Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 1. Atala

Dagoeneko gauza jakina izan beharko luke Pernando katoliko deitutako Aragoiko erregeak Nafarroako erresuma erasotu eta konkistatu zuela 1512.garren uztailean. Erasoa, Gaztelako erresumako tropekin egin zuen hala ere, Pernando usurpatzaile deitu beharko genuena, bere alaba Juana erreginaren erregeorde bait zen aldi berean Gaztelako erresuman.

Hasiera batean, Pernandok aita santuaren bulda bat faltsutu zuen bere erasoa justifikatu asmotan. Era berean, Julio II. aita saintua joko berberaren parte zen, eta 1513. urteko otsailak 18.an argitaratutako “Exigit Contumacium” buldaren bidez, Nafarroako erregeak bere titulu eta lurraldeen jabetzaz gabetu zituen. Ikus daitekeenez, aita saintua Pernandoren konkista legeztatzen sahiatu zen. Urte pare baten igaroan, 1515. urteko uztailean, eta hasierako itsuraren aurka, Pernandok Nafarroako erresuma Gaztelako erresumarekin bateratu zuen (hasiera batean guztiek Aragoiko erresumarekin bateratuko zuela pentsatzen bazuten ere), bertako foru eta ohituren errespetatzeari zin eginez.

Gaur egunetaraino iritsi den ohituraren arabera, aginteriak beraien botere eskubideen bidezkotasuna justifikatzen eta lau haizetara zabaltzen sahiatzen ziren diru txanponketaren bidez. Dirua edonoren eskuz esku pasatzen zen mezulari publiko eta publizitarioa zen.

Pernando bere zilegitasun ahula bermatzen sahiatu zen hasiera hasieratik eta txanpongintza ahalegin horien barne izan zen. Bere erregetzaren barne inongo zalantzarik gabe txanpondutako honako aleek Pernando Nafarroako eta Aragoiko errege moduan aurkezten dute.

Pernando I (1512-1516) erregearen izenean landutako urrezko dukat bikoitza – 6,87gr

Aurrealdea: FERNANDVS.D.G.R.NAVARRE.ET.AR

Atzealdea: SIT:NOMEN:DOMIN:BENEDITVM:ES

Pernando I (1512-1516) erregearen izenean landutako zilarrezko erreala – 3,34 gr inguru

Aurrealdea: FERNANDVS.D.G.R.NAVARRE.ET

Atzealdea: SIT:NOMEN:DOMINI:BENEDICTVM

Bi koroen artean bi F izki ageri dira

Juan eta Katalina Nafarroako erregeak, Biarnoko bere lurralde subiranoetara erbersteratu ondoren, beraien legezko eskubideak bermatzen sahiatu ziren eta bi berreskuraketa saio bultzatu zituzten, bata 1512. urtean bertan eta bestea 1516. urtean.

Bi saioak porrotean bukatu ziren eta porrotean bukatu zen baita ere 1521. urtean Nafarroako errege legezkoen seme zen Henrike II.ak eta Frantziako Frantzisko I. errege frantsesak bultzatutako hirugarren saioa.

Garai hauetarako, Pernando faltsutzailea hila zen 1516. urtearen hasieran eta Espainietako errege berria Karlos I. erregea zen. Honek, bere aitona Pernandok egin zuen bezala, bere ama Joanaren eskubideen gainetik pasa ondoren, bere arbasoen lurralde oinordekotza guztiak mantentzen eta zabaltzen jarri zituen gogoak, katolizismoaren defentsa tinkoa banderatzat hartzen zuen era berean.

Txanpongintzari zegokionez, nolabaiteko kontraesan garbian erori zen. Alde batetik, Gaztelako erresumako txanponetxeetan landutako ale ugaritan, Trastamara familialdetik jasotako erregetzen armarrien erakusketa egin nahi izan zuen.

Joana I (1504-1555) erreginaren eta Karlos I (1516-1556) Espainietako erregearen izenean Sevillan landutako urrezko ezkutua – 3,39gr

Aurrealdea: IOANNA.ET.CAROLVS

Atzealdea: HISPANIARVM.REGES.SICILIAE

Baina era berean, ez zen ausartu bere izenean txanponik lantzen Iruñako txanponetxean landutako Nafarroako aleetan. Bere izenaren ordez, bere aitonaren izena erabili zuen eta bere ezaugarri moduan K izkia jarri zuen bai aurrealdean eta bai atzealdean (kasu batzuetan hori ere ez).

Karlos IV (1516-1556) Nafarroako erregearen garaian eta Pernando erregearen izenean Iruñean landutako zilarrezko erreala – 2,87gr

Aurrealdea: FERDINANDVS:DEI:GRA:REX:NAVA

Nafarroako armarriaren alboetako K izki koroatuek, Karlos erregearen agintealdia ezagutarazten dute

Atzealdea: SIT:NOMEN:DOMINI:BENEDICTVM

Bi koroen artean bi K izki ageri dira

Izan ere, Karlos IV.ak (Espanietako Karlos I. eta Alemaniako Karlos V.a) 1554.an idatzitako azken-nahiean, kontzientzia arazoak isladatzen ditu eta bere seme eta oinordeko Felipe II.ari adierazten dio:

“en lo que toca al reyno de Navarra, haya de mirar y con diligencia examinar y averiguar sinceramente, si de justicia y razón seré obligado a restituir el dicho reyno o en otra manera satisfacer o compensar a persona alguna. Y lo que fuese hallado, determinado y declarado por justicia, se cumpla por efecto, por manera que mi ánima y conciencia sea descargada.”

Alemaniako Karlos V.aren garaikide izan zen Henrike II. Nafarroako zilegizko erregea. Karlosen gudarosteak, 1530. urtea iritsi zenerako behin betirako utzi behar izan zituen Behe Nafarroan gelditzen zitzaizkion azken postuak. Henrike II.ak, Donapaleu hiriburu zuten Nafar erakunde berrituak indartzen aritu zen hurrengo hamarkadetan. Biarnoko jaurerriarekin batera, Espainietako eta Frantziako erreinuen artean kokatutako erregetza sobiranu txikia osatu eta bere Nafar erregetzaren zilegitasuna defendatzen igaro zuen bere bizitza.

Bere txanponak, Nafarroak eta Biarnok osatutako erregetza horren erakusgarri argiak dira. Bere txanponen leloek ondo asko laburtzen dute Henrikek uztarritutako Labrit errege familiaren ardatza:

  • AURREALDEA: Henrike jainkoaren graziari esker Nafarroako errege eta Biarnoko Jauna. HENRICVS DEI GRATIA REX NAVARRAE DOMINVS BEARNI
  • ATZEALDEA: Jainkoaren graziari esker naizena naiz. GRATIA DEI SVM ID QVOD SVM

Nafarroako Henrike II. (1517-1555) erregeak Biarnoko txanponetxeetan landutako douzaina; 1541. urtetik Aurrera – 2,29gr – Nafarroako armarria ezkerrean eta Biarnoko Behiak eskuinaldean

Aurrealdea: HENRICVS* D* G* REX* NAVAR* D* B

Atzealdea: GRATIA* DEI* SVM* ID* QVOD* SVM

Henrike II. Zangotzarraren alaba, Labriteko Joana, Borboi familiako Antonio, Vendome-eko Dukearekin ezkondu zen. Joanak, aitak eraikitako Pau-ko errota txanponetxe berrian, bere sobiranotasunaren eta familia sustraien ispilu ziren txanpon ederrak landu zituen.

Txanpon hauen leloek aitak ezarritako mezu berberak igortzen zituzten, baina era berean, atzealdean izkribatutako armarriek, familiaren aztarna genealogiko eta lurralde subirano eta feudalen laburpena eskaintzen digute. Esanguratsuak dira Evreux edo Trastamaratarren armarriak, bai Frantziako eta bai Gaztela-Leoi eta Aragoiko erregeek kendutako familia lurraldeen oroigarri.

Nafarroako Joana III (1555-1572) erreginak 1566. Urtean Pau-ko errota txanponetxean landutako zilarrezko testoia – 9,41gr 29,4mm

Aurrealdea: IOANNA.DEI.G.REG.NAVAR.D.B Txanponetxea P (Pau)

Atzealdea: GRATIA.DEI.SVM.ID.QVOD.SVM 1566

Hegoaldean, garai berdinean, Espanietako Felipe II.ak 1566. urtean plazaratutako “Pragmática de la Nueva Estampa” deitutakoak, Austria errege etxearen benetako familia sustraiak erakutsiko dizkigu. Pragmatika honen arabera, Felipe II.aren erreinuetan landutako txanponetan, bere arbasoen lurralde eta tituluen armarriak birrauntolatu ziren. Era berean, konkista bidez lortutako Nafarroako eta Napoles-ko erregetzak edo eta Milaneko dukerria alde batera utzi ziren. Honako irudi honek argi erakusten digu.

Felipe II (1556-1598) Espainietako erregeak 1597. urtean Segoviako txanponetxean errota arrabolez landutako 8 errealetako txanpona – 27,55gr

Aurrealdea: PHILIPPVS.D.G.OMNIVM.

Atzealdea: HISPAN.REGNORVM.REX. 1597

Itzulpena: Felipe Jainkoaren graziari esker Espainietako erregetza guztietako errege. 1597 urtea

Kasu honetan ere, Felipe bere jatorri genealogikoen irudi orokorra erakusten sahiatzen dela oso esanguratsua da. Horrenbestez, dagoeneko luzaro bere agintepean ez diren lurraldeen armarriak erabiltzen ditu, Austria eta Tirol, Karlos V.ak bere anai Fernandori (Feliperen osabari) emandakoak edo Borgoinako Dukerria kasuko, aspaldi Frantziako erresuman integratua. Adierazgarria da baita ere, Portugaleko errege armarriaren erakuspena, 1580 urtean bere emaztearen eskubideen bidez jasotakoa.

Ikus dezakegunez, errege familia desberdinak bere agintepean zituzten lurraldeen jabeak ziren eta zuzenbide pribatua erabiltzen zuten lurraldeen jabetzari buruzko liskarrak eztabaidatzeko garaian. Herri edo nazio bezalako konzeptuak frantses iraultzaren ondoren agertuko dira eta zentzu honetan ulertu behar dira lehenago aurkeztutako Karlos erregearen hitzak. Nafarroako erresumaren konkistaren ondorioz konpentsaziorik ematekotan, hauek Labritarrei legokieke, Nafarroako herriak ez bait du garai honetan gaur egunean ematen diogun entitaterik.

Familiaren armarri berria, Espainietako erregetza eta lurralde guztietan zehar erabiltzen ziren zilarrezko eta urrezko txanponetan ezarri ondoren (gaur eguneko Euro diru paperen moduan), zer erabaki zuen Nafarroako erresuman bertan lantzen ziren diru txanpon txikiei buruz (gaur eguneko Euro txanpon txikien antzera)?

Ba azkenik ere, bertako Iruñako txanponetxean landutako biloiezko diru txikietan bere izena ezartzea erabaki zuen, Nafarroako errege tituloaren ondoan. Teorian, biloiezko nafar diru txiki hauek, erresuma barneko erabilpenerako ziren soilik. Nafarroan bertan bere izenean landutako zilarrezko edo urrezko txanpon aztarnarik ez da aurkitu gaur egunerarte, baina autore batzuren ustez, zilarrezko erreal ale batzuk, oraindik ere bere birraitona Pernando-ren izenean landu zituen. Hau hipotesi hutsa da ala ere, eta ez dugu ez froga dokumental edo enpirikorik.

Ziur aski Felipe IV(1556-1598) Nafarroako erregearen (Espainietako Felipe II.a) agintealdian Iruñean landutako 4 kornadotako txanpona. Datarik gabe – 4,18gr – Biloia

Aurrealdea: PHILIPVS.D.G.R.NAV.

Atzealdea: INSIGNIA.REGNI.N.

Izan ere, Feliperen azken nahiak Nafarroako jabetzaren zilegitasuna aztertzeko agindua berritu zuela adierazten du Iñigo Bolinaga historiagileak landutako azterketak. Gogoratu beharrekoa da, Karlos erregea bere seme Felipe II.a Labriteko Joana erreginarekin ezkontzen sahiatu zela, Nafarroaren jabetzari buruzko eztabaida behin betirako itsi nahiean.

Iparraldean bitartean, historia erabateko bira ematear zegoen. Labriteko Joanaren semea, Borboi etxeko Henrike III.a Nafarroako erregea, Frantziako errege bilakatu zen 1589. urtean (Frantziako Henrike IV. izenpean). Henrike III.ak Donapaleuko txanponetxea berrireki zuen 1579. urtean eta bertan 1589. urterarte landutako aleek bere arbasoen irriki eta ardura berberak erakusten dituzte. Frantzia eta Espainietako erregetza erraldoien artean kokatutako erreinu ttipiaren aldarrikapen eta iragarpena. Henrike eta Espainietako Felipe II.aren artean zinatutako Vervins-eko itunean (1598), bi erregeek akordio ugari erdietsi zituzten baina Henrikek hegoaldean Pernando erregeak egindako konkista eta okupazioa legitimatzeari uko egin eta Nafarroa garaiko biztanle guztiei bere Nafar erregetzaren hiritartza eskaini zien.

Henrike III (1572-1610) Nafarroako erregeak Donapaleuko txanponetxean 1582. urtean landutako zilarrezko frankoa – 13,69gr 34mm – Monakotik bilduma

Aurrealdea: HENRICVS.II.D.G.REX.NAVARRE (Henrikek Biarnoko jaurerriari zegokion II. ordinala erabili zuen txanpon hauetan Nafarroako erregetzari zegokionaren ordez)

Atzealdea: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1582

Nafarroaren jabetzari buruz Felipe II.aren azken nahiean eskatutako azterketa, bere heriotzaren bi hilabete eskaxen buruan, 1598. urteko azaroan eman zela adierazten du Iñigo Bolinagak. Azken irizpidea, Espainietako erregatzako hamabi goi-karguk osatutako batzorde batek eman zuen. Batzorde honetako partaideen artean Juan de Idiaquez gipuzkoar idazkaria egon zela dirudi.

Batzordeak, besterik espero ez zitekeen moduan, Nafarroa Garaiaren konkista eta jabetzaren aldeko argudioak bildu eta Espainietako Felipe III aren (Nafarroako Felipe V.) kontzientzia deskargatu zuen. Hemendik aurrera, Austriatar errege ondorengoak, Felipe III. eta Felipe IV.a batez ere, bere Nafar erregetzaren legitimazioa aldarrikatzen sahiatuko dira Iruñako txanponetxean landutako zilar eta urrezko ale eskaxetan. Esanguratsua da berriro ere, zilarrezko eta urrezko ale eskax hauek Frantziako eta Behe Nafarroako errege Borboitarren aurkako tentsio momentuetan landu izana.

Beste Espainietako erregetzako txanponetxeetan landutako txanponetan alabaina, Felipe II.aren garaian ezarritako “Pragmatica de la Nueva Estampa-ren” ereduak indarrean jarraitu zuen eta ez da Nafarroako armarriaren arrastorik.

Nafarroako Felipe V. (1598-1621) erregeak 1612 urtean Iruñako txanponetxean landutako zilarrezko bi errealetako alea – 6,84gr

Aurrealdea: PHILIPVS.D.G.REX.

Atzealdea: CAST.ET.NAVAR.1612

Felipe V.aren zilarrezko ale hauek 1611 eta 1612 urteetan landu ziren, Frantziako eta Nafarroako Henrike erregearen hilketaren (1610) hurrengo urteetan. Felipe Gaztelako eta Nafarroako errege bezala aldarrikatzen da, gorteen protesta sorrerariz.

Nafarroako Luis II. (1610-1643) erregeak Donapaleuko txanponetxean 1612. urtean landutako zilarrezko Ezkutu laurdena – 9,50gr

Aurrealdea: LVDOVICVS.XIII.D.G.FRANC.ET.NAVAR.RX

Atzealdea: GRATIA.DEI.SVM.ID.Q.SVM.1612

Nafarroako Luis II. eta Frantziako Luis XIII.ak Donapaleuko txanponetxean zilarrezko eta kobrezko txanponak lantzen jarraitu zuen, Behe Nafarroako erresuma Frantziako erregetzarekin bateratu (1620) baino lehen eta baita geroago ere

Nafarroako Felipe VI (1621-1665) erregeak 1652 urtean Iruñako txanponetxean landutako urrezko 8 ezkututako alea – 26,95gr

Aurrealdea: PHILIPPVS.VI.D.G.

Atzealdea: NAVARRE.REX.1652

Nafarroako Felipe VI.a (Espainietako Felipe IV.a) luzaro zebilen Frantziako Luis XIV edo hobe esanda Nafarroako Luis III.aren aurkako gerratean (egia esan, dagoeneko Luis II.aren garaietan, 1635. urtetik aurrera nahasi zen Frantzia 30 urteetako gerratean). Westfaliako hitzarmena 1648.an zinatu ondoren, itxaropentsu zen Felipe bi erreinu bizilagunek bakarka jarraitzen zuten liskarrean abantaila hartuko zuelakoan. Urte horietan, 1648.an parlamentuak hasitako eta gero nobleziak jarraitutako Fronda deitutako matxinadaren ondorioz, Luis III.aren egoera kritikoa izatera iritsi zen. Eta aldi Berean, Felipek Iruñean landutako urrezko eta zilarrezko ale bikainek nolabaiteko desafioa berriztatu nahi zuten Nafarroaren inguruan.

Hala ere, Luis III.ak egoera zaila gainditzea lortu zuen eta Donapaleuko txanpondengia bolantezko prentsa berriez ornitu ondoren, bere zilegitasuma argi erakusten zuten ale ederrak lantzen jarraitu zuen:

Nafarroako Luis III. (1643-1715) Erregeak Donapaleuko txanponetxean 1652. urtean landutako zilarrezko Ezkutua – 27,12 gr

Aurrealdea: LVD.XIIII.D.G.FR.ET.NA.REX V (V izkia Jean Verdoye txanponetxeburua)

Atzealdea: SIT.NOMEN.DOMINI.BENEDICTVM.1652

Azkenean, Pirineotako pake hitzarmenak (1659) argi utzi zuen Frantziako erregetzaren nagusitasuna eta urte honetatik aurrera ez zen gehiago zilarrezko edo urrezko alerik landu Iruñako txanponetxean, landutako ale bakarrak kobrezko diru txikiak izan ziren.

Berriro ere esanguratsua da gertaera hau, zilarrezko eta urrezko aleak, bertako erreinutik kanpo, hedadura orokor-zabala zuten aleak bait ziren eta horrenbestez, txanponetan ezarritako mezuak edonora barreiatzen bait zituzten, batez ere noblezia eta merkatari klase aberatsen artean. Kobrezko diru txikiak, kasu batzuetan inguruetako erresumetara barreiatzen baziren ere, askoz hedadura murritzagoa zuten, klase txiroagoen artean erabiltzen ziren eta lanketa eskaxaren ondorioz ez zuten mezuen hedapenean oihartzun handirik.

Karlos V. (1665-1700) Nafarroa Garaiko erregearen garaietan gainbera giroa eta hestutasuna izan ziren nagusi. Ez zen txanpon lanketa handirik egin Iruñako txanponetxean, eta landutakoak kobrezko diru txikiak izan ziren. Baina historia, bira berri bat egitear zegoen Pirineotako pake hitzarmenean adostutako akordio baten ondorioz eta hori bigarren sail batean jorratuko dugu. Bada oraindik ere hemen zer esan eta kontatu beharrekoa!

Bibliografia:

El último escudo de anverso en una moneda hispánica – Numismatico DIGITAL-Lanzarote-2015 – link

EUSKO IKASKUNTZA – SOLASALDIAK – IÑIGO BOLINAGA – link

* beharrezko atalak

Blog honetan jasotako datu pertsonal guztiak blog honetako edukiak zabaltzeko baino ez dira erabiliko. Datu pertsonalak ez zaizkie inoiz hirugarrenei lagako edo salduko. Edozein unetan baja eman daiteke, gure mezu elektronikoen orri-oineko estekan klik eginez.

3 thoughts on “Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 1. Atala”

  1. Gran entrada. Preciosas monedas. HISTORIA. Zein interesgarria den Nafarroako historia !!!. El Reino creado por los Vascones. Gran entrada!!!
    Agur.

  2. Pingback: Nafar Arazoaren Islada Txanpongintzan – 2. Atala | Euskal Txanpongintzaren Historia

Utzi erantzuna Roberto(r)i Cancel Reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude