxeari zuzendutako puntzoi eta matritze berrien lanketa agindu zion Jean Warin grabatzaileari.

Honakoan ere, Donapaleuko txanponetxea ez zen berehala birrireki, Nafarroako parlamentuak 1664. urteko maiatzean erregistratu zuen errege kontseiluaren agindua. Horrenbestez, ez zen Donapaleun 1663. urtean inongo alerik landu eta lehen aleen lanketa 1664. urtean jazo zen, bigarren erdialdean ziur aski, matritze edo puntzoiak iritsi ondoren.

Donapaleuko txanponetxearen birrirekitzearen ondoren, 60 sueldotako zilarrezko txanpon handi eta ederrak landu ziren soilik, ez ziren zilarrezko txanpon txikiagoak ( 1652 eta 1662. urteen artean landutako 30 sueldo, 15 sueldo edo 5 sueldotakoak adibidez) edo urrezkoak landu. Txanponetxe nafarraren azken zortzi lanketa urteetan 60 sueldotako zilarrezko txanponak landu ziren soilik.

Baina iritsi al ziren 60 sueldotako txanponketa hauek behar zituzten matritze eta puntzoiak Donapaleura? Normalean, honakoa izan beharko luke jardunbide ohizkoa… matritze eta puntzoiak txanponetxera iritsi ondoren, tokiko grabatzaileak txanponketa trokelak sortuko lituzke eta bertan landutako trokel hauekin txanponak landuko lirateke.

Baina gaur egunetaraino iritsi zaizkigun 1664 eta 1665 urteetako Donapaleuko txanpon bakanei begiratu ezkero aurkikuntza nabargarri bat egingo dugu:

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 27,06gr – 38mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.RE DB (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1664 (S izki zeharkatua) (Txanponetxeburu ezaugarri ezezaguna, again Genisseau bera)

1664. urtea – Donapaleuko txanponetxearen birrirekieraren ondoren, 1664. urtean landutako lehenengo txanponetakoa

CGB Live auction Septembre 2024 24 septembre 2024

Ale hau Christian Charlet Bildumaren barne izan zen

Lehen lanketa urte honetako (1664) Donapaleuko txanpon guztiek DB (Dominus Bearnie), hau da Biarnoko Jaunaren textu eta tituloa agertzen dute. Titulo hau Biarnoko txanponetxeetan landutako aleetan agertzen zen historikoki, Morlaas eta Pauen landutako aleetan, baina ez Donapaleukoetan, honako hau Nafarroako erresumaren txanponetxea bait zen eta honek ez zuen Biarnoko sobiranoaren aipamenik egiten.

Txanponen lanketa ezaugarri historiko hauek erabat ezagunak ziren tokiko grabatzaile ororentzat. Nola azal daiteke ondorioz, Donapaleun 1664. urtean landutako txanpon guztiek eta neurri batean 1665.ean landutakoek ere azaltzen duten DB textu hori?

Donapaleuko txanpon hauek lantzeko erabilitako trokelak ez ziren bertako edo Biarnoko grabatzaile baten lanketa izan. Eskualde hauetako grabatzaile batek ez luke horrelako akatsik egingo. Bi lehen urte hauetako Donapaleuko txanponen errege irudia, Pauekoen berbera da. Pauek puntzoi eta matzitzeak Paristik jaso zituen, Jean Warin grabatzaile nagusiaren lanetxetik. Urte hauetan ba zen Jean Warin Frantziako grabatzaile orokorraren ondoan laguntzaile gisa, baita Parisko txanponetxean lan egiten zuen grabatzaile bat. Haren izena Jean-Baptiste Dufour zen eta dorretxe bat zuen ezaugarri bezala. Garai honetako Donapeleuko txanponek dorretxe bat aurkezten dute aurki aldean.

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 26,95gr

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.RE DB (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1664 (S izki zeharkatua) (Txanponetxeburu ezaugarri ezezaguna, again Genisseau bera)

1664. urtea – Donapaleuko txanponetxearen birrirekieraren ondoren, 1664. urtean landutako lehenengo txanponetakoa

Frantziako Biblioteka Nazionalaren Alea (BNF)

Jean-Baptiste Dufour grabatzaileak, Jean Warin nagusiaren aginduz, Donapaleuko txanponetxeari zuzendutako ez matritze eta puntzoiak, baizik eta trokel osoak landu zituenaren ideia aurkeztu da azken urteotan. Tokiko ohituren ezagutzarik gabe, eta agian, aurreko urtean Pauen landutako txanponen bat eredu bezala erabiliz, DB textua zuten txanpongintza trokelak sortu zituen Donapaleuko txanponetxearentzat, bere akatsaz konturatu gabe.

Parisetik etorritako trokel hauek erabiliz bertako zilarra lantzeari ekin zion Donapaleuko txanponetxeak 1664. urtean. Txanpon hauek duten beste berezitasuna, txanponetxeburuaren ezaugarria da. Grabatzaileren ezaugarri bezala hartu dugun dorretxeaz gain, S zeharkatu bat ere agertzen da ifrentzu aldean. Ezaugarri hau txanponetxeburuari legokio, baina zoritxarrez ez dugu urten hauetan, Donapaleun txanponetxeburu izan zen pertsonaren izenik edo bestelako daturik. Horrenbestez, S zeharkatu hori, Frantziako txanponetxeen alokairu orokorra zuen Genisseau beraren ikurra zela espekulatu ohi izan da. Bai 1664 eta bai 1665 urteetan Donapaleun landutako txanponen grabatzaile eta txanponetxeburu ezaugarriak egonkorrak dira (salbuespen txikitxo bat dago gero ikusiko dugunez). Claude Thomas, 1666. urteko otsailean Frantziako txanponetxeen alokairu orokorraren arduradun berria egin zutenean amaitzen da ezaugarri berezi hauen agerrera. Baina 1666. urteko ale ezagunik ez dugu Donapaleuko txanponetxearen kasuan, 1667, urteraino itxaron behar dugu.

Birrirekieraren ondorengo lehen edo bigarren lanketa urte hauetan landutako txanpon kopurua ezezaguna da, ez zen oso handia izango, gure egunetaraino iritsitako urte bakoitzari dagokion ale kopuru ezaguna, ziurrenik hamarretik beherakoa bait da.

Honelako ale kopuru txikiarekin, hona hemen nik orainarte aurkitu ditudanak, lehenago aurkeztutako biez gain.

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 26,99gr – 39 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.RE DB (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1664 (S izki zeharkatua) (Txanponetxeburu ezaugarri ezezaguna, again Genisseau bera)

1664. urtea – Ale honek soldatze aztarnak aurkezten ditu erregearen irudi eta dorretxearen gainean

CGB Live auction Septembre 2024 24 septembre 2024

Ale hau Christian Charlet Bildumaren barne izan zen

Nik Orainarte ezegutzen dudan 1664. urteko laugarren eta azken alea honako hau da (hale ere Christian Charlet adituak, 5 ale ezagutzen zituela baieztatzen zuen 1997 urtean):

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 26,94gr

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.RE DB (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1664 (S izki zeharkatua) (Txanponetxeburu ezaugarri ezezaguna, again Genisseau bera)

1664. urtea – Donapaleuko txanponetxearen birrirekieraren ondoren landutako lehen aleetako bat

Patrick Guillard Collection, E-Auction 9-Lot 146 November 11, 2024

Ale guzti hauetan, txanponketa kalitate hobea nabaritu daiteke ifrentzu aldeetan, aurki aldeek irudien sakontasun eta definizio falta aurkezten duten bitartean. Ifrentzu aldeko trokela, bolantearen elementu mugikorrean eta aurki aldekoa bolantearen elemendu finkoan muntatzen zirela ondorioztatu dezakegu. Era berean, doitze marra ezerosoak aurkezten dituzte ale askok, ifrentzu aldean batez ere. Doitze marra hauen arrazoi eta eragilea ez da erabat ezaguna niretzat behintzat; batzuek zilar pisua doitzearren eginiko marrak direla esaten dute, besteek entsegu eta kalitate kontrolean eragindakoak…laminazio prozesuan sortutakoak ez dirudite behintzat, kospela txanpondu eta ondoren egindako marrak bait dirudite.

Zer gertatu zen hurrengo urtean? Zer kontatu diezakegute 1665. urtean landutako txanponek?

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 27,25gr – 40,6mm diametroa – 4250€ errematea

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.RE DB (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1665 (S izki zeharkatua) (Txanponetxeburu ezaugarri ezezaguna, again Genisseau bera)

1665. urtea – Aurreko urtean hasitako txanponen patroi berbera mantentzen duten aleetako bat

De Baeque Marseille March 2025 Auction Lot 432 20.03.2025

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 26,86gr – 39,2mm diametroa – 4950€ errematea

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.RE DB (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1665 (S izki zeharkatua) (Txanponetxeburu ezaugarri ezezaguna, again Genisseau bera)

1665. urtea – Aurreko urtean hasitako txanponen patroi berbera mantentzen duten aleetako bat

Galerie des monnaies Lot 1490 14.02.2017

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 27,14gr – 39,5mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.RE DB (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1665 (S izki zeharkatua) (Txanponetxeburu ezaugarri ezezaguna, again Genisseau bera)

1665. urtea – Aurreko urtean hasitako txanponen patroi berbera mantentzen duten aleetako bat

MDC Monaco Auction 15 Lot 796 23-24 Oct 2024

Aurkeztutako lehen hiru ale hauek aurreko urtean landutakoen patroi berbera jarraitzen dute, DB (Dominus Bearnie) tituloa agertzen dute, dorretxe eta S zeharkatuaren ezaugarriekin batera. Urtearen adierazgarria, 1665. garrena da noski, 1664. urtearen ondorengo lanketa urtearena. Ale hauen lanketan erabilitako trokelak, aurreko urtean landutakoen ezaugarri berberak dituzte; honek, Parisetik etorritakoak direnaren ustea bermatuko liguke.

Baina orain, ondorengo ale hauei begiratu behar diegu. Lehena Pariseko Biblioteka Nazionalean izan da beti, eta orain gutxirarte 1666. urtean landutako ale ezagun bakarra zelakoaren ustean ginen denok.

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 26,68gr

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.REX (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1666/1665 (S izki zeharkatua) (1666 urtea dirudien arren 1665 urtea da berez)

1665. urtea – DB tituloaren ordez REX latinezko hitz osoa agertzen duen alea

Frantziako Biblioteka Nazionala

Baina 2001 urtean enkante batean saldutako ale batek, sarrera honen azkenaldera ikusiko dugun aleak, hipotesi berri bat pentsarazi zion Christian Charlet adituari. Hipotesi honen frogatze prozesuan, Charlet-ek Frantziako Biblioteka Nazionalean gordetako alea aztertu zuen berriro ere. Azterketa sakonago baten ondoren, urtearen azken zenbaki izkia, sei bat zenaren ustea genuena, egiazki metal soberakinez betetako bost bat zela ondorioztatu zuen. Horrenbestez, ale horri 1665. urteko Donapaleuko langintza zegokiola ikasi zuen.

Orain dela gutxi enkantean ikusitako ondorengo ale honek, Christian Charlet adituaren iritzia indartu dit. Christian beraren bildumaren parte izandakoa omen da ale hau:

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 27,22gr – 39 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII.D.G (Dorretxea) FR.ET.NA.REX (Dorretxea grabatzailearen ezaugarria da, agian Jean-Baptiste Dufour izan daiteke)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1665 (S izki zeharkatua) (1665 urtea argi eta garbi)

1665. urtea – DB tituloaren ordez REX latinezko hitz osoa agertzen duen alea

CGB Live auction Juin 2025 03 juin 2025

Urte horretan, 1665.ean landutako txanpon aleak Genisseau-ren kontratupean landutako Donapaleuko azken txanponak dira. Hurrengo urtean, hau da 1666. urteko urtarrilak 28.an Genisseau-ren kontratu orokorra eten zuen errege kontseiluak. Ez dago 1666. urteari dagokion Donapaleuko txanponen arrastorik, eta kontratu berria jaso zuen Claude Thomas arduradun orokorraren agindupean lan egingo zuen Jean D’Armagnan txanponetxeburu berriarenpean landutako aleak 1667. urtearen ezaugarria dute lehenengoz.

Baina hori gertatu baino lehen badira 1665. urtea agertzen duten beste bi ale esanguratsu. Bigarren alearen argazkia Francesco Pastrone (Editions Gadoury) adituak helarazi zion Christian Charlet-i 2000 urtean (ale honen argazkirik ez dut momentuz). Lehen alea, 2001 urtean irten zen enkantean eta ondoren agertzen den hau da.

Bi ale hauen agerrerak, 1664 eta 1666. urteen artean Donapaleuko txanponketek izan zuten garapenari buruz Charlet-en zuen aurre-iritzia aldatu zuen. Aurrez adierazi bezala, Parisko Biblioteka Nazionalaren alea birraztertu ondoren, hari ez zegokiola 1666. urtea ikasi zuen.

Era berean, aurreko 1664. urtean landutako aleen DB patroi berbera jarraitzen duten 1665. urteko aleak, kronologikoki lehenik landutakoak zirela berretsi zuen. Hauen ondoren, RE eta DB tituloaren ordez, REX textu osoa agertzen dutenak etorriko lirateke, aurreko argazkietan erakutsitakoak.

Horrek zera frogatuko luke, Parisko grabatzaileak egindako akatsaren berri izan zuen 1665. urtean zehar eta trokel berriak edo hobe esanda, ziuraski matritze eta puntzoi berriak prestatu zituen Donapaleuko txanponetxearentzat. Lanabes berri hauekin REX izendapen zuzena zuten aleak landu zituzten.

Baina nola azaldu dezakegu orduan azken ale honen itxura?

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 27,06gr

Aurkia: LVD.XIIII. D.G.D FR.ET.NA.REX (Dorretxearen ordez D izkia, agian Jean-Baptiste Dufour izendatu lezake)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1665 A (S izki zeharkatuaren ordez A izkia. A izkia Parisko txanponetxearen ezaugarria da) (1665 urtearen 5 zenbakia aurreko hamarkadan landutako Donapaleuko txanponena da)

1665. urtea – DB tituloaren ordez REX latinezko hitz osoa agerten duen alea

Vente A. Weil, Paris-Drouot, Lot 183 Mars 27 2001

Azken ale honek eta lehenago aipatutako 2000. urteko beste ale modukoak, hiru berezitasun nabarmen aurkezten dituzte.

  1. Grabatzailearen ezaugarri oizkoa den dorrearen ordez D izkia agertzen dute, agian berriro ere Jean Baptiste Dufour gabatzailearen berri ematen duena?
  2. Txanponetxeburuaren S izki zeharkatuaren ordez A izkia agertzen dute. Frantziako erresumaren izki sistemaren arabera A izkiak Paris-ko txanponetxeburua izendatzen zuen.
  3. 1665 urtearen 5 zenbakiaren lanketa modua, aurreko hamarkadan Donapaleun bertan, bertako grabatzaileek erabilitako 5 zenbakiaren puntzoien modukoa da. Ikus ezazue honako alea adibidez.

A close-up of a coin AI-generated content may be incorrect.

Donapaleun landutako Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko ezkutu osoa – 27,24gr, 39,5 mm diametroa

Aurkia: LVD.XIIII. D.G… FR.ET.NA.REX (V Izkia, Jean Verdoye txanponetxeburua)

Ifrentzua: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. 1655 (Bihotza) (Bihotza Simon d’Armagnac grabatzailea)

CGB.fr, Live Auction September 2023, Lot 847824 05.09.2023

Zer gertaerak sorrerazi zuen bi ale hauen lanketa? Kronologiari dagokionez, 1665. urtean zehar landutako txanponen azken eredua direla onartzen badugu, momenturen batean dorretxea, S izki zeharkatua eta 5 zenbakiaren irudia trokeletan sortzen zuten puntzoiak matsuratu egin zirela esan dezakegu. Agian, 5 zenbakia sorrerazten zuen puntzoia matsuratu zen bakarrik (eta Parisko Frantziako Biblioteka Nazionaleko alea izango litzateke gertaera horren lekuko), baina legezko trokelen diseinua aldatzen ari ziren moduan, txanponetxeburuaren eta grabatzailearen irudiak aldatzea erabaki zuten Donapaleuko langileak. Langile hauek landu beharreko zilar soberakina izango zuten agian oraindik ere eta bertako puntzoi zaharrez baliatu ziren azken trokel pare erabilgarri bat lantzeko. Trokel pare hauekin, ezagutzen ditugun bi ale hauek bezalakoez osatutako azken txanpon lanketa bat egin zuten. Azken lanketa honen txanponek 1665. urtea izan zuten ale guztietan eta horregatik ez dago 1666. urtea aurkezten duten inongo aleren arrastorik.

D izki txiki horrek Jean Baptiste Dufoir grabatzailea izendatzen jarraitu nahiko luke, A izkiak berriz, agian Parisetik ekarritako puntzoi eta matrizeak aipatu nahiko lituzke, nork daki. Baina agian ere posible da D eta A izki horiek Jean D’armaignan txanponetxeburuarenak izatea, D’armaignan hau izango bait da 1666. urtearen azkenaldera, txanponketak berriro hasiko dituenak Claude Thomas-en agindupean, orduan bihotz baten ezaugarria erabiliz.

Sarrera honetan, ezagutzen ditudan 1664 eta 1665 urteetako Donapaleuko txanpon ale guztiak erakutsi ditut. Gutxi batzuren noranahi edo argazkirik ez dut oraindik ere, baina zera esan dezakegu.

Bi lanketa urte hauetako txanponketa konturik iritsi ez bazaigu ere, gure egunetaraino iritsi diren txanponen kopurua oso mugatua da. Ziurrenik ere, urte bakoitzari dagozkion ale kopuru ezaguna hamar baino gutxiagokoa litzateke, eta ondorioz, ale hauetako bat duen orok, zorionekotzat hartu beharko luke bere burua.

Bibliografia:

Les monnaies béarnaises de Louis XIV (I) – Christian Charlet – 2012 – link

Les monnaies béarnaises de Louis XIV (II) – Christian Charlet – 2014 – link

Fermeture et réouverture des monnaies de Navarre et Béarn en 1662-1663 – Fernand Arbez, Christian Charlet – 1997 – link

Fantaisies béarnaises à Saint-Palais au temps de Colbert – BSFN, 2007 – Christian Charlet –  link

The Silver Crowns of France, 1641-1973 – George Sobin Jr, 1974

Les frappes monétaires en Béarn et Basse-Navarre d’après les comptes conservés aux Archives départementales des Basses-Pyrénées – Francoise Dumas – 1959 –  link

 

Utzi iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Euskara