Navarre Shall Be the Wonder of the World

“Navarre shall be the wonder of the world”… hitz hauek Fernando Nafarroako erregearen ahotan jarri zituen Shakespeare idazle ingelesak “Love’s Lavour’s Lost” antzeslanean. Antzeslan hau, 1590. hamarkadaren erdi aldera idatzi zuen Shakespeare-ek, eta Nafarroako erregeari Fernando izena jarri bazion ere, bertan ageri den Nafarroa, Henrike III.aren XVI. mendearen bukaera inguruko Behe-Nafarroaz eta Bearnoz osatutako Nafarroako erresuma da. Aipagarria da ala ere, Shakespeare-k Fernando izena jarri izana Nafarroako erregeari… again humore edo ironia apur batez.

Nolanahi ere, eta salbuespen batzuk badiren arren, XVI. mendeko Nafarroako erresuma ez zen munduaren miraria izatera iritsi, ez behintzat ohizko erreferentzia diren gizarte, ekonomia, zientzia edo politikako arlo gehienetan. Esparru batean hala ere, mundumailako erreferentzia izan zen XVI. mendearen erdialdetik XVII mendearen hasierararte, eta honako esparru hau txanpongintzarena izan zen. Sakondu gaitezen gehiago historio honetan.

Henrike II.aren douzainen atalean ikusi genuenez (link), Joana III. erreginaren aitak, Henrike Zangotzarrrak, Jean Erondelle ekarri zuen Pau-ra 1554.ean, bertako gazteluarean ondoko dorretxean azken teknologiaz hornitutako txanponetxea gauzatzeko asmotan. Baina nor zen Jean Erondelle hau?

Frantziako Hernike II.ak (ez da Nafarrokoarekin nahastu behar) 1551. urte inguruan sortu zuen Paris-en Moulin des Ètuves deitutako txanponetxea. Txanponetxe honek, Marx Schwab zilargin suaboak, Augsburg-en 1550 urte inguruan asmatu zituen medaila prentsa berriak erabili beharko zituen. Xedea, txanponen kalitatea, zilegitasuna eta ertz ebaketaren kontrako osotasuna bermatzen zituen txanpongintza jardunbide berriak erabiltzea zen.

Txanponen kalitatea hobetu asmoz, (bere izenak adierazten duen moduan moulin hitzak errota adierazten bait du), uraren energiaz mugitutako arrabola paraleloek metal laminatzaile moduan lan egiten zuten, eta hauen bidez metal lamina lehun, fin eta zehatzak sortzen ziren. Hainbat alditan igarotzen zituzten metal lamina beroak arreboletan zehar, desiratutako leuntasun, kalitate eta lodiera lortzen zuten arte. Urezko errota bidez indartutako laminatzaileen erabilerari buruz ideia bat lortu nahi izan ezkero, honako bideo hau esanguratsua da link.

XVIII. mendeko Diderot eta d’Alembert-en enziklopedian azaltzen den laminatzaileraren irudia

Bideo honek XVI. mendearen bukaeran sortutako Segovia-ko errege txanponetxearen laminatzaileen funtzionamendua erakusten du. Pau-ko txanponetxeko laminatzaileen erabilera bideoan agertutakoen berdina zen, baina Segovia-n txanponketa arrabola bidez egiten zen bitartean, Pau-ko Nafarroako erresumako txanponetxean beste era batean txanpontzen zen, bolantezko prentsa bidez alegia.

Laminatzaileen bidez sortutako metal lamina hauek, kospel edo txanponbudin zirkularretan bihurtzen ziren makina ebakitzaileen bidez. Laminen ebaketa gauzatutakoan eta kospel edo txanponbudinen ertzak leundu ondoren, pisu kontrolaren eta behar izan ezkero, pisu egokitze edo doitzearen prozesua ematen zen.

Makina ebakitzaileen bidez, metal laminetatik txanponbudin edo kospelen sorketa erakusten duen irudia

Eta azkenik, txanponbudin hauek, bolantezko prentsa berrien bidez, txanpon biribil, zehatz eta ederretan lantzen ziren. Bolantezko prentsa hauen erabileraren ideia bat egin nahi izan ezkero, honako beste bideo hau ere esanguratsua da link

XVIII. mendeko Diderot eta d’Alembert-en enziklopedian azaltzen den bolantezko prentsaren irudia

Bolantezko prentsa handiek, zortzi edo hamabi langiletako kuadrilak izateraino iritsi zitezkeen. Makinak beharrezkoak zituen golpe presioetara iritsi ahal izateko, langile hauek, soken bidez gogor eragiten zioten bolanterari. Bolantearen ardatz horizontalak pisu gehigarriak zituen muturretan, inertziaren bidez golpearen indarra gehitzeko asmotan. Lan gogorra eta nekeza zen, kuadrilak ordu laurdenero txandatzen ziren, atseden apur bat jaso eta txanpongintza lanak kalitatez jarraitu ahal izateko. Eserita zegoen langilearentzat lan arriskutsua zen aldi berean, kospelak jarri eta txanpondutako txanpona atera behar zuenarentzat. Bere kuadrilarekin erabat sinkronizatuta egon beharrean zen sartze eta erretiratze eragiketetan, gainerakoan behatzak edo eskua galtzeko arriskua bait zuen (izan ere istripuak, lanaldi luzeen ondorioz nahi baino maiztasun haundiagoz gertatzen bait ziren). Prozesu honen bidez, gehiengoz hogei bat txanponetako produkzioa lor zitekeen minutuero. Atal honetan noski, txanpon prozesu mekanikoei buruz hitz egin dugu bakarrik, beharrezko galdaketa metalurgiko edo prozesu kimikoetan sartu gabe.

Laburpen bezala, Ètuves-eko Errota txanponetxea txanpongintza prozesu modernoaren jaioera izan zela esan dezakegu. Moulin des Étuves txanponetxearen irekieraren aurretik, mailu bidez egiten ziren txanponak munduko alderdi gehienetan, baita Frantziako, Nafarroako eta Espainietako txanponetxeetan ere. Prozesu berritzaile honek, erabat aurka jarri zituen mailu bidez txanponak lantzen zituzten Frantziako beste txanpon etxeak, Paris-eko beste txanpon etxeak barne, eta ondorioz 1558.an Moulin des Étuves, txanpon berezien, medailen eta jetoien langintzarako baztertzea lortu zuten.

Nafarroako Museoan gordetzen den XVIII. mende bukaera edo XIX. mende hasierako Iruñako Txanponetxeko bolantezko prentsa

Baina data horren aurretik, langile ugari jadanik alde eginak ziren Moulin des Étuves-etik eta alde egin zuten hauetako bat Jean Erondelle izan zen. Dirudienez, Jean Erondelle grabatzaile moduan ibili zen lanean Moulin des Étuves-eko lehenengo hasierako urteetatik. 1552 eta 1554. urteen artean bertako errota txanponetxean lan egin ondoren, Nafarroako Henrike II.a erregearekin tratutan hasi zen. 1554. urtean bertan, Pariseko errota txanponetxea utzi eta hango sekretu guztiekin Pau aldera lekualdatu zen, Nafarroako erregearen zerbitzupean. Egia esan, eta dirudienez, jadanik Paris-en lanean zen bitartean ezkutupean makinak erreplikatzen eta hobetzen ibili zen, garaiko espioitza industrialaren lekuko diren jardueretan.

Jean Erondelle-ek 1555. urtea daramaten lehen entsegu-txanpon nafar datadunak zuzendu zituen. Arrakasta izan zuen bere sahiakeretan eta ondorioz, Pau-ko txanponetxearen lehen oinarriak jarri zituen. Sortutako txanponen artean, urrezko ezkutuak, zilarrezko testoiak eta bilioezko douzainak aurki daitezke.

Jean Erondellen agintepean Pau-ko txanponean sortutako 1555.eko testoi entsegua – 27mm, 9.22gr

+ ANT ET IOAN DEI G RR NA D D B – + GRATIA DEI SVMVS Q D SVMVS

Txanponetxea Pau-ko errege gazteluaren ondoan aurkitzen den dorretxean kokatu zen. Honek errota moduan lan egiten zuen dagoeneko, Ousse ibaitik ekarritako ubideak mugitzen bait zuen bertako errotarria. Ondorioz, uraren bidez indartutako laminatzaile makinen kokapenerako erabat egokia zen. Hiru makina laminatzaile jarri zituzten dorretxean, eta toki gehiegi soberan ez zegoenez, dorretxearen inguruetan eraikuntza gehiago altxatu zituzten. Eraikuntza hauetan, kobre, urre eta zilarraren galdaketa eremuak, hiru bolantezko prentsa zituen txanpongintza lantegia, dirutruke bulegoa, ofizialen bizilekuak, txanpon entsegu eta egokitze lantegiak, eta material edo produktu sarrera eta irteera atalak kokatu ziren.

Hemen kokatu ziren Jean Erondelle-k ekarritako hiru laminatzaileak, magalean somatu daitekeen ubidearen indarrez eragindakoak (atzean Pau-ko errege gaztelua) – Wikipedia irudia

Baina Erondelle grabatzailea zen eta ziur aski arazoak izan zituen entsegu kopuruetatik areago, txanponerrota txanpon produkzio lantegi sendo eta fidagarri batean bihurtzeko orduan. Eta bigarren pauso hau eman ahal izateko, Etienne Bergeron-en laguntza jaso behar izan zuen.

Etienne Bergeron, Moulin de Étuves-eko txanponetxeburua izan zen 1553 eta 1558. urteen artean, eta denboraldi horretan, txanponetxe berriaren eraginkortasuna eta produktibitatea erabat hobetu zituen.

Etienne Bergeron-en zuzendaritzapean landutako Henrike II.a Frantziako erregearen testoia – Moulin des Étuves – 1557 – 28,0mm 9,30 gr

1557 dataren aurrean EB Monograma ikus daiteke, Etiennen ezaugarria

Hobekuntza hauek, mailu bidezko txanpongintza teknikak erabiltzen zituzten beste txanponetxeen haserre eta etsaitasuna ekarri zioten eta ondorioz bere postua utzi eta garai hartan atzerrian zen Nancy-ra lekualdatu zen, bertako Lorena-ko dukearen agindupean txanpongintza mekanikoan lan egiten jarraitzeko asmotan.

Etienne Bergeronek fede protestantea zuen eta dirudionez, 1561 urte inguruan, atseginez jaso zuen Jean Erondelle grabatzaileak eta Joana erreginak egindako lan eskeintza. Nancy utzi eta Pau-ko txanponetxeburu gisa lan egitera pasa zen.

Ibilbide honen ispilu den txanponketa proba bat ezagutarazi da 2023. urteko abenduan. Txanponketa proba honek Pau-ko testoien aurki eredua aurkezten du, baina ifrentzu aldean, Pau-ko testoien Albretarren lelo eta armarriaren ordez, Lorenako dukearen testoien armarri eta leloak agertzen ditu! Etienne-k berarekin ekarri zituen beraz, Lorenako testoien trokel eredu batzuk eta baita haiekin proba gutxi batzu egin ere!

Joana III.-ren Pau-ko errota txanponetxean landutako testoien txanponketa proba ezagun bakarra, 1562 edo 1563 urtea – Pisu ezezaguna, baina hiru testoien pisuaren inguruan (28 gr inguru).

Aurkia: IOANNA.D.G.REG.NAVAR.D.B.(Behitxoa) P – Joanaren testoien erregin erretratua
Ifrentzua: MONETA.NOVA.NANCEI.CVSA. – Lorena-ko Nancy hiria agertzen duen Lorenako dukearen testoien ifrentzua

Heritage Auctions, Weekly Auction 232349, Lot 61214 8.12.2023

Etiennek idatzitako kontu txostenetan, txanponetxeko makinetan konponketak egin ahal izateko erabilitako diru sailak agertzen dira. Kontu hauetan, bolantezko prentsen berrikuntzak altzairu euskaldunez eginak zirela agertzen du (acier Basque, ziur aski Gipuzkoar edo Bizkaitarra), garaiko Europako altzairu preziatuenetarikoa.

Etienne-k talentudun jende gehiago erakarri zuen bere proiektuaren ingurura. Guillaume Martin, Parisen finkatutako grabatzailea, Etienne-ekin ibili zen elkarlanean zenbait proiektutan 1557-1558. urteen inguruan, baina azken urte honetan Frantziako erresumako grabatzaile orokorraren posturako burruka galdu zuen Claude de Héry-ren aurka.

Guillaume Martin-ri egotzitako Frantzisko II. Frantziako delfinaren eta Maria Eskoziarren erreginaren arteko ezkontzarem oritzapenezko medaila – 1558.an landua, honako ale hau XIX mendeko erreplika

Guillaumek, erlazio estuak mantendu zituen Etienne-rekin eta Jean Erondelle desagertu eta gero, 1564. urtean, Nafarroako erresumako grabatzaile orokorraren postuaren jabetzan ageri da. Pau-ko txanponetxean, 1564. urtetik aurrera landu ziren Joana erreginaren testoi eta ezkutu txanponen irudien sortzailea Guillaume Martin izan zen. Bere ikurra zen izarraren irudia, Etienne Bergeron-en ilargi ikurraren gainean ageri da txanpon hauetan.

Juana erreginaren urrezko ezkutua – Pau-ko txanponetxea – 1564 – 3,40gr, 24,5mm inguru

Etienne Bergeron txanponetxeburua (ilargia) – Guillaume Martin grabatzailea (Izarra)

Guillaume Martin izan zen irudi hauen sortzailea eta bera zen Nafarroako erresumako grabatzaile orokorraren postuaren jabea. Baina Guillaumek Parisen zuen bizilekua eta Pau-ko txanponetxean, egunereko laneginetan, grabatzaile moduan lanean ibilitzen zena, Pierre Brucher zen (Graveur Particulier). Oso litekeena da Pierre Brucher, Guy Brucher (1553-1557) eta Antoine Brucher (1557-1568) Moulin des Étuves-eko grabatzaileen familiartekoa izana. Pierre-ri tokatu zitzaion Guillaumen diseinuak egunereko trokeletan irudikatzea eta trokel hauen bidez sortutako txanponen irudien kalitatea bermatzea.

Hirukote honek elkarrekin lan egin zuen 1570. urteraino (Etienne eta Pierre-k 1572. urteraino jarraitu zuten, baina Guillaumen ordez Jerome Lenormant sartu zen hirukotean) eta beraien lanari esker, Pau-ko errota txanponetxearen urrezko garaia hasi zuten. Bere agindupean, Pau-n sortutako Nafarroako erreginaren txanpon aleak garaiko txanpon eder eta finenak bezala ikusiak dira. Hurrengo ataletan, Joana III.aren eta Henrike III.aren Pau-ko errota txanponei buruz hitzegingo dugu.

Txanponetxearen agintari oinordekoek, txanpongintzaren kalitate eta maila artistikoa mantendu zuten Henrike III. erregeak, Frantziako koroa 1589. urtean lorte zuen arte. Hortik aurrera, nire ustez behintzat, kalitate teknikoa mantendu arren, maila artistikoa beheratuz joan zen 1632. urte inguruan, Pau-ko errota txanponetxearen lehen itsiera gertatu zen arte.

Bitxikeria moduan esan behar, Frantziako erresuman 1640. hamarkadararte itsaron behar izan zela Jean Warin-en zuzendaritzapean errota eta bolante prentsa bidezko txanpongintza zabaldu zen arte. Baiona eta Donapaleuko txanponetxeak izan ziren mailu bidezko txanpongintza alde batera utzi zuten azkenetarikoak, 1650. urtean. Espainietako erresumetan aldiz, XVIII. menderarte itsaron beharko zen bolantezko prentsen erabiliera ikusi ahal izateko, nahiz eta arrabola bidezko txanpongintza dagoeneko indarrean egon Segovian, XVI. mende bukaeratik aurrera. Iruñako txanponetxeak 1818. urtean jaso zuen bere lehenengo bolantezko prentsa.

1632. urtean bukatu zen Pau-ko txanponetxearen lehenengo urrezko garaia. 1650. urtean Parisetik ekarritako makina berriekin jarduera berriro ere abiatu zuen arte, irina egiten ibili ziren berriro ere Pau-ko txanponetxe-dorretxeko errotan.

Bibliografia:

LOVE’S LAVOUR’S LOST – Shakespeare – Wikipedia – link

TESTON MONNAIE – Wikipedia – link

FRAPPE AU BALANCIER – Wikipedia – link

Numismatique, la frappe au balancier– Youtube Video – link

Argazkiak: Prensa de acuñacion ceca pamplona – Reverso12 – Foro imperio numismático – link

Laminadores Real Casa de Moneda de Segovia– Youtube Video – link

Recorte de cospeles en el Real Ingenio – Real casa de la Moneda de Segovia – link

LA MONEDA EN NAVARRA – MUSEO DE NAVARRA – EXPOSICION DEL 31 DE MAYO AL 25 DE NOV 2001. Miguel Ibáñez Artica link

MINT OF NAVARRE AND BEARN – WIKIPEDIA – link

HISTOIRE MONETAIRE DU BEARN – Jules Adrien Blanchet – 1893link

MONNAIES DE FRANCE, DE NAVARRE ET DU BÈARN – Jean Claude Ungar – 2010

LES MONNAIES FRANCAISES ROYALES – Tome 1 et 2 – 2° Edition -1999 -Jean Duplessy (In Memoriam 1929- 2020)

Le livre des monnaies féodales de Béarn et de Navarre – Jeanne d’Albret (seule) 1562-1572 – Club Numismatique Palois – Serge Salles – link

Le livre des monnaies féodales de Béarn et de Navarre – Antoine de Bourbon et Jeanne d’Albret 1555-1562 – Club Numismatique Palois – Serge Salles – link

Les monnaies béarnaises de Louis XIV (I) – Christian Charlet – Revue numismatique, 6e série – Tome 168, année 2012 pp. 279-317 – link

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

 

9 thoughts on “Navarre Shall Be the Wonder of the World”

    1. Gracias Roberto, he incluido tus fotos en la Bibliografia, permiten ver los detalles de la prensa de Volante.
      ———————————-
      Eskerrikasko Roberto, zure argazkiak bibliografian jarri ditut, bolantezko prentsaren gertuko xehetasunak erakusten bait ditu!

  1. Pingback: Joana Erreginaren Pau-ko Testoiak | Euskal Txanpongintzaren Historia

  2. Pingback: Baionako Txanponetxeari begirada – 2. atala, Prentsak lanean | Euskal Txanpongintzaren Historia

  3. Pingback: Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 1. Atala | Euskal Txanpongintzaren Historia

  4. Pingback: Donapaleuko Azken Bederatzi Aleak | Euskal Txanpongintzaren Historia

  5. Pingback: Karlos VII-aren marabedi bakarra – Azken Mailu Dantza | Euskal Txanpongintzaren Historia

  6. Pingback: Donapaleuko Azken Bederatzi Aleak • ZUZEU

  7. Pingback: Navarre Shall Be the Wonder of the World • ZUZEU

Utzi erantzuna Roberto(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude