Baionako Txanponetxeari begirada – 1. atala, Mailua kolpez kolpe

Gaur egungo euskal lurraldeetan izandako txanponetxe emankor eta oparoena Baionako txanponetxea izan zen. XVI eta XVII. mendeetan zehar, Nafarroako erresumaren txanpongintzaren garrantzia eta oparutasuna txikiagotzen zen bitartean (bietan bai Nafarroa Garaian eta bai Behenafarroan), Baiona Frantziako txanponetxe garrantzitsuenetakoa izatera iritsi zen. Hala ere, Baionako txanponketak frantziar erregeen agintepean eta izenpean egin ziren einean, Nafar txanpongintzak baino arreta eta jakin-min murritzagoa sorrerazten du euskaldunen artean.

Baionako txanponetxearen sorkuntzari begirada bat eman nahi izan ezkero, erdiaroan Lapurdik izandako bilakaera historikoa berrikusi behar dugu. Baionaren erroak k.o. IV mendean Errobi eta Aturri ibaien bateragunean sortutako Lapurdum izeneko Castrum erromatarrean bilatu daitezke. Antso III. nagusia Nafarroako erregeak sortu zuen Lapurdiko Bizkonterria 1023an eta bere lehengusu zen Lupo Antso izan zuen lehenengo jauna. Baiona zen Bizkonterriaren hiriburu eta Bizkontea han bizi ohi zen. Baina berehala eta pixkanaka pixkanaka bizkonterria Nafarroako erresumatik at, Akitaniako Dukerriaren eraginpean murgiltzen hasi zen.

King Richard I, aka Richard the Lionheart. (Photo by Fine Art Images/Heritage Images/Getty Images)

Rikardo Lehoi Bihotzaren irudia, Nafarroako Berengela-rekin senartua – Baiona Lapurdiko Bizkonterritik banandu eta Plantagenetarren Koroaren agintepean jarri zuen

Akitaniako Eleonorrekin 1152.an ezkondu ondoren, Ingalaterrako Henrike II erregea jaso zuen Duke berri bezala Akitaniako Dukerriak. Bertrand Lapurdiko bizkonteak, 1167. urtetik aurrera Dukerriari eta agintari berriei aurka egin zien eta Eleonorren semeak, Rikardo Lehoi Bihotzak, erreboltarien aurka egin zuen. Rikardo Lehoi Bihotzak, 1177.urtean Baiona Lapurdiko Bizkonterriaren lurretatik banandu zuen eta koroaren beraren gain jarri zuen (Lapurdiko hiriburu berria Uztaritz bilakatu zen). Rikardo eta bere ondorengoek merkataritza pribilegio ugari eman zizkioten Baionako hiriari. Itsas kokapen babestuaz baliatuz, Baionako itsasontziak Bizkaioko golkoaren eta Ingalaterra eta Normandiako lurraldeen arteko merkataritza garrioak bilakatu ziren. Besta gauza askoren artean, Bordeleko ardoak, tinteak egiteko landareak, elikagaiak edo erretxina garraiotzen zuten baiondarrek iparraldera. Aldi berean, Dukerriaren hegoaldeko mugan kokatutako hiri gotortu eta estrategikoa bihurtu ziren.

Baionako Katedralean aurki daitekeen errege zigilu ingelesa – Daniel Villafruela – Wikipedia

Lapurdiko Bizkonterri osoa Akitaniako Dukearen menpe geratu zen 1193. urtean eta zenbait urte beranduago, 1200. urtean, Gipuzkoako lurraldeek Gaztelako koroarekin bat egin zutenean, beste gertaera funtsezkoa jazo zen Nafarroakoarentzat. Erresumak, itsasorainoko irteera eta beraz itsas portu ororen jabetza galdu zuen. Hemendik aurrera, Gaztelarekin zeuden ikamika bukaezinen ondorioz eta Nafarroako eta Ingalaterrako erresumen arteko aliantza egonkorraren ondorioz, Baiona bihurtu zen Nafarroako erresumaren itsas portu gunea, Donostia eta Hondarrabiren ordez.

Joan Lurgabeak, Akitaniako Duke eta Ingalaterrako erregeak, hiri forua eman zion Baionari 1215 urtean, etorkizunean inongo Jauntxo feudalen menpetzatik askatuz. Mende berdinean, gaur egungo Santa Maria katedrale gotikoaren lanak hasi ziren, aurreko tenplu erromanikoaren orube berdinean. Baiona, XI. mendetik aurrera apezpikutza egoitza garrantzitsua bihurtua zen dagoeneko.

Baionako Katedralaren argazkia, klaustro aldetik artua – Pinpin – Wikipedia

Ingelesen agintepean, hazkuntza nabarmena izan zuen hiriak hurrengo mendeetan, bai merkataritza eta bai garapen militarrari esker. Ontziolek, eta hauetatik sortutako itsasontziek, merkataritzatik, arrantzatik eta baita itsaslapurretetatik sortutako irabaziak ekartzen zituzten portura. Garai hauetan, eta inguruko lurralde lapurtarretatik bereizia izan ondoren, Baionak bere izaera eta nortasun berezkoa garatu zuen. Hizkuntza aldetik adibidez, hiriak gaskoitarrez hitz egiten zuen ein handi batean. Gaskoiera XX. mendearen hasierararte hizkuntz hedatua izan da Baionan, gaur egunean sinestezina dirudien arren. Hemen ere euskara, zerbitzarien, nekazarien eta jende arruntaren mintzaira bezala ikusia zen.

Akitaniako Dukerriaren eta Ingalaterrako koroaren barruan zuen garrantzi estrategiko honek, Baiona ehun urtetako gerratearen barnean erabat korapilatu zuen. Eta hara non ikusiko ditugun gaztelarrak, Frantziako erregearekin elkarturik, Trastamarako Henrike II. erregea 20.000 gudariren buru, 1374. urtean hiria sitiatzen. Ziur aski, hegoaldeko gipuzkoar, bizkaitar eta arabar ugari izango zen harresietatik kanpo sitio horretan, eta lapurdar, xuberotar eta nafar ugari harrisietan gain. Momentu honetan, euskaldunen arteko guda bilakatu bait zen ehun urtetako gerratea, bertan barne ziren beste herri askoren artekoez gain noski. Sitioak porrot egin eta gaztelarrak hegoaldera itzuli beharrean izan ziren.

Eduardo III erregeak, Eduardo Printze beltza Akitaniako Printze izendatu zueneko eskuizkribuaren irudia – British Library – 1390 urte aldera

Ain zuzen ere, gerrate honetan barne, hiriaren loialtasuna eskertu nahi izan zuen Eduardo III. (1327 – 1377) Ingalaterrako erregeak eta hamar urteko denboraldian zehar, txanpona lantzeko eskubidea eman zion hiriari. Txanpongintzaren etekinak, harresien hobetze eta mantentze lanetan erabili beharko ziren. Honako hau dugu, txanpongintzari buruzko lehen erreferentzia Baionan. Hala ere, nik behintzat, ez dut garai hauetako txanpon baiondarren arrastorik aurkitu.

ED-WARDx DEIx GRAx REXx AnGLx DnSx hYBx ACQ-A’ – Eduardo Jainkoaren graziari esker Ingalaterrako errege, Irlandako eta Akitaniako Jauna – Londoneko txanponetxea (1361-1369 artean)

+ Ih’Cx AVTEmx TRAnsIEnSx PERx mEDIVx ILLORVmx IBAT – Baina Jesusek, haien artetik igarota, bere bidea jarraitzen du – Lukas-en ebanjelioa IV, 30 – Cgb Enkantetxea

Eduardo Printze beltzaren heriotzaren inguruko garaietan (1376. urtea), ehun urtetako gerratearen barnean, kinka larrian ibili ziren Ingelesak. Frantziako erresumaren barnean izandako lurralde guztietatik, Bordel, Calais eta Baionako hiriak baino ez zituzten eusten beraien eskuetan.

Hala ere, indarrez berrekin zioten gerrateari XV. mendearen lehenengo hamarkadaren ondoren eta Henrike VI.a Ingalaterrako erregea Frantziako koroa lortzekotan izan zen arren, Joana Arc-ekoaren bultzadari esker, frantziar erregetxea nagusitu zen 1453. urtean, Bordeleko hiria menperatu ondoren.

Hau baino bi urte lehenago, 1451. urteko abuztuaren 20.an Baionako hiriak frantziar gudarosteari amore eman zion eta 300 bat urtetako jabetza ingelesari amaiera eman zion. Ez zen txikizio edo hildako gehiegirik izan, gotzainak frantziar buruzagiekin tratua egitearen onurak hiritarrei sinisterazi ondoren. 40.000 urrezko ezkuturen dirusariak, merkataritza loturen etenak eta Aturri ibaiohearen beteratzeak krisi ekonomikoa ekarri zion hiriari, mendealde bukaera eta XVI. mendearen hasieran.

Baina era berean, hiria berpizkunde berri baterako gertatzen ari zen. Gaztela, Aragoi, Portugal eta azken urratsean Nafarroako erresumatik erbesteratutako juduek, han aurkitu zuten babesa eta bizi berria. Besteen artean juduen ekipenez, txokolatearen langintzarengatik ospetsua egingo zen hiria hurrengo mendeetan. Frantziako erresumaren hegoaldeko mugaren gotorleku, 1578.an Aturri ibaia berriro ere bideratu eta hiriak itsasorako ateragune egokia berreskuratu ondoren, Baiona gune merkatari, militar eta arrantzale bezala indartu zen berriro ere.

Baiona hiriaren marrazkia 1570 eta 1578 urteen artean – Santizpirit auzunetik ikusita. Aurrealdean Aturri ibaia eta Baiona Ttipia auzoa. Atzealdean Baiona Handia, Katedrala barne eta Errobi Ibaia

Merkataritzaren berpizkuntzaren bideratzaile baina era berean seinale, Karlos VIII. Frantziako erregeak, txanpona lantzeko eskubidea igorri zion Baionako hiriari 1490. urtean. Txanponetxe berriaren ezaugarria aingura bat izango zen.

KAROLVS: DEI: GRA: FRANCORVM: REX – Karlos VIII Frantziako erregearen Urrezko Eguzkidun ezkutua – 26,5 mm 3,36 gr

XPS: VINCIT: XPS: REGNAT: ET: IMPERAT (1490 eta 1498 urteen artean) Kristok menperatzen du, Kristok agintzen du eta Kristo nagusitzen da

Aingura nabaria da bai aurrealdean eta bai atzealdean – Baionako lehen aleetako bat

Merkataritza jarduera sendotzen zihoan moduan, atzerriko txanponen ekarpen ugaria zuen hiriak eta Bordeleko txanponetxetik pasa gabe, Baiondarrek atzerriko txanpon eta metalak txanpon berrietan bihurtzeko aukera emango zien txanponetxe bat eskatu zioten erregeari. Baionako lehendabiziko txanponetxea gaur eguneko Orbe kalean (rue Orbe) ireki zen, eta 160 urte inguruz, mailu bidez sortutako, urrezko, zilarrezko eta biloizko txanponak sortu zituen.

LVDOVICVS: DEI: GRACIA: FRANCORV: REX (Aingura) – Luis XII Frantziako erregearen Urrezko arantzurde ezkutua – 26 mm, 3,38 gr

XPS: VINCIT: XPS: REGNAT: XPS: IMPERAT (aingura) Kristok menperatzen du, Kristok agintzen du, Kristo nagusitzen da (1498 eta 1515 urteen artean)

Frantzisko I erregearen agintealdian, eta 1540. urtean izandako moneta erreformaren ondoren, ainguraren ordez L izkiak izendatu beharko zuen Baionako txanponetxea. Egia esan, oraindik ere mende oso batez ikusiko ditugu elkarrekin bai aingura eta bai L izkia.

FRANCISCVS: D: G: FRANCORV: REX: – Frantzisko I Frantziako erregearen Urrezko Eguzkidun ezkutua – Aingura eta L izkiarekin – 3.37 gr

XPS: VINCIT: XPS: REGNAT: XPS: IMPE. – 1541. eta 1547 urteen artean 

HENRICVS.II.DEI.G.FRANCOR.REX.(Aingura).S – Henrike II Frantziako erregearen zilarrezko Testoia – 9.41 gr 30 mm

XPS.VINCIT.XPS.REGNAT.XPS.IMP.1555. Urtea

HENRICVS.III.D.G.FRANCOR.ET.POL.REX.(L) 1579 – Henrike III Frantziako eta Poloniako erregearen zilarrezko Frankoa – 13.78 gr 35 mm

SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM. (Lorea). (Aingura) – Izan bedi Bedeinkatua Jainkoaren Izena

HENRICVS.IIII.D.G.FRANC.E.NAVA.RX.1610 – Henrike IIII Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9.51 gr 28 mm– Monakotik Bilduma

SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.(Aingura).(Oliba).L Izkia – Izan bedi Bedeinkatua Jainkoaren Izena – Oliba, Txanponetxeburu Jeanne DOLLIVET (1605-1610) -ren ezaugarria

Henrike III Nafarroako erregea, Henrike IV Frantziako erregea Revaillac-ek erail zuen Parisen 1610.eko Maiatzak 14.an

LVDOVICVS.XIIII.D.G.FRAN.E.NA.RE.1649 – Luis XIV Frantziako eta Nafarroako erregearen zilarrezko Ezkutu Laurdena – 9.52 gr – 29,5 mm

SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.(Aingura).(B Izkia). L Izkia – B Izkia, Txanponetxeburu Martin de La Borde (1643-1656) -ren ezaugarria

1649. urtea – Baionako txanponetxean mailuz landutako txanponen azken agertaldia

Baionako txanponetxearen garrantzia haunditzen joan zen urte hauen iraganean. Espainietako erresumaren gertutasunak, Indietatako lurraldeetatik zetorren urre eta zilar hornidura merkeaz baliatzea ahalbidetzen zion. Bestaldetik, Baionako txanpondegia Frantziako erresumako „Cour des Monnaies“ txanpongintza erregulatzaile gorenaren agintepean zegoen. Horrenbestez, nolabaiteko fabore-tratua jaso ohi zuen Pau-ko „Cour des Comptes de Navarre“ Behenafarroa eta Biarnoko txanpon auzitegi gorenarekin izan ohi zituen liskarretan.

Izan ere, XVI. mende osoan zehar eta baita XVII. mendean ein batean ere, Biarno eta Behenafarroa lurralde soberanoak ziren, Labrit-Foix eta geroago Borboitarren erregetzapean. Haien txanpongintzak Frantziako txanpongintzaren lege eta pisuak jarraitu arren, Baionako txanponetxetik etorritako entsegutzaile eta txanpon maisuek, Frantziako txanpongintza arauekin izan beharreko parekotasuna egiaztatzen zuten Donapaleu, Morlaas eta Pauko txanponetxeetan. Gainerakoan, txanpon nafar eta biarnotarrek ez zuten balio parekotasun eta erabilera askerik Frantziako erresumako lurraldeetan…

Bibliografia:

LES POIDS MONETAIRES DU MUSEE – Baionako Euskal Museoa – link

BAIONAKO KATEDRALA – wikipedia – link

BAIONA – wikipedia – link

ATELIER DE BAYONNE 1490 – Club Numismatique Liegeois – link

EHUN URTEETAKO GERRA (Lehen Atala) – Paperezko Itsasoa Podcast – link

L’HISTOIRE DU CHOCOLAT DE BAYONNE – Baionoako Txokolate Akademia – link

HISTOIRE DU PORT DE BAYONNE – Baionoako Txokolate Akademia – „L’Adour et le Port de Bayonne“ Liburuaren laburpena – link

HISTORIQUE PORT DE BAYONNE – Baionako portuaren laburpen historikoa – link

BAIONAKO HARRESIEN HISTORIOA – Olivier Ribeton – Fortius Pamplona Bayonne – link

BAIONAKO EUSKAL MUSEOA – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

1 thought on “Baionako Txanponetxeari begirada – 1. atala, Mailua kolpez kolpe”

  1. Rica entrada en HISTORIA. Preciosas Piezas!!! Interesante!. Las monedas acuñadas además de su belleza, son un reflejo del conocimiento/técnica de acuñación en cada momento. Son Arte. Son HISTORIA en un trozo de metal. Saludos.

Utzi erantzuna Roberto(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude